Home

camaras-despachos-politicos.jpg

Elkartzen

Aurrekontuak politika ekonomikoaren tresna kapitalismoaren zerbitzura

Aurrekontuak tresna nagusiak dira aberastasuna banatzeko, eta baita pertsona guztiei duintasunez bizitzeko behar dituen gutxieneko materialak bermatzeko ere. Horregatik, ezin ditugu utzi botere kapitalistaren eta haren alderdien esku aurrekontuen gaineko erabakiak. Aurrea hartu behar diogu egoerari eta jabetu aurrekontuez ari garenean zertaz ari garen: diru-bilketa egiteko moduaz, bildutakoa zertan gastatu erabakitzeaz eta prozesu hori nola egin eta nork erabakitzen duen aztertzeaz. Ez gara ari soilik gastuei buruz.

Pertsonok eta elkarte sozialek honako kontu hauekiko erabakitzeko ahalmena izan beharko genuke: zeintzuk diren beharrak eta zeintzuk lehentasunak, nola lortu dirua eta zer gastu egin behar diren eta zeintzuk ez. Hori guztia oinarritik eraiki beharra dago eta pertsonok protagonista aktiboak izan behar dugu: parte hartuz, erabakiz eta kontrabotere herritarra eratuz. Horregatik, zera eskatzen dugu: aurrekontu sozialak egiteko oinarri-oinarritik garatutako prozesu parte-hartzailea egitea. Herriak herritarrentzako egindako aurrekontuak nahi ditugu. Dirua sobera dago pertsonon oinarrizko behar materialak asetzeko eta badaude dirua bildu eta sortutako aberastasuna denon artean banatzeko bestelako moduak ere. Baina horretarako ekonomia herritarren gehiagoaren zerbitzura jarri beharra dago, ekonomia demokratizatu beharra dago, parte-hartzaile eta protagonista aktiboak izan behar gara erabakiak hartzeko eta gauzatzeko.

Egoera hau sortu duten horiek gure miseriaren lepotik bizitzen jarraitu nahi dute. Erregimen kapitalistaren kudeatzaile politikoek beren ugazaben (bankariak, eraikuntzako enpresak, multinazionalak…) interesei men egiten dien ereduaren alde egiten dute. Irabaziak egiten jarraitzen dute pertsonen eskubideen bizkar, murrizketa sozialak egiten jarraitzen dutelarik. Ez dago inolako borondaterik gehiago dutenek gehiago ordain dezaten, eta aberastasuna bana dezagun. Nahiago dute dirurik ez dagoela esatea eta langile zein herritar sektore zabalen bizi baldintzak erasotzen jarraitzea.

Urtez urte ari gara ikusten errentarik baxuenek bere gain hartzen dutela zergen pisu handiena. Krisia aitzakia besterik ez da kapitalak inposatutako egitura atzerakoiaren oinarrizko ezaugarriak gero eta gehiago indartzeko. Gero eta gehiago dira zeharkako zergak, mailakako elementurik ez dutenak (2016an %53,4, 2008an %46 baino ez), beraz, zerga gehienak langileek zein herritar sektoreek ordaintzen dituzte. Presio fiskalak Europako baxuenetakoa izaten jarraitzen du, hori dela-eta diru-bilketa txikia da. Guzti honi iruzur fiskalaren handiagotzea gehitu behar diogu (10.000 milioi euroetatik gora), ondasun handiek gozatzen duten inpunitatearen erakusle.

Diru-sarrera gutxiago izan arren, kupoa eta hitzarmena ordaintzen jarraitzen dugu. Madrili gero eta diru gehiago ordaintzen diogu bere zorra ordain dezan (gastu militarrak, jaso ez ditugun transferentziak, azpiegitura handiak…). Oro har, 2015ean kupoaren izenean Hego Euskal Herriak Madrili 1738,07 milioi euro ordaindu bazion, 2016an behin-behineko kopurua 1.746,97 milioi eurotako da.

