Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Txuriya

2012ko uda ahantzi ezineko sasoia izanen da enetzat. Hala izanen da euskaldunontzat idatzi dut lehen kolpean, eta ezabatu gero, enetik erranen dut ordea, jada ez bainaiz ausartzen jendartearen buruetan zer dabilen erratera. Nor naiz ni gainera besteren etxeetan sartzeko? Halere, zirrikituetarik sartzen ahalegintzera nator.

Ez naiz bakantzez oroituko, ez eta egin duen bero sapaz ere, eta gutiago Joko Olinpikoak ospatu direlako.

Aurten, udak Josu Uribetxebarriaren izena memorian iltzatu dit, horrentzat oroituko dut.

Bere oinazeak sabeleko mina sortu dit batzuetan, burukoa bestetzuetan, eta kezka eta beldurra dilindan dabilzkit barneko bazterretan. Koktel bortitza da kezka eta beldurraren nahasketa, gehiago besterentzat ukaiten duzunean. Mamu gehiegik bisitatzen zaituzte tenore horretan. Zehaztapen bakar batek ere ez.

Ez dut Josu ezagutzen, bere senideak ez ditut hurbileko lagun, baina heien bidelagun bilakatu naiz, hurbileko ditudan anitzekin batera. Josurekin dut gogoa joan den aspaldian. Eta pentsatu nahi nuke euskal herritarrek ere hala dutela. Heietariko batzuk agertu dira Josuren aldeko mobilizazioetan, (txalo eta ohore heiei), baina errateko premiak agintzen dit (bestela mikatzak barrunbeak gehiago gazituko dizkit) ez dela aski jende mugitu halako kasu larri bat izanki, gehiago, eginikoa ez dela aski eraikitzen ari den bake prozesu batean murgilduta egonik; edo behintzat eni ez zait aski jende mugitu denik iruditu. Euskal politikari ustelduen isiltasuna gauza normala dela erranen nuke, deus berririk ez zerupean, baina Euskal Herriak ekimen berriekin erantzun jendetsuago bat ez ematea? Hori ez. Ez zait hain normala iruditu.

Orai baita ekiteko garaia, gero alferrik izanen da, eta Josuren gaixotasunak bezalatsu gose grebaren erlojuak aitzina egiten du, gelditu behar da, geroko damua ez da nehorentzat baliagarri izanen.

Ospitale aitzinean deitu zen lehen elgarretaratzean bururat heldu zitzaidan jendetza pilatuko zela inguruetan, dena blokatuko zela istant haietan, baina ez zen hala gertatu, eta ezta ondotik izan diren elgar-hartzeetan ere.

Sarraski-etxeetan bahiturik dituzten bostehunetik gora kidek babesa luzatu diote Iosuri, ez dute bizi baldintza erosorik lehendik ere, baina apur hori galdu eta heienetik emateko prest agertu dira kate bat osatuz. Kateatuaren katea.

Eta karrikan zer? Hondartzako eguzkipean etzan ote da gure herria?

Agian zain egotera ohitu gara, zer ekimen antolatuko ote den beha egotera, egunkarietan irakurriko dugun berri on batekin esnatuko garela amestera.

Edo sinpleki, ohitu egin gara halako egoera larrietara.

Eta azala gogortu zaigu.

Sentimenduak gogortu zaizkigu.

Dena ematen duenak ezin omen du gehiago eman, Josuk hala egin du, hala egiten ari du. Guri da hari zerbait itzultzea.

Larunbatean Bilbo kolosala izan bedi berritz, baina ez dadila manifa batekin aski den pentsamendua hedatu.

Manifak ez baitira herri hau askatzeko aski izanen.

Eutsi goiari Josu, animo etxekoei, eta anitz zaindu, anitz balio duzula bistan baita!

http://txuriya.wordpress.com

18:03 AZKEN ORDUKOA: Espetxeetako Zuzendaritzak hirugarren gradua eman dio Uribetxebarriari

15 erantzun “Ez da izanen” postean

  1. Hirugarren gradua eman diote baina momentuz poliziaren menpean aurkitzen da. Audientza nazionalak hurrengo egunetan josuren askatasunari buruz hitz egin beharko du. Ez dut ulertzen zergatik herrirak bertan behera utzi du Bilboko manifa.

