Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: K. Turrillas eta J. Ormaza

“Ez dezazuela atsedenik izan zuen egunetan, eta heriotza bitartean gure memoriek jarrai zaitzatela”. Horrela dio Lluis Llach-ek bere Campanades a morts abestian. Manuel Fraga, Gasteizko historiaren egun beltz horren errudun nagusia, ohean hil zen duela gutxi, martxoaren 3ko eginkizunen arduraz epaitua izan gabe. Hori dela eta beharrezkotzat jotzen dugu gaur, urtemuga hau gogora ekartzea, “Trantsizioa” deitu izan dioten epe horretan gertatutakoa ez baita inoiz epaitu, ezta kondenatu ere.

Egun gogorra izan zen hura Gasteizen. Langileek bi hilabeteko greba luzean, eguneroko borroka zuzen eta gogorra mantenduz, estatuaren erantzun bortitza jaso zuten. Baina ez ziren soilik langileak izan kalera atera zirenak; hiriburuko biztanleriaren zati handi bat han zen euskal langileriaren eskubideen defentsan. Arratsaldeko batzar orokorrerako deialdia luzatu zen egunean zehar. Zaramagako auzoan izango zen, San Francisco de Asís elizan, gaur egun oroimenaren ikur bilakatu dena, gasteiztar eta euskal herritar guztiontzat. Bertan milaka lagun bildu ziren langileen arteko elkartasuna erakutsiz, baina erantzun ikaragarri hau ikusita, estatuak biolentzia gosez zegoen polizia bidaltzea erabaki zuen. Garaiko argazkiek islatzen duten bezala, odolak kaleak bustitzen zituen bitartean, eliza barnean gotortutako bost lagunen biziak lapurtu zizkiguten handik eta hemendik tiro-hotsen melodia beldurgarria protagonista zelarik. “Hemos contribuido a la paliza más grande de la Historia”. Poliziak momentuan erabilitako hitz hauek gelditu zaizkigu betirako memorian; sinpleak bezain krudelak.

Gertakizun latz horien zergatiak bilatzea ezinbestekoa zaigu. Alde batetik, frankista izaten jarraitzen zuen estatu espainiarra zegoen, botere guneetan oraindik pertsona berberak mantenduz. Bestalde, gizarteak aldaketak eskatzen zituen; bai egoera sozialean bai ekonomikoan, klase gatazkak egunerokotasunean agertuz. Gune industrializatuetan aurkitzen zen bizi-maila penagarria zen, lan-baldintzak eskasak izanez eta langile eskubideak orokorki urratuz. Egun pairatzen dugun egoera larria, sistema-krisia eta langabezia, orduan ere jasan zuten Gasteizko langileek. Horregatik mobilizatu ziren klase-borrokan ezinbestekoa den arma erabiliz; greba orokorra.

Frankismo garaiko iluntasunean mundu berri batengatik borrokan aritu zirenek, gaur egungo “argia” ez lukete maitatuko. Kapitalismo basatiak mundu osoa inguratu du, bere atzaparrekin herri oro zapalduz, itoz, suntsituz. Euskal langileriak jasaten duen egoera eta etengabeko jazarpena onartezinak dira. Globalizazio ereduaren krisia euskal kaleetan somatzen da geroz eta gehiago, langabetu zenbakia etengabe gora doan bitartean (bankuen mozkinen antzera). Zerbitzu publikoetan egindako murrizketek ez dute ezer onik iragartzen. 1976Ko martxoaren 3an bezala, greba orokorra izan behar da herritarrok erabili behar dugun tresna. Horrela, Estatu hipokrita eta zapaltzaileak inposatutako erreforma berriaren aurrean, martxoaren 29an Euskal Herriko langileak kalera aterako dira berriz ere, 70eko hamarkadako Gasteiz horretan bezala lan baldintza egokien alde eta klase duintasuna aldarrikatuz.

Atzo eta gaurko borroken sustraia eta helburuak berdinak diren heinean, atzera begiratzea ezinbestekoa da egun aurrera egiteko. Borrokaren eredu argiena Gasteizko zoruan odolez blai utzitako bost krabelin horiek ditugu. Hauek ez ahaztea eta memorian mantentzea da gure betebeharra, bizitza ostu zietenei egin diezaiekegun omenaldirik onena beraien borrokan jarraitzea delako.
GORA LANGILE BORROKA!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Change )

Connecting to %s