Home

Korrika19

Aek

EUSKAHALDUNDU!

“Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen” zioen Amets Arzallusek Korrika 18ren amaieran, Baionan. “Herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu”, berretsiko genuke orain: euskahaldundu gaitezen.

Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen Euskararen eta euskalgintzaren egoeraz. Batu ditzagun nire, zure, haren ahalegin pertsonalak eta biderka dezagun gure ahalmena auzolanean. Egin dezagun eta eragin. Eta egin eragin.

Euskaldun eta euskaltzale guztiok osatzen dugu Euskal Herria, Euskararen Herria. Eta horixe aldarrikatu nahi dugu: guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugula euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria. Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu -Korrika bera, esaterako- eta iraganean bezala gaur egun ere eskuzabala eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia.

Eta nahia ahala da. Ahalmen pertsonala eta kolektiboa: norbanakook auzolanean zein erakundeekin eta instituzioekin batera elkarlanean. Dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala; euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala; euskal kultura hedatzeko eta euskal hedabideak aupatzeko ahala; euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala…

Korrika 19k ahalmen metaketa izan nahi du, eduki ahal du. Bide berrien abiapuntu. Gutako bakoitzaren eta gu guztion nahiak eta ahalak, auzolanak eta elkarlanak eragingo baitu Euskal Herria, benetan, Euskararen Herria izatea.

—————-

Zer da Korrika?

Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen 1. Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 18 Korrika eta 34 urte igaro dira.

2015eko martxoaren 19an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du Korrikak hemeretzigarren aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe.

Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean irakurriko duen mezua doa, ordura arte sekretupean gordetzen dena.

Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak aurreko Korrika edizioetan. Korrikaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du. Korrika Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da. Bi urterik behin egiten den lasterketan parte hartzen duen jende kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira.

Nork antolatzen du?

AEK-k antolatzen du Korrika: euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede duen erakundea. Hori lortzeko, helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak jorratzen ditu batik bat: euskara eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak… Baina baita kultur ekitaldien antolakuntza, euskara erabiltzeko mintzapraktika programak, lantegi eta erakundeen normalizazio planen diseinu eta gauzapena eta euskararen aldeko kontzientziatze kanpainak ere.

Lehenengo alfabetatze taldeak 1965 inguruan sortu ziren, eta urte hartan antolatu zen alfabetatzearen aldeko lehenengo kanpaina. Alfabetatze taldeak Euskal Herri osoan sortzen ziren neurrian, agerian geratu zen euskara ez zekien euskal herritar multzo handi horri euskara irakasteko beharra. Horixe izan da AEKren urteotako zeregina. Halaxe sortu ziren, Euskaltzaindiaren babespean, gau-eskola izenekoak eta, geroago, euskaltegiak.

Gaur egun, AEK helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, administrazio-banaketak gaindituz, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra. Horretarako, 500 irakasle baino gehiago ditu euskara eskolak ematen 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiagotan banatuta; eta horrez gain, normalizazio planak bideratzen laguntzeko zerbitzua, erabilera bultzatzeko programak, itzulpen zerbitzua eta AIZU! aldizkaria, besteak beste.

Jakina denez, Iparraldeko eta Nafarroako ikasguen egoera larria da, eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dute inondik ere behar dituzten diru laguntzak jasotzen, eta EAEko diru-laguntza politika oraindik ere ez
da nahikoa. Korrika 19k jasotako dirua, beraz, Euskal Herri osoko Gau Eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k.

Aurreko Korrikak

Korrika 1: “Zuk ere esan bai euskarari”, “40.000 adultos están haciendo Euskadi”

1980-11-29 (Oñati) / 1980-12-7 (Bilbo)

1980ko azaroaren 29. Larunbat arrunta, itxuraz, gaueko hamarrak arte bere izaera berezia aldarrikatzen hasi ez zena. Negu gorriko gau hartan, Euskal Herriko kanpai gehienek ozen barreiatu zuten Korrika izeneko euskararen aldeko ekimen berriaren hasiera. Oñatiko Unibertsitateko ateetatik abiatu zen lehen Korrika eta elurra ari zuen. Lasterketa bederatzi egun geroago heldu zen Bilbora.

Korrika 2: “AEK, euskararen alternatiba herritarra; Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde”

1982-05-22 (Iruñea) / 1982-05-30 (Donostia)

Ehunka lagunek euskararen aldeko lasterketaren 2. edizioari ekin zioten Iruñean. 1982ko Korrikan Rikardo Arregi kazetari, idazle eta kultur eragilea omendu moduan aukeratu zuten AEK-ko arduradunek. Arregi izan zen lehen Korrikan lekuko barruan idatzitako gutunaren egilea, gure hizkuntzaren aitzindari eta bultzatzaileei izkiriatuta zegoen gutuna, alegia.

