Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Gorbeia

Ez da irakurle askorentzat nobedadea izango azkenengo urteetan zehar ezker abertzaleko herritar batasunetik zehazki, ibilbide deigarri eta kezkagarri bat, hainbat adierazpen zein ekimen zehatzetan gauzatu izan dena. Honek militantziaren hainbat sektoreengan, ulertezintasunetik abiatuz, hainbat sentsazio eta joera bultzatu izan ditu, kasurik tamalgarrienetan hainbaten aldegitea izan delarik.

Ezaugarri esanguratsu -ezker abertzalearen tradizio historiko eta printzipioei begiratuta- zein kezkagarriak ditu ibilbide honek. Lehenbizikoa, esaterako, zuzendaritza politiko bera zein ezker abertzalearen konfigurazioa ulertzeko modua. Deigarria oso da, esaterako, herritar batasunaren zuzendaritzatik ezker abertzalearen ezaugarritzeari buruzko ikuspegia.

Erreforma politikoaz geroztik, ezker abertzaleak, ikuspegi eta sektore desberdinen arteko oreka lehenetsi zuen. Era horretan, askapen prozesua osatzen zuten sektore desberdinek bere burua ordezkaturik zeukaten zuzendaritzatik abiatuz, herri mailako markoetaraino, ikuspegi aberastasun horrek ezker abertzaleari oreka eta ibilbide koherente eta herritar baten bermea suposatu ziolarik.

Ezaugarritze horrek ezker abertzaleari mugimendu izaera eman zion. Langile mugimendua, gazte mugimendua, herri mugimendua, alderdi iraultzailea, herritar batasuna… guztien arteko orekak bermatu zuen gaur egun arte ezagutzen dugun ezker abertzalea.

Garai berean alderdi bakarraren zuzendaritzaren baitako eredua diseinatu zuenik ere izan zen. Haiei buruz PSEn eman dezakete berri. Asimilaturiko EEren eredua dugu.

Gaur egungo herritar batasunaren zuzendaritzaren baitako indar harremanaren ondorioz, estrategia aldaketa soilik ez, eta izaeran zein ezaugarritzean ere aldaketak izateko arrisku erreala dago. Herritar batasunaren baitan zuzendaritza kokatu eta gainontzeko herri espresioen pisua arintzeko arriskua inoiz baino indar handiagoz ageri zaigu. Urratsak ematen hasiak dira norabide horretan dagoeneko: langile eta gazte mugimenduen autonomia berez errespetatu egiten da, antolakuntza markoak ahalbideratuz. Herri mugimenduaren autonomia aldiz, ukatu. Horrela, herri mugimenduko kideen ikuspegi propioarekin ekarpena egiteko aukera ukatzeko, antolaketa galerazten da, aukera bakarra eskainiaz: herri mugimenduko militante oro alderdiaren diziplinaren baitan kokatzea.

Herri mugimenduaren inguruko “saretzea” Sorturen baitan antolakuntzari dagokion atalean jasotzen du zehatz-mehatz ponentziak. Ez da beraz idatzi honen asmakizuna herri mugimenduaren dinamizazioa herritar batasunaren baitan kokatzearen tentazioa dagoela esatea.

Herri mugimendua, hain zuzen ere, herritarrak antolatzen direneko espazioa. Politika instituzionala inolako oztoporik gabe eta herriari bizkarra emanez bermatu dezakeen eredua hain zuzen ere. Eta horretarako herri mugimenduaren inguruko antolakuntza, politika instituzionala garatzen duen alderdiaren diziplinaren barnean kokatu, herritar eta iraultzaile litzatekeen proiektu zein prozesu bati begira ekar ditzakeen arrisku guztiekin.

Banatu berri diren ponentzien azterketa idatzi honetan jorratuko ez baldin bada ere, hainbat aipamen labur luza daiteke, arrisku hauen tendentzia hutsala ez dela baieztatzeko. Bi adibide besterik ez. Oinarri ideologikoen atalean nazio eraikuntzari ematen zaion garrantzia batetik. Irakurlearentzako aztergai geratzen dena: zenbatetan eta zein garrantzirekin, zein mailaketatan, azaltzen da nazio eraikuntza aipatu testuan? Bigarrena nazio eraikuntza beraren kontzepzioa antolakuntzari dagokion atalean. Modu nabarmenean nazio eraikuntza masa borrokaren baitan kokatu nahi da -Euskal Herria ezkerretik eraikiz eta masa borrokaren arteko binomioa agerikoa da testuan-, nazio eraikuntzari duen dimentsio eta balio estrategikoa ukatuz.

