Home

martxoak8

Euskal Herriko koordinadora feminista

Elkarrekín, askotarikoak, saretuak

Emakumeok saretu egin gara, altxatu eta aliatu egin gara, eta horretan segituko dugu. Askotarikoak gara, hemengo eta hangoak. Sareak josi ditugu sistema patriarkalak gure bizitzetan eta gorputzetan ezartzen duen indarkeriatik libra gaitezen. Badakigu aniztasuna aberastasuna dela, guztion onerako dela; beharrezkoa da, beraz, feministok elkarbizitza, elkartasun eta aitortzaren gainean eraikitzea desio dugun askotariko Euskal Herria.

Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala

Urteak daramatzagu krisian, eta ekonomia ez ezik, sistema osoa dago krisialdian (ekologia, zaintzak, elikadura, behartutako migrazioa,..); eskubideen galera eta ezberdintasunen areagotzea askoz ere makurragoak izaten dira emakumeon kasuan: soldaten arteko aldeak, lanaldi erdirako postuek, kontziliazioak, pobreziak eta prekarietateak andreon aurpegia dute. Ekonomia kapitalistak gizarte-zerbitzuak murrizten ditu, eta anker jokatzen du gurekin, prestigiorik gabeko lanak, zaintzak eta, ondorioz, sistemak etenik gabe erasotzen duen bizitzaren iraunkortasuna bera gure gain utziz. Aurrerantz ihes egitea da sistema neoliberalaren eta horri eusten dioten gobemuen -EAJrena tarteko- erantzun bakarra: ihes egitea, kapitalaren onura eta pertsonen kaltea baino ez dakarten merkataritza librerako hitzarrnenen (TTlP), Ian-erreformen eta pribatizazioen bidez.

Horregatik, haien ihesaldien aurrean, beharrezkoa da logika kapitalista eraldatzea, pertsonak eta natura nola esportatu eta esplotatu pentsatzeari uztea eta bizitzaren iraunkortasuna nola bermatuko dugun pentsatzen hastea. Geldiarazi egin behar dugu enpresa erraldoien boterea; esplotazioaren eta indarkeriaren aurrean, elkartasunean, autogestioan eta babes-sareetan oinarritu behar dugu, kapitalak eta merkatuek aurrera egiten segitzea ekidingo badugu.

Bakerik ez emakumeontzat

Garai iluna bizi dugu: gerra eta militarizazioa planeta suntsitzen ari diren garaia. Egoera honetan, emakumeon gorputzak hondatzen eta bortxatzen dituzte, eta gerrarako armatzat erabili. Gaur eta hemen, emakume kurduen borroka ekarri nahi dugu gogora. Haien herritik irten zen, orain urtebete, Emakumeen Mundu Martxako karabana, beren gorputz eta lurraldeen autodeterminazioaren alde borrokatzen diren andre kurduei babesa erakuste aldera. Geroztik, Turkiako Gobemuak are gogorrago jo du herri kurduaren kontrako erasora. Gogoan izan nahi genituzke, bereziki, urtarrilaren 4an polizia turkiarrak erail zituen hiru aktibistak; tartean, Mundu Martxako antolatzaile Séve Demirr. Era berean, Bertha Caceresen erailketa ere salatu nahi dugu, giza, herri indigena, nekazari eta emakumeen eskudideen aldeko defendatzaile amorratua izan dena.

Ezin dugu beste alde batera begira segitu, noiz eta Europa inoiz bizi izan duen krisi humanitario gordinena jasaten ari denean, agintariek harresiak baino babesten ez dituztenean eta politika arrazistak ezartzen dituztenean, maiz, emakumeok eta sexu-erasoak aitzakia hartuta. Behartutako migratzaileek, hala tratatzen ez baditugu ere errefuxiatu politiko esaten diegun emakume horiek, muturreko indarkeria pairatzen dute gerratik ihesean, beren burua eskaintzaile onenari salduta, esklabo bihurtuta edo militarrek, mafiek eta gizonezko errefuxiatuek bortxatuta. Eta, zeresanik ez baliabiderik ez dutelako eta dena delakoagatik gatazkaren erdian geratzea baino ez duten horiez.