Korrika 3: “Euskaraz eta kitto!”

1983-12-03 (Baiona) / 1983-12-11 (Bilbo)

Bilbora, garaiz, iritsi zen Korrikaren 3. edizioak idazle handia omendu zuen: Gabriel Aresti. 1983ko martxoaren 26an jende uholde batek hartu zuen Bilbo, Baionan hasitako lasterketaren azken ekitaldian, “Euskaraz eta kitto!” lelopean.

Korrika 4: “Herri bat, hizkuntza bat”

1985-05-31 (Atharratze) / 1985-06-09 (Iruñea)

Korrika 4ko lagunak 2.080 kilometro egitera abiatu ziren Atharratzetik Iruñera. Korrika 3n lekukoa eraman zuen Piarres Lafitte idazle eta pertsona handia omendu zuen Korrika 4k, zendu eta hilabete beranduago. “Herri bat, hizkuntza bat” aldarrikatu zuten lasterketan parte hartu zuten milaka korrikalariek.

Korrika 5: “Euskara, zeurea”

1987-04-03 (Hendaia) / 1987-04-12 (Bilbo)

1987ko apirilaren 3an Hendaiatik abiatutako jende uholdea Bilbon lurreratu zen apirilaren 12an Korrika 5i amaiera emanez. Lasterketak kantu eta bertsogintzan maisu izandako Balendin Enbeita omendu zuen, bertsolaritzan eta euskara suspertzen konstelazio disdiratsua izandako familia bateko kidea. Konstelazio horretan, berau distira handiko izarra izan baitzen.

Korrika 6: “Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK”

1989-04-14 (Iruñea) / 1989-04-23 (Donostia)

“Euskara korrika eta kitto. Euskal Herriak AEK” leloa aukeratu zuen AEK-k Korrikaren 6. edizioari hasiera emateko. Omenaldia jaso zuena euskal kulturaren langile nekaezin eta jakintsua izan zen: Jose Migel Barandiaran, mende bateko korrikalaria. Oztopo guztien gainetik eta komeria ugari bizi eta gero, Iruñetik Donostiara abiatu zen Korrika, gau eta egun gelditu gabe.

Korrika 7: “Korrika euskara, euskaraz Euskal Herria”

1991-03-15 (Gasteiz) / 1991-03-24 (Baiona)

Korrikaren zazpigarren edizioak bazuen bereizgarria ipar euskal herritarrentzat. Izan ere, Bidasoaz iparraldean, Baionan, amaitu zen lehen aldiz lasterketa. Milaka euskaldunek euren eskuetan eroandako Korrikaren lekukoaren egileak, Remigio Mendiburuk, Gasteizen hasitako Korrikaren omenaldia jaso zuen.

Korrika 8: “Denok maite dugu gure herria euskaraz”

1993-03-26 (Iruñea) / 1993-04-04 (Bilbo)

Ilunik gabeko udaberri argian hasi zen zortzigarren Korrika. 1993ko martxoaren 26an Iruñetik abiatuta, lekukoak 2120 kilometro egin zituen, eskuz esku, Bilbora iritsi arte. Martin Ugalde kazetari, historialari, idazle eta kultur eragile andoaindarra omendua izan zen, komunikabide eta AEKren arteko komunikazioa errazteagatik; eta oro har, euskalduntze munduaren ispilua izateagatik.

Korrika 9: “Jalgi hadi euskaraz”

1995-03-17 (Donibane Garazi) / 1995-03-26 (Gasteiz)

“Jalgi hadi euskaraz” lelopean, Korrikaren 9. edizioa Donibane Garazitik Gasteizera abiatu zen. Mikel Laboa izan zen omendua eta omenaldi honekin bere belaunaldiko kantari guztiek euskararen berreskurapenean izan zuten garrantzia nabarmendu zen.

Korrika 10: “Euskal Herria korrika”

1997-03-14 (Arantzazu)  / 1997-03-23 (Bilbo)

Laino gutxi batzuen azpitik, Arantzazuko atariko harlauzen gainetik abiatu zen Korrika 10, Luis Villasante euskaltzainak lekukoa zeramala. Ekitaldiaren hasiera izateaz gain, gertakizunak bazuen emozio erantsia, bai Villasante omenduak lekukoa eramateagatik baita abiapuntuagatik. Biek ordezkatzen dutena, Arantzazu eta Euskaltzaindia, ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula euskal kulturaren baitan, eta noski, ezta AEKren historian ere.

