Home

Nahia eta Garazi / Topatu

Pussy Riot eta Femen bezalako taldeek borroka feminista egiten dute, edo propaganda inperialista hutsa? Gure borroka kideak dira, edo gure klase etsaiak?

“Emakume langilearen askapen borroka ezin da izan emakume burgesak bere klaseko gizonaren aurka daraman borrokaren antzekoa; aitzitik, emakume langilearena bere klaseko gizonak kapitalisten klasearen aurka daraman borrokari lotuta dago”. 

 Clara Zetkin

Masa komunikabideetan ez dugu ezer entzun ez irakurri Argentinako jatorrizko emakumeek daramaten borrokaren inguruan; oso gutxitan iristen zaigu Saharako emakumeen borrokari buruzko berririk; historia liburuetan Argeliako independentzia gerran borrokatu ziren emakumeek ez daukate lekurik. Euskal herriko mugimendu feministak ere zer leku dauka hedabideetan?

Emakume langileon borrokak ez dauka lekurik mass medietan, baina ezin zitekeen bestela izan: borroka hauek inperialismoari eta kapitalismoari aurre egiten diete, eredua dira munduko herri zapalduetako emakume eta gizonontzat. Zergatik eginen liekete ba lekua enpresa inperialista handien mesedetara dauden tresnek?

Baina, badaude hedabideetan oihartzun handia duten eta euren buruari feminista deitzen dioten taldeak. Asmatu duzue nortzuei buruz ari garen? Seguru baietz: Pussy Riot eta Femen bezalako taldeei buruz idaztera goaz oraingoan.

Pussy Riot punk talde errusiarra da. 10 artista eta 15 teknikarik osatzen dute. 2011-2012 urteetan protestak izan ziren Errusian Vladimir Putinen aurka, ospatu berri ziren hauteskundeetan tranpak egitea egotzita. Protesta hauek kutsu mendebaldetar argia zuten, eta Estatu Batuek bultzatutako “koloretako iraultza” horien antza zeukaten. Ez zuten lortu Errusian Estatu kolpe “leuna” martxan jartzea, baina protesta horien artean Pussy Riot taldearen kasuak nazioarteko medioetan sekulako oihartzuna izan zuen.

Elkarrizketa batean taldearen oinarri ideologikoei buruz galdetuta, hau da haietako batek erantzun zuena:

“Mundu mailako mugimendu antikapitalistaren parte gara, anarkista, trotskista, feminista eta autonomistek osatutakoa. Gure antikapitalismoa ez da antiokzidentala edo antieuropearra. Guk mendebaldeko partetzat daukagu gure burua, eta kultura europearraren fruitu gara. Kontsumoaren gizartearen kontraesanek kezkatzen gaituzte, baina ez dugu kontsumo gizartea suntsitu nahi. Askatasuna dago gure ideologiaren bihotzean, eta askatasunaz dugun kontzeptua okzidentala da. Hau askatasunaren definizio egokiaren inguruko borroka da”. 

Antikapitalistak izan daitezke Venezuelako gobernu bolibartarraren aurkako kanpania golpista laguntzen dutenak? eta hilary clinton bezalako faxista batekin lasai asko biltzen direnak? Zein ote da ba haien “askatasunaren” definizioa?

Dagoeneko Pussy Riot taldea gaurkotasunetik desagertu da. Femenek dauka orain leku hori.

Femen 2008an sortu zen eta nazioarte mailan antolatzen den talde “feminista” da. Leku esanguratsuetan edota kargudun pertsonen aurrean bular biluzia erakutsiz egiten dute protesta. Askok beraien ekintzak txalotzen dituzte ausartak direla esanez, eta emakumeon gorputza borrokarako tresna bezala erabiltzen dutelako.

Baina kritika asko ere jasotzen ditu.

Batetik, beraien diskurtsoa erabat despolitizatua dela esaten dute askok. Eta egia da, ez dute aipatzen kapitalismoa, ezta ere patriarkatuaren sustraiak: ez dira joaten salatzen dituzten egoeren arrazoien bila. Irakurri bestela bere “oinarri ideologikoak”.

1. Ukrainiako estatu kolpearen alde agertu dira hasieratik. Bere militanteetako bat den Yevgeniya Kraizman-ek Odessako sarraskian parte hartu zuen, argazki honetan ikusi ahal den moduan.

4ed055e87e42461f27e5d94b7eb6f819femen-ukrainajpg.jpg

2. Herrialde musulmanekiko sekulako mespretxua adierazten dute. Emakume musulmanei buruz bere bozeramaileak hauxe esan zuen: “Esklabuak dira eta, noski, esklabuek beti ukatzen dute haien esklabutza”. Jarrera erabat neokoloniala agertzen dute, eta ez bakarrik diskurtsoetan, baita ere ekintzetan, duela gutxi Marokon egin zuten bezala.

