Home

hiesaorokorra

Kitzikan

HIESaren aurkako egunean, ohikoak izaten dira gaitza pairatzen dutenen gaineko zaintza eta elkartasun adierazpenak. Elkartasun hori baztertu gabe, hausnarketa sakonagoa egitera behartzen gaitu errealitateak; interes ekonomiko, sozial eta politikoak gidatuta ezkutuan mantentzen diren arazoak mahai gainean jarri nahian.

Ozen salatu nahi dugu, Espainiako Gobernuak, HIESa erabiltzen duela arma politiko eta ekonomiko bezala. Eta espetxeetan, temati ari dira erabilera kriminal horretan, Ibon Iparragirre Ondarroako preso politikoaren aurka. Administrazio publikoak, Ibonen egoeraren jakitun badiren arren, justiziaren ezarpenetik haratago doan mendeku politika ari dira inposatzen. Osasun baldintzak oker daitezen bere esku dagoen guztia erabiltzen du Gobernuak, Ibon etengabeko torturapean mantenduz eta bere senide nahiz gertukoen kontrako sententzia inposatuz. Sistemaren kontra disidentzia darabiltenen aurkako birus baten erabilerak, eta egoerak dakarren gogortasunaren ondorioz presoei buru gaixotasunak eragiteak, nazioarteko akordio guztietatik urruntzen du -berriro eta beste behin ere-. Espainiako gobernua. Ibon Iparragirreren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen dugu. Eta disidente sexual garen heinean, disidente politikoak ere bagarenez, estatuaren errepresioa pairatzen dutenekin gure elkartasun iraultzailea berrezten dugu. Amnistia osoa da -bere esanahi eta ondorioekin- baldintza ukaezina.

HIESa eta espetxeak, bateraezinak diren bi elementu dira. HIESak gaixotu egiten du, baina espetxea da hiltzen duena. Edozein baldintzatan ere, espetxeen izaerarekin, helburuekin eta ondorioekin bat ez gatozela argi adierazi nahi dugu. Izaera esplotatzailea duelako, heteropatriarkatuaren normen arabera eraikia eta burgesiaren beharretara moldatua. Preso dagoenaren jendarteratzea duelako helburu, baina ez digutelako esaten zer suposatzen duen jendarteratze hori edota zergatik dauden -ustez- jendartetik kanpo. Eta ondorio larriak dituelako pertsonengan, eta onura handiak estatuarentzat; justizia, konponketa eta oroimenarekin zer ikusirik ez dutenak. Disidentzia sexualarentzat -baita politiko zein sozialarentzat ere-, espetxea, egungo “demokrazia” ereduen paradigmarik handiena da. Espetxea da leku bakarra non botereak, bere benetako neurriz gaineko aurpegia erakusten duen, eta bere morala justifikatzen duen lekua. Jendartea bera da bere barnean ematen diren ekintza antisozialen erantzule bakarra, eta ez dago hori aldatuko duen borrero edo epailerik ere. Espetxeen eraisketa aldarrikatzen dugu. Era berean, ezin dugu ahaztu Atzerritarrentzako Barneratze Zentroen bidegabekeria: Migranteak kontzentrazio eremuetan konfinatzen dituen gobernuak, ezin du justiziaren inguruko ikasgairik eman, ezta kalean bakea aldarrikatu.

Heteropatriarkatua, aditua da erretorikak eraikitzen; inposaketa bat dena desiragarriaren itxuraz apaintzen. Eta egunerokotasunean zapalkuntza suposatzen duen horretara ohituak gara. Heterosexualitatearen erregimen politiko horren barruan eraikia izan den kapitalismoak ere horretaz aprobetxatu eta hornitu egiten da, parasitoak bezala. Eta HIESaren erabilera ekonomikoa ukaezina da egunerokotasunean, espetxeetan eta herrialde txirotuetan egiten den erabilera politikoaz aparte. Urtero, enpresa farmazeutikoak, milioika euro jasotzen dituzte langileriaren soldatetatik, HIESaren kontrako botikak asmatzeko eta ekoizteko. Baina gerora, enpresa horiek botiken gaineko patenteak ezartzen dituzte, herritarren kontura poltsikoa gehiago betez, eta botikak ordaintzeko dirurik ez daukatenei hiltzera kondenatuz. Gobernuek eta Osasunerako Mundu Erakundeak, horren erantzule zuzenak dira, osasun eskubideak multinazionalen diruzaletasunera baldintzatzen dituztelako. Horregatik, enpresa farmazeutikoen botiken patenteen desjabetzeak exijitzen ditugu. Prozedura hori aurrera ateratzea posiblea dela erakusten digute hainbat kasu nabarmen munduan zehar. Eta horrek adierazten digu, aukera politikoa dela gobernuak hartutakoa. Horregatik adierazten dugu, gure aldarria ere politikoa dela: osasunaren komertzializaziorik ez! Era berean, heteronorma inposatzen jarraitzeko eta disidentzia sexualaren asimilazioan sakontzeko medikuntzaren erabilera gogor salatu nahi dugu.

Komertzializazio horren parte izan nahi ez dutenak ere, kriminalizazioa jasaten dute. Horren adierazle garbia da Ibon. Horregatik, berriro adierazten dugu, gure gorputzarekin nahieran aritzeko eskubidea dugula; administrazio publikoak ezin dutela erabaki hori zigortu, ez eta Ibonen kontrako euren jarrera kriminala justifikatzeko erabili. Espainiako gobernuak, honetan ere, Euskal Herriaren gehiengoa duela kontra adierazi dezakegu harrotasunez, eta mimaturiko elementu fanatiko gutxi batzuk bakarrik dituela alde. Errealitate hori ezagutzera ematea da

Azaroaren 28rako gure helburua; Ibonen askatasunaren alde, HIESaren erabilera politikoaren kontra.

ESPETXEAK GAIXOTZEN GAITU. IBON ONDARRURE!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s