Home

abian13

Aportazioaren egileak: Bidasoaldeko Izokin Gorriak

Jarraian datorren testua harrapaladan idatziriko testu bat da. Abian prozesuko bigarren batzarraren ostean, beroaldian, eta han hemenka edukitako hizketaldiak batuz osaturikoa. Akaso gutxirako balioko du, alde batetik prozesuak berak hartu duen norabideagatik eta bestetik nahiko aurreratua dagoelako. Hala ere, Euskal Herriko hainbat herri sektore hausnarketa ariketa batean murgiltzen siatzen ari garen momentu honetan, uste dugu, hemen datozen idei batzuk hausnarketa horretan sakontzen laguntzeko baliagarriak izan daitezkeela.

Bestetik, idatzia ez da hemendakin bezala plnateatu. Goian esan bezala, prozesuak hartu duen norabidearen jakitu gara -bertan parte hartzen ari garelako-, eta hortaz, hemen datorrena, gure apustu ideal baino, iada Abian-ek markatzen dituen mugen baitan kokagarria den proposamen bat da. Praktizismoaren eta utopismoaren tentsio zailean, bigarrenaren gertuago kokatu nahi bada ere, egun ezker abertzalea osatzen duten planteamenduetatik ez du gehiegi urrundu nahi, ematen ari den eztabaidan erbilgarri izateko. Horrela, datorren idatzia Autoeraketa komunitarioa zatitxoari gehigarri, luzapen edota zehaztapen bezala ikusten dugu. Guk gure herrian euskararen gehigarriarekin egin bezala, norbaitek bere herriko batzarrean planteatzeko testua dela iritzi badu, egin dezala noski, horretarako da eta. On egin!

Bestetik ezin dugu uka, egungo euskal jendarteean hezur muineraino dagoela logika kapitalista sartuta. Gure herrian ere, lan indar salerosketa asimetrikoan -bortxazkoan- oinarrituriko esparrua da -lan mundua bezala ezagutua- estatus soziala, bizi baldintza minimoak, identifikazio indibidual eta kolektiboa lortzeko bide nagusia. Geure izate indibidual eta soziala, kontzientzia eta botere harremanen konfigurazioa lan esplotazioaren prozesu etengabeetan egikaritzen da nagusiki. Neurri berean, esparru horietatik at ematen diren giza harreman eta ekintzak desbalorizatu egiten dira1 Horrela, nahiz eta logika kapitalistak guztiz zeharkaturik gabeko istituzio gutxi batzuk mantendu -eta sortu- ezin dugu ariketa auttokonplaziente batean erori.2 Objektiboki -elementu materialen funtzionamendu konkretua- zein subjektiboki -jendearen autoperzepzioa- Euskal Herria, haragi, arima, lur eta hormigoi herrialde gero eta kapitalistago bat da.
Herri hontako herritarron gehingo handiak, ez dugu bere lan baldintzen gaieneko inolako kontrolik, nahiz eta gure lana prozesu kolektiboa den, bizi dugun testuinguru material eta ideala osatzen duena. Ukitzen dugun mundua gure lanaren ondorio bada ere, langileok errealitate horren gainean dugun kontzientzia hutsala da; harreman ez-zuzenez erlazionaturik, elkarrekiko indiferentzian murgildurik gaudelako3 Herritarrok ez dugu modurik, gure nahiak eta beharrak asetzeko beharrezko diren elementuak ekoizteko prozesuan erabakiak hartzerik, merkatuaren bitartez, era ez zuzen batean harremantzen garelako. Horrela, inpotentzia nagusitzen da gure artean, ekonomia kontrolik gabeko lurrikara jainkotiar bezala agertzeraino. Jendarte txiro zein aberatsek, beren etorkizuna
halabeharrezko aberastasun metaketa bultzatzen duten merkatuei loturik, beren etorkizunaren gaineko kontrol osoa galdu dute. Istituzioa politikoak, ekonomia kapitalistaren gatibu, kanon estetiko batzuen baitako eszenifikazio leku bilakatzen dira askotan, erabaki gaitasun urriko botere guneak. Politika, jendartean ematen diren interes talkak gauzatu eta indar korrelazioen baitan erabakiak hartzeko gune istituzional-formal bezala ulertzen badugu, onartu beharko dugu, kapitalismoak politika kimera bilakatu duela. Politikaren kontzepzio erradikala, bizitza erbakitzeko botere gune bezala, herri borrokak bakarrik berpiztu dezake.

