Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak:  Maialen Begiristain (LIBRE / ELEAK) / Julen Zulaika Alkorta (Askapena)

Askori, gehiegiri zoritxarrez, Madril aipatzean hainbat oroitzapen etsigarri etorriko zaizkio burura eta motiborik ez zaio faltako seguraski. Autobuseko joan etorriak, epaileekin izandako aurrez aurrekoak, gari soro amaigabeak, Somosierrako portua, igande gauak, auzitegi nazionaleko atea, ohean emaniko batera eta besterako itzuliak, fiskalak, urduritasuna, akusazioak, polizien adierazpenak … Izan ere asko, gehiegi izan dira herri honen aurkako epaiketa politikoak eta haietan jasan beharreko sufrimendua, gehienek bestalde, agonia luze hau gutxi izatera, amaiera tragikoa izan dute. Egunotan Askapenako kideak ikusi ditugu akusatuen aulkitan, laster batean Segurako auzikoak izango dira antzeko eszenografian, eserlekuak hoztu gabe artean, urrena EKINeko auzikoak bertaratuko dira, etenik ezagutu gabeko erruleta errusiar bidegabe honetan.

Baina seguru gaude, oroitzapen hauen artean beste zenbait ere geratuko zitzaiela hainbati edo hainbaten memoria kolektiboan. Hain zuzen, inperioaren, monstroaren bihotzean, errebeldia eta elkartasun auzoetako aldarriak, itzaleko eta periferiako Madril horren elkartasun keinuak ere seguru zuen oroimenean badutela lekurik. Izan ere, zenbait urte eta hamarkada dira dagoeneko Madrilgo langile auzotan senitarteko eta lagunentzat lotarako etxeak topatzen zaizkiela? Modu askotan ematen zaie babesa Euskal Herritik gerturatuei, bertara iristean euren bila joaten dira, Auzitegi Nazionalera laguntzen zaie lehen egunean batez ere, baina baita ahal denean ere bertaratzen dira behar denerako bertan daudela erakutsiz. Haietariko askok ez dute galdetu ere egiten zein den fiskalaren salaketa, badakite euskaldunak garela eta kito! Makro epaiketak hastearekin batera, ongi etorria egiten zaie auziperatu eta gertukoei, azken urteetan San Carlos Borromeo elizan egiten da ekimen hau. Pulpiturik gabeko eliza dugu berau, lotarako koltxoiak daude bazter batean errezatzeko bankuen ordez eta paretan preso politikoen askatasuna jartzen du marraztua. Bertan eusko gudariak abestea ohiko bihurtu da musika, ardo eta pintxo goxoen artean. Azken batean ekimenok, etxean bezala sentitzea dute helburu eta lortzen dute hainbatean. Hitzaldiak antolatzen dira bestalde, ahalik eta gehienek jakin dezaten azken urteotan euren lurretara ere iritsi den salbuespen egoeraren berri, errepresioaren aurpegi latza gertutik ezagutu dezaten.

Elkartasun emari hau baina ez da edonon egiten, ezin ahaztu euskaldunokiko elkartasuna adierazteko zailtasunez beteriko giroan dihardutela oraindik ere, mehatxu eta eskuin muturraren itzalpean, korrontearen kontrako etengabeko saiakeran. Euskal Herriaren Lagunek zein Madrilgo Libre dinamikak etengabe dihardu norabide honetan arraunean, eta oraingoan pausu indartsu bat egin eta manifestazio baterako deialdia burutu dute. Hain zuzen, urriaren 31ean Madrilen Atotxatik Solera abiatuko den ekimena. Bertan bilduko dira urte guzti hauetan Euskal Herriari eta bertako kideei elkartasuna adierazi dieten ehunka lagun, bertan, epaiketa politikoak behin betiko amaitu daitezela eskatzeko. Eta guri, tamaina horretako apustua, eginahal internazionalista erraldoi honi babes ematea dagokigu, haien lana eskertzea eta gure babesa adieraztea.

Badakizue beraz hitzordu, garrantzitsua dugula Madrilen datorren larunbatean eta honetarako hamaika herritan antolatu dira autobusak. Oraingo joan etorria baina ez da urduritasun eta amorruarena izango, oraingoan, haiek eta guk aldarri ozen bat dugu egiteko Madrilgo kaleetan: Ez dugu epaiketa politiko gehiago onartzen eta gero eta ahots gehiago gara, han eta hemen, epaiketa hauen aurka egingo dugunak, elkartasunak ez duelako mugarik.

manieh

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s