Home

3

Argia

Herritarren bizipenak argitara ateratzeko crowdfundinga

Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala kaleratzeko diru bilketa martxan jarri du ARGIAk Karena.eu plataforman. Ibai Trebiño eta Mikel Arregi kazetariek Ukraina, Krimea eta Donbassen jaso dituzten lehen eskuko testigantzetan oinarrituta dago lana.

“Donbasseko gerra-frontera joateko asmoa daukagu Mendebaldeko masa komunikabide gehienek erakusten ez duten beste aldeari –ezkutatzen duten besteari– ahotsa emateko”. Oso argia izan zen Trebiñok eta Arregik ARGIAko lantaldeari egindako proposamena. Gogoz heldu zioten abenturari eta horren emaitza dira argitaratu ditugun erreportajeak, argazki-bildumak, bideoak eta iritzi artikulu ugariak. Ikuspegi kritikoz jorratutako lanak, Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzez lagunduta.

Lan oparo horren emaitza biribiltzera dator Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala. Euskal Herriko jendartearen gehiengoarentzat oraindik oso ezezaguna den gerra baten testuingurua eta ondorioak azaldu nahi dituzte ARGIAk sustatutako dokumentalaren bidez. Dozenaka orduko grabazioak editatzeak, euskaraz gain beste hainbat hizkuntzatara itzultzeak (ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz, italieraz…) lanaren produkzioaren kostuak… lan handia dago dokumentalaren atzean. Beraz, lana baldintza egokietan egin ahal izateko eta egileek –freelance gisa– egin duten lanak ordainsari duina merezi duelako, diru-ekarpenak jasotzeko crowdfundinga abiatu dugu.

Jatorrizko dokumentalaren bertsioa euskaraz izango da, gaiak Euskal Herritik kanpo duen pisua ikusita, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak ere gehitu nahi dizkiogu. Crowdfundingaren bidez lortuko dugun diruaren arabera beste hizkuntza batzuetara itzuliko dugu (katalanera, frantsesera…).

Euskal Herrian sortua, euskaraz pentsatua eta baliabide gutxiagorekin eginik ere, munduko geopolitikaren lehen lerroko gai bati heldu nahi diogu. Jakitun garelako, komunikabide handietako jabeen interes ekonomikoek behartuta, ezkutatzen den ikuspegiaren zabalpena hedabide independenteen esku baino ez dagoela.

“Donetskeko zenbait auzo erabat suntsituta daude. Zutik iraun duen ia ezer ez da. Asko hunkitu ninduen sotoetan sartuta bizi zirenen bizimoduak. Zenbait familiak hilabeteak daramatza aire erasoen aurkako babeslekuetatik atera gabe, oso egoera tamalgarrian bizirauten. Hori bezalako gerraren eragin zuzenak jaso ditugu”, dio Mikel Arregik.

2014ko otsailean Kieven izandako gertaeren ondotik aldaketa politiko sakona bizi izan du Ukrainak. Maidan izenarekin ezagun egin ziren protesten ondoren, estatu kolpea eman zuten. Ukrainako egoera politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa sakonak gertatu dira harrezkero.

Apirilean, Kieveko agintari berriak onartzen ez zituzten Luhansk eta Donetskeko herritarrak altxatu egin ziren, eta erantzun moduan, Ukrainako presidente Poroxenkok Donbasseko Gerra abiatu zuen. Europan aspaldi ikusi gabeko anabasa humanitarioari hasiera eman zion gerrak –1.500.000 errefuxiatu eragin ditu– eta hara joatea erabaki zuten dokumentala egitera; Krimean eta Donbassen bizitakoa, entzundakoa eta ikusitakoa dokumentu historiko bezala jasota gera dadin.

Ibai Trebiño

33 urteko gasteiztarra. argiako kolaboratzailea. 2014an Donbassera lehen aldiz bidaiatu zuenetik, hiru aldiz izan da gatazka gunean. Denbora tarte horretan gatazka horri buruzko erreferente bihurtu da. Pasa den maiatzean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean Donbassi buruzko hitzaldia ematera gonbidatu zuten.