Gure bizitzak maneiatzen dituen merkatu horren botere abstraktua, botere konkretu zuzenaz4 bakarrik da pitzagarria. Alde batetik Euskal Herria testuinguru duten marku demokratiko eta legalak borrokatuz, baina bestetik, “hemen eta orain, guk” erabakiak hartu eta gauzatzeko herraminta kolektiboak sortzen lagunduz. Uste dugu, boterea eskala ezberdinetan borrokatu behar dela; alde batetik sistema hetero-patriarkal españolistak etengabe sorrarazten duen ezadostasun soziala indar politiko operatibo bilakatuz, eta gehiengo handien politikaz Estatu herramintak borrokatuz. Eta bestetik -eta ez gero, baizik aldi berean- egunerokotasunean erabaki kolektiboak hartzeko botere egitasmoak sortuz. Estatu egiturek, egitasmo hauek babestu eta zilegituzko lituzkete bere hedakortasuna ahalbideratuz. Eta bestetik, botere konkretuaren -herri boterearen- egitasmoek, boterea mediaziorik gabe eskuratzen joango lirateke esparruz esparru, era berean egungo status quoaren topeak azaleraziz. Harreman dialektiko honen jomuga, estatuaren disoluzioa litzake, bizitzaren mantenua kudeatzeko gai den Euskal jendarte konszientea, Euskal Sozialismoan. Hortaz, ez dezagun autoeraketa komunitarioa bere kabuz, udazkenean sortzen diren onddoen antzera, gertatzen den zerbait bezala ulertu behar: Sistema kapitalistak etengabe erasotzen duen praktika izaki, ezker abertzaleak konszienteki bultzatu beharko lituzkeen prozesuak direla deritzogu, herraminta eta helburu ere berean.Gure bizitzako esparru ahalik eta zabalenetan erabaki eta kudeaketa gaitasun zuzena edukitzeko prozesu politkoak, herraminta eta helburu bezala hartuaz.
Hortaz, egungo barne -ezker abertzalea- eta kanpo -euskal/europear testuingurua- egoera kontuan edukita, ezinbestekotzat jotzen dugun herri mobilizazioaren aukerak aintzat hartuta, eta herritarren botere konkretuan oinarrituriko jendarte batean sinesten dugun sektoreen botere posizio ahulaz jabe; kapitalismoak intrinseko duen jazarpena, borroka potentzial bilakatu eta Euskal Herri Sozialista baten bidean, trantsizio fase baten murgiltzea. Jarraian oso gaienetik agertuko dugun eskemak, gure aburuz, praktika antikapitalista anitzak integratzeko bertutea du, borroka esparru ezberdinetatik metatuko dugun indar politikoa artikulatzeko bidea irekitzen du eta -klaserik gabeko jendarte baten eskema ez den arren- objektiboki zein subjektiboki ekoizle askeen harremantze libre batean oinarrituriko jendarte batetara hurbiltzen gaitu.

Egia da hemen azaltzen den eskema ikuspegi sozioekonomiko batetik egina dagoela batez ere. Egia da baita ere, autoeraketa komunitarioak “ekonomikotzat”5 ulertzen ez ditugun beste bizitzako esparru asko ere hartzen dituela, baina horrela zentratu izanak badu bere zergatia. Autoeraketa komunitarioak komunitate hasiera bat du aurre baldintzatzat. Hemen ulertzen dugun moduan, intentsitate ezberdineko auto identifikazio kolektibo bat dago tarteko, eta autokonszientzia maila bat, nahiz eta txikia izan. Zentzu politikoan ulertu edo ez, gu bat badago autoeraketa prozesuaren agente bezala. Ostera, komunitate baten eraketa ez da nahikeri ariketa bat soilik, mila aldiz esanagatik egikaritzen den zerbait, edo diskurtsiboki asko landuagatik eraikitzen dena -nahiz eta bere pisua eduki-. Gure ustez, komunitateen sortze, egonkortze eta autoeraketa prozesuetan, baldintza material minimoak ezinbestekoak dira. Giza harreman komunitarioak, ondare komunen kudeaketa prozesuan egonkortzen dira, identifikazio prozesu kolektiboek berauek berresten dituzten elementu materialak behar dituzte eta batez ere zentzu politikoan ari bagara, komunitateek beren autonomiaren baldintza diren ekoizpen egitasmoak behar dituzte. Zentzu batean, komunitate bat gara, hau nahi dugu eta horrela egingo dugu esateko, herraminta materialak behar dira, eta hauen erabilpen kolektiboan indartzen da kolektibitatea. Hortaz, komunitate bat ez da “imajinaturiko kolektibitate bat” soilik, materialitatea behar du berau egonkortzen duten prozesu praktikoak eman daitezen. Honegatik, sozioekonomiari ematen diogun enfasia.

