Herri borrokaz Euskal Herria aurrera
(…)Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako.
Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa.
Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:
- Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.
- Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.
- Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea.
- Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea.
- Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe.
- Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea.
Jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertzea.
Jurisdikzio eta epaitegi berezien eta salbuespeneko lege oro indargabetzea, eta horrekin batera, inkomunikazioa bertan behera uztea.
Militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien debeku eta neurri murriztaileak bertan behera uztea. (…)