  2. Ulertzen dut zure mina Txuriya. Nire ustez esan gabe doa Herri honetako milaka eta milaka lagunona ere badela. Ezintasuna, umiliazioa, amorrua, guztion zainetan dabiltza bueltaka. Denok nahi genuke sekulako iniziatiba mordoa piztu balitz, jendetsuak, grinatsuak, bat-batekoak (adibidez, espetxeetan piztu denaren modukoa. Presoak ere herri honen parte dira. Parterik onena).
    Alabaina, ez zait iruditzen sobera bidezkoak direnik gogoetok. Behintzat, pixka bat partzialak iruditzen zaizkit. Zergatik? Bada, zein ikuspuntutik begiratzen diogun errealitateari, ezta? Nire ustez, herri honek bere presoengatik burutu eta burutzen dituen ekimenek, dinamikek, mobilizazioek, ekintzek…ez daukate konparaziorik mundu zabal osoan. Ikaragarria da nola maite dituen herri honek bere presoak Txuriya, eta hori zalantzan jartzea mingarriagoa zait niri. Maitasun hori egunero-egunero demostratzen duelako oso aspalditik, sekulako erauntsi gogorretan barne. Egunotan egia da Donostiako Ospitale aurrean ez direla inguruak jendetzaz butxatu. Baina zientoka eta milaka dira egindako ahaleginak, kartelak, pankartak, eskuorriak, pintaketak, mezuak, Euskal Herriko auzo, hiri eta bazter guztietan. Ospitaletik bertatik milaka lagun pasa direla esango nuke, zenbakirik ez daukadan arren. Esango nuke, ez dakit.
    Bat egingo nuke zurekin, esango bazenit akaso ez geundela prestatuak halako premiazko erantzun antolatu potente baterako. Tresnek edota mezuek edota aurreikuspen gaitasunak huts egin digutela. Gaixorik dauden hamalau kideen egoeraren larritasuna jendarteratzen ez dugula agian bete-betean asmatu, ados egon ninteke. Baina ez jendearen sentsibilitate faltarekin. Bidegabea iruditzen zaidalako eta gainera, halako mezuek jendea uxatu egiten dutelako, gerturatu ordez. Bakoitzak (eta norberak!) duenetik eman dezanaren ildoarekin bat bagatoz, izan gaitezen pertsuatsiboak, konbentzitu dezagun, animatu dezagun, antolatu dezagun. Egoeraren gordinenean multzora halako akusazioak egitea baina politagoa izateaz gain, eraginkorragoa ere badelakoan.
    Besarkada batekin,

    • -ez geundela prestatuak halako premiazko erantzun antolatu potente baterako.-

      Gure buruari galdetu egin behar diogu zergatik ez geundela pestaturik.
      Azken bolada honetan distentsio faltsu bat indartzeko pausuak eman direla uste dut … gero errealitatean ikusten dira ondorioak. Euskal herritarrak prest daude indarrak erakusteko, baina ezker abertzaleak indarra hori ez du nahi “oso libre” ikusi.

    • Kaixo Paki!
      Zinez estimatzen dut zure erantzuna, zerbait piztu dizudala erran nahi baitu.
      Arrangura dudanez, horra zure hitzei zuzeneko erantzuna:
      Otoi, ene ahotik atera ez den hitzik ez sar ene ahoan.
      Ez baitut nehon erran “herri honek bere presoak maite ez dituenik” ez eta halakorik zalantzan jarri ere, agian, preso hitza ere ez duzu aurkituko ene gogoetan, bahituak, kideak…halakoak bai, preso hitza orokortasun bat da, militanteak daude preso bai,gudariak, baina batez ere pertsonak, heien etxe eta herrietarik falta diren pertsona ohoragarriak, indibidualki maite ditugunak, eta baita heiek osatzen duten kolektibitatea ere. Maiz errana dut preso dituzten euskaldunak karrikan bizi diren anitz baino libreagoak direla, nahiz eta tamalez heien egunerokotasuna kartzela bateko hormetan mugatua izan.
      Badakit anitz egin dela, anitz jende mugitu dela Iosuren alde eta baita gaixo diren bahituen alde, sarraski-etxeetan bahituak diren guztien alde; urteetan hala izan da, eta une bakar batez ere ez da nehor bakartasunean utzia izan, karrikako jende konprometituak zeukana eta gehiago egin du heiei babes emaiteko. “txalo eta ohore heiei” erran badut, ez da soilik orai mugitu direnentzat,orai artean lan eta borroka egin dutenentzat ere bada.
      Alta, ene gogoeta ez da horier denei zuzendua; deus, fitsik egin ez dutenei baizik, eta hala ulertzera eman badut gaizki espresatu naizen seinale.
      Segur niz bat egiten dugun puntu gehiago dugula elgarrekin bereizten gaituztenak baino, beraz nik erran ditudanak puntu horretarik neurtu, bestea soberakoa baita.
      Jaso dudan besarkada nolakoa den ez dakidan arren, enea estua eta iraultzailea da zuretako bidalia. Segi bidean. Bideak eramanen baigaitu etxera, libre izanen den etxe euskaldun horretarat!

  3. Milesker argipenengatik Txuriya. Gaixki ulertu dizut beraz, barka!
    ‘Eta karrikan zer? Hondartzako eguzkipean etzan ote da gure herria’ esaldiarekin beste zerbait ulertu dizut, alegia, aipatu bezala, orokortzen ari zinela.
    Egia da, bestalde, zure ahotik ez dela atera herri honek bere presoak maite ez dituenik, nik zure ‘azala gogortu zaigu, sentimenduak gogortu zaizkigu’ esalditik ondorioztatu dudana da. Barka berriz ere.
    Besarkada baten asmoarekin ere zalantza egiten dugunean, giroan tentsio handixea dagoenaren seinale. Bihoakizu, besarkada handi honekin batera, ur freskoz betetako kantinplora hau, bidean topo egiten dugunean beharko dugunez, interpretazio zalantza oro uxatzeko;)
    Ondo-ondo izan, gora bihotzak!
    Anonimoa: Ez dakit zuri, baina niri Iosuren kasuak Esteban Nietorena dakarkit gogora. Amorru hau, inpotentzia hau, min hau bizia baldin banago, Estebanekin izan zen. Orain Urkulluren edo Basagoitiren adierazpenekin oka egiten badugu, Fungairiño eta enparauenekin izan zen orduan. Algeciraseko ospitaleraino joan ziren ‘solidarioak’; Donostian atxilotu dituzte egungo beste hamar, Iruñean beste bat. Baina zazpi urte dira Iosuk kalean beharko lukeela, txo edo ño, zazpi urte! Ezker abertzalearen ildo berriaren inguruan eztabaidan sartu nahi izan gabe diotsut, geure indarrak direnak direla, orain, atzo, herenegun, betidanik. Edo bestela esanda: Indarrak ‘nahi bezain libre’ zebiltzanetik daukagula gaixorik, besteak beste, Iosu.
    Biharko Gernikako Akordioak ekimena antolatu du Bilbon, alegia, Ezker Abertzalea baina zabalagoa den esparru politiko batek. Estebanen askatasunaren alde irudika ezin nituzkeenak. Nik nahiago gauzak modu honetan ikusi. Ahalik eta jendarte sektore zabalenak aldarrikapenon inguruan gurekin batera bultzaz ikustea ala ez, guztion esku.