Bizitzaren ekoizpenaren gaineko kontrolaz berjabetu: trantsizio faserako klabe batzuk

Gure gorputz inorganikoa den naturaren birsortze erritmoak errespetatuko dituen, eta Euskal Herritar guztien behar material oinarrizkoenak6 asetuko dituen eredu ekonomiko bateruntz jo behar dugu. Hau, antolaketaren bitartez ahalduntzen joan behar diren herri sektoreen parte harrtzearekin soilik izango da posible. Jendartea masa izatetik, herri izatera pasa behar da, antolaturik, noizbait bere etorkizunaren gaineko erabakiak hartuko baditu. Bere bizitza duinaren birsortzerako beharrezkoak diren herramientak era kolektibo eta konsziente batean inoiz erabiltzeko gai izango bada, inoiz aske izango bada. Inposaketa kapitalistak inolako lotura komunitariorik gabeko elementu isolatu bezala nahi gaitu, eta horri kontra, zuzeneko erlazio sozialetan oinarrituriko jendarte integratu eta elkar-dependienteekin erantzun beharra dago.

Berjabetza gauzatzeko beste aurrebaldintzetako bat, ekonomia produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketa faltsua desegitea da, sistema berdienko bi esparru integratu bezala ulertuz. Banaketa, soldatapeko lan prozesuan balioa xurgatzen duen sistemak inposatua da. Kapitalak aberasten duen lan indarraren birprodukzioa bermatzen duen aktibitate sare erraldoia ezkutatzen du, bertako protagonisten -emakumeak historikoki, baina baita zahar, gazte,…- status soziala debaluatuz. Ekoizpen harremanak direla medio, sistemak aberastasunaren sorreraren bertsio amaitugabe bat erakusten digu, zeinetan aberastasuna inbertsioak sortzen duen, errealitatea oso ezberdina denean. Abersatasuna, herritarron lanak sortzen du, kapitalak, soldatapeko harremanaren bitartez, hortaz jabetu baina ez da egiten bere botere politiko eta sinbolikoa handituz.
Estrategikoki kontuan eduki beharreko beste elementu bat zera da; bizi baldintza material zein ideal oinarrizkoak ekoizteko bitartekoen gaineko kontrolak, ezin du pribatua izan. Ezin da herri sektore zabalen bizi duintasuna, mozkin monetarioa helburu duen kapitalistarengan utzi. Jabetza pribatua eskubide ukiezintzat jartzen duen diskurtsoari, bizitza era duin batean bizi ahal izateko eskubidea kontrajarri behar zaio7. Ekoizpen bitartekoen guztizko sozializazioa helburu, jabego forma publiko -sektore estrategiko eta masa ekoizpena Euskal Estatuak-, kooperatibo -eskualdeetan erroturiko ekoizpen unitate txikiak- eta komunitarioa -merkantzia trukerik gabeko espazio sozioekonomikoak- potentziatu behar dira. Fase politikoaren arabera, ezberdin potentziatu beharko dira, indar harremanak kontuan edukiz eta jakinda, helburua merkatu trukean oinarritzen ez den Euskal Sozialismoa egikaritzea dela.

auto1

Euskal Herritar guztien asetzearentzat ezinbesteko diren baliabide lokalizatu horietaz aparte -estatuak kudeatuko lituzkeen masa ekoizpen guneak- eskualde mailan, ekoizte-banaketa-kontsumo zirkuitu zuzenak bultzatu beharko liratezke hori posible den sektoreetan. Horrela, ekoizpen bitartekoak, eskualdeko herritar kolektiboen eskuetan egotea bultzatu beharko litzateke -eraketa komunitarioa bera- ekoizpen bitartekoen sozializazio osoruntz bideraturiko pauso gisa. Logika zera litzake, ekoizte prozesuak ahalik eta deszentralizatuak izatea -asetze bakoitzak eskala ezberdina eskatzen du- horrela, prozesu horren gaineko komunitateen kontrol zuzena ahalbideratuz. Herri, eskualde, herrialde, herrialde-arte eta Euskal Herri mailak kontuan edukita, ahalik eta behar gehien astezea litzake erronka.8Horrela, beste herrialde batzuekin eduki genitzazkeen kanpo harremanak hemen erabakitako barne logika indartzeko izango liratezke baliagarriak eta ez, egun bezala, espazio transnazional batean artikulatzen diren kapital handien interesak babesteko bidea.

