Home

Aportazioaren egilea: Herria kalera!

ABIAN EZTABAIDA

ARDATZ ESTRATEGIKOAK: DESOBEDIENTZIA ETA NAZIO ERAIKUNTZA

Euskal estatu sozialista helburu duen estrategia independentista eta sozialistak bi ardatz izan behar dituela uste dut. Aldebakartasunetik gauzatuko den estrategia baldin bada, erabat gure esku dauden ardatzak izan beharko direlarik. Nire ustetan ardatz horiek nazio eraikuntza eta desobedientzia izan beharko litzatezke. Fase honetan behintzat biek garrantzia berdina eduki behar dutelarik, batak bestea elikatzen duelako, eta bietako bat bestea gabe hankamotz geldituko litzatekeelako. Arrazoi honetan oinarritzen dut 4.2 puntu osoa emendatzeko beharra. Lan horretarako nik idatzi ez ditudan, baina oso onak iruditu zaizkidan desobedientziaren eta nazio eraikuntzaren inguruko bi emendakinetan oinarritu naiz.

Argipena: eraldatzailea kontzeptua oso zabala da, uste dut terminologia zehatza eta egokia erabili beharrean gaudela, horregatik egokiago iruditzen zait estrategia independentista eta sozialista izendatzea. Nazio eraikuntzan zein desobedientzian ematen dugun edozein urrats soziopolitiko euskal sozialismoaren eraikuntzan urrats estrategikoa izango delako.

Adibidez herri-banketxe baten proiektuaren gauzapena edota argi-indar makro-enpresen fakturak ez ordaintzea eta sare publikoa “pintxatzea”. Noski, hauek, urrats eraldatzaileak izango dira, baina ez edonora bideraturiko eraldaketa, proiektu jakin eta konkretu batetara bideratuta egongo dena baizik

4.2.- HERRIGINTZA ARDATZ (29. orrialdetik aurrera)

TITULU ALTERNATIBOA: 4.2.- ARDATZ ESTRATEGIKOAK

TEXTU ALTERNATIBOA:

Aldebakartasunean oinarrituriko estrategia independentista eta sozialistak bi hanka nagusi eduki behar ditu, biak euskal herritarron esku egongo direnak, horrek ahalbidetzen baitu aldebakartasunaren arrakastarako aukera.

Hanketako bat, inposizioen aurrean herritarren planto eta desobedientzia dinamika izango da. Euskal herritarrok, era guztietako inposizioak jasotzen ditugu gaur egun sufritzen dugun estatuen menpeko sistema kapitalista-patriarkalean; zapalkuntza linguistikoa, hezkuntza ereduaren inposaketa, proiektu txikitzaileen ezarpena, euskal nortasunaren ukazioa, espainiar egiturak ordaintzeko zergak (armada, errege familiaren mantenua…), banketxeek bultzaturiko etxe-husteak….

Eremuz eremu guzti horiei aurre egiteko markoak artikulatzen joan beharko gara, jarrera desobediente edota saboteatzailearekin. Etxe-husteak geldituz, fracking-a saboteatuz, sistema patriarkalari hortzak erakutsiz, LOMCE eta Espainiako hezkuntza sistemari planto eginez, zergak ordaintzeari uko eginez… Eremu honetako bakoitzean herritar desobediente gero eta gehiago bilduz joan beharko gara, herriaren nazka eta amorrua bideratu behar dugu. Kolektibotasunak emango digu indarra, ASKI DA oihukatzen duen herritar bat gehitzen dugun momentuan garaipen bat izango da. Dinamika honek lorpen bikoitza eskainiko digu; militante iraultzaile eta independentistak kalera ateratzeaz eta borrokara gehitzeaz gain, estatu eta sistemarekiko talkak agerian utziko baititugu, Euskal Estatu independiente eta sozialistaren beharra inoiz baino ageriagoan utziz.