Arestian aipaturiko ezaugarrietatik lehenbizikoa izan da laburki azaldurikoa. Badira gehiago, hala nola, estrategiaz gaindi ezker abertzalearen balio tradizionalen alderantziketa, izandako hautu taktiko deigarri -zein kezkagarri- dezente, edo eta diskurtso eta eremu ideologikoan izandako atzerakada, etsaiaren terminologia barneratuz sarritan. Baina hauen inguruan sakontzeak, testua neurririk gabe luzatuko duela eta, beste baterako gordetzea izango da egokiena.

Joera kezkagarria, ezker abertzaleko militante askok dakusaguna. Tamalez, militante izandako zenbaitek etxera joateko hautua egin du. Ez du militatzen hasi zeneko ezker abertzalea ezagutzen, eta ez da partaide sentitzen. Baina alde egin duten edo haien burua kanpoan ikusi berri duten haien aldentzearen efektu edo ondorioaz jabetu beharko lirateke. Ibilbide honek arrisku nabarmenak dauzka sistema eta estatuen asimilazioaren norabidean, eta indar desberdinen arteko harremanak joera hori indartzen du. Parte ez sentitzeak, indar harreman horretan eragitea suposatzen du, ibilbide kezkagarri honen indartzea alegia. Ez da etxera joateko ordua. Ezker abertzalea hamarkada askotan zehar izerdi zein odolez eraikitako mugimenduaren eredua arriskuan egon bailiteke. Eragiteko ordua iritsi da.

Sortu prozesua abian da, bertan herritar batasunaren inguruko erabakiak hartuko direlarik. Bertan dugu borrokarako esparrua. Ezker abertzalearen mugimendu izaera bermatu nahi dugunak nahi eta nahi ez espazio hura izango dugu horretarako. Askapen prozesua benetan askatzailea, herritarra, iraultzailea, sozialista eta anti-patriarkala izango den eztabaida horretan erabakiko da neurri batean. Eskubide osoa, baita betebeharra ere, dugu ikuspegi hori herritar batasunaren baitan berma dadin. Ikuspegi hori txertatuko luketen emendakinak aurkezten. Ikuspegi horren arabera jardungo diren arduradunak aukeratzen, proposatzen. Herri edo auzo mailan ideologikoki norabide horretan eragiten. Harremanak saretzen.

Ez dago alternatibarik. Sortu prozesuan eragin, eta askapen prozesua berma dadin erantzukizunez jokatu beharra daukagu. Aldendutako jendea berreskuratu, inplikatu, indar herritar eta iraultzaileak batu, Sortu etorkizuneko herritar batasuna izan dadin. Eta horretarako indar harremanean eragiteko parte hartzea funtsezkoa izango da. Abestiak dioen bezala “hire indarraren beharra diagu gure indarrarekin batera”. 15 urte barru ez du balio damutzea ekiditeko aukera izan denean ezer egin ez bada. (latza litzateke egin genezakeenaz oroitzea, iraganeko aukera galdu gisa) Gure esku dago. Denon esku. Erantzukizunez jokatzeko garaia iritsi da.

11 thoughts on “Erantzukizunez joka dezagun

  1. ponentzia irakurri ostean izandako erreflexio asko plazaratzen ditu testu honek. Aipagarria Nazio Eraikuntzak ponentzian duen garrantzi eskasa eta nola estrategiaren gakotzat “aliantza politikoak” kokatzen dituen….
    borroka garaia da, EA mugimendu izaten jarraitu behar du, eta horretarako asanbladetan eta egunerokotasunean eragin beharra dago. momentua kritikoa da.

  2. Ados nago arduraz jokatzeko garaia dela esaten dugunea,eta den denok hor gure ikuspegia txertatzeko garaia ere bai, gerora ez damutzeko orain arteko ezker abertzalearen desbirtuazioaz.

