Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Gorbeia

Sorturen oinarri ideologikoen ponentzia lantzea lan mardula bilaka daiteke, xedea sakoneko azterketa egitea bada bederen.

Testu bat baliagarria dela esateko, lau ezaugarri bete behar duela esan ohi da, zuzentasuna, egokitasuna, koherentzia eta kohesioa izan behar dituela alegia. Testu honek azterketak, hauetako zenbait betetzen ez dela uzten du agerian. Ideien arteko lotura, zein azaltzen direneko ordena ez dira behar bezalakoak. Ez du ibilbide koherentea jarraitzen. Kontzeptuen esan-nahia ez da bat ere argia -askotan termino sasi-literarioak erabiltzen ditu “recoge el caudal” modukoak-. Sentsazio orokorra irakurlea nahaspilatzen duenekoa da.

Euskarazko zein gaztelerazko testuak irakurriz gero, ulergarritasun desberdina dutela ohartuko da irakurlea. Gazteleraz idatzirik dagoena irakurterrazagoa suertatzen da. Testua gazteleratik euskarara itzulita dagoela dirudi, zenbaitetan, zalantzak izan ondoren, argipenen bila gaztelerako testura jotzea irtenbide bilakatu litekeelarik. Dena den ez dezala pentsa irakurleak modu horretan irtenbide magikoa aurkituko duenik, askotan, hizkuntzaren arabera esan-nahi desberdineko terminoak aurkituko dituelako. Ez da berdina esaten hizkuntza batean kohesioa zein bestean.

Eduki gabeziarik nabarmenena agian, txostenaren orientazio estrategiko falta da. Esplizituki azaldu beharko litzateke marko demokratiko, gatazkaren konponbidea, nazio eraikuntzak ze paper eta pisu jokatu beharko luketen estrategia osoaren baitan. Elementu nagusi desberdinen arteko uztarketa eta harremantzea nolakoa izango den.,

Dena den, ez beza pentsa irakurleak forma eta egiturari dagozkion azterketak edukia saihesteko aitzakia izango direnik. Edukiari dagokionean ugariak dira ageri zaizkigun elementu zalantzagarri zein kezkagarriak.

ENAM bera bere baitan kokatzeko, asimilatzeko, tentazioa ageri da testuan atal bat baino gehiagotan. Mugimendu politiko bat egitura bakar baten gidaritzapean txertatzeko asmoa ageri zaigu 1 eta 45 paragrafoetan esaterako. Lehenbizikoan “ENAMen ondarea jaso izana” egozten dio bere buruari. Berrogeita bostgarren paragrafoan antzeko norantzatik, ezker abertzalearen baitan ierarkizazioak ezartzen dira.

Ez da idatzi honen helburua ponentziaren baitako hitzen inguruko hika-mika sortzea, hitzen atzean dauden kontzeptu eta inplikazioen sakontasunaren inguruan gogoeta egitea baizik. Hala ere, idatziaren atal “testualak” ez du bat ere ariketa errazten.

Gai honen inguruko gakoa mugimendu berari ematen zaion izaera dugu. Ezker abertzalea, antolakunde eta sektore desberdinen aberastasunaren baturaren ondorio dela ulertzen dugun, edo eta, testuak bideratu nahi duen moduan, mailaketak egiten direneko eta zuzendaritzat -testuan gorena, superlatiboa- alderdi izaera hartu duen herritar batasuna eta beste hainbat erakundek osaturiko multzoa bezala dakusagun. Eztabaida interesgarria, baina Sorturi ez dagokiona. Sortuk ezin baitu erabaki zelan antolatuko den ENAM edo eta bere ondarea jasoko duen, Sortu bera baino mugimendu askoz aberats baten aurrean aurkitzen garelako. Sortu, herritar batasun moduan, herria osatzen duten sektore guztien topagune izan beharko luke, haien irizpideak jasoaz. Inola ere alderantziz. Blog honetan berriki argitaratutako artikulu batek hausnarketa interesgarria egiten du honen harira.