Trantsizio fasean esparru sozioekonomiko oinarrizkoena bezala, eskualdeak agertzen joa beharko lirateke, honetarako eta ardura hori helburu politiko batzuen baitan operatibo egiteko eskualdeko planifikazio ekonomikorako gutxieneko marku kolektiboak eraiki beharko lirateke. Bertan, ekozipen ehuna osatzen duten agenteak, istituzioetako agenteak, eta komunitate antolatuko (herri mugimendua osatzen dutenak) agenteak egongo liratekezke. Esparru honetan, eskualdeak kontrolatzen dituen zirkuito ekonomikoen erabaki estrategikoak hartuko liratezke, ekoizpena eta kontsumoa batzeko pausu bezala -truke espazioa txikitzeko aurrerapausu bezala-, behar eta nahiak identifikatu eta hauek asetzeko moduak integratzeko herraminta bezala. Gune hauek, berebiziko garrantzia lukete kapitala partzialki sozializatua dagoen ekoizpen unitateak -kooperatibak- merkatuak bultzatzen duen konpetitibitate, metatze eta errealitate konkretuaren abstrakio batean erori ez daitezen. Horrela, herri mugimenduak antolatua behar du, ikuspegi estrategiko batekin, eskualdeko antolaketa ekonomikoaren partaide aktibo.

auto2

Zer ekoiztu masiboki eta zer ekoiztu kate motzeko zirkuituetan, natur baldintzen eta baldintza soziopolitikoen arabera eztabaidatu beharreko kontua litzake. Berretsiz harreman sare zuzenetan oinarrituriko botere konkretu eta errealaren egikaritzean garatuko litzakeen Euskal Sozialismoa dela helburu, argiki kate motzeko zirkuituak lehenetsi beharko liratezke posible den kasuetan. Kalitatea, osasuna, iraungarritasuna, edertasuna, ohitura, bertan bizitzeko aukera,… etb.en kontua bada, baina batez ere hauen gaineko erabakiak hartzeko gaitasunaren boterea da jokoan dagoena.
Finantza sektoreari dagokionez, argi ikusi dugu mende luze honetan zer gertatzen den, finantziazioa nahi sozialak egikaritzeko herraminta baino, diruaren eta boterearen autoerreprodulziorako makina bilaktzen denean. Egungo jendarte kapitalistan, zeinetan dirua -lanaren espresio sintetiko bezala- botere unitatea den -besteen lanaren gaineko boterea eta botere politiko orokorraren iturburua- , finantziatzaileak, sozialki zer egin daitekeen eta zer ez determinatzen du praktikoki. Subirautza indibidual zein kolektiboa gatibu dute dirua duten heinean. Horrela, trantsizio fase honetan, finantziazio iturriak -kutxa komunak- kontrol publiko zein komunitariopean -kutxa maila ezberdinak sortu beharko dira- egoteko borroka latza izango da. Herri kontroleko markuek erabakiko dute zer egiteko eskeintzen den dirua guztion kutxatik, eta zorra tortura mekanismo bezala ezabatuko dute.

Ekoizpen eta finantziazio estrategikoen gaineko kontrol publikoaz, aurreikuspen gaitasuna, planifikazio gaitasuna lortzen da, egun merkatu libreak inpostazen duen kaosaren aurrean. Horrela, konpetentziaren maxima, mozkinen maximizazioa eta esplotazioa arau bezala dituen espazio ekonomikoa -planifikazio boterea eskuraturik-, ongizateaz, autokudeaketaz eta duintasunaz ordezkazketzen joango litzateke. Sektore estrategiko horien gaineko kontrolik ezean, hutsala da jendarte justuago batetara lortzeko estrategia.

Euskal Herrian garatuko liratezkeen ekinbide ekonomikoan -publiko/pribatu/komunitario- en baldintzapen sozio-ekologiko eta ekonomikoak, herritar parte hartze bidez eratuko diren irizpide nagusi batzuen baitan emango dira. Bertan, lurraldeak ezartzen dituen baldintzak, helburu politikoak, duintasun pertsonal-kolelktiboa, aspektu kulturalak, generoa, adina, kontrol politikoa eta bizimodu duina bezalako elementuak kontuan hartuko dira. Aipatu moduan, eskala ezberdinetan artikulatu beharreko erabakitze prozesua izango da, eskualdeetatik hasi eta konfederazioraino, eta hartzen diren irizpideen inplementazioa ere, ahal den neurrian -eta progresiboki sakonduz-, eskualdeetan bizi diren herritarren ardura izango da.