Mikel Arregi

29 urteko arrasatearra kazetaritzan dabil aspalditik. Lehen pausoak irratian eman zituen Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Onda Vascan esatari moduan. Arrasateko Mondraberri egunkari digitalean aritu da kazetari eta kamerari. Egun EiTBko berriemailea da Madrilen.

Ekarpena egiteko aukerak

10, 15 eta 20 euroko laguntzak sortu ditugu, trukean izena kredituetan, dokumentala DVD formatuan eta argiaren kamiseta jasoko dute ekarpena egiten dutenek. 50 euroko ekarpen berezia ere prestatu dugu, dokumentalaren emanaldia eta egileekin solasaldia antolatuko genuke ordainetan. Ondorengo helbidean dago ekarpena emateko aukera:  http://www.karena.eu/proiektua/donbass-gerra-europaren-bihotzean

——-

Mendebaldeko masa komunikabide gehienen isiltasuna gainditu nahi dugu dokumental honen bitartez, Europako kazetari gutxik jaso duten lehen eskuko testigantzen bitartez.

ARGIAk sustatutako proiektua da DONBASS: GERRA EUROPAREN BIHOTZEAN dokumentala; Ibai Trebiño eta Mikel Arregi kazetariek Krimeara eta Donbassera egindako bidaietan jaso dituzten irudi eta bizipenetan oinarrituta.

GERTAERAK
2014ko otsailean Kieven izandako gertaeren ondotik aldaketa politiko sakona bizi izan du Ukrainak. Maidan izenarekin ezagun egin ziren protesten ondoren, estatu kolpea izan zen herrialdean eta horrek bultzatuta Ukrainako egoera politiko, ekonomiko eta sozialean aldaketa sakonak izan dira.

Apirilean, Kieveko agintari berriak onartzen ez zituzten Luhansk eta Donetseko herritarrak altxatu egin ziren, eta erantzun moduan, Poroxenko presidenteak Donbasseko Gerrari hasiera eman zion. Europan aspaldi ikusi gabeko anabasa humanitarioari hasiera eman zion gerrak eta hara joatea erabaki genuen dokumentala egitera; Krimean eta Donbassen bizitakoa, entzundakoa eta ikusitakoa dokumentu historiko bezala jasoa gera dadin.

IBILBIDEA
Lehenik Krimean egun batzuk egin genituen, Ukrainatik alde egin behar izan duten herritarren testigantzak batu eta penintsula horrek Errusia barruan egin duen urtearen balorazioa hango herritarren ahotik entzuteko. Errusian sartzearen ondotik, nazioarteak penintsulari jarritako zigorrek herritarrengan eraginik izan duten jakin nahi izan genuen; eta horretarako Sebastopol, Yalta eta Simferopol hirietako herritarren hitzak jaso genituen.

Ondoren, gerra egoeran dauden Donetsk eta Luhanskeko lurraldeetara joan ginen. Hasteko, Donetsk hiriburuan bertan dagoen gerra frontean eta inguruetan mugitu ginen. Milizianoen eskutik, gudu zelaia zapaldu eta gerrak eragin duen triskantzaren lekuko izan ginen.

Bonba ukrainarrek Donetskeko ospitale eta eskoletan eragin duten txikizioa gure kamerekin grabatu genituen, eta ondoren, lur azpian bizitzerako kondenatuta dauden familiekin ere izan ginen. Donstsken egin diren gerra krimen eta zibilen kontrako erasoen lekukotza kezkagarriak jaso genituen denbora horretan, baita Ukrainako armadak eta talde paramilitarrek erabilitako armamentu ilegalen probak bildu ere.

Luhansken eta Donetsken bildutako informazioa berresteko esperientziak jaso genituen gainera. Pervomaisk, Novosvetlovka edo Luhansk hiriburuko herritarrek ATO operazioa hasi zenetik bizitakoak entzun genituen.

One thought on “Donbass: Gerra europaren bihotzean

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s