Gerra ankertu egiten da emakumeekin. Dena den, bakea ez da lortzen indarkeria hori, alegia, gatazka arrnatua desagerrarazita soilik. Euskal Herrian ikus dezakegu hori: hemen ustezko bake eta norrnalizazio politikorako prozesu batean bizi gara, baina hitz egin al dezakegu benetako bakeaz? Emakumeon eskubideak sistematikoki urratzen dituzte, eraso egiten digute eta erail egiten gaituzte. Hori kontuan hartuta, hemen ez dugu bakerik.

Feministok iraultzarako prest

Jakin badakigu indarkeria matxista ez dela kolpe eta hilketak soilik, badakigu estrukturala dela. Sistema jakin batean oinarritzen da; hain zuzen ere, emakumeok beldurra izateko sozializatzen gaituen eta gure gorputzak ahul eta gizonezkoenak oldarkor jotzen dituen sistema batean. Indarkeria matxista ez dago isolatuta, sistemaren era askotako indarkeriei lotuta baizik. Hori dela eta, Mugimendu Feministak bere hastapenetatik egin du borroka sistema patriarkal eta kapitalistaren eta haren adierazpen ororen kontra, izan emakumeen probrezia, arrazakeria, indarkeria matxista, heterosexismoa, eurozentrismoa, esklabotza edo inperialismoa. Gizartearen mobilizazioaren bidez egin du, eragile eta politikariak interpelatuz eta neurriak exijituz.

Guk argi daukagu: gure bizitzen eta erabakien protagonista izaten jarraituko dugu. Gizartea eraldatzen segituko dugu. Eta elkarrekin, aliatuta eta saretuta egingo dugu hori, Euskal Herriko Mugimendu Feminista batuta eta irau1tzarako prest baitago! Horregatik, martxoaren 8aren ondoren, beste hitzordu bat daukagu apirilaren 9an: Gasteizko manifestazio nazionala. “11 eraso, 12 erantzun, feministok prest” lelopean hartuko dugu kalea, eta elkarrekin erantzungo diogu indarkeria sexistari.

Hau ez da gure bakea! Feminismoak egingo gaitu herri

Euskal Herriko Bilgune Feminista

400-1457341126-TXIKIA_M8

Bake hitza izan dugu hizpide azken urte hauetan Euskal Herrian. Nahiz eta jada diskurtso politiko hegemonikoetan, bakea, segurtasunagatik ordezkatu duten agintari politikoek. Bakea ez da soilik zuzeneko indarkeriarik edo gerrarik gabeko egoera. Feministok, bakea: giza eskubideekin, garapen sozialarekin eta naturarekiko errespetuarekin lotutako epe ertain eta luzeko prozesu konplexu gisa ulertzen dugu. Gureak bailiran hartu ditugu zenbait gerra, nahiz eta ez gaituzten kontuan hartu. Horrela, arazo handiak behin konponduta, soluzio-bidean jarriko zirelakoan geunden. Baina ez dugu konfiantzarik jada, ez baitago horretarako borondaterik. Normalizazio prozesua bizi dugula Euskal Herrian dioskute. Patriarkatuaren funtzionamendu “baketsua” alegia? Baina emakumeok ez gara “bakean” bizi, ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, erailketak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren gurean. Ez dugu patriarkatuaren bakean sinesten, herritarron ahalduntze, eta herria eraiki eta antolatzeko bide feminista aukeratzen dugu.