    Baina herri mugimenduari dagokionez,ez dut oso ondo ulertu testuak adierazi nahi zuena: alde batetik herri mugimenduaren autonomia erabat defenditzen du (ezkerretik eraikiz sarean egonagatik Sortuk herri mugimendua dinamizatzeko izan omen dezakeen nahia agertzen da) baina bestetik herri mugimendu hori herritar batasun barruan kokatu beharraz ari da.

    Nik uste kontu hauetan gazte mugimenduak eman berri duen hausnarketan dagoela gakoa: herri mugimendua berez autonomoa da, ez du inor behar banguardia gisa bere ordez erabakitzeko eta bere jarduera plangintzatzeko.

    hori bai, ezker abertzaleko militanteok iraultzaile gisa ezinbestean parte hartuko dugunez herri mugimenduaren espresio anitzetan,norbanako bezala txertatu beharko ditugu ezker abertzalearen balioak, herri mugimenduan egiten dugun lanaren araberako erreferentzia izango baitugu eta gerora erreferentzia hau da proiektu politikoa zabaltzeko tresna. Norbanako bezala. Desdoblamendua bezalako ideiak beste era batera ulertzeko garaia da. Orain arteko izaera zuzentzaile eta askotan paternalista alde batera utzi eta militante guztiok herri mugimenduan inplikatu behar gara, baina norbanako bezala.

    Eta herri mugimenduari bere autonomia aitortu, erritmoak errespetatuz etab.

    Beste kontu bat da zenbaterainoko garrantzia izan dezaketen herrimugimenduan militatzen duten ezker abertzalko militanteen ekarpenek, NazioEraikuntza beraren motorra den eragileren batean militatzen dutelako. Hor bai kokatuko nuke eztabaida: erabakiguneetan ezkerretiksareak behar lukeen garrantzia etab.
    Baina herri mugimendua bera, ez da ezker abertzalearen parte organiko. Autonomia errespetatu behar zaio.

    Kontua da orain arte honela egin den arren nire ustetan oso zentzu gutxi duelaezker abertzalean soilik militatzeak, militante zaren heinean herri mugimenduko espresioetan militatzera eraman behar zaitu kontzientziak. Gero batzuk ezker abertzalera, beste batzuk ez.
    Orain arte joera paternalista batetikezker abertzañeko militante soil izan da jende asko eta asko,herri mugimenduaren erabakiak zuzendu nahi izan dituena. Zorionez izan damilitante eredugarri multzo bat,herri mugimenduan eguneroko ekarpena egin duena ezker abertzalea bere militantzia eskaintzeko eremu bakar gisa ikusigabe eta herri mugimenduak askapen prozesuan eta NEn duen garrantzia praktikan jarriz. Eta zoriotxarrez horietakoak izango diren egun ezker abertzaletik atera diren asko.

    Haien jarrera da jarraitu behar dena, baina herri mugimendua ezker abertzaletik kanpoko mugimendu potente eta autonomo bihurtuz, NEren motor eta kritiko, batez ere.

    • Nazio erikuntzak ikuspegi estrategikoarekin garatu behar baldin badugu, Herri Mugimenduko espresio ezberdinak norabide berean egin beharko dute arraun. Norbanako bezala inplikatua egoteak ez du bermatzen Herri mugimenduaren norabidea Iraultza garatzean norabide bera denik, hau da ezker abertzaleko kideak herri mugimenduan lanean egoteak ez du bermatzen Nazio Erikuntzaren estrategiak aurrera egiten duenik.

      Beraz beharrezkoa da, eredu trasnbersaletik harago, estrategia orokorraren definizioa egiterakoan, Nazio Eraikuntzako estrategia ere definitzea eta helburuak zehaztea. Honekin batera, espresio ezberdinen autonomia errespetatuz (hau baita Herri honek duen altxorrik handiena, antolakuntzarako gaitasuna), Ezker Abertzalea Nazio Askapenaren bidean kokatu eta norabidetu behar du Herri Mugimenduaren ekarpena. Egindako lana jaso eta errentabilizatu.

