Home

errauskailua-irudia

Azkoina

Gaur egun beraren inguruan hitz asko esaten ez den arren, duela gutxi arte, eta urte batzuetan zehar, sarri entzuten genituen bere aldeko eta kontrako politikoak komunikabideetan. Eta usu, erraustegia eraikitzea atez atekoaren presentziara baldintzatzen zen, hau da, atez atekoa Gipuzkoako herrietara hedatuz gero, ez zela erraustegirik behar. Beraz, erraustegia bezalako makroeraikuntza bat eraikitzea beharrezkoa ez dela esan nahi du horrek? Nola da posible horrelakorik? Baina konklusiorik atera aurretik, hasi gaitezen proiektuaren nondik norakoak bere hastapenetik aztertzen, gauzak bere osotasunean ikusi ahal izateko.

Gipuzkoako Hiri Hondakinen kudeaketarako Plan Orokorra (GHHKPO)

Hiri hondakinen kudeaketarako plan nagusi hau 2002ko abenduan plazaratu zen. Plan honen helburuetako bat Gipuzkoakoan zeuden zabortegi denak ezabatzea zen, Patxi Lopezen esanetan. Horretarako, nola ez, hondakin guzti horiek erretzeko erraustegi bat egitea pentsatu zuten. Azkenean Zubietan egingo dela dioten arren, aurretik hainbat herritan egitea pentsatua zuten, hala nola, Urnietan, Txingudin eta Aritzetan. Toki hauetan ordea, kontrako ahots asko atera ziren, Arnasa eta Txingudi bizirik plataformak, eta baita Odon Elorza Donostiako alkate ohia.

Plan honen arabera, Gipuzkoako herrialdeak urteek aurrera egin ahala, gero eta hondakin gehiago sortu luke, eta denak erraustegian erre. Honela, zabortegi gabeko eta erraustegi bakarreko Gipuzkoa bat irudikatzea zen asmoa. Eta hori dena, Europak 2020rako zabortegiak debekatu nahi dituelako proposatu zuten proiektu honen alde irten ziren PNV eta PSEk. Eta hori esaten du Iñigo Urkullu lehendakariak ere erraustegiei eta zabortegiei buruz hitz egitean

Beharrezko plan bat al zen ordea GHHKPO?

Goiko datuei so eginez, eta laburbildu asmoz, GHHKPO-k zabortegi guztiak ezabatu eta Zubietan erraustegi bat eraikitzea suposatzen zuen. Eta guzti hau, Europaren aginduak jarraiki. Egia al da hori dena baina? Benetan al dio Europak hori dena? Eta benetan posible da zabortegi denak kentzea? Ikusi dezagun zer dion Europako legediak.

Zabortegiak Europako legedian

Europako legediak ez ditu zabortegi denak debekatzen, baizik eta lehen mailako hondakinen zabortegiak bakarrik. Zabortegi hauek tratatu gabeko hondakinak pilatzen dituztenak dira, hots, birziklagarriak eta organikoak pilatzen dituztenak. Zabortegi hauek, organikoa dutenez, lixibiatuak eta usain txarra sortzen dute, eta, beraz, kutsakorrak dira.

Badaude beste zabortegi batzuk ostera, Europak baimentzen dituenak. Bi dira: alde batetik, bigarren mailako hondakinak pilatzen dituena; bestetik, egonkortutako hondakinak pilatzen dituena. Bigarren mailako hondakinak erraustutako hondakinetatik sortzen direnak diren soberakinak dira, hala nola, errautsa eta zepa toxikoak. Bi produktu hauek toxikoak direnez, segurtasun altuko zabortegiak behar dituzte. Egonkortutako hondakinak berriz, errefusa bezala bereizten direnak dira, eta ez dutenez organikorik eta egonkortuta daudenez, ez dira ez toxikoak ez kutsatzaileak. Hori horrela, ez dute segurtasun handiko zabortegirik behar.

Datu hauekin, Urkulluk esandakoa gezurtatu dezakegu, hots, Europak ez dituela zabortegi denak debekatzen, mota konkretu batekoak baizik. Horrez gain, datu hauek Lopezek esandakoa ere gezurtatzen dute zeharka. Lopezek esan du zabortegi denak ezabatuko dituela plan honek, eta hori ez da horrela. Ikusi den moduan, erraustegietatik ateratzen diren errautsek eta zepa toxikoek zabortegiak behar dituzte gordetzeko (eta gainera segurtasun altukoak). Beraz, nahiz eta erraustegia eraiki, beharrezkoa da bigarren mailako hondakinak jasoko dituen segurtasun altuko zabortegia eraikitzea.