Estatu eta sistema inposizioei aurre egitearekin batera, gure herri alternatibak eraikiz joan behar gara. “zuen eredu zapaltzailea onartzen ez dugu, eta GU BAGOAZ” leloa errealitate bilakatu behar dugu. Gure estrategiaren bigarren hanka beraz Nazio eraikuntza izan behar da, Euskal Estatuaren eraikuntzan urratsak ematen joatea alegia.

Bi hanka hauek herri aktibazioan eta gizarte kontzientziazioan oinarritu behar dira. Hasieran ezker abertzaleko militanteak izango gara bi adar horietan lan egiten hasiko garen bakarrak, baina gure ereduarekin pixkanaka herritarrak gurekin batera ASKI DA oihukatzera animatu behar ditugu. Zenbat eta masa handiagoa izan, gero eta herritar gehiago batuko zaizkigu jarrera desobediente horietara. Herritarrei gure kabuz alternatibak eraikitzeko gai garela, sistema honetatik at gure herria eraikitzeko gai garela erakutsi behar diegu. Eraikuntza lan horri tinko heldu behar diogu, jendarteari beste herri eredu bat eraikitzea posible dela, eslogan hutsa baino askoz gehiago dela erakutsiz.

Bi hanka hauek elkar uztartuko eta elikatuko dira iraunkorki. Bietako batean ematen den urratsa eta aktibazioa, bestean ere aurrerapausoa eragingo duelarik. Adibidez, jarrera desobedienteen bidez, egungo markoaren mugak agerian utzi eta estatuei eta sistemari planto egiteko nahiak, agerian utziko du bestelako Euskal Herri bat eraikitzearen beharra, Nazio Eraikuntzaren garrantzia.

Eta alderantzizkoa era, herria eraikitzeko proiektu, egitasmo eta egitura ezberdinak eraikitzen goazen heinean, agerian geldituko da, horiek guztiak ezin direla inposaturiko marko eta ereduekin batera elkar bizi. Beraz Nazio Eraikuntzan aurrera egin ahala, agerian geldituko da inposizioen aurrean ASKI DA oihukatzeko beharra.

4.2.1.- NAZIO ERAIKUNTZA / HERRIGINTZA.

Prozesu Independentista eta sozialista da Ezker Abertzaleak bultzatu beharreko apustu taktiko-estrategikoa, nazionala zein integrala, hain zuzen. Hautabide Independentista bezala aurkezten den eta egun bizi dugun Euskal Estatuaren eraikuntza fase honi erantzungo liokeena.

Taktiko zein estrategikoa da , izan ere, bere helburua fase honi dagokion beharrezko estatu egiturak sortzeaz gain, gure proiektu estrategikoa garatzeko (Euskal Estatu Sozialista eta Feminista), beharrezko dituen baldintza subjektiboak sortzen gaurtik hasiko delako, izan antolakuntza mailan, nahiz kontzientzia moldeetan.

Nazionala da herri bezala eta herriarentzat egituratzen delako erantzuna, betegarriak diren gutxieneko esparru eta lan ildoak ezarriz eta ondorioz osagarriak liratekeenak egungo lurralde zatiketaren baitatik abiatu eta berau gainditzeko.

Integrala da berau garatzeko borroka eremu (masa, instituzional, ideologiko) guztien aktibazioa, subjektu (gazte, sindikatu, alderdi eta herri mugimendu) guztien parte hartzea ezinbestekoa eta gure askapen sozial zein nazionalean zer esana duten problematika sektorial eta zehar lerro guztiak bertan bideratuko dituelako.

Eraikuntza eta herrigintzaren zeregin nagusienetako bat, estatu egiturak eta proiektu alternatibo herritarrak sortzea izango da. Honek bi eremutan eragingo luke modu baikorrean. Batetik, herritarren behar izan eta ezin egonei erantzuteko gaitasuna duenez, egungo markoen zilegitasuna higatuko du, honen ezintasunak agerian utziz. Bestetik, behar izanak gauzatu ahala estatu propio baten beharra irudikatzen eta gauzatzen lagunduko du.