    • Bai, Paki, zuk diozun bezala “Besarkada baten asmoarekin ere zalantza egiten dugunean, giroan tentsio handixea dagoenaren seinale”. Niri ere ez zait batere gustatu Txuriyak esandakoa zuk bidali diozun besarkadari buruz. Eta gauzak plantetzen dituen bezala planteatzea ere ez. Aldiz, hitzez hitz egiten dut bat zuk esandako guztiarekin. Ederki esan dituzu esan beharreko guztiak. Eutsi goiari!

  4. Aber aber aber…
    Atzo neonire erantzuteko eon nitzan hemen esandakuai, baño txuriya berak intzunez, paso.
    Gaur ordia makazaga honena irakurrita zea…ezin isilik eon.Ne boto txarra baezu.
    Txuriya ezautzen deunok earki dakigu bere kritika hoi zerta datorren, eta ez bea ezautzen deulako, azken batian urtiankdamatzalako halakuak esaten, bai pribatun eo bai publikun, eta urte morduare bai etxetik kanpo,kristonak pasata gainea. Baina beak itten ez duna,bereberri esatia, ez naiz ni itten hasiko. Ustet, ta besteatzutan irakurri zattut, Makazaga, zuk beti goatuazten dezula nun ibilia zean.
    Beira, gu gaur Bilbon izangea, ta kontzentraziua ta geo han festan geatzeko asmuakin ginan, bost ginan kotxian, ta danak itzuli gea etxea, tristurare eman baitugu hango panoramak. 2000 eon geala esan due., hoi irakurriet oain dala gutxi..halako siatuaziobaten aurrian asko ezta ez? Zeoze gertatzean seinale! Eta nik behintzat hortik arrazoi guziya emateyot txuriyai.
    Batzutan isilik eotiak asko baliyoula kontuatzia ez litzake gutxi Makazaga.Ta hortik zear irakurriet uxatzian kontuana, baño azken denboatan, beti hor eongeanak uxatzeittuzte ahua geyegi irekitzen aidian batzuke.Danak uxatuko gea alkarri ordun. Eta ez etorri ne galdezka hemen, ordenagailu aurrian denboa geyegi pasatzeunak ez baitu beste lekutan pasatzen.
    Txuriya, pentsatzet hau irakurrikoezula ta bakizu, zuke eutsi goyai ta in aurrea, gue besarkak battuzu!

  5. Hara Aitor, ez dakizu ze nolako aprezioa diodan laguntasunari. Areago, laguntasun corleonetarrari. Erraietako diskurtso mordo latza daukat nik ere, portzierto.
    Eta hor enpatia ariketa bat egin nezake eta pentsatu, bueno, hemen denok gara gutxi gorabehera felinoak eta, lagunaren defentsan ateratzen den mosketeroari zer esan…! Zeren azkenean hori zen dena, ezta? Zure lagunari fideltasuna erakustea. Kariñoa eta presentzia. Ba horren inguruan, pare bat ohar baino ez:
    -Defentsa horretan halako manera petralak erakutsi izanak eragozten dit enpatia ariketa hori. Erraza zenuen, baina foro publiko batean, parte hartzea sustatzen duen blog batean, norbaitek zerbait atsegin izan duela edo batere gustoko izan ez duela adierazitakoan halakoak entzun behar izatea penagarria da, auzo-lotsa ematen du. Eztabaida politikoa gustuko dugunok, bidenabar, hitz egiten jarraituko dugu iruditzen zaigunean, ixilik egotearen apologista berritsuen aholkuak aholku.
    -Eta hiri, Xabier, aspalditxotik zor niana: Segi ezak bazterrik bazter eztabaidak pizten eta ontzen, berezkoa daukaan dotoreziaz eta sakoneraz, dela filosofiaz, dela sozialismoaz, dela independentziaz…atsegin handiz irakurtzen haugu-ta; segi ezak torturaren kontrako ikerketan, hausnarrean eta dibulgazioan, indarrik baldin baduk. Hire irakurle miretsiek asko eskertuko diagu, beti.
    Gora bihotzak!