      Guztiz ados desdoblamendua ez dela dirigismoa. Baina honen kontrakoa ez da “egin dezatela nahi dutena” bestela arrisku ikaragarria dagoNAzio estrategiaren estrategikotasuna hankamotz geratzea.

      • Baina zergatik hitzegiten dugu beti bigarren pertsonan: egin dezatela nahi dutena?
        Gu ez al gaude ba bertan? Orduan egin dezagun nahi duguna izango da. Norbanako bezala guk geuk erabakitzen dugu norabide hori herri mugimenduan gabiltzan bitartean bilera bakoitzean. Baina nik ni neu bezala, ez ezker abertzalearen komisario, superbisore edota bestelako bezala…
        nik ditudan ideiak noski reflejatuko ditudala herri mugimenduan, ezker abetrzalearen baloreak eta norabidea, baina norbanako bezala egiten dudan lanaren arabera izango dute ideia hauek bertan pisua.
        Iruditzen zait orain arte alderantzizkoa egin dela, eta horren ondorio dira “gu” eta “haiek” bezala aritzea herri mugimenduaz ari garenean. Zerbait izatekotab “gu” hori = herri mugimendua behar lukenean.
        Nazio Eraikuntzaren baitan paper estrategikoa badu herri mugimenduak, lehenengo eta behin bertan sinistu eta militatzen hasi beharko da. Iruditzen zait orain arte jende askok ez duela inongo kontakturik izan herri mugimenduarekin ezker abertzaleko militantea izan arren. Eta hori sekulako kontraesana izateaz gain akats larria da.
        Egunero bertan lanean erreferentzia bat irabazita lortuko dugu gerora herri mugimenduak berak erreferentzia aitortzea estrategia bati edo besteari, baina inola ere ez tartean behin “txapela jartzeko” saiakerak eginda edota arrotza zaigun marko baten gaineko erabakiak inposatuz.

        • Ni ere ados nago Urolarekin, esaten duenean, herri mugimenduari eman behar zaion garrantzia pertsonaletik hasten dela.

          Estrategia orokorra pertsona bakoitzak barneratuta izan behar du… esan nahi dudana da, nik ez dut behar Ezker abertzaleak esaterik zer egin behar den osasungintzan adibidez… badakit zein helburu izan behar dituen…. hortaz, horra bidean egingo dugu lan.

          Beste gauza bat, askotan, herri mugimenduan baitan gabiltzanean, herri mugimenduko espresio desberdinen arteko eztabaida eta koordinazioa behar dela (igual hau nire esperientziatik diot) batez ere herri estrategia oso bat garatzeko orduan. Baina horrek ez du esan nahi, herri estrategia “listoenen” artean erabaki eta herri mugimendura traslatu behar denik… baizik eta, herri estrategia aurrera eraman nahi dugun eragile guztien artean, berdintasunean, paternalismo gabe (hau oso garrantzitsua da) definitu beharko dela.

          Askotan pentsatzen dugu, EAn militatzen dugunok, besteak baino gehiago dakigula… eta hori ez da horrela.

          gero gehiago…..

          • Ados bai Urola eta baita Maribelekin. Egia da ere “gu” eta “haiek” bezalako bereizketarik ez genukeela hitz egin behar, idazterakoan izandako akatsa ezbairik gabe (eta ez soilik idazterakoan, islatzen duen ikuspegia ere okerra da). Esan bezala, guztiz ados zerbait behar badugu izan herri mugimenduaren parte da, inolako paternalismorik gabe alegia.

            Hala ere, agian ez naiz behar bezala azaldu, edota benetan ikuspegi ezberdinak ditugu. Esan nahi nuena honakoa da:

            Norberak nazio eraikuntzrako beharrezkoak dituen baloreak bere gain hartuta ere, eta norbanako gisa derrigorrez (koherentzia politiko eta militantez) parte hartzen duen (dugun) edozein espresio ezberdinean eragingo badu(gu) ere, Ezker Abertzaleak Nazio Askapenerako estrategia integrala behar du izan. Norabide horretan, berebiziko garrantzia du Nazio Eraikuntzaren estrategiak, eta ez soilik era “transbersalean” lantzea (ondo dago, baina ezaguna dugu horrelako hitzak erabiltzen ditugunean praxia non gelditzen den) baizik eta definizio, fase ezberdin eta ikuspegi estrategikoz kokatu beharra dago.

