Home

atez-ate

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: I.Larrea

Duela hilabete batzuk lagun batzuen artean eztabaidatu genuen Zestoan izandako bozketari buruz. 2012ko ekainaren 3an zezenketen aurkako herri plataformak  antolatutako referendumean boto emaileen gehiengoak zezenketaren aldeko botoa eman zuen eta horren ondorioz Udalak jarraituko zuen zezenketak antolatzen.

Horri buruz sutsu eztabaidatu genuen gure artean, guztiok ginen antitaurinoak baina batzuk erabakiaren zilegitasuna defenditzen zuten, herri kontsulta batean erabaki zelako, eta beste batzuk ez genuen hain garbi ikusten. Besteak beste halakoak planteatzen genuen: Hondarribian eta Irunen “Betiko” alardearen aldeko bozketa egingo eta irabaziko bazuten, zilegitasuna emango lioke hautu horri herri bozketaren bidez erabakitzea?

Joandako apirilaren 21ean zaborrak birziklatzeko Atez Atekoa sistemaren aurkako plataforma batek antolatutako  bozketa batean Legazpiko boto emaile gehienek Atez Atekoaren aurka, eta berez, gutxien birziklatzen duen sistemaren alde egin zuten.

Burura etorri zitzaidan Zestoari buruzko eztabaida, eta erreferendumi buruzko zalantza teorikoak berpiztu zaizkit; ezkerreko eta askatzaile izan nahi duen ikuspegi batetik gai eta arazo guztiak erabaki daitezke herri kontsultetan? Hona hemen burutazio batzuk.

Eskubideak bai pribilegioak ez.

Aspalditik uste dut erreferendumak, bozketak eta kontsultak direla bitarteko egokienak desadostasunak eta kontraesanak erabakitzeko. Benetako demokrazia izatekotan noski. Nire ustez, eta laburbilduz, erreferendumak mota guztietako giza eskubideak babesteko eta bultzatzeko izan beharko lukete, ez zanpaketa, bazterketak edo bidegabekeriak indartzeko, beti ere nire ezkerreko ikuspegitik.

Zezenketak

 Zezenketak giza eskubide bat da? Zezenketak debekatzeak oinarrizko giza eskubide bat zanpatzen du? Bizitza duintasuna? Osasuna? Irakaskuntza? Erosteko maila?…. Gure dibertsiorako jaietan animaliak hil arte torturatzea giza eskubidea da?  Bere debekuak, ze motako aldaketak edo kalteak ekartzen dizkion herritarraren eguneroko bizitzari? Une honetan ez zait bat ere ez bururatzen.

Nire ustez zezenak torturatu hil arte ez da giza eskubide bat, pribilegio baizik, eta kasu honetan pribilegio sadiko bat, gizarte edo herri baten gehiengoarena izan arren. Etxekotutako animaliak torturatzea delitua bada, zergatik ez zezenak hiltzea? Herri horietan “Betikoa” delako?

Zentzu honetan akats bat iruditzen zait ikuspegi aurrerakoi batetik gai honi buruzko konponketa erreferendumen bidez planteatzea. Zestoan, Tordesillasen, Corian eta antzeko herrietan erabaki behar dute ikuskizun sadiko hauei buruz? Nire ustez biderik zuzenena da Catalunyan hartutakoa.

Zaborrak ez birziklatzea

Legazpin erabaki dute Atez Atekoaren aurka, hau da, gehien birziklatzen duen sistemak alboratu eta zabortegira eta errauskailura joango den zaborra sortzen duen zakarrontzien sistemaren alde. Hau da giza eskubide bat? Atez Atekoak ze motako aldaketak edo kalteak ekartzen dizkio herritarraren eguneroko bizimoduari? Eta hemen erantzuna ez da zezenketekin bezain borobila.