Hala ere, eduki guzti hau eztabaidagai txostenean azaltzen bada, honek ez du esan nahi aipamen espliziturik egiten denik. Ez da Sorturi eta bere ezaugarritzeari buruzko definizio zehatzik egiten. Eskerrak arestian azalduriko artikuluaz gaiz, Sortu izan behar ez litzatekeenaren inguruko artikuluan ere horren inguruko lan tematia ageri zaigu, erreferentzi gisa baliagarriak izanik.

Mintzagaia aldatuz, Txosteneko “Abiapuntu, oinarri eta garapen demokratikoak” zein “praktika politikoa” atalek, ez lukete, bere edukiaren arabera, oinarri ideologikoen atalean egon behar. Eginikoari zein ildoari loturiko puntuak izanik, atal honetan soberan leudeke, ildo politikoaren baitako atalak izan beharko luketeelarik.

Atal hauen azaleko azterketa eginez gero, iraganekoak zilegiztatu eta aurrera begira jorratu beharreko bide eta bitarteko zein filosofiari buruz aritzen da txostena. Eraman izandako zein beharreko ildoari buruzko elementuei. Oinarri ideologikoekin zerikusi gutxi duena.

Hau hala izanda ere, atal hauen baitako hainbat eduki aipa liteke, ezker abertzaleko militante zenbaiti deigarria suerta dakiokeelakoan.

Aliantzei buruzko aipuak esaterako, bitxiak egiten dira. Uneoro alderdi eta instituzioak orientabide duten aliantzei buruz mintzatzen da. Balioesten diren aliantzak, kokapen eta dentsitateari so eginez, alderdien baitakoak edo eta instituzioei begirakoak dira.

Aldiz, prozesuaren gako beharko lukeen herri boterearen eraikuntzari begira garatu beharreko aliantzak, aipatu ere ez dira egiten. Ez da herri boterearen artikulazioaren hautua egiten, termino bera ere azaltzen ez delarik. Herri sektore desberdinen arteko aliantza aldiz, estrategikoa da fase honi begira. Adibide interesgarri bat hainbat sindikatu eta eragile sozialek esparru sozioekonomikoan burutu duten aliantza eta dinamika dugu, hainbat herri eta auzoetan sortzen ari diren herri komiteen babesarekin.

Hala ere, hainbat aliantza politikoren ezaugarritzeari begira, antolakuntza irizpideen baitan demokraziari buruz aritzen delarik, asanbladen eta barne eztabaidaren esku egon beharko litzateke aliantza bakoitzaren nondik norako zein marra gorrien zehaztapena. Orain arte herritar batasunaren praktikaren baitan garatu ez dena.

Masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa borroka eremuak dira. Desobedientzia, borroka mota bat da. Ezin dira kategorizazio berean sartu.

Aldebakartasuna, konnotazio bakarrarekin ageri zaigun terminoa dugu, atzokoan asmatu izan balitz bezala. Eta zer da nazio eraikuntza zein bere estrategia baino aldebakarragoa? Testuan aldiz, gatazkaren desaktibazioari begira enfokatzen da, inolako irakurketa autokritikorik egiten ez delarik. Dena den, Aldebakartasunarena, zein beste hainbat elementu taktiko -bide soilik politikoak, aliantzak, borrokarako eremuak-, aurretik esan den moduan, ildoari legokioke oinarri ideologikoei baino, testuaren egokitasunari zein koherentziari so eginez gero.

Idatziari amaiera emateko, ariketa erraz bat planteatu nahi zaio irakurleari. Ondoko kontzeptu hauetan pentsa dezala. Zer da Iraultza Demokratiko Nazionala? Soilik bitarteko politikoak erabiltzea? Gure gunea Europa denean zer esan nahi da? Eufemismoak izan daitezke, bestelako hitzen erabilera saihesteko asmoz?

