Home

mas

… Kataluniako ezker independentistaren erronkei begira

begizta.net / Argia

Ordezkaritza hirukoiztu du Kataluniako CUPek. Gorakada horrek prozesu independentistan giltza izateko ardura ekarri dio, eta erantzunkizunekin batera, tamainako erronkak eta presioak ere bai. Info7ko Kalegorrian saioan asteartean gai horri tiraka sortutako hainbat bururapen jarraian.

Independentzia prozesua ezkerrerantz?

CUPek izandako gorakada eta aurrerantzean izanen duen rola azpimarratu dugu Argiaren azken azalean. Datuek hala berresten dute, baita CUPekin kritiko azaldu diren zenbait hedabidek ere. Horren adibide Sergi Picazo kazetariak El Critic-en idatzitakoa:

“Udal eta parlamenturako azken hauteskundeetan ikusi genuen joera berretsi da. 2012an burujabetzaren aldeko indarrek 74 diputatu biltzen zituzten CiU (Unió barne), ERC eta CUP. Azken hauteskundeetan, aldiz, independentziaren aldeko ordezkaritza honakoa izan da: Junts pel Sí-k 65 diputatu (ERCrenak edo haren gertukoak hogei bat) eta CUP-ek 10a. Horrez gain, Junts pel Sí-ren zerrendaburu Raul Romeva ezkerraren mundutik etorritakoa da. Beraz, ondoriozta dezakegu baietz, independentismoak ezkerrera bira egin duela”.

Duela 6-7 urte independentzia era argi eta zuzen batean babesten zuen indar bakarrenetakoa zen ezker independentista. CUPek, eta esquerra independentistak oro har, epe motzerako konponbide instituzionaletan erori beharrean, auzoz auzo “herri boterea” sortzeari ekin zioten, hau da, formazio politikoa eta balio eraldatzaileetan oinarritutako pedagogia praktikoaren bitartez jendea ahalduntzen aritu dira. Egun, lan nekezaren uzta jasotzen ari dira, baita instituzioetan ere. 2000n Vinaròseko prozesua abiatu zutenean, “betiko lau katu indepeak” ikusi zituzten askok, eta urte gutxiren bueltan, 336.000 bozka bilakatu dira beste askoren ezusterako. Eta harrigarriagoa dena, mezu politiko eta logika militante berari eutsiz. CUPen aho bilorik gabeko diskurtsoak eta praktikak sektore berriak batzeko eta hazten jarraitzeko balio izan die; instituzioen “zirkuaren” parte bilakatzearekin batera etorri ohi den moderazioa gaindituz, konfrontazioari beldurrik hartu gabe. Herrialde katalanak osatzen duten lurralde guztien batasuna, antikapitalismoa, sozialismoa, feminismoa, Europar Batasunetik kanpoko independentzia… Gauzak garbi eta zuzen adieraztea salbuespena da, hegemonia lortzeko borrokaren izenean “politikoki zuzenak” inguratzen gaituen garaiotan. Begi pare andana adi-adi begira izango dute CUPeko lagunek, asko Kataluniakoak eta beste hainbeste handik kanpokoak.

Ezkerreko blokearen erronka nagusiak

La Directako David Bou kazetariak twitter bidez aipatu zuenaren haritik heldu diot nik ere:

1) CUPek Espainiako Estatuko zein Kataluniako erregimenen erasoaldiari eutsi beharko dio. Sutan jarriz probatzen da eltzea. Giltza edukitzeak presioa handitzea ekarriko du ezinbestean eta urte askoan isil-isilean trebatutako ezker independentistako kidegoak orain izango du bere onena erakusteko aukera. Konplexua izaten da asanblada bidezko antolamendua politikagintza instituzionalaren abiadurara egokitzea; ikusteko dago apustuari nola eusten dion.

2) Independentisten arteko lehen negoziazioa: Mas President? Antonio Bañosek adierazi duen gisan, denek dute lekua prozesuan. Beraz, baita Masek ere. Baina “inor inposatu gabe, inor ez baita ordezkaezina”. Erantzukizun handiko erabakia denez, neurri bereko eztabaida piztu da. Unionismoaren oldarraldia ez da txikia izaten ari eta independentistek batasunez jokatu, edo behintzat batasuna irudikatu, beharko dute. Gauzak horrela, galdera ondokoa da: independentismoak sektore berriak erakartzeko, murrizketen, pribatizazioen eta ustelkeriaren burua izan dena berriz agintean jartzea al da aukerarik onena?. Kalkuluak kalkulu, errealitatea kaskagogorra da: Masen zerrendak ez du gehiengoa lortu, CUPen beharra dute eta CUPek mila aldiz adierazi du agintaritza ez diotela Masi emango. Beraz, jokoan dagoena ikusita, JxSi-k Masen izendapena gaindiezinezko baldintzatzat jartzea ez da komenigarriena. Zentzu horretan ez da lagungarria Espainiako Gobernuaren azken zabarkeria politiko-judiziala: Mas auziperatzea herri galdeketa antolatzeagatik. Historiak erakutsi duen gisan horren moduko prozesuek ertz eta aurpegi aniztunak izan behar dute eta fokoak pertsona bakar baten gainean jartzeak aurrera begira kalte baino ez du egingo.