    • Beste horrenbeste esaten dizut, Paki. Ez dakit nor zaren, baina gustura asko irakurri izan ditut beti zure iruzkinak.Justu zurea irakurri aurretik joan den urteko Andoni Olariagaren artikulu bat irakurri dut eta Lapiko Kritikoan hari buruz piztutako eztabaida: http://basque.criticalstew.org/?p=7326
      Jonan Fernandezi egurra dotore asko ematen dion Paki Perez hori zu zarelakoan nago. Dena den, izan edo ez izan, segi horrela irakurri zaitudan guztietan oso, oso fin ibili baitzara. Gora bihotzak!

  6. Paki: Zure barka hitzak jaso ditut. Errespetatzen dut ene iritziarekin bat ez etortzea, hala da bizia, denak ez gara igoalak. Eta eskerrak. Eni, egoeraren larria begibistakoa zait, denbora gutian Iosuren kasua dago, Mikel Egibarren emazte eta haurrak pairatzen ari diren oinazea disperristripu baten ondorioz, Mikel Erro orai bost urte kanpoan behar zuenak, gaixotasun larri batekin, berriro dispertsioaren urruna pairatzen ari du…eta honela zerrenda luze bat. Lan handia egiten ari da jende konprometitua, ekimen berriak abiarazi nahian eta betikoak bultzatuz,bai,eta sinisten dut borroka molde berriak abiarazi behar direnaz, jendea elkartu eta bildu,baina egiten den lanak ez du kentzen emaitza ez dela hain ikusgarria ere, eta maitatu ala ez, errealitatea hori da. Jakina molde politikoan ematen ari diren emaitzak ikusgarriak direla, Bildu, Amaiur…lorpen handiak. Baina hiltzera kondenatua den euskal seme baten egoera larria zertan den jakin eta, eni etzait iduri sekulako erantzun indartsu eta berria eman zaionik bere egoerari buruz presio egiteko. Hala sentitzen dut eta hala erraten dut. Betikoak beti izanen dira mandazain, hau da, beti izanen da lan ikaragarria eginen duena euskal errepresaliatuen alde, hala izan da beti, eta hala izanen da. Baina konponbide garaia, aro berria…eta halakoetan sartuak girelarik, non eta antolakunde armatu batek ere testigua luzatu dion euskal gizarte zabal horri bidea egin dezan, manera berriekin, ba, barka erratea baina “arazoa bukatu da goazen ospatzera” erraten ari du euskal gizarte multzo zabalak, edo tartean tartean antolatzen diren manifa erraldoietan parte harturik aski izan litekeela pentsatzen du. Hala sentitzen dut eta hala erraten dut. Nire sentsazioa da, eta bistan da oker ibili naitekeela. Horra atzo Bilbon “14ak etxera, Iosu askatu” lemapean ospatu behar zen manifan Donostiako Ospitalearen aitzinean gose greba burutzen ari direnek errandakoa:gose grebalariek “elkartasun «olatu» bat sortu dela nabarmendu dute, baina olatu hori «tsunami» bihurtu beharra dagoela espetxe politikarekin bukatzeko gaineratu dute”. Zerbait ulertzen bada hor…zerbait gehiago egin beharra dagoela da, nik garbi ulertzen dut hori. Eta urjentziazko deialdia izanik, 14 bahitu gaixorentzat antolatu manifa izanik, eni ere etzait iduri 2000 pertsona batzea kriston lorpena denik. Bale abuztua dela, bale oporretan dela jendea, bale krisia dela eta kosta egiten dela dirua Bilboraino joateko…luze segi nezake aitzikientzat….baina bale aitzakientzat erranen nuke lehenago.
    Beno, labur egin nahi nuen eta azkenean txapan sartu naiz…Beraz hor utziko dut. Hori bai,Paki, ez bila intentzio txarrik ene hitzetan, maiz, hitzak nola eta nondik behatu zentzu dena aldatzen baita, norberak ere aldatzen baitio. Besarkada bat besarkada bat da, eta nik estu eta iralutzaile bat bidali nahi nizula erran nahi nizun, besterik gabe! segi borrokan, eta bizi!

    Xabier: Erratekorik ez dut zuretzat. Onkizan.

    Aitor: Saltseros! bazterrak nahasten zabiltzatela betiko modun…Eutsi zuek ere eta laster batean parean!

    Iosu Askatu!
    Euskal Herria askatu!

    • Aupa, Txuriya! Zu ere ez zaitut ezagutzen eta atzo idatzi nuena berrirakurriz konturatu naiz Pakik esandakoak nire egiteko nahikoa nuela esatearekin Pakiren hitzekin bat egiten nuela eta kito. Hobe egin ez banu zuk esandakoei buruz egin nuen aipamena, “ez zait batere gustatu gauzak planteatzen dituen bezala planteatzea”. Izan ere, esan nahi nuena da pesimismo larregi zeriela zure planteamoldeei eta optimimo larregia oso txarra den bezala pesimismoarekin berdin gertatzen dela ene ustez. Gauzak esan nituen bezala esanda, ordea, azalpen gehiagorik eman gabe, gaizki interpreta zitekeen eta Aitorrek hala egin duelakoan nago. Hori bai, bere erantzunak zur eta lur utzi nau. Beroaldi baten gauza dela pentsatu eta horretan utziko dut.

