Home

400-1447841804-HAU-RGB-min

Euskal Herriko Bilgune feminista

Hala diote, normalizazio prozesua bizi dugula Euskal Herrian. Patriarkatuaren funtzionamendu “baketsua” alegia? Bakea, ez da soilik indarkeria jakin baten eza, eta bistan da. Emakumeok ez baikara “bakean” bizi, ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren.

Indarkeria sexistarekiko tolerantzia 0. dioten hitzak, puntu moreak edozein denda eta tabernetan, pankartaren atzealdean ordezkari politikoak edonoiz; geroz eta kontzientziatuagoa dago jendartea eraso sexisten gaiarekin: ados. Oso erosoa eta komenigarria izan daiteke aldarrikapen hauekin bat egitea, lanketa formal eta politikoki zuzenak egitea, «feminista naiz» etiketa jartzea, erasoa beti kanpoan kokatuz, nor bere burua zalantzan jarri gabe eta errora jo gabe. Erantzunak puntualak izaten dira, eta inondik inora emakumeok eta identitate ez normatiboek jasaten dugun indarkeriaren tamainakoak. Bada berriro azpimarratzen dugu; indarkeria sexista, sistema patriarkalaren makineriak darabilen tresna dela emakumeok azpiratuta betikotzeko, jendartean gizon eta emakumeon arteko botere harremanak mantentzeko. Batzuk, boterearen jabe, aktibo, dirudun, ar alfa… izaten jarrai dezaten eta besteok, des-botere, pasibo, pobre, abegikor jarrai dezagun. Hala, intentsitate baxu zein altuko indarkeria bortitzenak (emakumeen erailketak, bortxaketak, eraso lesbofoboak, esplotazioa…) eguneroko errealitate eta bizipenak dira gure bizitzetan; hemen inork ez du alerta egoera deklaratzen astero- astero bortxaketa salaketak prentsan albiste ditugunean edo sei emakume erailtzen dituztenean Euskal Herrian urte batean.

Sistema heteropatriarkalean, etengabe erasotzen ari gaituzten honetan, feministok, indarkeria sexistaren aurka 365 egunetan dihardugu. Batzuetan pankartaren atzean, besteetan, instituzio publiko politikoekin protokoloak elkarlanean lantzen, indarkeria sexistaren aurrean asistentzia eta babes sareak ehuntzen, jaietan emakumeontzako espazio seguruak sustatzen, indarkeria sexistaren egitura osoaren kontzeptualizazioa jendarteratzen, Autodefentsa Feminista tailerrak egiten. Besteetan, aldiz, ileorde, buru beroki nahiz kuleroak buruan jarri eta lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena erantzuteko prest gaudela. Bati erasotzen digutenean guztioi erasotzen digutela ozen oihukatzen jarraituko dugu.

Emakume bezala sozializatuak izan garenok, oro har, beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik. Ez digute utzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez jantzi. Are gehiago, sozializazio prozesuan zehar, gure buruarengan segurtasuna izatea ahalbidetzen duten esperientziak ukatu dizkigute, gure barne-mugak errotuz. Bortxaketa esaterako, emakume guztiok emakume izate hutsagatik bizi dugun mehatxua izanik gure ekintzak eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Honek izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola.

Baina, zein da ordea, jendarte honen (eta bere botere harremanen) parte diren beste subjektuen zeregina? Bada garaia sistema honek sortzen duen beldur eta biolentzia arduraz kudeatzeko, erradikaltasunez, hots, arazoaren errora joaz norberaren jardunetik gure praktika politiko kolektiboetara pasatuz. Ardura lekualdatu, banatu, eta indarkeria sexistaren aurkako borrokan apustu garbiak egiteko garaia dugu, bakoitza bere eremutik, norabide berdinean.

Indarkeria sexistaren aurrean autodefentsa feministaz ahalduntzea izan zen eta da gure hautua, eta bide honetan jarraituko dugu indarkeriak gure bizitzak kolpatu bitartean. Behar, ardura eta zilegitasun osoa daukagulako gure buruengan sinetsi, saretu eta blokeatzen gaituen beldurra erasoei erantzuteko emozio aktibatzaile bihurtzeko. Emakumeok erasoen aurrean, biktima gisa jarduten dugun bitartean, jendartean ez da arazorik. Baina ahalduntzean, erantzuten dugun momentuan gure erantzuna zalantzan jartzen da, zigor zuzen nahiz sozialen bitartez. Gu, erantzuteko eskubidean berresten gara, gure bizitzak jokoan daudelako, guk ez badugu egiten ez duelako beste inork egingo.

Bakearen aroa bada, izan dadila denontzako bake garaia.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s