6 thoughts on “Sortu, ezker abertzalea eta oinarri ideologikoak

  1. Aipatzen diren puntu askorekin ados nago.Hala ere berriz azpimarratuko nuke testua bere testuinguruan eta praxiarekiko erlazioan kokatzearen beharra.Gorbeiaren idatzian esaten den bezala, ponentziaren baitako hitzen inguruko hika-mikan aritzea baino, hitzen atzean dauden kontzeptu eta inplikazioen sakontasunaren inguruan aritzea.Zentzu horretan aurreko batean esandakoan sakonduko dut:
    Sorturen eratze prozesua Zutik EH ildoaren garapenean kokatzen da eta horretara bideratua eta mugatua dago.Gonbidapenetan literalki hauxe esaten da: “Ezker Abertzaleak martxan jarri duen Zutik Euskal Herria ildo politikoarekin bat datorren pertsona orok,orain arte Ezker Abertzalekoa izan ala ez, parte har dezan nahi dugu”.Horrek bi ondorio oso argi ditu,batetik Zutik EHrekin bat egiten ez duen militantzia baztertzea noski eta bestea ildo politikoa (Zutik EH) jada finkaturik dagoela adieraztea.Hau funtsezko elementua da eztabaida ulertzeko,eztabaidaren funtsa ez baita ildo politikoa,berau gauzatzeko tresna organizatiboaren osaketa-antolaketa baizik.Eratze prozesu horren helburua ez da eztabaida estrategikoa edo ildoari buruzkoa sakontasunean egitea,denok dakigun bezala nagusitu zen ildoaren inplementazioa egitea baizik.
    Beraz prozesu horretan oinarri ideologikoen gaineko eztabaidak,konkrezio edo aplikazio estrategiko eta praktiko gutxi ekar ditzakeela uste dut.Auziaren klabea ez dago oinarri horien azalpenean,oinarri horiek praxi politikoarekin kontraesanean egotean baizik.Oinarri ideologiko iraultzaileak agertzea praxia iraultzailea ez bada,edo areago kontra-iraultzailea bada (zer arraio dira Beasainekoa bezalako erabakiak?) antzua da,parafernalia literario hutsa.Beraz,auziaren gakoa hortxe kokatzen dela uste dut,literatura mailan oinarri ideologikoen esposaketa ez da eta (orokorrean) gehiegi aldatzen herritar batasunaren oinarri izan direnetatik.Aldatzen dena,batzuek argitu zutenez 180 gradu,praxia da eta hasieran esan bezala testua praxiarekin aztertu eta testuinguruan kokatu behar da.
    Oso ezaguna da Hego Euskal Herriko foruak eraitsi zituzteneko erabakiaren literatura: Foruak konfirmatzen zirela idazten zen,baina hori literatura hutsa zen,benetako gakoa,”sin perjuicio de la unidad constitucional” esaldian zegoelako.Sozialismoaz edo iraultzaz orriak eta orriak idatzi daitezke,baina sarrerako 16. puntuan esaten den bezala Europan kokatuko den Euskal Estatua lortzea bada helburu erreala,literatura hutsa da, Europar Batasuna eta askatasuna eta sozialismoa inkopatibleak direlako,borroka antiinperialista eta inperialsmo hegemonikoaren ordezkariekiko konplizitatea inkonpatibleak diren bezala.

    • Zurekin guztiz ados banago ere, badirudi Gorbeiaren asmoa eztabaidaren bitartez herritar batasunaren baitan eragitea dela, eta guztiz bat egiten dut asmo horrekin. Askotan pentsatzen dut nola den posible zuzendaritzan dagoen gutxiengo batek gehiangoaren irizpidearen gainetik edo aurka, garatu dituzten politika zein adierazpenak egitea. Uste dut ados ez gaudenak batu eta behintzat ezker abertzale orekatu eta herrikoiago baten alde eragin beharko genukeela. Horretarako, Gorbeiak dioenaren haritik, eragingunerik eraginkorrena egun Sorturen eztabaidan parte hartzea litzateke.

    • 16. puntuak hau dio: “Europan kokatuko den Euskal Estatua lortzeko…”

      Eta 55. puntuak hau: “Europa soziala eta herriena bultzatukodugu, aitortzatik, errespetutik eta elkartasunetik”.