            Ez du balio norberak bere eremu hurbilean eta bere ikuspegiz ekitea, Nazio Askapenerako mugimendu gisa praxi komun bat definitu eta garatu beharrean gaude eta hau soilik eztabaidarako eta hausnarketarako guneak eskaintzen dituen antolakuntza eredua izanda bermatuko dugu. Herritar batasunak ezin du masa borrokaren definiziotik herri mugimenduko estrategia bere gain hartu, momentu ugaritan kontrajarriak direlako instituzioak muga izan daitezkelako eta herri mugimenduak berez kontrabotere izan beharko delako.

            Hortaz, ez da “listilloek” hausnartu eta “indioek” egin beharreko kontua; ez da hor eztabaida kokatzea nire nahia. Sujetua beharrezkoa da, eta iraultzarako sujetua kolektiboa den heinean, estrategiaren formulazioa, nondik nora, zergati… kolektiboa eta antolatua izan beharko luke. Beste kontu bat da, horrek zein itzulpen praktiko hartzen duen, baina argi dago, testuak dioen moduan arrisku handia dagoela egun, herritar Batasunak bere gain hartzen badu eta gainera horrela izanda, inolako estrategiarik definiturik ez badu. .

            Amaitzeko ez da egia Ezker Abertzaleko kideok besteek baino gehiago dakigula… baina ez dezgun gure burua ere zigortu. Ezker Abertzaleko kideok konpromiso eta militantearen baloreak errotuak ditugun emakume eta gizon, zahar eta gazte ugari gara, eta horrek ez digu txeke zuri bat ematen “guk nahi duguna egin edo porrota” bezalako (eta entzundako) baieztapenak egitera; baina argi dagoena Herri honekin dugun erantzukizuna handia dela eta zorionez eta zoritxarrez gu izan garela eta garela askapen prozesuaren motore. Beraz, gure gain hartu behar dugu ere hausnarketa egokiak egin eta Herri hau norabide egokian jartzeko ardura.

            • Uste dut, ondo ulertu dizudala, baina galdera bat, eta gauza askorekin ados nago… baina galdera bat, argitze aldera. Nola planteatuko zenuke herri mugmienduak izan beharreko estrategia osoaren “eta iraultzarako sujetua kolektiboa den heinean, estrategiaren formulazioa, nondik nora, zergati… kolektiboa eta antolatua izan beharko luke” formulazioa? Hau da nola egiten da? Sortun, ez dut uste….nire duda nagusia delako da.

    • Gorbeiak ez du planteatzen herri mugimendua herritar batasunaren baitan egon behar duenik. Nik ulertu dudanaren arabera gazte mugimendua eta langile mugimenduaren antzeko eredu bat planteatzen du, ezker abertzalearen baitan baina ez herritar batasunaren barnean.

  3. Testuan jasotzen diren kezkak nahiko orokorrak dira,baina azken batean testuaren tesiarekin ez al da asmo eta jarrera horiek dituen zuzendaritza bera indartzen?Izan ere testuak azken finean mezu nagusi bat du: erantzunkizunez jokatzeko modu bakarra Sortu barrutik eragitea da.Hori eztabaidagarria da eta Sortu barrutik eragiteko hautua egiten dutenei bezaienbesteko errespetua aitortu behar zaie Sortutik kanpo eragiteko erabaki politikoa hartu dutenei ere.Nik ez nioke gai horri dimentsio zentralik emango, denok dakigu militantziaren zati handi batean desadostasuna dagoela egungo estrategiarekin eta nahasketa dexentea dagoela,baina kanpotik zein barrutik eragitea ez da definitiboa den zerbait.Gaur egun Sortutik kanpo gelditzea erabakitzen dutenak geroago gerturatu daitezke gauzatzen den ildoaren eta praxi politikoaren arabera eta alderantziz, gaur egun Sortun parte hartzea erabakitzen duten batzuk parte hartze hori eten dezakete aldagai berdinen arabera.