  7. Ba nik ez dut intentzio txarrik sumatu Txuriyaren hitzetan.
    Besteen hitzak aldiz, ez ditut batere gustoko izan. Edo behintzat, ez dizkiet tokirik topatzen nire errealitatean. Eta ni ez naiz Txuriyaren laguna. Baina halan banintz… zein litzateke arazoa? Mespretxua mespretxuagatik, etsai euki dut betidanik. Autoritatea bezala. Intelektuala izan edo ez.

    Artikuluan azaltzen dena, Euskal Herritar borrokalarien buruetan bueltaka dabilen hausnarketa bat besterik ez da. Errealitate objetiboari estuki lotua gainera. Aitu herriaren bihotzaren taupadak. Paki, Xabier, zer da ulertu ez duzuena?

    Niri auzolotsa ematen didana aurreko eguneko kontzentrazioa da. Herrirak (ezker abertzalea izan nahi ez duen mugimenduak, Gernikako Akordioa bezalaxe) deitu mobilizazioa bertan behera uzteak ere, auzolotsa ematen dit. Zenbaiten hitzek auzolotsa eragiten didaten bezala. Zer esan? Nondik hasi?

    Nire uste apalean, badaude aldaketa estrategikoa modu oker batean ulertu dutenak. Baina noski, batek edo bestek lerroartean irakurtzen duguna, zeharo ezberdina izan daiteke. Bakoitzaren unibertsoak erabakitzen du testu bat modu batean edo bestean ulertzea. Kale aktibiston unibertsoa eta gauza politikoaren kudeatzaileen unibertsoa zeharo ezberdinak dira. Denbora eta espazio berean beraz, errealitate ezberdinak bizi dira elkarrekin.

    Garai berriak bizi ditugu gure herriaren askapen prozesu historikoan. Hori bai, ez dago irabazterik bitartean besteak gonbentzitzeko zai gelditu behar bagara. Beste gauza askoren artean, ezin dira nahastu borroka ideologikoa eta herri harresiaren eraikuntzaren ideiak. Abangoardiak existitzen dira. Sinistu edo ez. Eta beharrezkoak dituzte estaturik gabeko herriek. Behintzat burujabeak izan nahi duten hoiek. Jendarte ezberdinetan gertatzen den bezala, jakintza, gauza publikoen kudeaketa eta produzitzeko ahalmena, komunitate ezberdinek duten garapenerako indar baliotsuenak dira. Abangoardia eta herriaren artean sortzen den matxura aldiz, kontu handiz eta modu azkarrean gestionatu beharreko zerbait da. Gure askapen mugimenduak historikoki herri modernoetako ezkerrek baino hobeto egiten jakin duen zerbait da gainera.

    Gure mugimendu politikoaren eraginkortasuna eta herri honen askapena lortuko duten iraulketa organizatibo eta praktikoarekin asmatzea ez da erreza-baina. Eta honetarako, emandako aldaketa soziologiko eta geopolitikoak ulertu behar ditugu. XX.mendean emandako aurrerapen zientifikoak gureak egin behar ditugu. Baina ezin ahastu masa mugimenduaren ezinbestekotasuna.

    Horrela bada, sufrimendua jendarteratzea eta biolentzaren erabilpena ezin ditugu nahastu adibidez. Ezta ahoa espontaneitatea bezalako hitzekin bete eta bulegoko animaliek amestutako ekinbideek, espontaneitate bera neutralizatu. Konturatu al gara legez kanporatutako mobilizazio bat bere horretan mantentzeak zabaltzen duen energiaz? Hori da herri honek behar duena. Aldiz, politikoki zuzenak diren diskurtso urrunak besterik ez ditugu entzuten. Paseoak ematen duten manifestazioak antolatzen dira. Luxuzko hoteletan burututako prentsaurrekoak ematen dira. Eta gero eta gehiago izateko helburuari jarraiki, euskal iraultzaileon sentimenuari bizkarra eman eta sektore sozialdemokratek hurbil sentitzen duten diskurtsoa egituratu da. Gu desobedienteak gara. Subertsiboak. Disidenteak. Gorriak. Marikoiak. Beltzak. Eta abar luze bat. Ez ahaztu.

    Kontsentsua bilatzen da, eta garen hori disolbatu. Batzuk inkluso mespresatu egiten dituzte kritika eraikitzaileak, ekinbide estrategiko berriaren aurkako eraso bezala deskribatzeraino helduaz. Guzti honek, ondorio latzak ditu. Eta azken aldian burututako ekimenek halan erakusten dute. Normala da errealitate global eta teknologiko hau ezin ulertzea. Baina aizue, gure askapen borroka hau, polita bezain mingarria izan da eta izango da beti. Existitzen ez dena, arrosaz beteriko askapen bidea da.

    Aupa Txuriya! Gora bihotzak bai, baina gora herri honen borroka iraultzailea ere bai. Gauzei bere izenaz deitu beharra daukagulako. Etsaia ez bezala, guk zintxotasunez borrokatzen dugulako. Haiek aldiz, gezurra eta manipulazioa darabilte etengabe. Errealitatearen desitxuraketa faltsua bilatzen dute diskurtso demagogikoekin.
    Nik zure lengoai bera erabiltzen dut. Agian horregaitik, ezin hobeto ulertu zaitut. Are gehiago, zu bezalakoekin egin nahi dut bidea. Beti egin izan dudan bezala.
    Gora Euskal Herri askatuta eta sozialista. Hau da, gora Euskal Herria libre!
    Antolatzera eta borrokatzera!