      Eta 56. puntuak: “Herrien burujabetzan oinarritutako Europaren aldekoak gara. Horretarako trantsitzioaren lehen fase batean Euskal Herria Europar Batasunaren barruan aitortutako Estatua izatea dugu helburu. Hor, beste herri batzuekin eta langileriarekin batera, orain kapitalaren zerbitzurako tresna den Batasun horren izaera iraultzeko lan egingo dugu…” “Estatu independientea izanik, Euskal Herriak erabakiko du EBko kidea izaten jarraitu nahi duen ala ez”.

      Txosten guztia irakurtzea komenigarria da.

  2. Bueno, aipatu diren kontu batzuekin ados egonda eta beste batzuekin ez, ponentzia horren esaldirik azpimagarriena 45. Paragrafoan agertzen dela uste dut. Bertan, Sorturen zereginak aipatzen dira, eta horien artean, niretzako harrigarrien suertatu zaidana: “indarrak kohesionatzea eta EA osoari norabide taktiko eta estrategikoa eskeintzea”. Baieztapena zinez arriskutsua, izan ere, esaldi honen bidez, azken urteetan EAren zuzendaritza politikoari egokitu zaizkion eginkizunak bereak egiten ditu. Horrela, oraindik emateke dagoen eztabaida baten ebazpena jasotzen du, eta beraz, baieztapena horrela onartuz gero, EAren antolakuntza ereduaren inguruko eztabaida guztiz baldintzaturik geldituko da.
    Hemen agertzen den testuak hari horretatik tira egiten du, baina ene ustez, akats eginez, hurrengoa esaten duenean: “Sortu herritar batasun moduan izan behar du, herria osatzen duten sektore guztien topagune izan beharko luke”… Bai, baldin eta faseak zein estrategiak horrelako tresna bat eskatzen badute. Ez, baldin eta definitutako ildoak, tresna horren erabilpenaren bitartez, bere jatorrizko izaera bortxatuko badu, eta hemen ados nago ilar-ek praxiaren inguruan egiten duen hausnarketarekin. Sortu izan behar duena modu abstraktuan definitzeak hainbat eremutan arrisku garrantzitsuak ekar litzake, eta beraz, eraginkorragoa da Sortu izan behar ez duena definitzea, hain zuzen, tresna zitalki erabiltzeko asmoari mugarriak jartzeko asmoz.

  3. Kaixo Gorbeia:

    Nazio eraikuntzari buruz gauzatxo bat esan nahi nuke. Nazio eraikuntzaren balioa kontrabotere estrategia izatean zetzan, euskal instituzioak eraikitzen joatearen estrategia. halere, askotan mitifikatutako zerbait izan da, eta emaitzak, ba beno, irregularrak izan dira.

    Ni ez nago nazio eraikuntzaren kontra, bian nola aplikatu izan denarekin ez nago batere ados. Izan ere emaitza praktikoetan, dinamika interklasista bat ekarri du ezker abertzalera, arlo nazionalaren erabateko nagusitasuan eta horrez gain Ezker Abertzalearen eremu praktikoa Butroi eta Bidasoa ibaien arteko eta Hegoaldetik Sakana edo Aiaraldera dihoan eremura delimitatu du (90 eta 00 hamarkadetako emaitzak ikusi). Ezker Abertzalekoak izan zitezkeen bozka-emaile asko, langileak (agian ez politikoki oso formatuak, batez ere kausa nazionalean), tradizionalki “gure alderdiari, langileon alderdiari” bozka ematen ziotenak abstentziora opasas ziren; Ezk. Abtz. jada ez zegoelako “langileen alderdi” gisa karekterizatua, baizik eta “alderdi abertzale tinko” bezala karkaterizatzen zelako (eta zuelako bere burua).

    Zutik EH, Bildo, Amaiur ziklo horrek gauza kritikagarri asko izango ditu, baina akats hauek zuzendu ditu.

    Hausnartzeko abiapuntu bezala jartzen dut hau.

    Alde horretatik, nire ustez, berez nazio eraikuntza baino, estrategia falta sumatzen dut; baina hori agian bigarren ponentzian ikusiko dugu (egia da aurreko zirriborroan gauza handirik ez zela aipatzen).

    Agurrak

  4. Pingback-a: Sortu – ildo politikoari buruzko hainbat gogoeta | Borroka Garaia da!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s