Home

1

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Irantzu Mendiola Saseta

Abian prozesuan ahalik eta eztabaidarik ireki eta eraginkorrena egiteko asmoz idatzi dira jarraian egiten diren zenbait ekarpen han. Urte luzeetan militantzian ari garen bizpairu lagun elkartu ostean osatu dira lerro hauek. Izan ere larritasunez jaso dugu Abian eko testu proposamena, testuak ez dugu uste gaur egungo oinarriaren gehiengoak hausnartu eta militantziak sentitzen duena jasotzen duenik, ezta ekarpen desberdinetan barnebiltzen dena ere isladaturik dagoenik, beraz testu proposamena atzera botatzea behar beharrezkoa dela deritzogu. Argudio zerrenda honen bitartez eztabaidari ateak ireki eta kritikari mugak kendu nahi zaizkio, herrietan lagungarri izan dadin eta hil hala bizikoa den une historiko hau behar bezala baliatu dezagun, zauriak ixten lagundu eta mugimendu iraultzailea den Ezker Abertzalearen barkua berbideratu dadin edo gutxienik aldaketa aski egin bide egokian jartzeko. Testuak zirrikitu asko baditu ere haietariko batzuk baino ez dira jorratu, gure iritzian garrantzizkoenak liratekeenak aurrera begira.

Azken urteetako bilakaeran, aurrera joateko zailtasun nabariak izan ditugu, beraz habitik irten eta ditugun aukera guztiak baliatzeko gai izan gaitezen eta mugimendu iraultzailea berriz ere abian jarri: Habianetik Abianera

1. Metodologia

-Testu proposamenean esaten da Ezker Abertzaleko eragile bakoitza izango dela ondoren bere kongresu edo dena delakoaren bitartez behin betiko erabakiak hartuko dituena. Ideia hau behin eta berriz azpimarratzen da testuan. Irizpide honek ateak zabalik uzten ditu sakonekoa den eztabaida honetan harturiko erabakiak ez daitezen gauzatu, edo bakoitzak bere modura interpretatu ditzan. Nola eta nork bermatuko du egiten diren proposamenak gauzatuko direla? Sakoneko eztabaida bada Ezker Abertzalearen estrategia eta egituraketaren gainean ematen ari dena, zergatik baldintzatu behar dute ondoren eragile bakoitzaren erabakiek, haiek, egiten ari garen eztabaida bera guztiz baldintzatuko badute.

-Kontutan hartuz azken urteetako eztabaidarik garrantzizkoena dela berau, garrantzitsua bezain estrategikoa, uste dugu denborak eztabaidaren arabera ezarri behar direla (denbora gehiago behar badugu eztabaidatzeko edo ez garelako behar beste jendearengana iritsi edo oraindik korapilo asko daudelako askatu gabe, hartu dezagun behar dugun tartea). Ezin ahaztu errepresioaren dinamikak eta azken urteetako ibilbideak eztabaidak behar bezala egiten ez digula utzi. Joka dezagun beraz prespektiba iraultzailez eta jakin dezagun geratu behar denean geratzen.

-Herriz herri egin beharreko eztabaidak garrantzia duten arren zergatik ezin ditugu gainerako herrietako iritziak entzun, jaso? Eta ez dut uste web gunetik jaitsi daitezkeen ekarpen zerrenda korapilotsu honek hutsune hori bete dezakeenik. Zergatik saihesten da nazio mailako batzar bat, testu bakarrean zergatik oinarritzen da eztabaida? Ez ote dugu eztabaida aberasteko bestelako metodologiarik sortu behar? Esaterako CUP ek burutu dituenak adierazgarriak direla uste dugu, eta enbidia sanoz bizi izan ditugu askok eta askok. Haietan, alternatiba desberdinen gainean posizionamendu agerikoak planteatu dira, bere arrazoiak eta posizio kontrajarriak plazaratuz. Abianen berriz testu berean bateko eta besteko iritziak bildu dira guztiekin kolax moduko bat osatuz, hotz bero moduko bat, ondoren interpretagarriak izateko bakoitzaren interesen arabera. Hitz egin dezagun behingoz argi eta garbi!