    • “Nik ez dut intentzio txarrik sumatu Txuriyaren hitzetan” diozu. Nork esan du Txuriyaren hitzetan intentzio txarrak zeudela? Ez nik, ez Pakik behintzat. Ezta hurrik eman ere!
      “Mespretxua mespretxuagatik, etsai euki dut betidanik”. Noren mespretxuaz ari zara? Guk ez dugu inolaz ere mespretxatu Txuriya. Aitorrek bai mespretxatu nau ni, baina beroaldi bati egozten diot hori eta horretan uztea nahiago dut.
      Nik esan nuen Txuriyak gauzak planteatzeko zuen modua ez nuela batere gustuko. Bestelako azalpenik eman gabe, gaizki esana zegoela aitortu dut eta eman dut ene azalpena. Zuk, berriz, batere gustuko ez duzuna gure hitzak dira. Baina ez duzu ene ustez inongo azalpenik eman horri buruz. Eskertuko nizuke, nik egin dudan bezala, zehaztea zergatik ez dituzun batere gustuko gure hitzak.

  8. Badirudi atmosferaren elektrizitateak bere horretan dirauela, pixka bat txinpartetan.
    Ez da gehien gustatzen zaidan giroa, beraz esana gera dadila hasieratik kide arteko solas modura hartzen ditudala eztabaidok. Lubakiaren parte berdinean gaudenok batzen gaituena dena izanda, hori edozein diferentziaren gainetik egon beharko litzatekeela uste duen laño horietakoa naiz eta horrela hilko naiz, foreba frik. Alegia, kidetasuna kontzentran elkarren ondoan egotea baina zerbait gehiago dela etabar. Baina badirudi berriz ere elkarrekiko errezeloa instalatua daukagula etxean, ezta?
    Gainera, zuk zeuk diozu, isilmisilka_proiekt, batek edo bestek lerroartean irakurtzen duguna, zeharo ezberdina izan daiteke. Lerroartean edo hitzez hitz, erantsiko nuke.
    Anonimoari esan nion ez nintzela ezker abertzalearen paradigma aldaketaren gainean arituko. Batez ere arrazoi batengatik: Ematen du, grosso modo, ari garela marrazten halako marra ikusezin bat geure artean, aldaketaren beharrarekin eta gauzatzearekin bat egin dutenen eta ezados daudenen artean. Marra zabaltzen doanarena endemas.
    Gainera, giza-xomorroak badu halako joera bat bere onena errematatzeko eta hor agertzen zaigu sarri manikeismoa, ez? Nire multzoan daudenek bertute guztiak, ez daudenek zero.
    Gero memoriaren kontuak datoz, nola ber-irudikatzen dugun iraganaren gorputza, geure konbikzio intimook egokiro indar ditzan.
    Nik behintzat testuinguru hori etengabe daukat present. Nola arrazoia edo detonantea agian berria den, baina ez fenomenoa. Nola gaiztotzen duen zeinnahi barne-komunikazio ahalegin. Eta horrekin nor den zoriontsu eta nor kaltetua, tribu bereko kideak halako ‘brilé’ dialektikoan lardaskaturik ikusitakoan.
    Hau dena esaten dizut Marcos komandanteordearen lirika ekarri duzulako hona, beltzak, marikoiak, irreberenteak, eta atentzioa jo dit ze bueno, nola esan zigun, los que colocan carros bomba contra periodistas no nos van a dar lecciones de nada, horrelako zerbait esan zigunaren hitzak jartzea vs. luxuzko hoteletan prentsaurrekoak ematen dituzten eta iraultzaileon sentimenduei bizkar eman omen dioten kideak, ba berriro erakusten du nola badugun halako joera historiko bat gure artean, guztiok bat egiteko eta elkarrekin gogotsu ekiteko motiboei erreparatzeko baino, gure arteko diferentziak goratuz elkarlanerako ezintasunak zerrendatzeko. Ezintasun politikoak baino, hondoan psikologiko-biszeraltzat jo genitzakeenak askotan. Zeren tira, Marcos zerbait izatekotan Garzonen laguntxo bat zena frogatu zigun eta horiek dira abertzaleok irentsi behar izan ditugun milaka paradoxetako bat, ez? Zer garen, denborak baino ez baitu esaten. Jardunak erretratatzen gaituelako hitzek baino (mingarriek zein ederrenek). Eta hotel garestiak alokatzearen aukera komunikazio arduradunek hobetsiko zuten baina ez gaur ez atzo ez herenegun.
    Gatozen harira ba. Lehenik, Herrira-k manifa bertan behera uzteko arrazoiak ez ditut ezagutzen, baina nik ere suposatzen ditut. Ez baita lehen aldia deialdi bat bertan behera geratzen dena, gure historia modernoan. Eta lehen kolpean zur eta lur geratu ginenok gure galderak luzatu genituen eta arrapostuaren funtsa gaur eguneko berbera zen, testuinguruari dagozkion ñabardurak ñabardura; errepresioa saihesteko alternatiba praktikoa barne.
    Beraz apur bat harritzen zait ikustea, batetik, masa borrokaren ezinbestekotasuna nola azpimarratzen duzun, eta bestetik, edo aldi berean, ezinbestekotzat duzun masa borroka bera dinamizatzeko dagoen mugimendu zabalak bidean agertzen zaizkion artilleria-kraterrak driblatzeko darabilen gerri malgutasuna edo aztikeria kritikatzea. Esan nahi dut, ez nagoela ados diozunean ‘konturatzen gara legez kanporatutako mobilizazio bat bere horretan mantentzeak zabaltzen duen energiaz? Hori da herri honek behar duena’. Hain zuzen, lehenxeago diozunarengatik: ‘Eta honetarako, emandako aldaketa soziologiko eta geopolitikoak ulertu behar ditugu’.
    Ezker abertzaleak balorazio bat egin zuen honen guztiaren inguruan. Legez kanporatutako mobilizazioak bultzatzeko eta sustatzeko eta izenpetzeko eta gorpuzteko prest dagoen pertsona mordoxka bat dago gure artean; urte luzeetan frogatu dugu. Baina helduko da garaia non benetan barneratuko dugun ezetz, gure jendeak (aldaketa soziologikook!) gure jendeak esan digula EZETZ.
