Home

http://www.izanpirata.info

prentsaurrekoan irakurri zuten testua.

Kaixo denoi eta milesker kaira etortzeagatik. Ziur hemen atzean zaudetenotatik inork ez zuela zeregin hoberik larunbat goiz honetan…

Gutun bat jaso dugu eta harrituta gaude. Nahasmenduren bat izango da ziurrenik nahiz eta Donostiko Piratoi zuzenduta etorri. Gauza surrealista batzuk irakurri ditugu La Flamenka gunea kaian muntatzeko baimen ezari buruz, eta ezer baino lehen pentsatu dugu donostiarrei berri eman behar geniela. Horregatik prentsaurreko koloretsu hau…

Almudena Ruiz de Angulo del Camporen izenean dator, eta… aitortu behar dugu ez dugula ezagutzen. Eusko Jaurlaritzaren Ingurune eta Lurralde Politika saileko garraio azpiegituren zuzendaria dela dio gutunak. Kargu potoloa duen norbait, dirudienez.

Ez dizuegu gutuna osorik irakurriko, aspergarri samarra baita, eta denok ulertzeko moduan azalduko dugu. Esan bezala, Donostiako Piratoi zuzenduta dago. Hitz teknikoak eta zenbaki arraroak dituzten legislazioak aipatzen dituzte, beren artikulu numeriko ezberdinekin. Egia da zail dagoela ulertzeko. Horrela idatziko bagenitu guk Abordatzean apuntatzeko argibideak… ez litzateke inor aterako baltsarekin…

Eta total, esaten dela ezin dugula jai gunea muntatu kaian… azken 3 urteotan egin dugun arren, aurten ezin da muntatu kaian La Flamenka. Joe….

Ba zer esango dizuegu guk, kriston egitaraua muntatzen hilabeteak egin ostean… Zer egin behar dugu jaiaren protagonista izan nahi dugun adin guztietako piratok Aste Nagusian La Flamenka gunerik gabe? Ba ez dakigu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako portu eta kosta arduradun den Idoia Ortubiarekin ere biltzen saiatu gara, baina ez dugu erantzunik jaso.

Baina beno, ya bide batez eta hemen bildu garela baliatuz, pentsatu dugu ez dagoela gaizki komentatzea azken urteetan ere arazo handiak jarri dizkigula lehen aipatutako Idoia Ortubiak Jaurlaritzarekin Aste Nagusi herrikoia antolatzen. Arazo batetik, arazo bestetik. Arazo han, arazo hemen. Beti arazoak. Konponbideak gutxi, beti arazoak. Eta beno, begira aurten ya zer gutun jaso dugun… “Portuko jabari publikoa okupatzeko baimena-eskaerari ezezkoa”. Gaztelaniaz, “Denegación de autorización de dominio público portuario”. Ze gauzak, eh? La Flamenka gunea montatzeko baimenik ez dugula…

Baina beno, esan behar dugu badirudiela dena gaizki ulertu bat izan dela, atzo arratsaldean guk prentsaurrekoaren deialdia zabaldu ostean, hedabide batzuk Jaurlaritzaren bertsioa kontatu zutenez. Kanpoan esames asko zabaldu dira. Asko pozten gara ez badago debekurik, ze hau ya larri xamarra da… non egin bestela kontzertuak gauero, bazkari herrikoiak, koadrilen jolasak, tailerrak…

Donostiar guztion aurkako erasoa litzateke kaitik botatzea, ezta? Azken urteotan agerian utzi dugu beste balore batzuetan oinarritutako jaiak egitea posible dela, eta geroz eta gehiago garela horrelako jaiak aldarrikatzen ditugunak… Denok bolondresak gara eta gure denbora librean ari gara hemen lanean. Herritarren parte hartzea, parekidetasuna, jasangarritasun ekonomiko eta ekologikoa, irudimena, kultur aniztasuna, elkarrekiko errespetua, euskararen normalizazioa, auzolana, eta beste hamaika balio bultzatzen ditugu. Eta maitasuna. Maitasun asko, irakurri bestela ze mezua bidali zuen iaz pirata nafar batek prentsara:

“South Centralen kontzertun ezagutu ginen. Donostiako aste nagusian, Piraten kontzertuan, South Central ikusten. Azaroak 22koa omen zinen eta ia-ia Eskorpio zara ni bezala. Atxagaz eta Sarrionandiaz solastu ginen, baita gure bihotzen urraketaz ere. Erran nizun Bergarara joango nintzela zure bila, baina ez dakit nondik hasi. Interesatuak deitu ezazue telefono honetara…”

Eta telefonoa ematen du.

Ohhhhh..

Horrelako maitasun istorio bat eragite hutsagatik merezi dugu kaian gunea! Ez esan ezetz.

Baina beno, itzul gaitezen berriz ere Almudena Ruiz de Angulo del Camporen izenean iritsi zaigun gutunera. Begira zer dioen:

“Siendo el puerto donostiarra tan pequeño en comparación con el resto de la ciudad, no se entiende que tenga que ser justo en el ámbito portuario, ahí donde existen riesgos añadidos por el mero hecho de ser un puerto, el lugar para celebrar, conciertos multitudinarios, juegos de niños, txoznas, etc durante la Semana Grande, cuando el propio Ayuntamiento ofrece un amplio programa de fiestas”.

O-LE.

