Home

1439601001

Garazi Zabaleta – Argia

Irailaren 28an iritsiko da Emakumeen Mundu Martxa gurera. Urriaren 4ra bitartean Euskal Herriko lurralde gehienak zeharkatuko ditu martxa feministak, eta egitarau zabala antolatu dute herri askotan ekimenaren harira.

Martxak dirauen bitartean egingo diren ekintzez gain, aurrez eta ondoren ere egitaraua antolatu dute toki askotan. Hitzordu horietako batzuk bildu ditugu hemen.

Gipuzkoan

Zarautzen, irailaren 24an Lurra, lana, izana Usurbilgo emakume baserritarren ahotsak biltzen dituen dokumentala proiektatuko dute eta hizketaldia eginen dute jarraian. 19:00etan izanen da Putzuzulo Amets Fabrikan. Irailaren 29an, ordu berean, errefuxiatuen krisiari begirada feminista emateko mahai ingurua antolatu dute Harresiak apurtuz lelopean.

Azpeitian, irailaren 21ean EMMren aurkezpen hitzaldia eta herri apainketa eginen dute, 19:00etatik aurrera. Urriaren 7an, berriz, La mochila invisible dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izanen dira ordu berean, Emakumeen Txokoan.

Zumaian, Martxan eta dantzan emanaldia eginen dute irailaren 27an Kofradian, 12:30ean. Urriaren 1ean, Zumaiko esperientzia feministak mahai ingurua izanen da herriko emakume taldeekin.

Aretxabaletan, irailaren 23an 19:00etan jarri dute hitzordua herritik zehar urrats moreak margotzeko, eta ondoren Emakume Txokoa aldarrikatzeko landaketa sinbolikoa eta afari-merendua eginen dute.

Oarsoaldean, irailaren 27an Errenteriatik abiatu eta Lezon Mari basoaren inagurazioa eginen dute, 12:00etan. Jarraian, Nendo Dango (hazi bola) tailerra, bazkaria, jolasak eta musika izanen dira.

Nafarroan

Leitzan, irailaren 22an Gure genealogia feministak liburuaren aurkezpena antolatu dute. 19:00etan izanen da Atekabeltz Herrigunean. Urriaren 15ean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Hazien garrantzia elikadura burujabetzan hitzaldia, bideo emanaldia eta solasaldia eginen dute.

Baztanen, EMMren aurkezpena eta Lurra, lana izana dokumentalaren proiekzioa eginen dute irailaren 24an, 19:00etan Arizkunenean.

Bizkaian

Santurtzin, irailaren 27an emakume ekoizleen azoka antolatu dute Mamarigako frontoian, 11:00etatik 15:00etara.

Balmasedan berriz, irailaren 22an EMMren izaera azaltzeko hitzaldia eginen dute Kultur Etxean, 17:00etan. Mujeres del Mundo eta Nos Unimos elkarteetako kideek hartuko dute parte, besteak beste.

Portugaleten, irailaren 24an EMMren aurkezpena antolatu dute 19:30ean Santa Clara Kultur Zentroan.

Emakumeen Mundu Martxa irailaren 28an iritsiko da Euskal Herrira

Emakumeen askapena helburu duen Mundu Martxa martxoaren 8an abiatu zen Kurdistandik eta urriaren 17an iritsiko da Lisboara. Irailaren 28tik urriaren 4a bitartean Euskal Herriko hainbat herritatik igaroko da.

Martxoaren 8an Kurdistanen izan zen Joana Aurrekoetxea Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea. Honela dio Mundu Martxari buruz: “Mundu hau eraldatzeko grinak batzen gaitu, finean. Justizia soziala da gure aldarrikapenen muina, eta ikusten dugu afera horretan emakumeok eta orokorrean subjektu feministak gako nagusi bat garela”. Aurrekoetxearen ustez, ez da erraza mundu guztiko emakumea-sareak lotzea eta elkarlanean aritzea; sinesmen, ohitura, historia eta bestelako oso desberdinetako jendea elkartzen baita. Hala ere, bereizten duen horrek aberasten dituela uste du.

Emakumeen Mundu Martxa 163 herrialdetan banatuko da eta 5.000 talde baino gehiagok hartuko dute parte. Lehenengo karabana 1995ean egin zen Kanadako Quebec-en Ogiaren eta Larrosaren martxa izenburupean eta 15.000 lagunek hartu zuten parte. Emakumeen Mundu Martxa handik bost urtera egin zen, eta orduz geroztik bost urtero antolatu da Martxa. Aurtengoa beraz, laugarren edizioa da.

Irailaren 28an Tafallara iritsiko da Mundu Martxa. Baionara joko du, gero Gipuzkoa zeharkatuko du, eta Arabatik barrena Bilboraino helduko da. Martxa Portugalgo Lisboan geratuko da urriaren 17an eta festa handia egingo da. Europa osoko emakumeak bilduko dira Portugalgo hiriburuan, baita Euskal Herrikoak ere.

Euskal Herriko emakumeen mundu martxa

Nazioarteko Ekintzari babesa emateko, Euskal Herrian helburu zehatz bezain anbiziotsua jarri zen martxan, 2003an: Mundu Gutuna oinarri bezala hartuta, eztabaida irekia egitea proposatu zen, herriz herri, hartara, “Euskal Herriko Emakumeen Eskubide Gutuna” sortzeko.

Martxak arrakasta itzela izan zuen Euskal Herrian, eta bost egunez (maiatzaren 24tik 28ra), autobus more batek, aldarrikapen feministez josia, herriak zeharkatu zituen, geure eskubideen begien bistako urraketak salatzeko.

2007an geure Gutuna onartu genuen eta hori jendartean zabaltzeari ekin genion. 2010ean Martxa antolatu zen berriz, nahiz eta modu apalagoan, eta berriro ere Gutuna oinarri hartuta. Mobilizazio- eta atxikimendu-kopurua jaitsi egin zen, baina plataformak konpromisoa hartu zuen bere gain, lanean segitzeko eta horri eusteko, gaurko egunera arte egin duen moduan.

Azken urteotan, hainbat prozesutan parte hartu dugu, mundu-mailako aldarrikapen nagusietatik abiatuta. Beste ekintza batzuen harira, adibidez, indarkeria sexistari dagokionez, nazio-mailan, 24 orduko ekintza-protokolo bat adostu dugu, erantzun bateratua lortzeko, eta, helburu horrekin, lanketa bat egiteko, herriz herri. Era berean, prekarietate- eta pobrezia- ardatzaren barruan hainbat ekintza egin ditugu, tartean, azpimarragarriena: geure aldarrikapen propioak egin ditugu azken greba orokorren deialdietan (adibidez, zaintza-greba aldarrikatu genuen).

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s