Home

mendiak

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ruben Sánchez Bakaikoa

Etsigarria da gaua mundu berri batekin amesten pasa eta gero, goizean kalera jaitsi, eta errepidea zeharkatzerakoan bizilagunaren audi handia pasatzen ikustea. Gaztetxo batzuek “buah! vaya carro tío!” esan dute, eta ondoren gazte beltz lerden batek eskainitako galtzerdi pareari ezetz esan diozu.

Inoiz edo behin pentsatu dut 1958-59an ETA sortu zuten 7 lagunek etxe azpian ikusten zuten panorama ere ez zela bereziki ilusionagarri: euskara ia desagerturik, hegoaldean mozorrorik gabeko diktadura, iparraldean asimilazio eta ukazio prozesua, eta erantzunik ia batere ez. Herri bat itxaropenik gabea.

Maiz entzuten dugu orain jendartea aldatu dela, konpromiso eskasagoa dagoela, nekea, asperra, kontsumismoa… Baliteke. Baina edonola ere, utopia amesten duenari dagokiona da bidea asmatzea. Saiatzea eta herritarrak utopiarako bidera erkartzea.

Utopiarako bidea, benetakoa bada, tortura, espetxea eta heriotza ditu bide-mamu. Bidea ez da zertan AK47 batekin egin behar, baina kasu! nahikoak dira motxila eta makila, armatutako gizon ilunak bidera agertu daitezen: Gandhi, Bartolina Sisa, Luther King, Thomas Shankara, Eva Forest…

Puntu honetara helduta, eztabaida da noiz zer egin behar dugun. Hau da taktika eta estrategiaren arteko debatea. Ematen du ezker abertzalearen ibilbide orria diseinatzen ari direnek erabaki dutela aurreneko pausua marko bat sendoagotzea eta herritar gehiago geureganatzea dela, hau da, herrira mugimendua eta EPPKren bitartekari taldea-ren kontrako sarekada bezalakoak iragan bihurtzea eta estatuen aurkako konfrontazioan herri “oso” bat izatea aurrez aurre. Hartara Eskozia eta Catalunyatik datozen olatuak gureganaino heldu eta gurean ere estatuari min handiagoa egingo dion olatua sortu dadin.

Ez dago gaizki pentsatuta eta nik ere ondo dakusat.

Ulergaitza egiten zaidana da bestelako lan batzuek zertan eragozten duten olatu handi horren etorrera. Eta orduan oroitzen ditut 2006an izan nituen pare bat elkarrizketa.

Bi lagunek esaten zidaten prozesua datorrenean, denok bultzatu behar dugula prozesua, ezin ditugula indarrak sakabanatu. Bestalde oso kritikoak ziren bata zein bestea, herri mugimenduek erakusten zituzten ahulezi, jendartearekiko lotura falta eta maximalismoetarako joerekin. Gauza batzuetan ados nengoen eta nago. Hala ere, nik orduan pentsatzen nuen armak alde batera uzten direnean, beste arlo eta frenteak dinamizatu behar direla areago: euskara, hezkuntza, lantegiak, etxebizitza, feminismoa, internazionalismoa… Ikastolak eta gau eskolak sortu zirenean bezala, edo intsumisio mugimendua, borroka antinuklearra, lantegietako lehengo batzar eta borrokak. Badugu gurean zeri begiratu.

Adibidez, Lizarra-Garaziko prozesuaren bueltan sortu ziren Bai Euskarari eta kontseilua, euskal sindikatuek batera ekiteko ildoa, Udalbiltza, Nazio Eztabaida Gunea… Prozesu hura pikutara joan eta hala ere eutsi zitzaien ahal izan zen bezala. Zergatik? Bada, estrategikoak direlako. Nazio eraikuntzaren estrategiari erantzuten ziotelako. Independentziaren egun magikoaren zain egon ordez, eraikuntzan segi: gure herri proiektua marraztuz, estatuen mugak agerian utziz.

Egun Udalbiltza “legezkoa” da, sindikatuak legezkoak dira, hor daude ehunka herritako alkatetzak, legebiltzarretan ordezkaritza, foru aldundietan. Ikuspegi horretatik begiratura, egoera, duela urte batzuetatik hona, askoz hobea da. Espaniar estatuak, jakina, egoskor dirau ilegalizazioaz mehatxuka, euskal preso eta iheslari politikoekin txantaia etengabean, sarekada berriekin…

Zentzu honetan ulertzen dut tentuz jokatzea, batzuetan tankearen kontra harrika ez jardutea, burua argi ibiltzea, neurtzea.

Baina.

Olatu handiaren etorrera prestatu behar dugun moduan, olatu “txikiei” ere heldu behar diegu.

Ez dela sua pizteko unea? Ondo, baina “legalidade”-aren barruan zergatik ez dugu ikasten eta garatzen, Marinaledako herriak etxebizitza, demokrazia parte hartzailea, okupazioa, etab. nola garatu dituen? Zerk eragozten digu? Berdin begiratu Venezuela, Bolivia, Ekuadorrera: asmatu eta huts egin duten gauzei (huts egite batzuk Asier Guridirena bezalako mingarriak badira ere). Edo krisiaren testuinguru honetan, 2001eko Argentinara begiratu, lantegiak nola okupatu zituzten eta nola ari diren lanean 12 urte pasa eta gero.

Nik ulertu eta konpartitzen dut Marinaledako etxebizitza politika egitetik urrun gaudela, nagusiak abandonatutako lantegi bat okupatzetik ere, hezkuntza propio bat eraikitzetik, nekazari txikiei lurrak banatzetik. Baina ibilibide orri hori eztabaidatu nahi dut: geu ere bide horretan goazen ala ez goazen.

“Jendea” aldatu dela dio batek, eta handik gutxira bera ere jende! Ematen du jendearenganako hurbiltze horretan, hainbeste murgildu garela, ezen “jendetik” pausu bat aurrera joatea izugarri pila kostatzen zaigula!

Ez dago nekea, asperra eta konpromiso ezari bide eder batekin aurre egitea bezalakorik. Utopiak erakartzen du, ametsak; eta amets txiki batzuk nola gauzatzen doazen ikusteak.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s