    Energiak zabaltzen ditu? Bai? Halaxe daude kontuak: ‘Paseoak ematen duten manifestazioak’ beti antolatu dira, ez egun bakarrik. Gertatzen dena da gehienetan lasterka egiteko ondo prestatuak gindoazela badaezpada ere, eta gaur txankletekin eta umeekin joan gaitezkeela. Gertatzen dena da hemen, gure oinarriek, gure jendeak, (herriaren bihotzaren taupadak) esan digutela ez dutela lasterka gehiago egin nahi, ez zipaioen aurretik ez atzetik ez artetik. Eta hobe genuke borondate hori ere frogatutzat ematea, eta noizbehinka akordura ekartzea, min egin arren, zeinen bakarrik geratu garen aterkipean erauntsiaren bortitzenean. Konpainiarik zoragarrienean eta duinenean, hori bai, esan gabe doa. Zeren gauzei beren izenez deitzearen beharra daukagu, bai, baina beti. Eta bakardade horri deitzen zaio errealitatea. Eta errealitatea da abangoardia orok doiki, oso doiki aztertzeko duen lehenengo betebeharra.
    Bigarrenik, gure deialdi gaitasunak, gure masa-frontearen osasunak, beti izan du halako interpretazio bipolarra, ez? Batetik, inork baino jende multzo handienak biltzeko gauza ginen (gara), eta bestetik zurturik galdetzen genuen (dugu): non arraio dago gure jendea? Eta garunak lauskitzen genituen (ditugu) arrazoien bila. Eta orduan errepresioa identifikatu genuen horma nagusi bezala eta hura gruyere xafla bat bihurtzeko zientoka iniziatiba, trikimailu eta taktika garatu genituen. Hain onak (ironiarik gabe diot) non arrakasta itzeltzat genuen hogei mila laguneko manifa nazional bat (izan, bazelako). Nolabait, erraza zen horrekin guztiok bat eginda bizitzea eta aurrera egitea (elkarrekiko irainik gabe, esan nahi dut) gure energiak askatzeko balazta etsaia bera zelako eta hura madarikatzearekin eta konbatitzearekin, ezta?
    Egun, aldiz, emango luke energiak askatzeko balazta etxean daukagula. Nonbait, expektatibek berariaz ala nahi gabe ihes egin digute, eta etxeko norbaitek halako promesa edo berme bat luzatu izan baligu bezala gabiltza marmarrean, zeinaren arabera bere tesiak gailenduz gero, halako batean masek kaleak hartuko zituzketen, apustu estrategiko berri horren gailentzearen unetik garaipenera arte. Eta orduan, geure buruei galdetzen diegunean non arraio dagoen jendea, etsaia seinalatu ordez (errealitatearen azterketa doi bat egin ordez), kidearen inkonpetentziari (edo ustezko konbertsio sozialdemokratari) leporatzen diogu. Bulegoetatik neutralizatzen omen dabiltza bat-batekotasunezko mugimenduak?
    Baina egoeraren larritasunean burua hozteko gauza bagina (neronentzat ere zaila dena), gutxieneko barne ezagutza bat emantzat joz, agian onartu beharko genuke bat-bateko mobilizazioak pizteko, antolatzeko, garatzeko eta gertakarien arabera moldatzeko inoizko barne-baldintzarik libreenetan gaudela. Agian argi eta garbi.
    Beraz hor bi tranpa ikusten ditut nik: Batetik, hemen inork ez duela deus ere agindu ez bermatu. Hemen apustu kolektibo bat dago (gustukoa izan ala ez), eta ez bulegoetakoa. Kolektiboa. Areago: Hemen, edo apustu kolektibo bat dago, edo ez dago ezer. Dugun berme bakarra gure arteko batasunean datza; hortik abiatuta, norbere konpromiso eta entrega gaitasunean. Paradigma aldatu delako baina arima ez. Esentzia berbera da. Eta bestetik, hemen balaztarik egotekotan norbere garunean dagoela. Denenotan. Baina ez orain, betidanik. Ze edonork esango luke nik zer dakit, Esteban aska zezaten herri honetan energia atomikoa erakutsi genuela…! Baina ez, ezta? Garena ezein kontsentsuren izenean disolbaturik ez bide zegoenean nori leporatu genion masa-frontearen herdoila? Atzo eta gaur, edonori eta edozeri, geure buruei izan ezik. Eta nire uste apalean, abiapuntu iraultzailea hori da; kritika nahi beste, baina zinezko autokritika oroz gain. Herri hau zu eta ni gara, eta Xabier eta Txuriya, eta hau eta bestea, denok. Inork ez dit eragotzi nire auzoko topagunea batzarrean biltzea, ideiak eta gogoak kontrastatzea, aukerak eta baldintzak aztertu eta ideia xorta hobeago batekin kalera irtetea. Inortxok ere ez dit galarazi elkartasunaren txinparta piztea neure jardunaren predikuarekin. Edo gose greban jartzea nire nebarekin eta koinatarekin batera, dauden gisan, ziega malparatu banatan.
    Baina hori da nire erantzukizun militantea, neure burua errealitate aldagarrian etengabe kokatzea eta ber-kokatzea, nik nire eskura ditudan tresnak, mugak eta ortzimugak identifikatzea eta diozun bezala, herri-harresiaren eraikuntzan ere neure alea jartzen segitzea. Hori ulertzearen ardura politikoa daukat nik, neure burua abertzaletzat eta iraultzailetzat baldin badaukat. Nire tribu politikoarekiko fideltasuna gordetzea (bere erabakiek min egin arren, askotan egin izan didaten bezalaxe), diziplinaren zentzua kontraesan guztietatik onik ateratzea lortu baldin badut, eta neure erantzukizun militante hori koherentziaz praktikara eramatea. Orduan, jendea ez dakit, igual hondartzan dago baina non gaude gu? Hori da galdera nire ustez. Noren edo zeren zain gaude gu? Suntsitzen eta erretzen baino ez dakite! Leporatzen ziguten. Baina patraña galanta zen, ez?
    Orduan, egungo ildoarekin hiper-kritiko edota hiper-atxiki azaltzen zaizkidan kideen artean goratzen dizkidaten muturreko ikuspuntuekin bat etor naiteke edo ez eta eztabaida genezake zientoka aferen inguruan, zauriak orbaintzeko eta afektuak estutzeko dugun behar ia biologikoarengatik ere. Baina ondo legoke agian marra ikusezin hori kasbah moduko bat bihurtzen hasiko bagina, elkarrengandik aldentzen gaituenari baino batzen gaituenari ondo begira, ze izan noski bagarela kastenak eta puruenak baina momentuz herri hau garaipenera ez du inork eraman eta eramatekotan, guztion artean izan beharko da, edo akabo.