Beraien azkeneko “ekintza” internet bidez zabaldu duten argazki bat izan da, non Aliaa Elmadh aktibista agertzen den Estatu Islamikoaren banderaren gainean kaka egiten eta menstruatzen. Argazkia Femenek zabaldu du eta honen harira Inna Shevchenko Femeneko bozeramaileari egindako elkarrizketa batean, honakoa esan zuen islamari buruz: “Musulman batzuk esaten dute Estatu Islamikoak ez daukala Islamarekin zerikusirik, baina hori barregarria da. Yihada ongi azalduta dago Koranean, hori da bere erroetan dagoena. Ez zaigu axola jendeak pentsatzea ez dugula Korana errespetatzen(…) ez dugulako egiten”.

3. Lekuan lekuko talde feministekin ez daukate inolako harremanik, ez dute haien plangintza eta borroka errespetatzen. Duela bi urte taldeak bere lehen ekintza egin zuen Espainiar estatuan, Diputatuen Kongresuaren barnean abortuaren alde protesta eginez. Madrilgo militante feminista batek jarraipena egin zion gertakariari eta oso interesgarria iruditu zaigu bere lekukotasuna. Gainera, dirutza manejatzen dute, nondik ateratzen ote dute diru guzti hori?

Kontuz ibili behar gara Pussy Riot eta Femen bezalako taldeekin. Ongi informatu ezean erreza izan daiteke hasiera batean haiekin sinpatizatzea, baina egiten dutena borroka feminista da ala propaganda inperialista, ikuspegi okzidental-kapitalista hedatu eta beste proiektu politiko eta kulturen kontrako diskurtsoa garatzeko? Gure borroka kideak dira, ala gure klase etsaiak? Zer ekarpen egiten diote horrelako taldeek borroka feministari?

Eta puntu honetara iritsita, debate bat planteatu nahi genuke. Klase borrokan txertatu gabeko “feminismoa”, feminismoa al da? Ze jarrera hartu beharko lukete emakume langileon talde feministek emakume kapitalista eta inperialisten “feminismoaren” aurrean? Ados zaudete artikulu honen hasierara ekarri ditugun Clara Zetkinen hitzekin?

Bota iritziak!

6 thoughts on “Borroka feminista Vs. propaganda inperialista

  1. Ez dut ulertzen zergatik eztabaida intrafeministak izan behar direnak edozeinek iritzia emateko zabaltzen ditugun… Maritxulo batek ere iritzia eman dezake emakumeen mugimenduen inguruan, horrela planteatuta eztabaida. Feminismoari ez dio inongo mesederik egiten emakumeen arteko eztabaidak izan behar direnak edozeinetara zabaltzeak. Eta gizon batek feminismoaz eztabaidatu nahi badu, eztabaida dezala gizonek egiten dutenari buruz, eta ez emakumeok egiten dugunaz… Falta zitzaiguna!.

    • Hemen ez da borroka feministaz soilik hitz egiten, baizik eta talde ultraeskuindar eta pro-inperilista batzuez. Horiek ezin ditugu kritikatu? Ezin da jukutria inperialista hori salatu?

      Arrazoia bada “ez, gizonak zaretelako”; orduan berdin esan geniezazuke ez dakigula zuk, Medebaldeko hiritar pribilegiatuak zer egiten duen Errusiako eta Ukrainako eragile politikoen gainean hizketan errusiarra edota ukrainarra izan gabe.

  2. Nere postekin loturak: Borroka feminista Vs. propaganda inperialista | Euskal Herriko Antiinperialistak

  3. Nire ustez gizonak gara antipatriarkatua barneratu behar dugunok gure klase pentsamendura, eta bitartean, emakumeok indar propio eta autonomoa euki behar dute klase borroka barruan. Horren arira asko gustatu zitzaidan ondorengo elkarrizketa:

    http://www.berria.eus/paperekoa/1863/054/001/2015-11-29/gauzen_zergatia_ulertzea_epaitzea_baino_askoz_garrantzitsuagoa_da.htm

    Uste dut marxismoa birpentsatu behar dela, pentsamendu hori teoría ecologistekin eta antipatriarkalekin osatuz, oso baliagarria iruditzen zait ekofeminismoaren jarduna:

    http://www.rebelion.org/noticia.php?id=206008

    Beraz esaldiarekin ados, baina oso garbi euki behar da gizonok erresistentzia handia jarriko diogula, langile klase barruan bada ere, gure “pribilegioak” ustera.

  4. Esanguratsua Arantza Arruti bezalako militante historiko bati (ETA, EIA, HASI) eginiko elkarrizketa hain uze batean “Marxismo” hitza behin ere ez aipatu izana. Esanguratsua.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s