    Hala ere Sorturen eratze prozesua,estrategia aldaketaren testuinguru orokorrean kokatu behar da eta planteaturiko moduan argi esan beharra dago Argitzen ponentzia eta Zutik ebazpenetik at kokaturiko estrategia bat Sortun gauzatzea kasik ezinezkoa dela.Sorturen eratze prozesua eta Sortu bera Zutiken jarraipena direla behin eta berriz esaten da.Batzarretarako gonbidapenetan halaxe azaltzen da “Sortuk izan nahi dau Zutik EHrekin bat egiten duten Ezker Abertzaleko eta Ezker Abertzaletik kanpokoen bilgunea” (buruz idatzi dut,ez da literala,baina horrela dago idatzita).Beraz Zutikekin bat egiten duen militantziari ez zaio tokirik eskaintzen eta abiapuntu hori duen eratze prozesu batean militantziaren sektore horrek estrategia Sortu barrutik aldatzea ezinezkoa dela ulertzea nahiko zentzuzkoa dirudi.GaineraZutik ebazpena zein era “garbi” eta “demokratikoan” aurrera atera zen ezagututa (besteak beste Altsasuko adierazpena eztabaida eman aurretik plazaratuz), Sortuk beste ildo bat garatzeko aukera ia ezinezkotzat jo daiteke.

    Eztabaida txostenaren puntuei dagokienez,beti praxiaren ikuspuntutik aztertu behar direla uste dut.Ikuspuntu hortatik oinarri ideologikoen atala osotasunean sinesgarritasun falta osokoa dela uste dut,gutxi gora-behera zaker abertzalearen betiko oinarriak ageri badira ere,Sarrerako ataleko puntu batzuekin (zein praxiarekin) erabat kontrajartzen direlako.Sozialismoa edo internazionalismoa oinarri ideologikotzat jartzea, Sarreran helburutzat estatua “Europan” kokazen denean (hau da Europar Batasun kapitalista eta inperialistan) eta nazioarteko lanaren ardatz nagusia inperialismo hegemonikoarekiko konplizitatea denean (ea zer dire Powel and konpani…).Beste horrenbeste borroka ideologikoarekin: boterearen hedabideek zapalduak eta zapaltzaileak nahastera eraman gaitzatenaren aipamena egiten da,oso egokia printzipioz noski,baina hipokresia usaina ere baduena ezker abertzalearen ordezkari batzuk “biktimen aitortza” delakoarekin adibidez zapaltzaile eta zapalduak ahaztu eta “biktima desberdinen” kontzptu desitxuratua bultzatzen ari direnean.

    • Sortu prozesuaren eztabaidan parte hartzeak, Sortu barruan kokatzen zaitu? nik ez dut uste, eta textuan ere ez dut hori ulertu… baina bai uste dut, eztabaidan parte hartu behar dela… eta zutikEH, ados ez bazaude….. esan dezakezu garapenarekin ez zaudela ados :). Ez utzi horren errez kanporatzen.

      esan nahi dudana da, kanpotik eragiteko aukera errespetagarria den heinean, horrek Sortu prozesuan ez parte hartzearekin ez duela lotura zuzenik… zergatik diot hau, batez ere, ezker abertzalea denok garelako, eta Sortu partidu sozialdemokrata huts baten bihurtzen bada, ez delako soilik zuzendaritzaren ardura, baseetako militanteok, edo behintzat izan garenon erantzukizuna ere bada. Nahiz eta jakin, Sortuko eztabiadak ez duela margen askorik emango, behintzat diskurtsu guzti hauek hor egon behar dira… zeozelan.

      Niretzak, zezenak barreratik ikusteak ez du balio, gero esateko, ikusten duzu, arrazoia neukan, busti harren, arrazoia izaten jarraitzen duzu… eta honekin, ez dut esan nahi sortu barruan kokatu behar zarenik… nik ez daukat oso argi kontu hori…..

      Bestela esan duzun gauza gehienekin ados, europaren kontua, sozialismoarena eta internazionalismoaren, oinarri ideologikoaren ambiguotasuna (erreferentzi objetiborik jartzen ez den einean)…. eztabaidatu ditzagun, edo behintzat, gure desadostasunak erakutsi.

  4. Pingback-a: Sortu – ildo politikoari buruzko hainbat gogoeta | Borroka Garaia da!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s