3) Ciutadansen igoerari–ordezkaritza ia hirukoiztu dute– aurre egin beharko diote, auzoetan unionismo eskuindarraren goraldia geratzeko independentziaren inguruko pedagogia lan handia eginez. Hospitaleten –Kataluniako bigarren hiririk jendetsuenean– Badalonan eta, oro har, Bartzelona inguruko gerriko gorria delakoan Albert Riveraren alderdiak irabazi izana kezkagarria da oso. Konparaziorako, herri horietako askotan udal hauteskundeetan Barcelona en Comú moduko ezkerreko hautagaitzek oso emaitza ona izan zuten. Nagusiki langileek osatutako esparru horiek bereganatzen asmatu beharko dute independentistek, eta bereziki ezkerreko sektoreen jokabidea giltzarria izango da zeregin horretan.

4) Catalunya Si Que Es Pot-en multzoa baietzaren blokera erakartzen asmatu beharko dute. Ekidistantzira lotu direnak, jarrera irmorik gabe, oso ataka zailean izango dira prozesuak abiadura hartuko duen neurrian. Beste espazio batean kokatzen saiatu izanaren aurreneko biktima badugu: Unió. Prozesua estatu egiturak definitzen hasten denean abstentzioaren bidetik joko al dute? Edota konstituzioa definituta berau berresteko balizko erreferendumaren aurrean, zer jarrera? Eta Espainiako Gobernuak berriz debekatuko balu? Horrelako ataken aurrean erantzun gisa nekez ulertuko da esatea “Katalunia nazio bezala onartuko duen presidentea behar duela Espainiak”, berriki Pablo Iglesiasek adierazi duen moduan. Ezin da erantzun bakarra izan katalanak Espainia “berri” horretan eroso sentitzeko Pablo Iglesiasi bozka ematea dela. Hori fikzio politika egitea baita. Egungo Espainiako Gobernuaren (eta laster etorriko dena ez da oso bestelakoa izango, entzun Ciutadans eta PSOEren mezu ultranazionalista espainiarrak) jarrera inposatzaile eta antidemokratikoari erantzun zuzena emateko eskatuko diote, testuinguru oldarkor horretan kokatu beharko dute –azken urteotan Kataluniako parlamentuak onartu eta Espainiakoak indargabetu dituen 15 legeak lekuko–.  Erantzuna demokratikoa izan behar dela? Jakina. Baina galdera da: itxikeriaren aurrean, lege injustuen izenean herri borondatea azpiratzen duenaren aurrean, ez kolaboratzea eta desobeditzea baino jarrera demokratikoagorik ba al dago?

Euskal Herritik begira

Alderdien posizio irmoak aldarazteko indar herritarra antolatzeko gaitasuna, molde berriko komunikazio kanpaina eraginkorrak, mendebaldeko gizarteetan sarri erosotasunak bahituta diruditen sektoreak aktibatzen asmatu izana… ez dira gutxi Kataluniatik etorri zaizkigun “irakaspenak”. Gure txikitasunean, Asterixen galiarren pare, munduaren zilborra sentitu garen euskaldunoi apaltasun dosi egokia etorri zaigula uste dut. Eta are pozgarriagoa izan da “vasquitisa” sufritu duen –bai, sufritu– herri baten eskutik etorri izana.

Ezkerreko espazioari dagokionez, fronte patriotikoaren mitoa, abertzaleen arteko batasunaren mantratik harago bidea badagoela erakutsi dute. Independentzia eskaera bat eta bakarra ez dagoela, independentzia ulertzeko era ez dela monolitikoa horra Kataluniako ikasgai polita. Batzuen independentzia, burgesia autoktonoaren eta alemaniarraren araberako dependentzia dela azpimarratu digute totelka hasi barik. Edo behintzat hortaz (ere) hitz egin behar dela, aurreiritzirik gabe. Elkarlanari kalte egiteko beldurrez ahalketu gabe.

Mundua, Europa, Katalunia eta Euskal Herria galbidera daraman sistema ekonomiko eta politikoaren aurka daudenen artean hasten da indar metaketa. Batuketa alderdikoien araberako matematika ariketa errezetan katramilatu gabe, klase ikuspegien araberako talkak saihestu barik, mugarri taktikoetan indarrak batzea badagoela erakutsi dute.  Mezu politikoaren lehen lerroan  balioak jarriz, erakundeei pedagogiarako tresna eta bozgorailu funtzioak eman nahi izan dizkiete.

Anna Gabriel Sabaték horrela azaldu du La Hainek egindako elkarrizketan: “Antikapitalismoaz argiki hitz egiteari uzten bazaio, beste kontu batzuei lekua eginez, trikimailu dialektikoak erabiliz eta hainbat gauza egiteari utziz bozka gehiago jasotzeko asmoz… amaigabea da atzeratu daitekeena. Are gehiago, horrek jendea ikusteko era aldatuko luke; erreakzionatzeko gaitasuna ez balu bezala, kontzientzia politikoa izateko gai izango ez balitz bezala. Eta ez da horrela. Herri honetako langile klaseak kontzientzia handia galdu izanak ez du esan nahi galdutako borroka denik, eta beraz ez gatzaizkio zertan hizkuntza errazagoz eta abegikorragoz zuzendu behar. Kontzientziazioa beti lortu da gauzei beren izenez deituta”.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s