Home

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Xorroxin Irratia

Ospatzeko, goizeko 11etatik aitzinet irratsaio berezi bat eginen dugu, entzuleen artean egindako inkesta, elkarrizketak, zuzeneko musika…

Ospatu gurekin Xorroxin Irratiaren 35. urteurrena.

XORROXIN IRRATIAREN IBILBIDEA-GAUR EGUNGO EGOERA

1981eko martxoaren 19an Xorroxin Irratia uhin bidez emititzen hasi zen, Erratzuko eskola zaharretik. Larunbatean, 35 urte beteko ditu.

Herriak sorturiko irratiak herriaren sostenguari esker jarraitzen du Baztan, Bertizarana, Malerreka, Bortziriak, Urdazubi eta Zugarramurdiko herritarren belarriak goxatzen. Urte guzti hauetan kontaezinak izan dira Xorroxin Irratiaren laguntzaile, kolaboratzaile, partehartzaileak…Herritarrak dira Xorroxin Irratiaren benetako hauspoa.

35 urte hauetan, aunitz aldatu da jendartea, eta aunitz aldatu da irratigintza oro har, baita Xorroxin Irratia ere. Erratzun hasi zuen bere ibilbidea eta egoítza desberdinak ezagutu ondotik, Elizondon eta Lesakan finkatuta dituen estudioetatik hedatzen du bere seinalea. 3 irrati-lizentzia ere baditu, Elizondo, Bera eta Lesakan.

Lagun batzuk hasi ziren irratiarekin eta geroztik urtez-urte aunitz garatu da irratia. Profesionalizazio prozesuaren ondotik, 10 langile izatera ailegatu zen bere garai hoberenean (ekonomiari dagokionean bederen). Gaur egun 7 langile ari dira soldatapean, 4 lanaldi osoarekin eta 3 lanaldi murriztuarekin. Hauez gain, hamarnaka laguntzaile eta kolaboratzaile ditu.

35 urte hauetan Xorroxin Irratiak eskualdean entzuleendako erreferente izatea lortu du, horren erakusgarri, 2015ean Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak egindako audientzia neurketa. Honen arabera, gure eskualdean (22.500 biztanle ditu) 16 urtetik goitiko 6.680 entzule ditu Xorroxin Irratiak.

Aldaketa aunitz jasan ditu irratiak, egoítza aldaketak, profesionalizazioa, digitalizazioa,…garai zailak eta hobeak. Gaur egun, errate baterako, nahiz eta masa soziala baduen, nahiz eta entzulego fina izan, Xorroxin Irratia ekonomikoki ez dago bere onenean. Erakundeetatik jasotako dirulaguntzak eten edo nabarmen murriztu dira eta ondorioz, duela 4 urte langileek jasotzen zuten soldata berez murritza, %15 gehiago murriztu zen. Hau ez zen nahikoa izan irratiaren bideragarritasuna bermatzeko, hortaz, aurten 3. urtez jarraian Xorroxin Irratiko langileak enplegu erregulazio espedientepean daude.

Oztopoak eta zailtasunak gorabehera, Xorroxin Irratia ez da inoiz bakarrik egon. Entzuleak, herritarrak beti laguntzeko prest agertu dira.

Zailtasun ekonomikoak gainditze aldera, iaz laguntzaile kanpaina bat abiatu zuen irratiak, astean euro bat baino guttiago izeneko kanpaina. Urtean 50 euro emateko prest agertu zen jende aunitz, nahiz eta oraindik gehiago behar dituen Xorroxin Irratiak eguneroko jarduna duintasunez garatzeko.

Nafarroa iparraldeko irla honetatik badu Xorroxin Irratiak Euskal Herriarekiko loturarik ere. Arrosa sarean partaide da, baita Tokikomeko bazkide ere. Bide horretan, etorkizunera begira (oraina ahaztu gabe) erran.eus agerkari digitala garatu du Xorroxin Irratiak Ttipì-ttapa aldizkariarekin batera. Irratia on-line entzuteko aukera eta zintzilikatutako elkarrizketak entzuteko aukera eskaintzen du, bertzeak bertze. Berriki, gainera, gailu mugikorretarako app-a eskuragarri dago jada.

Dena den, negar egin baino, alai agertzeko arrazoiak baditu Xorroxin Irratiak. 35 urte. Bada zerbait. Gazte segitzen du, aitzinet egiteko gogoz, ilusioz, eta indarrez dago.

ZORIONAK Xorroxin Irratia!
ZORIONAK DENEI! LAGUNTZAILE, KOLABORATZAILE, ENTZULE…

#Xorroxin35

http://erran.eus/irratia/
@xorroxinirratia
https://www.facebook.com/xorroxin.irratia

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s