Erraustegiak Europako legedian

image002Europak badauka zaborren kudeaketari dagokiola praktika desberdinen arteko piramide bat, zeinetan ekintza batzuk beste batzuen gainetik hobesten dituen (begiratu ondoko irudian). Buruz beherako piramide honetan prebentzioa kokatzen du praktika egokiena bezala (hau da, jatorrian material erabilpena murriztea), eta ondoren berrerabilpena eta birziklatzea. Azkenik, balorizazioa eta deuseztea azaltzen dira. Erraustegietan bi hauek egiten dira, lehenengoa energia lortzeko erabiliz, eta bigarrena, besterik gabe, deuseztatuz.

Honekin batera, Europak 2001ean esan zuen ez zuela onartuko erraustegietan birziklagarri edo berrerabilgarri den ezer erretzerik 2020tik aurrera energia lortzeko ere ez (balorizazioa ere ez), hau da, data honetatik aurrera birziklagarri den guztia birziklatu beharko dela. Eta honek zer esan nahi du: Zubietako erraustegia azkenean egiten baldin bada, birzikla ezina diren hondakinak soilik bota ahalko direla bertara, sortzen denaren etxeko hondakinen %10 inguru, eta erraustegian erretzen denaren %25a.

Eta guzti honek zer suposatzen dio erraustegiaren planari? Bada, erraustegi batek beharrezkoa ditu, balorizazioa eman dadin (hau da, energia sortu dadin, eta ez soilik hondakinak erre) hondakin kantitate minimo bat. Europak, ordea, balizko kantitate hori %25era murriztu du, ez birziklagarrietara murriztuz.

Gaur egun Gipuzkoan sortzen diren hondakinetatik %44 inguru birziklatzen da, eta bestea zabortegietara botatzen da. Baina zabortegietara botatzen den guztiaren artean ehuneko handi bat ere birziklagarria da, %75 inguru, beraz 2020tik aurrera birziklatu ezingo dena. Honek denak, 61.240 tonara mugatzen du erraustegira bideratu ahal den hondakin kantitatea. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki esana da 163.500 tona direla Zubietan erreko direnak, bere kapazitatea %23,5 jaitsi arren. Zenbakiak ez datoz bat kasu honetan.

Eta zenbaki hauek zer pentsatu ematen dute, ezinezkoa baita tona kantitate horrekin Zubietan balorizazio energetikorik ematea. Horren aurrean irtenbide bakarra dago, hondakinak inportatzea, eta hau denek ukatzen duten aukera bat da . Gainera, Zubietarako eredu den Zabalgarbi erraustegiaren datuak ikustea ere adierazgarria da. Orain gutxi Argia aldizkarian irten diren datuen arabera, Zabalgarbin erretzen diren hondakinen %85 birziklagarria da eta %1,6 arriskutsua. Hori horrela, Bizkaiko Aldundiak ere daramaten hondakinen kudeaketa birplanteatu beharko luke, 2020tik aurrera debekatuta egongo da eta egiten dutena.

Baina goian aipatutako datuak bat etortzeko asmoz, Aldundiak hurrengo 30 urteetarako prognosi edo aurreikuspen bat egin du, esanez 2045ean 163.499 tona zabor ez birziklagarri sortuko direla Gipuzkoan. Aurreikuspen honetan baina ez dute kontutan hartu Europak etorkizunerako planteatutako ekonomia zirkular eta efiziente baterako trantsizio, zeinekin, etorkizunean zabor gehiago sortu beharrean, zabor gutxiago sortzea dela helburua. Hori lortzeko hainbat pausu proposatu ditu Europak: produktuen diseinuan eragitea, produktuen bizitza luzatzea, desmaterializazioa, iraungipen programatuaren aurkako neurriak,…

Beraz, Europak ez dio aterik zabaldu nahi GHHKPN-k programatutako erraustegiari, guztiz kontrako baizik. Baliteke orain zentzua izatea pasa den legegintzaldian Aldundiak hartutako neurriek (atez atekoaren aldeko apustua) horrenbesteko laudorio eta txaloak jaso izana Europatik.

Orduan, zergatik eraiki Zubietako erraustegia?

Argi geratu da Zubietako erraustegian Europako legeak bete nahi badira eta birziklagarria den hondakinik erre gura ez bada, zentzugabea dela proiektua gaur eguneko parametroetan planteatzea. Zergatik daude orduan PNV-PSE horren gogotsu erraustegi hau egitearekin?

Ez dago ziur esaterik zeintzuk diren horretarako arrazoiak, baina proiektu honen atzean dauden datu ekonomikoak benetan beldurtzekoak dira.