Krisi hitzaz han-hemenka dihardugu azken bolada luzean. Grezieraz aukera esan nahi du “krisiak” eta gu aldaketaren aukera, eta berau norabidetzean berresten gara. Euskal Herriaren burujabetza feministaren bidean, alegia. Honek oinarri izan behar ditu: burujabetza indibidual eta kolektiboa, eta feminismoa noski. Burujabetza feminista ordea, ez dugu egoera ideal, estatiko eta mugiezin baten gisara irudikatzen, prozesu dinamiko eta momenturo aldakorra izango den ipar moduan baizik. Etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko norabidea, eztabaida sozial anitzen ondorioz zehazten joango gara. Prozesu honek egingo gaitu herri.

Horretarako, estrategia kolektibo feminista bat osatzeko apustuari heldu behar diogu. Batetik, Euskal Herria osatzen dugun subjektuon burujabetza bultzatuko duen ahalduntzea hezur mamitzeko, gorputzak (emozio, desirak, beharrak, pentsamenduak) eta harremanak eraldaketa prozesuaren erdigunean jarriko dituena. Eta bestetik, komunitatearen sorrera, herrigintzan, herritarron parte hartzean, Euskal Herriaren askapen prozesu eta gatazken konponbidean eragiten duen ahalduntze prozesua ere behar beharrezkoa dugu, gutasunak egiten gaituelako libre.

Bide orri hau, gaur egun existitzen diren zapalkuntza anitzak gainditzeko bidean ulertzen dugu guk, Euskal feminismoak eman digun zapalkuntza hirukoitzaren (sexu-genero, klase eta kultura zapalkuntzak) ikuspegiaren aitortzatik, intersekzionalitatearen norabidean.

Beraz, baimenik eta barkamenik eskatu gabe, euskal feministok bagoaz! Euskal Herrian burujabetza feminista eraikitzeko feministok kalean kontra-boterea artikulatzearekin batera, boterearen jabe izan behar dugu. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta intzidentzia irabaztea dela ulertzen dugu, mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko. Honez gain, botere hartzea ahalduntze pertsonal eta kolektiboarekin ere lotzen dugu. Horretarako, Mugimendu Feministaren aitortza politikoa lortu behar dugu, lidergo feminista bat osatuz eta botere guneak irabaziz. Hau epe motzean lortu dezakegu aliantza eta estrategia komunak ezarriz gero, eta Euskal Herrian feminismotik eragingo duen gune feminista iraunkorra osatuz.

Eta bidean, feminismoak, herritarron ahalduntze kolektiboaz, egingo gaitu herri. Demokrazia erradikala, parte hartzea, gatazken kudeaketa negoziaketaren bitartez, justizia sozialaren alde aliantza anitzak xaxatuz, alternatibak eraiki eta saretuz, eta aniztasunean oinarritutako Euskal Herria sortuz. Erronka handiak ditugu euskal feministok eskuartean, baina museko partida honetan handira jokatzeko tenorean gaude. Enbidoari hordagoa!

Feminismoak egingo gaitu herri!

Hau ez da gure bakea!

4 thoughts on “Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala

  1. Abangoardismo usaina, ‘autogestioz’ mozorraturiko demokratismoa, eta diskurtsoaren eta errealitatearen ordenazio autoritarioa. Hori da testu honen laburpena.

    ‘euskal feministok bagoaz!’…nora zoazte? Baina orduan nora ez goaz ‘euskal feministak’ ezizena onartu nahi ez dugunok? eta are gehiago, nork definitzen du ‘euskal feministon’ helmuga? Nork idazten du testu hau, eta zenbaten izenean hitz egiten du?

    Ikus hurrengoa: “Demokrazia erradikala, parte hartzea, gatazken kudeaketa negoziaketaren bitartez, justizia sozialaren alde aliantza anitzak xaxatuz, alternatibak eraiki eta saretuz, eta aniztasunean oinarritutako Euskal Herria sortuz.”

    Zein da ‘Euskal feminismoaren’ eta Sorturen arteko proiektuaren ezberdintasuna orduan? Sorturen proiektu eta ikuspegi burges eta itxiaren pare joan behar al du genero borrokak? Ni behintzat ez nago horrekin ados.