Errepikatzen dugu, eredu kapitalista herri bezala pitztatzen joateko eskematxo bat dela hau, eta horrela, Euskal Sozialismoan ezabatuak liratezkeen harreman sozial batzuk mantentzen direla hemen. Horien artean, soldatapeko lana9Epe luzera ezabatu beharreko harreman sozial bezala ikusi arren, trantsizio fase honetan mantendu egingo litzateke. Hala ere, egungo jendartean ez bezala, harreman sozial oinarrzkoenetakoa izateari uztea da erronka.

Gure aburuz, soldatapeko lana tortura bilakatzen da, zergatik jakin gabe, era isolatu batean, eguneko 8-10 ordu gorputz/burmuin ariketa errepikakorrak egitera behartzen gaituztenean. Gure testuinguru sozialetik bahitua, komunitatean daramagun bizitzarekin korte erradikal bat suposatzen du lanaldiak askotan, komunitatearen autoeraketa ekidinez eta pertsonaren egoera sozio-emozional eta identitarioan kanpo elementu autoritario eta definitzaile bat ezarriz. Merkatua eta trukea ezabatua izan ez den trantsizio eredu honetan, soldatapeko lanak ezin du bazterketaren mehatxupean egiten den ekinbide bat izan, inola ere ez. Horrela, bizi baldintza minimoak, era unibertsal batean bermatuko lituzkeen euskal sistema batean pentsatu beharko genuke; berdinen arteko errenta basikoa edo bestelako sistemen inguruan hausnartuz. Horrela, enplegua nahi duenak izango du, garapen pertsonalerako jardunbide bezala ulertzen duenarentzat eta bere kontsumo gaitasuna handitu nahi duenarentzat (hala ere, gure jendarte merkantilistan ez bezala, dena ez da merkantzia bilakatuko, eta legalki ondare komun bezala izendatuko diren elementu asko zehaztu beharko dira, hauen salerosketa aukera baztertuz: etxebizitza, ekoizpen bitarteko nagusiak, lurra, ….). Kapitalismoak esklabutza egoera modu oso sofistikatu batean justifikatzen du, konpetitibitateak denoi onura ekartzen digularen argudiopean, gogor lan eginez bultzatzen omen dugun garapenaz denok onuradun garenaren gezurpean. Horrela balitz ere10, jendarte bezala, ezin dugu onartu lanera murgiltzeko arrazoia pobreziaren edo bazterketaren mehatxua izatea. Lan egitera bultzatzen gaituen koertzioa, gure berdinekiko sortzen dugun onuraren plazerraz ordeztu behar dugu, eta hau, gure lanaren gaineko kontrol kolektiboa lortzean bakarrik izango da posible. Gure lana zertarako, norentzako eta nola gauzatu nahi dugun erabakitzeko gaitasuna dugunean.

Soldatapeko harreman hau apurtzeko pausu bezala, beren jarduna era ekonomiko-politiko batean ulertzen duten, eta sortzen diren testuinguru sozialarekiko konpromezu eta kontrol mekanismoak dituzten kooperatiba txikiekiko apustua da geurea. Jardun hau, ideologikoki eta politikoki ondo zehazten bada -herri estrategia baten baitan-, poliki eta komunitatearen beharrei loturik ekoizpen bitarteakoak berreskuratzeko ariketa izango da. Era berean, kooperatibako langileek, beren lan baldintzen gaineko kontrolean erabaki kota handiagoak dituzten neurrian11 beren lana -kolektiboki planifikatu eta egikaritua- garapen pertsonalerako herraminta izateko aukera zabaltzen da. Bestetik, bizi diren komunitatetik ateratzen ez direnez egun erdia, eta bertan kontsumitzaile hutsak ez direnez -beharren asetzerako ekoizle ere bai- komunitatea garatzeko bitarteko izan daiteke, ekoizte unitatearen gaineko kontrol komunitarioa ezartzeko mekanismoak sortzen asmatzen bada -gune hirukiarra-.

Horrela bada, eskualdea oinarrizko eskala geografiko edukiko lukeen eredu honetan, ekoizte gune handiak12 eta komunitateetan erroturiko kooperatiba txikiak elkar elikatuko lirateke. Eskualdeetan, kolektiboki identifikatzen diren beharren gainean, ekoizte unitateak herritarki sortzea bultzatu beharko litzateke, interes indibidualetarako soilik erabiliko ez direla zihurtatuko duten mekanismoak sortuz era berean -komunitate/istituzio/ehun kooperatibo markua berriz ere-. Beste alde batetik, soldatapeko lana ere esistituko litzateke, dela ekoizpen unitate publikoetan, administrazioan edo kooperatibetan. Era berean, harreman sozial komunitariopean -truke mediaziorik gabeko aberastasun bat sortzen dutenak- burutzen diren lan prozesu kolektiboak hedatu beharko lirateke, hauei babesa, zilegitasuna eta erraztasunak emanez. Lan prozesu komunitaristak -auzolanean ematen direnetatik gaztetxeetan, gune komunaletan, lagunartean zein familian ematen direnak arte-, merkaturik gabeko jendarte bat eraikitzeko trintxerarik aurreratuenak izan daitezke, beren zentzu ekonomiko-politikoa ulertu, aldarrikatu eta bultztazen bada.