Etengabeko pribatizazioez gain, publikotik ekimen pribaturako diru transferentzia eta alor guztietan ezartzen diren murrizketak, langabezia modu esponentzialean ari da gora egiten. Hortaz, horrek guzti horrek erakusten digu zein den egoera: klase herritarrak baztertu daude. Eta bazterketa hori AURREKONTUETATIK hasten da, lehen esan bezala hori baita politika ekonomikoa egiteko tresna nagusia, eta hor dago errenta soziala banatzeko eta “merkatuak” (edo kapitalismo harrapakariak) eragiten dituen bidegabekeriak leuntzeko gakoa.

Lan-baldintzak gero eta okerragoak direnez (prekarietatea, langabezia, malgutasuna, soldatak jaistea, pentsio txikiak…), beharrizanak ere gero eta gehiago izango dira. Gainera, egoera horri lotuta gero eta gaixotasun gehiago ari dira sortzen. Osasuna eta hezkuntza gutxika-gutxika pribatizatzen ari dira, sektore publikoa gero eta murritzagoa delako. Etxebizitza eskubidea ere askori ukatzen zaio, eta horrekin negozioa egiten jarraitzen dute bankuek eta eraikuntza enpresek (esplotazioa, diru-laguntzak, zergaarinketak, jendartearen aurkako legeak…). Gizarte prestazioak eta zerbitzuak ere gero eta murritzagoak dira, pribatizatu egiten dituzte eta gero eta baldintza zorrotzagoak bete behar dira zerbitzu horiek eskuratzeko. Kontuan hartu behar dugu, bestalde, zorpetzea masiboa dela eta, bai alor publikoan zein pribatuan, euskal arlo finantzarioa porrot egiteko arriskuan dagoela.

Hala ere, obra “faraonikoak” egiten (AHTa, SuperHegoa, SuperPortua, …) jarraitzen dute, zenbaiten poltsikoak betetzeko. Adibide esanguratsu bat: 2010 eta 2018 urteen artean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak AHTri bideratutako aurrekontua 2.570,74 milioikoa da; bitartean 2016an Etxebizitza Sailburuordetza guztiari 108,9 milioi dagokio, hau da, AHTn 8 urtetan eta etxebizitza politikan 25 urtetan gastatuko dena berdina da. Izan ere, hala azaldu daiteke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako (ez daukagu Nafarroako daturik) biztanleen %1,67k ondasun osoaren %44,78 kontrolatzea, biztanleen %8k hilabete osoa 500 euro baino gutxiagoko sarrerekin bizi behar duen bitartean eta biztanleen % 36,33 Pobreziaren Mugaren azpitik kokatzen den bitartean. Agian, lan egiteko garaian (16-64 urte bitartean) dauden pertsonen %30 erabateko pobrezian bizi izatea da daturik arriskutsuena.

2016ko aurrekontuek, hutsalak izateaz gain, alderdi politikoek aldarrikatzen dituzten helburuei ez diete eusten berriro ere

Zorraren pisua handitzeak hurrengo hamarkada osoaren benetako jendarte gastua baldintzatzea dakar, non kupoak, zorra ordaintzeak eta arlo publikoaren jarduera burokratikoek ia bildutako diru osoa eskuratuko baitute. Esan bezala, 2016rako Madrilek mila milioi euro baino gehiago jasoko du Euskadi Erkidegoko kupoak eta Nafarroako Foru Autonomiaren kontzertu ekonomikoa ordaintzeko; honi egun pairatzen ari garen gehiegizko zorpetzea gehitu behar diogu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zor publikoa 12 aldiz biderkatu da azken zazpi urteetan. 2016rako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zorraren karga finantzarioa 1.170,123 milioi eurotara helduko da (892 milioi diru-itzultze nagusia eta 278,13 milioi interesak). Soilik azkeneko bi urteetan, karga finantzarioa %43,6a igo da (2014ean 815 milioi ziren). Krisi garaiko murrizketek hezkuntza, Osakidetza eta etxebizitza bezalako sailetako diru sarreretan eragiten segitzen dute. Adibidez, 2016an Etxebizitza Sailburuordearen gastu orokorra (Administrazio Publikoaren pertsona eta jarduera gastu guztiak barne) 108,91 milioi eurokoa izango da, 2008an 204,33 milioikoa izan zenean (2016ko prezio konstantetan 224 milioi izango zirelarik). Benetako zenbakietan, 2008-2016 urte bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxebizitzetako gastua %51 murriztu da.