Atez Atekoaren sistemak oposizioa aurkitu du, eta herritar xumearen kasuan, eguneroko bizitzan aldaketa batzuk ekartzen dituelako, ahalegin gehiago eskatzen duelako. Zakarrontzietan botatze hutsak baino leku eta denbora gehiago eskatzen du zaborra birziklatzeko  Atez Ateko sistemak. Eta hortik ez daude prest sartzeko gure herrikide asko; ekologia eta  birziklatzea bai noski, baina soilik iragarkietan eta ahalegina egin behar ez den bitartean. Honek gure gizarteak benetan kontzientzia ekologikoa eskasa daukan erakusteaz gain, erreferendum eta herri demokraziari buruzko kontraesanak sortzen ditu.

Legazpiko boto emaile gehienek haien giza eskubide bat babaestu dute joandako igandeko bozketan? Gehiago eta beharrik gabe kutsatzea giza eskubidea da? Nire ustez ez; gure planetaren egoera kaskarra eta gue kontsumo ereduak sortzen dituen kalteak ondo baino hobeto ezagutzen dugun garai hauetan birziklatzea ez da luxu bat, beharra baizik. Legazpin, eta herri kontsulta izan arren, aukeratu dute zabortegi eta Errauskailu gehiago izatea haiek pitin bat erosoago bizitzeko. Zabortegi eta Errauskailu gehiago…… beste herrietan, noski, ez Legazpin.

Baina errealitateak teorizazio gainetik pasatzen denean gutxirako balio dute asmo onek. Legazpin erabaki dute erabaki dutena eta kito. Bale, tira, demagun baietz; haien giza eskubidea dela hori erabakitzea, gehien kutsatzen duen sistemaren alde eta Atez Atekoa bertan behera geratzen dela Legazpin. Kasu honetan badaukat ondorio garbi bat; Atez Atekoaren sistemaren bidez ahalik eta gehien birziklatzeko ahalegin pertsonala eta kolektiboa egiten ari diren herrietakoek baino zor gehiago ordaindu beharko lukete Legazpiko biztanleek; “gehien kutsatzen duenak gehien ordaindu dezan” printzipioa jarraituz.

Eta noski, halako erabakiekin Errauskailua ekonomikoki bideragarria izatea eta inposatzea lortzen badute, Errauskailua Legazpin jarri dezaten edota zozketa egin dezaten halako erabakiak hartzen dituzten herrien artean. Axolagabekeria eta erosokeria gure giza eskubidea baldin badira…. ondorio guztiekin.

Desobedientzia zibila eta herri kontsultak boterearen alde

EAJk, PSOEk, PPk eta haien komunikabideek xaxatu dituzte herritarren erosokeria, berekoikeria eta antiekologismo atzerakoia, estaldura politikoa emanez, garaipen politiko bat lortuz Bilduren aurka. Hori gutxi balitz Legazpin desobedientzia zibilarekin mehatxatu dute. Ez da barre egiteko modukoa, baina bai  ironiko samar ikustea hamaika makro proiektu suntsitzailea inposatzeko inolako galdeketarik edo erreferendumik onartu ez dituztenak, eta horiek ezartzeko ostiak parra-parra banatu eta banatzen dituztenak, oposizioa diren herrietan herri galdeketak eta desobedientzia zibila bultzatzen dituztela Errauskailurekin lotutako interes ekonomikoak babesteko.

Eta irakurketa politiko interesgarria sortzen du egiaztatzeak urte guzti hauetan egunez egun mota guztietako armez, pilota jaurtitzaile eta borren bidez Espainiako lege guztiak inposatzeko eta betearazteko milioika ostia banatu eta banatzen dituztenek, baita kartzelak betetzen ere, oposizioa diren herrietan herri kontsultak eta desobedientzia zibila bultzatzen dituztela ezkerreko independentistak ahultzeko. Badirudi Gipuzkoan “borroka molde guztien (baketsuak eta bortitzak) arteko harreman egokia” aurkitu dutela EAJk, PSOEk eta PPk. Baina hori…. hori beste artikulu bat da.

