Home
jarraia117472

.

Zuhaitz Ordoki / Zuzeu

Ez da nolanahiko albistea, aizue. Gaztetxeak, onerako edo txarrerako, albiste izan dira Euskal Herriko hiriburu batzuetan azken denboraldian: Iruñea, Bilbo, Baiona eta Donostia.

Hiriburuetako gaztetxeen esperientzia eta ibilbidea bereziki interesgarria da hainbat kontutan, begi bistan objektiboak suertatzen diren faktore gutxi batzuk kontutan hartuz gero. Hasteko, hiriek jende kontzentrazio gehiago ematen dutenez, gazte gehiagoren parte hartzea eta elkar elikatzea ematen da termino kuantitatiboetan, portzentaietan ez du zertan. Gazte gehiagoren inplikazioak korronte ideologiko, ekarpen praktiko zein teoriko, edo ekimen berritzaileak ugaritzeko baldintzak eskaintzen ditu. Herri txikiak ere badituzte indargune oso esanguratsuak, adibidez, herri osora erraztasunez iristeko gaitasuna, eta gazte kuadrila guztiekin harremanetan jartzea naturala izan ohi da.

Batzuk diote gaztetxeak zaharkituak geratu direla. Ez nago ados. Inondik inora. Gaztetxeak egunero jarraitzen dute erakusten sorkuntzarako, borrokarako eta bizi pozerako espazioak direla. Horren adierazle onena instituzio erreakzionarioek ondo funtzionatzen duten espazio autogestionatuekin daukaten jarrera da. Kukutza, Maison 13, Euskal Jai, eta orain, Kortxoenea. Gaztetxe hauek eraistea astakeria bat dela esaten dugu; noski, baina udaletxe horiei mesede egiten die enbarazu egiten diena erditik kentzeak. Hala eta guztiz ere, orain, lehen baino indar gehiagorekin ekingo diote gazteek Grosen, ez espazio soil bat lortzeko, beraien auzoa errotik aldatzeko baizik. Segi hori hondeatzaile makinekin botatzera.

Asanblada funtzionatzeko tresna eraginkorra eta bidezkoa da. Gaztetxeek edo gazte asanbladek badituzte beren burua nola jantzi eta zabaltzeko erronka handiak, herri mugimendu osoak dauzkan bezala. Baina jakina denez, dabilen harriari goroldiorik ez.

Maison 13 Bilbon, eta Kortxoenea Donostian, hustu dituzte. Iruñea eta Baionan bi jaiki dira; eta ez pentsa Bilbon eta Donostian denbora asko pasako denik beste gaztetxe bat izan arte. Gainera, funtsezkoenak zutik dirau. Bertan ondu den gazte taldea da estrategikoena. Goiak harritxo bat kendu nahiko zuen oinetakotik, 2016an Kapitalaren Kulturaren hiriburua izango baita Donostia. Kortxoenea botata, kultura eta elkarbizitza atera dira galtzen; baina ez pentsa inor atera denik irabazle. Beste balore batzuen inguruan eraikitzen den Donostia egunero dabil lanean.

Urtarrilaren 23an Baionako gaztetxeak ateak irekiko ditu. Iruñean Compañia kaletik pasaz gero, konpainia ona izango duzue, lanean eta irribarretsu. Gaur eta bihar, hiriburu eta herrietan, behin eta berriz: lanean eta irribarretsu.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s