Almudena antza denez ez da sekula abordatzea ikusten izan, ez dio inork esan Dono$tia abordatzeko jaio ginela. Dolarraren letrarekin idazten dugun Dono$tia hori abordatzeko jaio ginen. Ñoñosti-ren irudi hori abordatzeko, jauntxo batzuk beren hariak mugitu eta bai hiriaz eta baita gutaz ere ematen saiatzen diren hori bera abordatzeko.

Gu ez gara turistentzat egindako postal horretako herritarrak.

Orain 13 urte, mugimendua sortu genuenean ere izan genituen arazo batzuk Udalarekin, eta orain, Donostian piratak milaka garenean, ze gauza arraroa Donostiakoa ez den eragile bat debekuak sinatzen etortzea. Azkenean norbaitek sinistuko du aitzakiak direla mugimendua baldintzatzeko…

Eta kasualitatea da kontu teknikoena, eta ez dugu harroputzak izan nahi, baina justu… azken ekitaldietan elkarlanean aritu garen eragile guztiek zoriondu gaituzte gure antolakuntza eta lan egiteko moduagatik… Suhiltzaileek, DYA eta Gurutze Gorriko kideek, Udalak berak, eta beste askok… Aix… hau disgustoa! Edozer Dugu Posible egunean gauzak ahalik eta ongien egiten saiatu, eta orain hau.

Paper hauetan agertzen diren arazoak konponduko ditugu, ezta? Bestela zer, berriz ere mobidak administrazioarekin? Eta antolatu dugun egitaraua? Musika talde guztiak? Dena pikutara?

Keba. Guk uste dugu, borondaterik badago, erraz konponduko dugula… bestela ze irudi emango genuke Donostia maiteaz? Boteretsuak berriz ere herritar xumeak erdigunetik bota nahian…

Ba honenbestez amaituko dugu hau, nahiko zirkoa egin dugu, ze honek prentsaurreko bat baino, Irrikitaldia dirudi!

Donostiar guztiek argi izan dezatela, baietz, Aste Nagusi Piratarekin aurrera goazela. Bi Aste falta dira eta gogotsu gaude. Aste ederra izan daiteke batzuk nahi badute. Eta gure helburua jai herrikoien alde lanean jarraitzea izango da, eta beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den honekin.

Besterik gabe, milesker berriz ere denoi eta gogoratu edozer dugula posible.

Horretarako, izan pirata.

donostia-abordatu

 

2 thoughts on “Gora Piratak Kaian

  1. Donostiako piratak

    Gabon Piratak!

    Asteburu mugitua izan ostean, jakingo duzue Jaurlaritzatik kaian La Flamenka gunea muntatzeko debekua iritsi zitzaigula. Prentsaurrekoa egin genuen, milesker bihotzez babesa adierazi diguzuen eta bertaratu zineten guztioi. Gaur astelehena, hainbat hedabidek zabaldu dutenez dagoeneko konponduta dagoela kontua, uste dugu komeni dela denok jakitea egunez egun zertan den gauza, eta hemendik aurrera gaiaz informatzen joango gara.

    Beraz: Astelehen gauean honela dago gauza:

    Ez dago konponduta oraindik kontua. Ez daukagu idatzirik non adierazten zaigun baietz, baimena daukagula.

    Donostiako Piratok elkarlanerako prest gaude. Herriko jaiak antolatzen zerbitzu komunitario bat betetzen dugun heinean, ados gaude administrazioarekin ere elkarlanean ari behar dugula gauza batzuetan.

    Hori bai: gu ez gara enpresa pribatu bat, herritarrak gara eta herri mugimenduari administrazioak ezin dizkio eskatu bete ezin dituen neurriak inondik ere. Hori oso garbi diogu. Eusko Jaurlaritzak herri mugimendua baldintzatzen duten neurriak eskatzen badizkigu, gure autonomia aldarrikatuko dugu.

    Alor teknikoan, iaz aurkeztu genituen neurri teknikoak aurkeztu ditugu aurten ere. Iaz dena arazorik gabe joan zen, beraz, ez dugu onartzen oraindik baldintza gehiago jartzea aurten. Torlojuak estuegi daude jada.

    Eusko Jaurlaritzak guri kaia debekatzeko bidalitako gutunean, argumentu gisa erabiltzen du ondorengoa:

    “Siendo el puerto donostiarra tan pequeño en comparación con el resto de la ciudad, no se entiende que tenga que ser justo en el ámbito portuario, ahí donde existen riesgos añadidos por el mero hecho de ser un puerto, el lugar para celebrar, conciertos multitudinarios, juegos de niños, txoznas, etc durante la Semana Grande, cuando el propio Ayuntamiento ofrece un amplio programa de fiestas”.

    Baina zer da hau?

    Guk gure baloreak transmititzeko antolatzen ditugu jaiak, eta geroz eta babes handiagoa dugu. Bolondresak gara eta honen alde orduak eta orduak egiten ditugu, sinesten dugulako mugimendu honetan. Nola esan dezake Jaurlaritzak Udalak jaiak antolatzen dituenez guk gureak egiteari uzteko?

    ONDORIOA:

    Lehena: Elkarlanerako prest gaude, lanean ari gara eta Jaurlaritzakin hau konpondu nahi dugu. Bihar bilera garrantzitsu bat daukagu eta bihar arratsalde partean jakinaraziko dugu zertan den gauza.

    Bigarrena: Aurtengo Aste Nagusi Pirata kristona izango da! Eutsi goiari!!

    Hirugarrena: Gora Piratak Kaian!!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s