3 thoughts on “Zezenketak, zaborrak eta erreferendumak

  1. 1- “erreferendumak mota guztietako giza eskubideak babesteko eta bultzatzeko izan beharko lukete, ez zanpaketa, bazterketak edo bidegabekeriak indartzeko”

    Hemen kontraesan bat ikusten dut, zestoako kontsultan argi ikusten den bezala: kontsulta hau ez zen bultzatu bidegabekeri bat indartzeko baizik eta zezenen eskubideak babesteko.

    http://gara.naiz.info/paperezkoa/20111218/310489/es/La-iniciativa-Muu-Herri-quiere-una-fiesta-sin-sangre-Zestoa-plantea-una-consulta-popular

    Baina kontsulta horretatik bidegabekeri bat indartua atera zen.

    Hau da, eskubide bat babestea helburua zeukan kontsulta beretik, bidegabekeri bat atera zen indartua.

    Laburbilduz, erreferemdum bat giza eskubideak babesteko eta bultzatzeko egiten baduzu, atea irekitzen diozu aldi berean eskubide horien zanpaketari.

    Eta hori ezkerreko ikuspuntu batetik onartezina da.

    Kasu honetan zezenketak debekatu behar ziren zezenen eskubideak babesteko, eta kitto.

    Eskubide bat jokoan dagoenean egin behar dena da eskubide hori babestu, ez erreferemdum baten bitartez eskubide horren zapalketari zilegitasuna izateko aukera eman.

    Izan ere eskubide bat aitortzen denean, ekidin nahi dena hori da, urratua ahal izatea, erreferemdum baten bitartez edo lege baten bidez, hau da gehiengo “demokratiko” baten bidez.

    Beraz nik esango nuke erreferemdum bat egin ala ez kontuan hartzeko irizpidea izan beharko litzatekeela: pribilegioak ez, eskubideak ere ez, dialektika berean baitaude kokatuta.

    Zapalduak eskubide bat galtzen duenean, zapaltzaileak pribilegio bat lortzen du, eta aldebres, Zapalduak eskubide bat irabazten duenean, zapaltazaileak pribilegio bat galtzen du.

    “Eskubideak bai” esatean “pribilegioak ere bai” esaten ari zara nahi gabe.
    “akats bat iruditzen zait ikuspegi aurrerakoi batetik gai honi buruzko konponketa erreferendumen bidez planteatzea”
    Ikusten duzunez, amaieran toki berera heldu gara, beraz hemen debatea litzake ze bide hartu toki berera iristeko.

    2- “guztiok ginen antitaurinoak baina batzuk erabakiaren zilegitasuna defenditzen zuten”
    Argi dago erabaki horren zilegitasuna defenditzen zutenek, ez dutela onartzen zezenek eskubidea dutela gaizki tratatuak ez izateko. Eskubide bat ezin delako bozkatu, ezta saldu ere ez.Eskubide bat errespetatzen da edo ez.
    3- Zaborren kasuari dagokionean, argudio bera litzateke.

    Sistema batek besteak baino gutxio birziklatzen badu, akabo debatea. Osasuna eskubide bat delako.
    Kasu honetan gainera osasun eskubidea guztiona da eta epe luzera guztioi eragingo digu planeta berean bizi garelako, (nahiz eta erreskailua zure herrian ez jarri, azkenean guztioi egingo digu kalte, arinago edo beranduago) denok galtzen dugu eta pribilegio bakarra litzateke atez ate kontra daudenen arabera: “erosotasuna” eta estetikoki itxura hobea izatea.

    Planteamendu honek erakusten duen miseria intelektuala nabaria da.

    Garestiago edo merkeago den debatea, logika kapitalista baten barruan kokatu behar da, eta kapitalismoan gauden bitartean kontuan hartu beharko da nahi ta ez(kasu honetan merkeago ateratzen da osasun eskubidearen aldeko aukera), baina beti agerian utziz sistema honen maila etiko eskasa, guztion eskubideak eta gutxi batzuen pribilegioak eta berekoikeria kontrajarriz.

    Ahaztu gabe atzean benetan dagoen interesa dela beti bezala ekonomikoa, hau da erraskailuarekin dirua egin nahi dutenen pribilegioa noski, nahiz eta guztion osasun eskubidea (beraiena ere bai) zapaldu.

    4- Arazoa beraz da beti marra gorria non dagoen jakitea, eta hor ezkerra eta eskuinaren arteako borroka idelogikoa da gakoa, baita norberaren barruan ere.