-Azkenik uste dugu eztabaida baldintzatzen duten elementu gehiegi daudela eta haien inguruan ere zer edo zer esatea badagokigula. Ezin dugu onartu eztabaida estrategiko baten erdian publikoki presoen kolektiboak egin beharrekoak esaten aritzea, epaiketa politikoen gaineko irakurketa kontra esankorrak helaraztea, EUDEL bezalako akordioak bultzatzea…

2. Balantzea

-Testuan aipatzen da EH bilduk zenbait akats egin edo freskotasuna galdu duela. Balantzea baina, askoz ezkorragoa dela deritzogu: ez dugu asmatu ez moduetan ezta edukietan ere instituziotatik bideraturiko gure proposamen politikoekin. Herri gutxi batzutan egin dena salbu, gestio hutsean geratu da gure egitasmoa, ezkerreko planteamendu argi baten faltan, ezarritako araudiak errespetatuz eta desobedientzia izprik gabe eta herri mugimendu edo herriko sektore antolatuekin elkarlanik bideratu gabe. Gaireakoan freskura edo akats batzuk baino ez balira gure itzalak, ez genuke hainbesteko erreferentzialtasunik galduko, ez genuke gero eta makurragoak diruditen prespektiba elektoralak izango.

-Mobilizazioei dagokionean kezkagarria dela deritzogu hain baikorrak diren adierazpenak egitea, egin dira bai manifestazio erraldoiak, haietan ere beherazko joera nabaria da baina eta maila lokalean, sozialean nahiz bestelakoetan asko jaitsi dira mobilizazio dinamikak eta batez ere kezkagarria dena, oso gazte gutxi bertaratu direla ekimen haietan.

-Behin eta berriz aipatzen da garai berrietan lehengo kultura politiko berarekin, lanabes zaharkituekin ari garela. Akats larria da urte hauetan zehar hainbeste zabaldu den barne kritika hau, izan ere, ez badugu identifikatzen lehen egindakotik zer dagoen ongi eta zer gaizki dikotomia absurdo batean eroriko gara, non, berria den oro ona den eta alderantziz.

-Behin eta berriz azpimarratzen da barne mailako demokrazia falta Ezker Abertzalean eta batez ere Sortun. Defizit hau agerikoa bada ere, uste dugu are larriagoa dela EAk mugimendu izaera galtzeaz gain, bere izaera desobediente, ezkerrekoa eta herri boterearen eraikuntza albo batera utzi izana.

3. Estrategia

-Prozesu Independentista Eraldatzaileaz aritzean, hainbat elementu teoriko interesgarri planteatzen badira ere, azken batean Euskal Bidean mugatzen da bere potentzialitatea, azken honetan EH bildu izanik erreferentzia nagusia. Beste behin ere, herrigintza, nazio eraikuntza eta gisa honetako terminoak aipatzen badira ere, behar beharrezkoak bestalde fase historiko honetan, instituzioengan uzten da pisu gehiena. Gainerakoan, herri boterearen artikulazioak, kaletik eta kalerako eraikiak pisu gehiago behar zukeen, bere denbora eta lehetasunekin, ongi definitua eta karril propio batean eraikia.

-Konfrontazio demokratikoa aipatzen da baina desobedientzia ez da inon ere agertzen,ezta desobedientziaren gaineko ezinbesteko hausnarketarik, ez eta bere estrategiaren garapen teorikorik. Eta bizi dugun abagune honetan ezinbestekoa da bere aktibazioa estatuak jarritako mugak gainditzen joan gaitezen unilateralki, lurraldetasuneko ezintasunak saihestuz, baina badirudi, konfrontazio demokratikoa erradikalizatzea ez dela lehentasun bezala sentitzen.

4. Egituraketa

-Oso modu agerikoan baztertzen da abanguardia lana, termino hau dirigismoarekin nahastuz eta duela hiru hamarkadako ereduekin konparatuz. Baina, terminologia edo konparaketa historiko interesatuez gain, uste dugu beharrezkoa dela edozein prozesu iraultzaileetan kuadro politikoz osaturiko eragile bat izatea, ipar estrategiko argia nahiz malgutasun taktiko aski izango duena eta noski, instituzio lanek itoko ez duena.

-Ez da barnebiltzen testuan herri mugimenduan militatzen dauden Ezker Abertzaleko kideentzat espazio bat sortzea, zubi lana egingo lukeena batera eta bestera, herri aktibazioruntz edo EA ko gainerako egituretara bideratuz kale dinamikak eta bertako gertaerak, behar izan nahiz hausnarketak.