    Mundu osoko herri mugimenduaren milaka kolektibok eta pertsonek osaturiko analisi, eduki, eta borroka esparrua ‘bere’ egin, hori da edozein abangoardismoren jarrera, ezker abertzale berriarena zein bere oinarri ‘feministarena’. Eskuarki, populismo progre mundialarena.

    Nire ustez gereno zapalkuntzaren aurkako borroka ez da soilik emakumeon jabegoa, baina oraindik gutxiago ‘euskal feminismoarena’, eta are gutxiago bere buru diren idazle liderren ehiza kontzeptual eremua. Aske izan nahi dugun mugimendu antikapitalista osoaren borroka eta lan esparruetariko bat da genero borroka.

    Genero zapalkuntzaren analisiak ezin du azaldu zergatik diren hodeiak sortzen, zergatik eguzkia geure sistemaren erdigunean dagoen, zein den gizakiaren eboluzioaren klabea, eta ezin du ere azaldu zertan datzan esplotazio kapitalista, izanik, den moduan, esplotazio horren ondorioetako bat, eta ez kausa. Horregatik borroka antikapitalistaren atal bat da, eta ez alderantziz, borroka antikapitalista feminismoaren atal bat. Baina feminismo ‘berriak’, bere diskurtso metafisikoarekin, bere osotasunaren azalpenekin, bi ondorio izan ditu: borroka femnistaren eta kapitalaren kontrako borrokaren, bien desitxuraketa eta nahasmena aldi berean.

    Gizarte honetan gizonezkoak zein emakumezkoak dira matxistak. Etorkinak ere dira arrazistak, ikus espainol etorkinek orain zelan begiratzen dituzten etorkin berriak. Langileak enpresariak baino iraultzaileagoak ez diren moduan, langileriaren subjetibitate eredua kapitalistarena da, eta horrela ere emakumezkoaren subjetibitate eredua gizonkezkoarena hein batean, eta kolonizatuarena kolonoarena askotan, arraza zanpatuak arraza zanpatzailearenak (obama). Ondorioz, subjetibitate iraultzaileak ezin du izan oinarrian analisi modu fisiologiko, erredukzionista edo metafisikorik. Are gutxiago identifika daitezke sujetu iraultzaileak determinismo generikoz. Pertsona iraultzaileek egiten dute iraultza, eta iraultzaren parte diren borroken sujetu pertsona guztiak dira, euren genero, arraza, jatorri, posizio sozial, etnia, edo mutazio ororen gainetik. Borondate iraultzaileak eta zapalkuntzaren ulermenak ezartzen dituzte pertsona iraultzailearen baldintzak, hor dago sujetu iraultzailea.
    Sektarismoa eta errepresentazionismoa, zein lidergo nahiek ez dute zerikusirik kapitalaren eta bere dominazio mota guztien aurkako borrokarekin. Guztiz kontrara. Ondorioz, euskal feminismoaren moda honek ez dauka zerikusirik kapitalaren kontrako borrokarekin, baizik eta ezker abertzalearen estatu proiektu progre-arekin. Are gehiago, estatismo populistaren atal bat besterik ez da, ez daukalako oinarrian merkantziaren formaren, balio formen eta kapitalaren analisi sakonik, baizik neoliberalismoaren aurkako populismo ezkertiarraren irakurketa sinplea.

    Betidanik izan du abangoardismoak ‘ismo’ izenez bere burua izendatuz borroka esparru ezberdinak indarkeria isilez bereganatzeko joera. Hori da pertsona autoritarioek egiten dutena, euren politika egiteko modua. Kapitalaren aurrean mundu berri bat eraiki nahi dugunon, eta orotara kapitalaren genero aurpegiaren aurrean borroka erradikala garatu nahi dugunon puntutik oso aldenduriko testua aurkezten digute ‘koordinadora’koek.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s