Eta Euskal Estatua? Txostenean, herraminta bezala aurkezten zaigu, eta ados gaude. Trantsizio fase honetan ezinbesteko herraminta dela deritzogu, nahiz eta burgesiaren interesetarko sortua izan,  ondo antolaturik dagoen eta estrategia argia duen herri batek bere egin, eta eralda dezakeen herraminta bat dela deritzogu. Paradoxikoa eman badezake ere, gure aburuz, Estatua bere desegite propiorako  erabili beharreko ezinbesteko tresna dela uste dugu. Baina, hori gauzatzeko bere bizitzaren kudeaketa zuzena gauzatzeko gai den -egitasmo zein hezkuntza aldetik- herri bat beharrezkoa da. Hortaz, trantsizioan, gure ustez, Estatuaren desegite prozesua eta herriaren ahalduntzea paraleloki joan beharko liratezkeen bi prozesu dira, dialektikoki elkardefinitzen joango direnak. Noski, Estatua gure klasearen interesen baitan erabili dezakegula baieztatzen badugu, esaten ari gara Estatuak suposatzen duen botere gune-sarea geure egiteko bokazioa dugula, eta akaso horretarako estrategia bat dugula. Guk ez dakigu oso ondo zein den -indar soberanisten metaketaz haratago- eta ez gara hemen hasiko berau zehazten. Esango duguna da, gure ustez, herriaren interesen arabera eraldatzen joango litzakeen balizko estatu horrek, autoeraketa komunitarioari begira, ze betebehar minimo edukiko lituzkeen. Alde batetik, gure ustetan praktika komunitarista eta kooperatibista txikiak babestu -merkatu erasoen aurrean- eta indartu beharko lituzke. Lehenaren kasuan, egun ez daukan berme juridiko bat, eta praktika komunalistak hedagarriak egingo lituzkeen forma juridikoak -jabego forma praktikoak, lan prozesu komunitarioak,…- bermatu beharko lituzke, hauen autonomia pitzatu gabe. Berauek garatzeko, erraztasun materialak jarri beharko lituzke -errentagarritasun irizpidea baztertuz- eta dituen komunikaziorako kanalak praktika eta gune komunal hauen zilegitze sozialerako erabili beharko lituzke. Berdin, kooperatiba eraldatzaileen kasuan, eta hauek osatzen dituzten sareen kasuan. Gorago esan bezala, era kolektibo eta ahalik eta parte hartzaileenean herritarrek zehazturiko irizpide sozio-politiko kultura eta ekonomikoen baitan lan egiten duten ereduak bultzatu beharko ditu. Estatua egun duen entitate omnipresentea izateari utzi behar dio poliki, herritarrak antolaturik kudeatzen dituzten guneetatik poliki desagertuz -eta koordinazio egitura bilakatuz-.

Gorago esan dugun bezala, eta errepikatzen dugu paradoxikoa eman dezakeela, baina gure ustez ez dela, Euskal Estatua agente izan nahi bada, ber indartu egin beharko litzateke lehen fase batean. Hau da, pribatizazio prozesuak atzera bueltatu, eta inoiz publiko izan ez diren beste hainbat sektore estrategiko publiko bilakatu. Bakarrik horrela litzake egitasmo politiko eraginkor bat, eta utziko lioke goi klasearen negozio kudeaketarako bilkura bat izateari. Osasuna, hezkunzta, segurtasun sozial minimoa, bizi baldintza duinak, aberastasunaren ber-banaketa,…. komunitateek hasiera batean kudeatu ezingo dituzten kontuak izango dira, eta Estatuak bere egingo ditu poliki eta ahal den neurrian hauen kudeaketan herritarren erabaki pisua handituz.