-Argi eta garbi adierazten da Sorturena dela mugimenduaren zuzendaritza. Baina zein izango dira Sortuk beteko dituen funtzio guztiak? EA ko zuzendaritza bada zergatik ezin dugu Abian eztabaidan honetaz aritu eta banan bana zerrendatu izango dituen funtzioak eta ondorioz nola bete edo zein lehentasunekin hasiko den haiei erantzuten?

8 thoughts on “Habianetik Abianera

  1. Zentzurik al du Abianen egingo diren ekarpenekin blog sarrera bat egitea? Denok ditugu ekarpenak noski, baina hau ez dut ulertzen, ekarpen asko jende ugarik partekatuak dira azkenean.

  2. Prozesua gelditu zure ekarpena aztertu eta baloratu arte.
    Ondoren, onartutako dena mahaiaren gainean jarri.
    Beste batek(edo beste bizpairuk) eskatu ahal dute prozedura berri hori gelditu eta beraien ekarpena aztertu….
    Eta segi aurrera!

    • Ez dute prozesua gelditzeko eskatu. Tesi nagusiari Ezetz bozkatzea da planteatzen dutena. Hori denon artean bozkatuko dugu eta posibilitate bat da. Bai ala ez aukeratzea.

  3. Zuen testua irakurrita gauza asko eta askorekin ados nago, hori bai, gauza horietako asko azpitesien eremuan sartzen dira, ez tesi orokorrean.

    Demagun, Egituraketari buruzko puntuan aipatzen direnak ez doaz inondik inora tesi indapendentista eraldatzaile orokorraren kontra. Hau da, tesi orokorra onar dezaket eta bigarren bileran beste antolaketa eredu bat proposatu. Nik behintzat hori egingo dut.

  4. nik blog honetan ez dot abian prozesu barruan diskutidu behar direzen gauzataz diskutikduko
    eztabaida bakoitzak bere ezpazioa deko eta hau ez da Abian prozesuana
    ondo izan

  5. Ados mariorekin. Nik ere azpitesi gisa, bat egiten dut aipatzen diren gauza askorekin, tartean, bat egiten dut antolaketaz. Baina uste dut, hasiera aipatzen den gauza bat ez legokeela gaizki, ez Sortu, ez Lab ezta Ernairi aplikatuta, alegia, Abianen erabakitzen denaren jarraipen batzorde edo batzorde betearazle bat ere egon beharko litzatekeela, bestela gero bakoitzak bere markoan ohitura handia dugun “salbuespen” arauen eta irizpideen arabera eginen direlako gauzak, bukaeran “salbuespen” gisa hartutako erabaki hori irizpide orokor izan arte.

  6. Nik ere uste dut azpi-tesien inguruan ari zarela eztabaidatzen eta beraz bigarren batzarrean aukera dagoela horren inguruan hitz egin eta proposamen alternatiboak egiteko. Hala ere txostenari ezetz esateko eskubide osoa dago.

    Bestetik antolakuntzaren inguruan aipatu duzue, gauza asko ondorenerako uzten direla eta ea nork bermatzen duen. Horren aurren aipamen: 1-eredu organizatiboa da mahaigainean jartzen dena. Behin hori eztabaidatuta bakoitzari dagokio bere prozesuan zehaztapenak egitea, Abianen erabaki behar da eredu sindikala zehazki nolakoa izango den eta LAB nola egituratu? Abianen erabaki behar da kolektiboa zer izango den? nik uste dut ezetz. sorturen kasuan aldiz berau izango bada ezker abertzalea dinamizatuko duen antolakundea guztioi dagokigu horri buruzko erabakiak hartzea eta beraz guztiok parte hartu behar dugu sorturen kongresu prozesuan. 2-Bermearen inguruan nik ere zalantzak ditut. Nork bermatzen du abianekoa martxan jartzen dela? komentarioren batean proposatu da bestelako batzorde bat eratzea ere, baina nork bermatuko luke batzorde horrek bere lana ongi beteko lukeela? arazoa berdina da. konfiantza falta (arrazoitua hein handi batean). Benetako bermea militantzia izango da, bai abian ongi egiteko eta baita gero sorturen kongresutik norabide egokia eta aldaketa egokiak egiteko.

    Azkenik, herrigintzari baino instituzioetara begira dagoela esan da. Ez dakit txosten bera irakurri dugun. Nik uste herrigintza erdigunean jartzen dela, atal propio bat izateak tesia herrigintzatik ardazteko asmoa erakusten du behintzat. Hori bai euskal bideaz zer dioen, gaur egun zer den eta zer izan beharko litzatekeen kezka handiak ditut.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s