Korrika 11: “Zu eta ni euskaraz”

1999-03-19 (Iruñea) / 1997-03-28 (Donostia)

Lekukoa 1999ko martxoaren 19an Iruñetik abiatu zen eta hil horren 28an Donostiara iritsi zen. Berrikuntza garrantzitsua izan zuen edizioak. Hamaikagarrena izanda, omenduak ere hamaika izan ziren eta ez bakarra, orain arte bezala. Gauzak horrela, hamaika esparrutan euskararen alde diharduten hamaika pertsona edo erakunderi eskerrak eman zizkieten. Hona hemen omenduen zerrenda: Pedro Migel Etxenike, Joxe Ramon Etxebarria, Jose Angel Iribar, Maitena Araguas, Etxepe enpresa, Mendia optika, Laudioko ikastolaren sortzaile taldea, Argiñe Iturregi, Euskalerria irratia, Arantza herria eta Maiatz taldea.

Korrika 12: “Mundu bat euskarara bildu”

2001-03-29 (Gasteiz) / 2001-04-08 (Baiona)

2001eko martxoaren 29an Gasteiztik abiatu eta apirilaren 8an Baionan bukatu zen  hamabigarren Korrika. Urte honetan, ibilbide arruntaz gainera, ibilbide birtuala ere egin ahal izan zen ziberlekukoari esker. “Mundu bat euskarara bildu” zioen Korrika 12ren leloak; munduko hizkuntza aniztasunaren aurrean, euskararen aberastasunari eusteko herritar guztion konpromisoa eskatzen zuena. Euskaldunon hizkuntza zabaltzeko eta gizarteko arlo guztietan erabilia izateko beharrezko diren bitartekoak jartzea guztion ahalegina beharrezkoa dela gogoarazi zigun Korrikak.

Korrika 13: “Herri bat geroa lantzen, korrika”

2003-04-04 (Maule)/ 2003-04-13 (Iruñea)

Euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena da Korrika. Hamahirugarren edizioak gogora ekarri nahi izan zuen Euskal Herriak bere kultura eta hizkuntza berreskuratzeko lana ez dela gaurkoa. 60-70. hamarkadetan euskara eta euskal kulturari ekarpen garrantzitsua egin zioten horiek jaso zuten Korrika 13ren gorazarrea. “Ez dok amairu” mugimenduak eta bertako partaide izan ez baina hainbat esparru artistikotan aritutakoek jaso zuten omenaldia. Edizio honek, gainera, protagonista berezia izan zuen: Euskaldunon Egunkaria.

Korrika 14: “Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai”

2005-03-10 (Orreaga) / 2005-03-20 (Bilbo)

“Euskal Herria euskalduntzen; ni ere bai!” leloarekin eskatu nahi izan zien AEK-k euskaraz ez dakitenei euskaldundu daitezen. Ildo horretan, Korrika 13k euskaldun berriak goraipatu zituen eta horien guztien ikurtzat har daitekeen Andolin Eguzkitza zendua omendu zuen. Korrikak lehenengo urratsak Orreagan eman zituen 2005eko martxoaren 10ean eta hamaika egun geroago, milaka euskaltzale elkartu zituen Bilboko kaleetan.

Korrika 15: “Heldu”

2007-03-22 (Karrantza) / 2007-04-01 (Iruñea)

“Heldu”. Horixe izan zen 15. Korrikaren leloa; herriari, hitzari, elkarlanari, euskarari eta lekukoari oratzeko konpromisoa eskatu zuena. Euskal emakumeak izan ziren omenduak euskara, belaunaldiz belaunaldi, gorde eta transmititzeko egin duten lanagatik. Karrantza eta Iruñea artean burutu zen, 2007ko martxoaren 22tik apirilaren 1era bitartean eta mezua Xabier eta Miren Amurizak idatzi eta irakurri zuten.

Korrika 16: “Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira”

2009-03-26 (Tutera) / 2009-04-05 (Gasteiz)

Euskaldunok ongietorria egiten diegu gure herrira, gure etxera, gure artera datozen lagunei. AEK-k berdin egin nahi izan zuen Korrika 16rekin: ONGI ETORRI! handi bat luzatu zien euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakunde guztiei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaltzale guztiei, euskaldunei eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertokoei eta kanpotik datozenei.

Korrika 17: “Maitatu, ikasi, ari… euskalakari”

2011-04-07 (Trebiñu) / 2011-04-17 (Donostia)

17. edizioan, euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen duten euskalakariz bete ziren Euskal Herriko errepideak, kaleak, auzoak… Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu zituen Korrika 17k.  Herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herria da Korrikaren azken helmuga; Euskal Herri euskalduna da AEKren azken helburua.

Korrika 18: “Eman euskara elkarri”

2013-03-14 (Andoain) / 2013-03-24 (Baiona)

Euskararen aldeko lasterketa erraldoiaren 18. edizioa 2013ko martxoaren 14an Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen  hasi eta martxoaren 24an Baionan bukatu zen. Lelo eta mezu nagusia Eman euskara elkarri izan zen,  euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Horren harira, Korrika 18k eta AEK-k egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiak omendu zituzten; beren ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s