Ezinbestekotzat, Estatuak egun duen ikuspegi kapitalista utzi beharko luke alde batera, eta errentagarritasun irizpidea hirugarren mailako elementu bilakatu. Horrela, eskualdeetako herritarren autokudeaketa helburu, beharrezko bitartekoak eskeintzen joango litzake -eskualdeetatik eskatzen direnean emanez, eta eskaririk ez dagoenean herritarrak bultzatuz-, kooperatibak sortzeko, eremu komunalak hedatzeko, jakintza, sinergiak bilatzeko, etb. Bultzatuz. Argiki, Estaturen paperaren eztabaidak oso luze joko zukeen -kanpo kapitalrekiko jarrera, antolaketa forma, des-eraikitze faseak, agente ezberdien parte hartzea eta aukeraketa eredua,….-, eta hemen ez gara gehiago luzatuko. Autoeraketa komunitarioari dagokionez, bota nahi genuena zen, Estatua berau indartu eta egonkortzen laguntzeko herraminta izan daitekeela, nola erabili nahi den zehazten bada, eta horrela erabiltzeko indar korrelazioa egokia lortzen bada.

Noski, testu labur hau, harrapaladan idatzia da, Abian prozesuan ematen ari den eztabaidan aportazio bat izan daitekeelaren ideiarekin. Hortaz, gauza mordoxka gelditzen dira hemen aipatu gabe, eta beste asko apenas garaturik. Bestetik, plangintza bat ez den heinean, zehazten jarraitzeko elementu batzuk mahai gainean jartzen dituela uste dugu. Batzuk baliagarri bezala ikus daitezke eta sakontzera jo, eta beste asko hasieratik ezabagarri direla kontsidera daitezke, hori norberari eta eztabaida taldeei dagokien ariketa da.

Guretzat agerikoa den, eta Abian txosten guztian zehar zeharka agertzen zaigun galdera batekin amaitu nahiko genuke… zein da eta egikaritze hortan, nola antolatzen joan beharko litzake balizko  trantsizio fase hau, prozesu independentista eraldatzaile baten prozesuaren barnean, aurrera eramango lukeen subjektua?

——-
1 Nagusi eta onargabeena guztiz generizatua dagoen etxeko lan edo lan erreproduktiboa izan daiteke, hala ere soladatapeko lan harremanetik kanpo egiten ditugun beste hainbat fenomeno -gaztetxeetako sorkuntza lana, militantziakoa…- “lana” kategoria sozialetik at egon -merkantilizaturik ez egonagatik-, eta status gabeko hobbi bezala ikusarazi nahi dira.

2 Autoeraketa, edo istituzio komunitarioak ez dira, Euskal Herriaren ezaugarri berezitu bat. Europako herri guztiek izan dituzte kapitalismoaren ezartze osoaren aurretik, eta kasu askotan defendatu ere bai. Guk, gure identitatearen ezaugarri bezala mantendu eta babestu ditugu eta hori ondo dago. Hala ere, sinbolikoki, eta nortasun kolektibo berezituaren eraikuntzan dute pisu gehiago, egunerokotasuneko bizitzako lan prozesuetan baino. Horrela, ezin dugu pentsatu berezko tendentzia bat denik, planifikazio politikorik gabe, lan militante gabe, logika kapitalistak gertatzen diren apur komunitaristak bere egingo ditu, subsumituko ditu.

3Ni, zuk eginiko aulki batean egon naiteke eseria, baina ez zuk ez nik ez dugu erabaki aulki hori ekoizterik eta gainera, ez dugu gure harreman horren berri. Eta indiferentzia, lana esplotaztzen duten eta balioa bere egiten dutenen kapitalisten artean ere ematen da. Merkatuak egiten du gure bakantze sozialaren arteko lotura, eta horrela bi fenomeno gauzatzen dira gutxienez: 1) Pertsonen arteko erlazio zuzenak izan litezkeenak objektuen arteko harreman bilakatzen dira – merkatu trukean merkantziak hartzen bait du harremanaran agente papera. 2) Inpotentzia politikoan erortzen gara: Kontrolatzen ez ditugun medioez harremandurik, elkarrekin bizitza soziala planifikatzeko gaitasuna galtzen dugu, resignazioan, pasibotasunean, mirabekerian eta beste hainbat gaixotasun sozialetan murgiltzen garelarik askotan.

4 Botere konkretua esaten dugunean harreman zuzenetan oinarritzen den erabakia bat hartu eta gauzatzeko gaitasunaz ari gara. . Abstraktua bestetik, konplexutasun ezberdina eduki dezakeen ordezkaritzaren bitartez, eta printzipio orokor abastraktu batzuetan (errealitate konkretuari ez lotuak, errealitate oso anitzak barnebiltzeko abstrakzio batean oinarrituak) oinarritzen direnetaz ari gara. Horrelako printzipioek -Estatu modernoarei ertsiki lotuak- ez dituzte adierazten dituzten eskubideak egikaritzeko beharrezko diren baldintza konkretuei jaramon egiten -baldintza horiek dituzten kalseek eginak bait dira- eta horrela, hauen errealizazioa ezinezkoak suertatzen dira populazioaren zati handi batentzat.

