Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Oxandabaratz / Antinperialistak

Azken asteburuan Angela Davis mundu mailan ongi ezaguna den militantea izan dugu Euskal Herrian. Ez zen lehen aldia Angela Davis Euskal Herrian zegoen, 1963an Miarritzen egon baitzen ikasketa batzuk egiten. Alta, orduan bere ibilbide politikoa hasten ari zen ikasle gazte bat zen, gaur egun ordea, ezkerraren historiaren ikono bat da. Eta ez da lehen aldia ezta ere Euskal Herriak Angela Davisen alde parte-hartzen duela, 1971n ETAk idatzi hau plazaratu baitzuen, posizio marxista batetik noski. Ezin zen beste moduren batean egin, zian ere, orduan euskal herriko erresistentziako alderdi eta erakunde gehienak marxistak ziren, eta baita ere Angela Davisekiko nazioarteko kanpainaren izaera. Eta baita Angela Davis bera ere, militante komunista baitzen orduan, eta baita orain (gogora dezagun Alderdi Komunistaren aldetik AEBtako lehendakariorde posturako hautagaia izan zela bitan; eta Pantera Beltzen Alderdiak ere marxismo-leninismoa zuela iparrorratz gisa).

angela-davis-cpusa

Beraz, bai bere bizitza politikoari dagokionez eta bai nazioarteko proiekzioari dagokionez (Davisek berak esan du Bilbon bere gaztetako irudia “mundu mailako ikur bat dela”) bere iparrorratza (edo iparrorratzetako bat) komunismoa eta marxismoa izan dira. Lehenari dagokionez, AEBtako Alderdi Komunistaren aldetik lehendakariorde izateko hautagai izan zen bi hauteskundeetan. Bigarrenari dagokionez ezin daiteke uka bere aldeko kanpaina gehien egin zuten Estatuak Estatu sozialistak izan zirenik (SESBren eta AEDren inplikazioa hor egon zen; eta baita berak egindako lehen bisitaldia: Kubara).

angela-sesb

Egun, Angela Davis Euskal Herrian bigarren aldiz egon da, eta bere pentsaera eta bizipenak entzuteko aukera izan dugu. Ez da erraza izan behar halako ikono bat gurera ekartzea, eta bihoakie nire esker ona posible egin dutenei eta boluntario lana egin dutenei. Hala ere, ezin uka beste kontestu batean gaudela. Ideologikoki marxismoak ez du jada hainbesterainoko indarrik; bai 1991ko porrot politikoaren eta 1968ko ideologiaren gailentzearen ondoren (gero azalduko dugu hau). Eta halakoa izan da Angela Davisen hitzaldi-zikloan ikusi izan duguna, ideologikoki ere halako esanahia izan du.

Davisek berak aipatu izan du beretzat bere feminismoa, marxismoa, “belztasuna” eta borroka (barka bekit termino hoberik ez aurkitzea) bere bizitza politikoan elementu bereiztezinak izan direla. Hala ere, oro har, Euskal Herriko ziklo honetan, elementuetako bat gibeleratua izan da. Hain zuzen ere marxismoaz ari naiz. Marxismoak langile klasea ezartzen du iraultzaren subjektu gisa, eta historiaren (beraz, baita gaur eguneko egoeren) ibilbidea klase sozial ezberdinen arteko borroka gisa ikusten du. Hori horrela ezarriz gero, langile klasea da historiaren eta eraldaketaren subjektu, hau da politika iraultzailearen zentrua eta subjektua, eta langile klasearen independentzia politikoa bermatu behar da, hau baita erakunde iraultzaileek ordezkatzen duten klasea.

Marxismoa, izan bada, politikaren erdigunean dagoen ideia bat da, ez “aipagarri-apaingarri” moñoño bat, ezta ere iraganeko oroitzapen ederra. Marxismoa pentsamendu iraultzailea da eta baita ekintzarako-deia. Marxismoa politika integrala da, ez tresna analitikoa. Leninek esan bezala Marxen pentsamendua osoa da. “(Marxen) pentsamolde honen edukia iraultzailea zikiratzen, bere zorroztarri iraultzailea kamusten” bada jada ez da marxismoa, politikoki ezgaia baita, ez zatekeelako langile klasearen emantzipaziorako baliagarri. Hori hala delarik langile klasea da kapitalismoaren “luperatzaile” izango den subjektua.

img_20160207_1426201

Gaur egungo ezkerra (eta ez soilik Euskal Herrikoa), hein handi batean, 1968ko maiatzaren ondorengo da. Ez ditugu orain aipatuko 1968ko iraultzak kultur mailan ekarri dituen eraldaketak, baina ideologikoki, panorama okertzera ekarri du; hain zuzen ere, langile klasearen “subjektutasuna” multisektorialtasunean urtzera eraman du, eta beste alde batetik marxismo-leninismoaren teoria iraultzailean oinarrizkoa den boterearen teoria itzularazi egin du; hots, ezkerrean “ahultasunaren” konplexu bat txertatu du, non norbere burua definitzea edota norbere koherentziari heltzea emantzipazioa lortzea (hots, subjektu zanpatuek boterea lortzea, emantzipazioa zanpatzaileengandik boterea eraustea baita) baino garrantzitsuagoa den. Finean, “estrategia kolektiboa”, “norberekotasunaren bilaketagatik” ordeztu du.

1968ko iraultzaren ondoren sortutako ezkerrak, bere burua “ezker berritzat” duenak, hainbat mito zabaldu izan ditu “ezker zaharraren” inguruan, hots, marxismo klasikoaren inguruan. Adibidez, honek, langile klasean zentraturik, antikolonialismoa edota genero askapena “ahaztu” egin dituela (eta soilik 1968aren ondoren mahaigaineratu izan direla). Honek, pixkanaka, marxismoa “ez osatu” bezala, “zaharkitu” bezala, edota “erabilgaitz” bezala ezartzeko bidea zabaldu egin du. Baina dogma hauek ahaztu egiten dute marxismo klasikoak (hein bateraino Angela Davis berak ordezkatzen duenak, horregatik zen Alderdi Komunistako kidea) bi arlo hauetan, 1968 baino lehen, egindako ekarpenak: adibidez, gaur egun hain ezagun diren milizia kurduek baino lehenago SESBeko eta Jugoslaviako armada “stalinistek” ezarri zuten euren barnean emakumearen parekidetasuna (gauza ezezaguna dena gaur egun).

Euskal Herrian berriki izan den ziklo honetan, 1968aren itzal handiegia ikusi dut. Oro har, nago Davis beltza, Davis feminista, kartelen kontrako Davis ezagutu izan dugula, baina ez Davis marxista edo Davis komunista. Izan ere, azken hau ez da ia aipatu ere egin; “osagarri” gisa ez bada, bere baitako borroka, ideologia edo subjektu izan gabe.

Nik, marxista bezala nahi izango nuke Angela Davisen bisitaldi honek Euskal Herrian marxismoaren olatua pizteko eta marxismoaren gaurkotasuna azaleratzeko (ez “berreskuratzeko” marxismoak sekula ez baitu galdu bere gaurkotasuna) baliagarria izan dadin. Hala ere, horretarako, “ezker berriak” ezarritako zenbait dogmez askatu beharko dugu gure burua.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s