  9. Paki, beti bezala biziki gustatu zait zure iruzkina, oraingoan beharbada luzeegia izan bada ere.. Bereziki maite dut zure gauzak planteatzeko modua. Seguruenik _isilmisilka proiekt_ek Txuriyari esaten dionarengatik “Nik zure lengoai bera erabiltzen dut. Agian horregaitik, ezin hobeto ulertu zaitut”. Dena den, ez zait niri iruditzen _isilmisilka proiekt_ eta Txuriyarena lengoaia bera direnik. Niri Txuriyaren artikuluari pesimismo larregi zeriola iruditu zait, baina hortik aurrera gustatu zait bere eztabaidatzeko modua eta abar. Aldiz, Aitor, _isilmisilka proiekt_ eta Anonimorenak, ordena horretan txarretik hobeagora ene iritziz, ez ditut izan gogoko. Hori bai, Pakik esaten duenarekin geratzen naiz: “Lubakiaren parte berdinean gaudenok batzen gaituena dena izanda, hori edozein diferentziaren gainetik egon beharko litzateke”. Saia gaitezen eztabaidatu beharrekoa ahalik eta modu onenean egiten, jakinda bakoitzak gure estiloa dugula batzuk gustuko dutena eta beste batzuk, aldiz, batere ez. Hori bai, nik eskatuko nukeena da ez jardutea aldi berean pila bat gauzaz hitz egiten eta eztabaidatzen. Horrela ez dago, ene iritziz, aurreratzerik. Muga gaitezen aldi bakoitzean zerbait zehatzari buruz hitz egitera, adarretatik joan gabe. Eta ez gaitezen neurritik kanpora haserretu, bai?
    Niri, egia esan, oraingo honetan azpimarratzea interesatzen zitzaidana Pakik esandako hau zen: “Bakoitzak (eta norberak!) duenetik eman dezanaren ildoarekin bat bagatoz, izan gaitezen pertsuatsiboak, konbentzitu dezagun, animatu dezagun, antolatu dezagun. Egoeraren gordinenean multzora halako akusazioak egitea baina politagoa izateaz gain, eraginkorragoa ere badelakoan”. Hori bai, Txuriyak ederki azaldu bezala, berak ez du “multzora akusazio”rik egin, bai ordea, ene iritziz, etsipena zerion planteamendu bat eta nik “halako analisi pesimistak egitea baino…” jarriko nukeen. Eta Pakik eskatzen duena egin, jakina, planteamendu positiboak eta optimistak atzetik lana eta borroka ez badute laster geratzen baitira ezerezean.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Change )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Change )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Change )

Connecting to %s