Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: I.Larrea
Mundu mailan hain ospetsuak diren Nobel sariak banatu dituzte berriro ere eta Bakearena Europar Batasunari egotzi diote aurten. Sari hau “bakearen alde, nazioen arteko elkartasunaren alde eta gerren aurka lana egin duen norbaiti ematen zaio” . 2009an Estatu Batuetako lehendakaritzara heldu berria zen Barack Obama saritu zuten munduko bakeari ekarpen handia egiteko asmoa zeukalako. Eta aurten Europar Batasunari eman diote antza denez bakearen alde aritzeagatik. Txistea dirudi.
Bitxia egiten zait Bakearen Nobel Saria banatzen duen Norvegiako Parlamentuak mundu mailako genozidarik handienei Bakearen saria emateko hartu duen ohitura, eta horregatik galdetzen dut: zergatik ez eman, adibidez (eta kontutan hartuta Jack destripatzailea hilda dagoela eta Drakula ez dela existitzen)… Anders Bejring Breivik-i? Txakal faxista honek Norbegiako Alderdi Laboristaren aurkako ekintzetan berarentzat gorriegi ziren77 lagun erail zuen. Zerbait ematekotan ez nioke saririk emango, baina Obama edo Europako potentzien gobernuekin alderatuta ez dauka hainbeste erailketa bere bizkar gainean.
Egia da Irak, Palestina, Afganistan, Libia, Siria eta abarretan hiltzen diren milioika gizon, emakume eta ume gehienak arabiarrak eta musulmanak direla, eta hoberena dena, kasu batzuetan “diktadore”, “tirano” edota “satrapa” batzuengandik askatzeko erailtzen ditugula (azken datu hau oso lasaigarria da gure kontzientziarako). Sakonean gure asmoa ona da. Beste aldetik Breivik-ek erail zituen 77 lagun horiek europarrak ziren, gure artean bizi zirenak. Argi dago zergatik ez diote inoiz emango Bakearen Nobel saria.
Aztertu ditzagun Obama eta Europar Batasunaren meritu batzuk:
-Obamak milioika hildako, elbarri, umezurtz eta abar sortu duten Irak eta Afganistan inbasioak mantentzen ditu. Guantanamo zulo beltza ez ixteaz gain epaiketa militarrak indarrean jarri ditu berriro.
-Piloturik gabeko droneek, soilik Paskitanen eta Obama lehendakaritzara heldu zenetik 1.456 eta 2.372 arteko hildako eragin dute. Ahaztu gabe Libia eta Siriaren aurkako erasoetan sortu eta sortzen ari diren milaka eta milaka biktimak.
Ziur edonork dezente luzatu dezakeela zerrenda hau, baina esandakoarekin nahikoa da ikusteko Breivik oso urrun dagoela Obamaren sarraskiak egiteko gaitasunetik.
Eta zein izan da Europa Batasunaren “bakearen alde, nazioen arteko elkartasunaren alde eta gerren aurka” egin omen duen lana ? Norbegiako parlamentariek II. Munduko Gudatik hona Europako potentzien artean gudarik ez delako izan eman diote saria. Eta egia da; aurreko bi Munduko gudatan Europako potentzia nagusien oligarkiek haien artean guda piztu zuten munduaren kontrolagatik; orain berriz, haien artean guda egin beharrean batu dira iraganean haien koloniak zirenei egurra emateko. Izugarrizko aurrerapena !!
-Has gaitezen adibide klasiko batekin; Palestina. Israelek sortu duen munduko kontzentrazio-esparru handienera 2011ko uztailean elkartasuna eta bitarteko materialak eramaten zituen Elkartasun Ontzidia blokeatuta izan zen EB eta NATOren kidea den Grezian. Eta 2008an Israelek Gazaren aurka egindako “Berun Urtua” izeneko eraso militarrak 1.400 palestinarrak (500 inguru umeak) akabatu zituenean Europa Batasunak…… “Pilatosena” egin eta Israelekiko negozioak mantendu zituen.
-Europar Batasunaren Estatu nagusienak, eta NATOren kideak diren heinean, Irak eta Afganistanen inbasioetan egon dira eta daude sartuta, eta azken urteotan izan diren guda eta eraso inperialistetan haien esku sartze militarra, ekonomikoa eta politikoa agerikoa izan da. Datu batzuk:
-“La UE decide imponer sanciones a Libia mientras evacua a sus ciudadanos del país”.
-“La UE endurecerá mañana sus sanciones contra Siria e Irán”
-“Alemania pide un endurecimiento de sanciones contra Irán”.
Hau da hau “nazioen arteko elkartasunaren eta gerren aurkako” lan bikaina !! Eta guzti honetaz gain kontutan hartu behar dugu bankari eta oligarkien interesak babesteko etxean bertan beheko klasekoei banatzen dieten egurra.
Hala ere, dena ez da hain txarra Europar Batasunaren kanpoko jardueran; lehen Domund egiten bagenuen orain “garapenerako laguntza” ematen dugu. Irakur dezagun gure prentsan irakurri dezakeguna:
Zerua irabaziko dugu europarrok hain onak izateagatik !!!, Baina, aizu… hain eskuzabalak izan eta izugarrizko laguntzak eman arren “kanpoko atzeratuek” beti bezain miserableak jarraitzen dute. Zer egiten dute alproja horiek haien lurraldetatik atera eta gure merkatuetan amaitzen diren lehengaiengatik ematen diegun diru mordoxkarekin? Ziur droga eta beste bizioetan xahutzen dutela haien artean erailtzen diren bitartean. Txistea? Ez, gure kaleetan askotan entzuten dugunaren antzekoa.
Baina baliteke gure “eskuzabaltasun” hau hain eskuzabala ez izatea:
“La Unión Europea redescubre África”
…El objetivo de la Comisión Europea es forzar a través de estos acuerdos de libre comercio una apertura de los mercados de los países de las áreas ACP. En general la economía de la UE se beneficiaría considerablemente con un ajuste semejante, mientras se pondrían en peligro las estructuras económicas de los Estados de África, el Caribe y el Pacífico.
Zenbat gosete eta guda sortu dute Europa Batasunaren Estatuek haien politika, eroskeria eta esku militar zuzenaz edo zeharkaz? Zenbat ume hil da gosez eta gaixotasun arruntez haien herriei burujabetza ekonomikoa eta politikoa kendu dizkiegulako?
Ez dakit merezi duen jarraitzea datu gehiago ematen. Mundu honetako martxa jarraitzen duen edonorentzat, eta ez da derrigorrez oso kritiko izan behar, planeta honetan miseria, sufrimendua, suntsiketa ekologikoa, sarraskiak eta inperialismoa jarraitzearen arduradun garrantzitsuak diren Estatu hauei Bakearen sari bat ematea adimenarentzako iraina baino ez da. Eta Europa senil honetan inguratzen gaituen ustelkeria etiko eta politikoaren adierazlea.