Datu ekonomikoak

Erraustegirako beharrezkoak dira 300.000.000 € gastatzea eraikina egiten, beste 100.000.000 € 10 urtetan erraustegiak beharrezkoak dituen mantentze lanetan eta beste 100.000.000 € eraiki ahal izateko eskatu diren maileguen finantzazio gastuetarako. Hots, orotara 500.000.000 € xahutzea espero da erraustegi hau egiten.

Guzti honetarako Gipuzkoako Foru Aldundiak, gobernuan aldaketa ekar zezakeen hauteskundeak iritsi aurretik (maiatzean izango ziren hauek), 2011ko otsailean Europako Inbertsioen Bankuarekin 195 milioi euroko mailegu bat adostu zuen. Honekin batera, La Caixa eta Banesto banketxeekin 67,5 ,milioiko beste mailegu batzuk. Honela, behin finantzazio nahikoa lortuta, eta hauteskundeetarako bi hilabete falta zirenean, Zubietako erraustegiko lehen harria jarri zen martxoan.

Eskatutako mailegu horien barruan baina, SWAP izeneko finantza produktu toxikoak kontratatzera behartuta zegoen Aldundia. Interes eta produktu toxiko hauek direla medio, Aldundiak hilero 300.000 € ordaindu behar izan zuten hasieran, eta 670.000 € ondoren. Horren aurrean, Aldundiko gobernu berriak (Bildurena oraingo honetan, gobernu aldaketa gertatu baitzen) uko egin zion interes hauek ordaintzeari, gehiegikeriak egon zirela salatuz.

Hainbat salaketa eta gero, Aldundi gobernu berriak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) alde batera utzi zuten erraustegia egitearen plana 2013ko uztailean. Hala ere, maileguetako interesak ordaintzen segitu beharra dauka Gipuzkoak Aldundiak, 2015eko Donostiako auzitegiek esan zutenez aurreko gobernuak hauteskundeak iritsi aurretik sinatutako kontratuetan zeuden SWAP-ak (produktu toxikoak) ordaindu beharra daudelako.

Gaur eguneko egoerak, ordea, berriro ere beste buelta bat eman du. Aldundiko gobernura PNV itzuli zen azken hauteskundeetan (2015), eta PSEren laguntzarekin, berriro ere erraustegiaren planari berriro ekitea erabaki dute.

Datu ekologikoak eta osasun datuak

Testu honetan esan bezala, 2020tik aurrera birziklagarria den edozer erretzen duen erraustegi oro debekatuta egongo da Europan. Ikusi ahal izan dugu baita, nola PNV eta PSEk gobernatutako Aldundiak emandako datuek ez dutela ahalbidetzen Zubietan eraiki nahi den erraustegiak soilik hondakin ez birziklagarriak erretzea. Hemen daukagu lehen akats ekologikoa: erraustegi berriak ez ditu Europak eskatutako gutxiengo ekologikoak betetzen.

Horrez gain, aurrez ditugun beste erraustegietako datuak ikusirik, Zabalgarbiko datuak hain zuzen (PNV eta PSEren Bizkaiko Aldundiak kudeatzen duena), argi ikusi daiteke nola erraustegi honetan birziklagarria den hainbat eta hainbat hondakin erretzen direla. Erretzen diren produktuen %85 birziklagarria. Horrek hein batean zentzua ere badauka, erraustetik energia gehien eskuratzeko bidea plastikoa eta papera eta kartoia erretzea baita, hauek baitaukate indar kalorifiko gehien. Hala ere, praktika hauek ekologikoki ez dira batere jasangarriak, birziklatzeko oso erraza diren produktuak erretzen baitituzu. Hemenerraustegiaren bigarren huts ekologikoa .

Gainera, Europak ezarritako hondakinen kudeaketarako praktiken piramideak, azken aukera moduan dauka deuseztea, hots, erraustegietan hondakinak erretzea prozesu honetan energia lortu gabe. Eta justu horren gainean balorizazioa dago, lehen esan bezala, hori da Zubieta eta Zabalgarbi erraustegien helburua: hondakina erre eta energia lortu. Erraustegi batek egiten duen prozesua balorizazio bezala deitzeko, Europak bertan emango den zikloaren efizientzia global minimo bat eskatzen du (efizientzia termodinamikoa). Muga hori %24,25ean kokatzen du Europak.

