Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Arabako sagartxo gorria
Publikatu diren Abian prozesuaren txostenari egindako ekarpen interesgarriak irakurtzen egon garen honetan joera arriskutsua nabaritu dugu. Imajinatzen duzue iraultzailerik kapitalismoa instituzio burgesetatik gainditu daitekeela aitortzen duenik?
Txostenean sakonean sartu gabe, non posmodernismoaren joera desberdinak jasotzen diren, subjektu anitzen teoriatik gidaritzaren tutoretzapeko ukazioraino, puntu batetan jarri nahiko genuke begia: aurreko saioetan bezala “ezker abertzalea” izendapenaren definizio eza da nagusi.
Denbora da zorabio teknikari ekin ziotenik. Arnaldo Otegik martxoaren 5ean Eusko Alkartasuna ezker abertzaletik kanpo kokatu zuen. “Bateragune” auziko epaiketaren audioan, ordea, ezker abertzalearen barnean sartzen direla entzuten da. Ezker abertzalea espazio soziologiko zabal moduan definitu zuen hartakoan. Oraingoan ez dakigu zer den: Sortu-LAB-Ernaik osatzen duten egitura, ala aipatu espazio soziologikoa. Eta gaude batzuetan bata dela; besteetan bestea. Ezker abertzalea, azken finean, espazio mistiko bat da, bere epika guztiarekin, forma horretan betetzen duelako hobekien bere funtzio gaurkotua: ezagugaitza zaigun jainkoaren handitasuna.
Ezker abertzalea ezin da ez Alderdi-Sindikatu-Gazte Antolakunde bat izan, hori gutxiegi litzaioke handitasunaren irudiari. Hori baino gehiago izan behar da, batzuetan, egoerak behartzen duenean, murriztu behar bada ere: nahiago hala moduz estalitako kontraesana borrokaren bidez gainditutakoa baino. Mistika eta hirukoteak osatutako egitura errealaren arteko kontraesanean lokaztuta zalantza izan dadila salbatzaile.
Jainkoaren agindua betetzea dagokigu, beraz. Eta Jainkoak batuta nahi gintuen, hari gurtza egiten jarraitzeko. Jainkoa gizakiak asmatu zuen, ordea. Zatitzaileen aurkako biblia bilakatu da ezker abertzalea, inbokatzen den botere mistikoa. Baina inork ez al du arnasa hartuko eta zatitzailea seinalatuko? Inork ez al du zer zatitzen ari ote den aztertuko?
Ezker abertzalea zatitu nahian ari direla esango du gehiengo batek. Baina zein ezker abertzaleri buruz ari gara? Egitura formala ala espazio soziologikoaz? Nola zatitzen da espazio soziologiko bat?
Egitura bat zatitzeko beste egitura bat osatzea besterik ez dago. Espazio soziologikoa zatitzeko egitura berri bat osatu nahi dutenak erasotzea bezalakorik ez da, giroa gaiztotzea, militanteak seinalatzea eta boikotari ekitea. Horrela bai, horrela lor liteke pitzadura soziala ematea.
Iraultzaile batek sekula ez luke garaipenik ikusiko instituzioetan. Instituzioetan irabaziko balu ez litzateke iraultzailea izango, garaipena desberdin ikusten ariko litzatekeelako, botoen gehiengoa lortu badu ere. Demokrazia burgesa ez da sozialismoaren garaipenerako aurrebaldintza.
Ezker abertzalea klaseartekoa dela esaten denero zein ezker abertzalez ari garen argitu beharko genuke. Espazio soziologiko zabala, ala egitura konkretua, dinamizatzaile omen dena. Klasearteko espazio soziologikoa egitura politiko desberdinek, haien independentziatik, praxi politikoaren bidez konfiguratutako espazio kulturala izan daiteke. Klasearteko egitura politikoa, ordea, egitura sozialdemokrata da, kontraesanen oreka bilatzen duen burgesia txikiaren forma politikoa. Marxistek ezin dute egitura horren funtzionamendua onartuz egitura hori aldatzeko aspiraziorik izan. Hau da: marxisten politikarako aurrebaldintza egitura politiko marxista da, ez beste klase interes batzuen zerbitzura dagoen egitura politikoaren konkista demokratikoa. Egitura berri horren sorkuntza aldebakarrekoa izan behar da; gero gerokoak. Eta geroko horietan, seguru asko, irakaspen batetara helduko ginateke: hasieran zatiketa moduan ikusi zena, ondoren askapen mugimenduari egindako ekarpen ausartena izan zela, korapiloa askatu eta indarra eman ziona.
Atzera bueltatuz, egitura politiko berriaren sorkuntzaren ezinbesteko pauso hori saihesteko ezker abertzalea inbokatzen dutenen joko bikoitza argitu beharrean gaude: egitura berri batek ez du ezker abertzalea espazio soziologiko moduan zatituko, ukazioaren bidean daudenek boikota eta joko zikina erabiltzeari uzten badiote. Kontraesanak eragingo ditu Sorturen baitan, ez dena batere mistikoa, oso egitura konkretua baizik, klase interes konkretuen barreiatzaile. Eta kontraesanak aurrera egiteko ezinbestekoak dira, ezta?
Egitura berri batek langileria ahaldundu behar du, bere interes politikoen erreferente eta berauek erdiesteko tresna izan behar da. Hori ez dago negoziatzerik. Horren ostean, behar beste. Bitartean, guk argi daukagu zeintzuk diren ezker abertzalea zatitzen duten jarrerak.
Aurrera independentzia eta sozialismoa eraiki arte!
Pingback-a: ABIAN (2) – LUCHA INTERNA. | Aberriberri bloga