5 Gure ustez errealitatea esparru sozial, kultural, ekonomiko eta politikoetan banatzea antzua da. Errealitate sozialean denak era berean gauzatzen dira, elkar egikaritzen dira eta ezinbestekoa da elkar harremanean ulertzea. Ez dugu uste kausa=>efektu logika egokia denik, eta elkar-egikaritze logika planteatzen duen dialektika gure egiten dugu.

6 Beharrizanak, batzuen aburuz baldintzapen bat suposatzen du, hau da egin beharko genukeena gure agentziatik at dauden baldintzek zehazten dute. Horrela nahi terminoa hobesten da, giza kolektibitateen erabakietatik egikaritzen den eredua behar dugula azpimarratzeko. Guk biak erabiliko ditugu, apustu horrekin ados egonda ere, uste dugulako gorputz biologiko bat garen einean, eta inguru sozio-geografiko eta natural konkretu batean bizi garen heinean, baldintzapen horiek kontuan eduki behar direla. Ez muga edo menpekotasun bat bezala, bai dependentzia eta elkarrekikotasun positibo bat bezala ulerturik.

7 Hemen ere, oianrri hori, sozialki ezartzeko kontu bat da, hala ere, energia, etxebizitza, elikagai osasuntsuak, jakintzari sarbidea, aisia, …. edota oinarrizko elementuak gutxienekoak liratezke.

8 Ez gara autarkia bat planteatzen ari ideal modura. Esaten duguna da, mundu mailako merkatu kapitalistetik ahalik eta autonomia gehien lortu behar dugula, hori gabe, planifikazio politikoa herraminta inpotente bat bilaktzen delako askotan. Noski, beste herrialdeekin hartu emanak desiragarriak izango dira, baina horretarako, EHak konplementarietatean eta elkarrekikotasunean oinarrituriko truke internazionaletan parte harrtu beharko louke (ALBA-TCP kasu).

9 Kapitalaren kontrako borrokaz ari bagara, ezin dugu ahaztu -nahiz eta askotan egiten dugun- gu garela, soldatapeko lan harremanean, kapitalaren boterea loditzen dugunak. Noski, ez era boluntarioan, gure bizitza birsortzeko baldintza materialak ebatsiak izan zaizkigu urteetako prozesu baten ondorioz, eta hortaz, gure lan indarra saltzea besterik ez dugu “duin” bizi nahi badugu. Hau horrela, soldatapeko lana, langile eta honen lanaren gaineko kontrola duen ugazbaren arteko erlazio sozial moduan, guztiz ezabatu beharreko harreman dela deritzogu epe luze batean. Gure lanaren gaineko kontrola herramintak sortuz, eta kapitalaren esplotazio espazioak borrokatuz.

10 Klase jendarte batean gauden heinean, eta lan horren baldintzen gaineko kontrola sektore batek duen heinean, aberastasun sorrera horrekiko dugun onura oso asimetrikoa da. Gainera, aberastasun jabetze asimetriko horrek klaseen arteko botere harremana handitzea ekartzen du, aberastasunaren banaketa asimetrikoan sakontzeko bide emanez, eta honek amaigabeko zirkulu batean jauziaraziz.

11 Koopertaibistak, proletariarekin alderatuta, bere lan prozesuaren gaineko kontrol askoz handiagoa du,baina noski ez guztia. Kasu gehienetan, bere jarraikortasuna bideragarritasun ekonomikoari lotua dago, eta hau merkatuak ezartzen dituen arauen baitako borrokan lortzen da. Beraz, subiranotasuna ez da guztizkoa inundik ere.

12 Gure ustez, kapitalismoak zerbait ona ekarri badu, behar sozialak lan inbertsi gutxiagoz asetzeko bitarteko teknologikoak izan dira. Aintzat hartzen dugu, teknologia ez dela elementu material neutro bat, praktika sozialerako baldintzapen bat da, eta munduaren ikuskera bat du baitan. Hala ere, gazteleraz esaten den bezala no debemos hechar al niño con el agua sucia, hau da, uste dugu harreman kapitalisten baitan ekoizi diren teknologia batzuk -bizi modua errazten dutenak, harreman soziala desiragarriak oztopatu gabe- mantendu beharko genituzkeela.
———–

[Usa este formulario para el envío de enmiendas , + información]

[Recopilación de las aportaciones recibidas]

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s