Zubietako erraustegiaren efizientzia, berriz, %25,1ekoa da. Berez mugaren gainetik dagoen arren, hainbat ikerketek muga hori zalantzan jarri izan dute, Gorka Bueno EHUko irakaslearen ikerketak kasu. Baina hori nahikoa ez balitz erraustegiaren proiektua kolokan jartzeko, efizientzia mugaren datu hauek lehenengo proiektuaren datuekin egina daude, hau da, 200.000 baino zertxobait gehiago erretzeko pentsatuta zegoen erraustegiaren datuekin. Gaur eguneko errealitatea, berriz, nahiko desberdina da, zifra hau 160.000 tona ingurura jaitsi baita. Beraz, efizientzia muga hori ere behera joango zen, Europak balorizazioa eman ahal izateko efizientzia termodinamikotik behera. Hemen hirugarren akatsa.

Beraz, argi geratu da erraustegia ez dela Europak gomendatu edo exijitutako parametroetan sartzen, hainbat eta hainbat akats baititu. Baina horrez gain, erraustegi batek sortzen dituen osasun kalteak ere kontutan eduki behar dira.

Alde batetik, aurrez esan bezala, erraustegi bat egiteak bigarren mailako zabortegia egitera behartzen zaitu. Zabortegi hauek produktu toxikoz beteko dira, erraustegietako hondakin diren zepa toxikoz. Eta nola ez, arriskutsuak dira zepa. Hori dela eta, segurtasun altuko zabortegiak eraiki behar dira, horrek dakarten balizko arazoekin. Erraustu beharrean, jatorrian ondo birziklatuz gero, egonkortutako zabortegiak soilik beharko ziren, eta hauek ez daukate inolako arriskurik sortzen.

Beste aldetik, erraustegiak airera isurtzen dituen produktu toxikoak ere kontutan eduki behar dira. Erraustegietan hondakinak erretzerakoan asko dira airera isurtzen diren produktuak, hala nola, CO2, Zinka, kadmioa, dioxinak,…  Neurotoxikologian aditua den Eduardo Rodríguez Farrék dio, erraustegiek soilik sortzen dituzten dioxina batzuk, dauden eta toxina kutsakor eta toxikoenak direla. Hori horrela, normala ere bada hainbat ikerketek ateratako konklusioa: erraustegi bat gertu dagoen tokietan minbizi kasuak 9 aldiz egiten dutela gora.

Ondorioa

Beraz, datu guztiak begi bistan edukita, erraustegiaren proiektua zentzu askorik ez duen plan bat dela soma dezakegu. Alde batetik, ez ditu hondakinen kudeaketarako beharrizanik asetzen. Bestetik, Europak hondakinen tratamendurako praktiken artean gutxien gomendatzen den praktikak egiteko besterik ez du balioko, desusezta, balorizazio burutzera ere ez baita iritsiko seguraski. Horrez gain, gastu ekonomiko izugarria suposatzen dio Gipuzkoako Aldundiari, bai bera egitea, bai bera mantentzea. Gainera, nahiz eta erraustegia ez eraiki, egin den kudeaketa eskasaren erruz, gipuzkoarrek berdin-berdin jarraitu beharko dute mailegu handiek beraiekin ekarri dituzten finantza produktu toxikoak ordaintzen (SWAPak). Hori dena gutxi ez balitz, naturarentzat, eta nola ez, gizakiarentzat kaltegarriak eta kutsakorrak diren teknikak erabiliko dira erraustegi honetan (eta erraustegi denetan, noski).

Datu hauek osotasunean ikusirik, oraindik PNV eta PSE alderdi politikoak erraustegi hau egitean tematuta jarraitzeak, gaizki pentsatzera darama pertsona. Horrenbeste kalte eta onura gutxi (apur horiek ere dudan jartzekoak dira) ekarriko duen proiektuarekin aurrera jarraitu nahi izateak usain txarra dauka. Ezkutuko interesen bat egon behar duela nahitaezkoa da. Eta horrelako kasuetan, interes ekonomikoak dira atzean daudenak. Ezin ahaztu dezakegu zaborren bilketa eta kudeaketa oso sektore aberasgarria dela, eta sektore horretan indar asko (gehienetarikoa) duen enpresetako bat FCC enpresa dela: ibex35aren parte den enpresa zinez indartsua, Koplowitz familiarena.

Ezkutuko interesei buruzko daturik ezean, ezin daiteke inor akusatu, argi dago. Baina ustelkeria eta interes ilunen susmoek hor jarraituko dute horrelako proiektu zentzugabeek aurrera jarraitzen duten bitartean. Ez du balio ahal den guztietan ahoa garapen jasangarri bezalako terminoekin betetzea eta aldi berean erraustegia bezalako natura kutsatzeko makinak eraikitzea. Jarrera hipokrita horiek salatzea beharrezkoa da, eta hori da bi artikulu hauen helburua.

One thought on “Zubietako Erraustegia, Gatazkaren Hasiera

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s