Home

Euskara_content

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: Gorka Iriarte, Maialen Pelaez, Nestor Esteban Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak

Ehun egun egin ditu Nafar Gobernu berriak. Ehun egun egin ditu, Geroa-Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdi politikoen arteko akordio programatikoak. Baita hitzarmenean jasotzen diren adostu gabeko, eta adostasunik gabe jarraitzen duten gai ezberdinek ere. Hizkuntza politikari dagokionez, euskaldun ororen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskararen Lege berri bat egitearenak.

Nafarroa Garaian gobernu aldaketa eman da beraz, baina “Vascuence”aren legeak indarrean jarraitzen du, jarraituko du, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen zonifikazioa ez da epe motzean desagertuko. Hala ere, gobernu berria agintera iritsi denetik, azkartasunez jokatzen jakin duela onartu beharra dago, gai honetan behintzat. Hizkuntza politikan sakoneko aldaketarik eragin gabe, Euskararen Lege berri bat egiteko prozesurik abian jartzeko asmorik erakutsi gabe, eta aurreko legegintzaldi bukaeran onartu ziren hainbat neurri baliatuz, euskaltzale askok aldarrikatzen genuen aldaketa irudikatzeko gaitasuna demostratu baitigu:

D eredua, –murgiltze eredua izango den edo ez ikusteke– eskaera egin duten “zonalde ez-euskalduneko” hiru herri berritan ezarri du; Euskalerria irratiari aspaldi zor zitzaion irrati lizentzia, egun gutxitan eman dio; Berria egunkaria, liburutegi guztietan eskuragarri jarri du; Euskararen Nafar Kontseiluaren azken bilerak Euskarabideari eskumen berriak eman dizkio; ETB era digitalean ikustea lortu du Iruñerrian; azken hiru urtetan euro bakar bat ere jaso ez duten euskaltegiei 132.000 euroko diru-laguntza banatuko die urtea amaitu bitartean eta, 2016. urterako, euskarazko 225 irakasleendako lan eskaintza publikoaren proposamena aurkeztu digu azken egunetan -puntu honetan, gobernuko bazkideen arteko adostasunik ez dago momentuz-.

Aipatutako keinuak garrantzitsuak izan dira oso, urteetan administrazioen laguntzarik gabe euskaldunok zeharkatzen aritu garen erdaren basamortuaren erdian, oasi bat topatu dugu. Kontua da, gobernu aldaketak berez, honek hartu dituen neurri-erabaki puntual esanguratsuekin batera, jendartea –euskaltzaleok batez ere–, “Vascuence”aren legearen aldaketa eta euskararen ofizialtasuna izkinaren bueltan daudela pentsaraztera eraman gaituela. Ezkutatuz edo ez esanez, ehun egun hauetan egindako horretatik harago, euskaraz bizitzea posible egin dezakeen, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dizkigun Euskararen Lege berri bat ardatz izango duen hizkuntza politika bultzatzeko asmorik ez dagoela. Gobernuak, adostu dituen egitasmoen artean, ez baitu kontenplatzen euskaldunon hizkuntza eskubideen bermerako neurri berriak hartzea, horiek gauzatzeko epeak finkatzea eta, beharrezkoak liratekeen baliabideen aurreikuspena egingo lukeen plangintza parte-hartzailerik martxan jartzea –Irakaskuntzarako lan eskaintza publikoaren proposamenak eragindako zurrunbiloa, horren guztiaren ondorio eta adibide–. Horrek suposatuz, oasiaren ura behin agortuta, basamortuaren erdian jarraitzeko arriskua daukagula.

Baten batek pentsa dezake erritmo-abiadura parametroetan kokatzen dela euskaraz bizi bidean garatu beharreko hizkuntza politikaren eztabaida. Hots, aldaketak urgentziaz eta azkar eman behar direla aldarrikatzen duenaren eta poliki baina seguru eman behar direla esaten duenaren artean. Izan liteke, baina eztabaida termino horietan kokatzen hasteko, abiapuntua, helburua, eta helburura iristeko proposatzen den bidea zein den ezagutu,eta horretan ados egon beharko genuke denok lehendabizi.

Eztabaida abiaduran baino –helburua orokorrean, euskaraz aske bizitzea lortzea dela, suposatutzat emanda–, bidea egiteko moduan kokatzen da: Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuko dizkigun lege berri baten babespean bidea egiten hasi, ala eskubide horiek guztiak urratzen dizkigun, eta edozein neurri bermatzaileren aplikapenerako galga izango den “Vascuence”aren legepean bidea egiten jarraitzearen artean.

Nafar Gobernua eta gobernua bera osatzen duten alderdi politikoen isiltasuna, hitzarmenak dioen horretan preso, adierazgarria da. Parlamentuan eta hedabideetan, Euskararen Lege berri bat sortu edota euskara ofiziala izendatzearen gaiak, tabu bilakatzeraino.

Besteren batek, Nafar Gobernuak hartutako norabidearen gainean iritzia emateko elementu nahikorik ez dagoela esan, edo mutu mantenduko da. Eztabaida ekidin nahian, edota laster iritsiko diren aurrekontuetan bereziki zentratuz. Horien arabera, gobernuaren aldetik beste hizkuntza politika berri bat martxan jartzeko borondaterik dagoen edo ez baloratzen hasteko. Ahaztuz, hizkuntza politikaren diseinuan, helburuak izaten direla normalean aurretik finkatzen direnak, gerora, behar diren tresnak eta baliabideak zehazteko. Bide batez, zeharka aditzera emanez, jasoko dituen diru-laguntzen araberakoak izango direla haren ondorengo balorazioak.

Urteetako auzolanak, euskaltzale askoren kemenak, euskaraz bizitzea ahalbidera dezakeen hizkuntza politika eragingarria eta burujabea indarrean jartzeko abagune-egoera honetara ekarri gaitu. Ez da beraz, UPN gobernutik kanporatu izanarekin konformatu, eta epelkerietan jauzteko, eztabaidak saihesteko, edota ostrukarena egiteko unea. Guztion artean, “aldaketa” edukiz betetzeko garaia da. ”Aldaketaren Gobernua” izenarekin bere burua izendatzen duen gobernuari, erroko aldaketak exijitzeko garaia.

“Vascuence”aren legeak 29 urte beteko ditu laster. Aukera paregabea dugu euskaldunok, urrats berri bat aurrera eman, eta pairatzen dugun lege arrotz-diskriminatzailearen indargabetzea erdiesteko; hizkuntza politika eragingarri propioa aldarrikatzearekin batera, Euskararen Lege berriaren oinarria jartzen hasteko.

Ekin diezaiogun.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s