    Beraz konplexurik gabe esan behar da ezin direla gai eta arazo guztiak erabaki herri kontsultetan, marra gorriak daudelako printzipio etikoetan oinarrituta. Eta horiek dira azaldu behar direnak, hor kokatu behar da debatea.
    Marra gorri horien barruan herri kontsultak?noski, baina hori kapitalismoaren barruan ezinezkoa da, interes ekonomikoak marra gorri guztien gainetik egon daitezkeelako.

  2. Nik sinpleagoa dela uste dut, erreferendumen kausa. Eta hala ere zalantza asko ditut.

    Erreferendumak ez dira helburu politiko bat bideratzeko metodo eraginkorrena. Hau da, gehiengoa duen partiduarentzat legeak onartzeko metodo eraginkorrena, zalantzarik gabe bere gehiengoa erabiltzea da. Politikan tradizionalki egin den bezala. Horrela definitzen dira eskubideak.

    Beraz ezker ikuspegi batetik erabakiak artzeko metodo egokiena, eskuin ikuspegitik bezalaxe, bozketan lortutako gehiengoari erabilera ematea da. Baina noski horrek urrengo bozketetan faktura pasa dezake, baina zilegia da gure sistema “demokratikoan” eta gizartean oso onartua. (Agian diktadura bat eraginkorragoa litzateke hala ere)

    Baina ezker demokratikoak herri partaidetzari, garrantzi handia ematen dio, eta testu inguru horretan hartu dute herri galdeketek indar handia Euskal Herrian.

    Hego Ameriketan, gobernu ezkertiarrek herri galdeketa bigarren maila batean utzi dute. Eta partaidetzari baino gardentasunari eta komunikazioari eman diote garrantzia, eta herri galdeketak euren lanaren fruituak frogatzeko bakarrik erbiltzen dituzte. Ez gai gatazkatsuak konpontzeko.

    Nik hala ere, galdeketek Euskal herrian asko erakusteko aukera dutela uste dut. Herri mailako inplikazioa bultzatuz, argudiaketarako ateak zabalduz, eta horrek gure kontraesanak zuzentzen eta justiziazko emaitzetara hurbiltzen lagunduko digu, lehenxeago edo beranduxeago. Komunikazio arloan ere lan dexente egiteko dago, eta komunikazioan esaten dut eta ez propagandan.

    Eta ez dugu ahaztu behar Euskal Ezkertiarrok gure baitan daramatzagun kontraesanek ere sinesgarritasunean eragiten digutela, baina zihur nago, edo egon nahi dut, bide honetatik, sinesgarritasuna irabazi eta politika errealak aurrera ateratzea lortuko dugula, edo duzuela erakiak artzen ari zaretenok. Bide honetik ari zaretela lanean uste dut.

    Egia da bestalde herri partaidetza bultzatzeko ezin dugula herrialde bat gelditu edo zaborretan itotzen utzi. Gehiengoaren ardura artu ezkero, arduratsu jokatu behar da eta artu beharreko erabakiak hartu.

    Galdu irabazi dialektika ere ekidin behar genuke, errauskailua ezin bada saiestu, gutxienez txikia izan dadila eta 20 urte barru isteko moduan izan gaitezela. Eta kostuak justiaziaz bana daitezela.

    Bukatzeko herri galdeketa ez da azken momentuan aplikatzeko tresna, askotan erabili den bezala, erabakiak aurrez eta patxadaz hartzeko baizik.

  3. Badirudi Gipuzkoan (eta euskal herri osoan,internazional mailan ere bai) “borroka molde guztien (baketsuak eta bortitzak) arteko harreman egokia” aurkitu dutela EAJk, PSOEk eta PPk.

    Dudarik ez. Ez dute inoiz indarkeriaren erabilpenik baztertu. Gainera indarkeri hori aurrera eramateko, indarkeriaren aurkako diskurtsoa erabiltzen dute… zergatik? besteek indarkeria ez erabiltzeko eta estatuaren bidez beraien monopolioa ziurtatzeko.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s