Osasungintzako gastua aurrekontuetako sailik handiena da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2016an 3.421,97 milioitakoa da, benetako gastuan %2,2ko murrizketa suposatzen duelarik 2008-2016 urte bitartean.

Hain da lotsagabea klase politikoa ezen esaten dutena ere bete izaten ez baitute. Legearen beharrezko dekretuak, urteko murrizketak, aurretik murriztutako aurrekontuen murrizketak… ikusten ditugu. Ondorioz, aurrekontuek, dokumentu bezala, galdu dute euren funtsa juridikoa eta antzu bilakatu dira. Gobernu desberdinek esaten digute aurrekontuak ahalik eta sozialenak direla; errealitatean, aurrekontuek adierazten digute euskal erakunde publikoek egiten duten jendarte gastu zuzena hondoratzen doala. Aurrekontuaren %70a gastu sozialera bideratzen dela, ez dagoela diru gehiago, garai hobeagoak etorriko direla bezalako esaldiak esaten hasiko zaizkigu. Euren komunikabideak erabiltzen dituzte gezurrak zabaltzeko, iruzur egiteko eta manipulatzeko. Aurrekontuan gastu fiskalak eta kupoa kontuan hartuta, 2016an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gastu soziala benetan aurrekontuaren %42a suposatzen du. Bada, jendartea babesteko aurrekontu guztiak alderatzen baditugu BPGrekin, Hego Euskal Herrian bere “hiritar”ren artean, beste herri batzuetan “hirugarren munduarentzako laguntza” den BPGren %0,7 baino askoz gutxiago gastatzen ari dela ikusiko dugu.

Prekarizazioari aurre egiteko, antolatzea eta borrokatzea beste aukerarik ez dugu

Egoera horren aurrean zera ozen esatea dagokigu:

Ez direla aurrekontu parte-hartzaileak egingo. Lehenik eta behin eztabaida eta balizko zuzenketak aurrekontuen atal bati egiten zaizkiolako bakarrik: gastuen aurrekontua. Eta horrek berebiziko garrantzia dauka, diru-sarreren atalak baldintzatzen baitu aurrekontuetan gastatu daitekeena. Bestalde, herritarrok eta eragile sozialok ezin dugulako aurrekontu dokumentuaren elaborazio eta eztabaidan parte hartu.

– Ez dela aberastasuna modu orekatuagoan banatuko, kapitalaren errentei, alokairuen errentei eta enpresa-irabaziei egiten zaion tratua berezia dela eta, iruzur fiskalarekin bukatzeko gelditasuna dela eta, politika sozialetan gastatzeko borondate eza dela eta… 2014, 2015 eta 2016ko aurrekontuetan DBE urtero %7a murriztu da (%21a orotara); defendatzen dugun Pobreziaren

Mugatik (BPGren %37,5 per capita) oso urrun dagoen prestazioa.

– Ez direla bermatuko oinarrizko eskubideak (etxebizitza izateko eskubidea izatea eta pobreziaren mugatik –lurraldeko BPG per capitaren %37,5– gorako diru-sarrerak izatea) ezta kalitatezko zerbitzu publiko sozialak bermatuko ere.

Beraz, premiazkoa da ekonomia demokratizatzea bizi dugun egoera prekarioari muga jartzeko. Eta premiazkoa da jendartea eraldatzea eta sistema ekonomiko berria gauzatzen joatea, jendarte osoaren onurarako.

Horregatik guztiagatik eskatzen dugu aurrekontuak egiteko eta erabakiak hartzeko parte hartu ahal izatea, pertsonok ditugun beharrizanei erantzuteko moduko aurrekontuak egin ditzagun. Horretarako, antolatu egin behar dugu, borrokatu eta agintariei gogorarazi eskubideak ez direla negoziatzen ezta hitzartzen ere, errespetatu egiten direla eta bitartekoak jartzea dagokiela horiek bermatuak izan daitezen. Beraz, herritar guztioi dei egiten dizuegu mobiliza zaitezten: atera kalera, mobilizatu eta egin borroka. Aurrekontuak parte-hartzaileak izan daitezen eta aberastasuna banatzeko balio dezaten.

BORROKATU ZURE ESKUBIDEEN ALDE!

EGIN AURRE PREKARIETATEARI!

JENDARTEA ERALDATU!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s