Eraikuntza eta herrigintzari dagokionez, maila lokalean urratsak ematen hasi beharko gara. Udalerri, herri eta auzoetan hain zuzen, hauetan dauden aukerengatik eta espazio lokalak espazio estrategikoak direlako bestetik. Zentzu honetan, Ezker Abertzale osoaren lehentasuna izango da maila lokalean herri boterearen gune politiko irekiak sortzea (Batzarrak). Herri boterearen gune hauek , herri bakoitzaren indar-gune, aukera eta lehentasunen gaineko diagnostiko zabal eta parte hartzailea burutu ostean, proposamen alternatiboen bidez (politiko, sozio ekonomiko, kultural…) tokian tokiko instituzioen hegemonia lehiatuko dute. Proposamen hauek, errealitate bakoitzean legokeen indar korrelazioaren arabera, zein leudekeen baliabideak kontutan hartuz aldarrikapen hutsean geratuko dira (gauzatzea ezinezko denean) eta aukera legokeen eremuetan edo egingarria den lekuetan zuzenean gauzatuko litzateke proposamena.

Ezker Abertzaleak eraikuntza dinamika hauen presentzia bermatzearekin batera, hauek egonkortu edo indartu ahala, Prozesu Independentista Sozialistak taktikoki EH Bildu edo EH Bai boterean dagoen herrietako instituzioak baliatuko ditu, herri botere gunearen (Batzarra) eskura utziz baliabide, azpiegiturak etab. Instituzio lokal hauen zeregina da beraz, herri botere guneek harturiko erabaki politikoak berrestea, eta modu honetan botere espazio berri hauei erabateko zilegitasuna eskaintzea.

Baina Ezker Abertzalearen lana, Nazio Eraikuntzari dagokionez, ezin da maila lokalera mugatu. Maila nazionalean ere, herria egituratzen duten ardatz estrategikoak eta herri moduan ditugun lehentasunezko beharrizanak identifikatu beharko ditugu (hezkuntza sistema, instituzionalizatze nazionala, banka herritarra, hizkuntza….) ditugun tresna eta baliabide guztiak ardatz hoien eraikuntzaren zerbitzura jarriz. Eta tresna horiek ez daudenean, hauek sortuz eta martxan jarriz.

Bide hau jorratzeko indar aski ez dugun herrietan, dinamika edo eta proiektu alternatiboak sortuko dira. Hauen helburua, herri boterearen espazio hauek sortzeko behar izana agerian uztea izango da, honetarako, proposamenok gauzatzea posible izan den gainerako (Euskal Herriko) herrietako esperientziak baliatuz.

Azkenik, dinamika lokal hauek indartzeko, egitura nazional bezala Udalbiltza berresteaz gain, berau edukiz betetzea litzateke hurrengo pausua. Herri boterearen espazio hauen jarraipen, koordinazio eta Euskal Herri osoko esperientzia desberdinen arteko elkartrukea bermatuko luke beraz Udalbiltzak.

Ezker Abertzaleak beraz, hiru helburu nagusi lortuko ditu lehenago aipaturiko Prozesu Independentista Eraldatzailaren izaera integral espezifikoa kontutan hartuz. Batetik, estatu eraikuntzak erabateko dimentsio nazionala izango luke, egungo marko autonomikoen menpe ez legokeelako. Bestetik, auto-eraketan trebaturiko herritar multzo garrantzitsu bat sortu eta formatuko luke, gure proposamen independentistaren baitan sektore sozial mobilizatuen garrantzia erabatekoa bermatuz. Eta azkenik, izugarri indartuko lituzke herri honen antolaketa zein kontzientziazio politiko moldeak, Euskal Estatu Sozialista eta Feminista sortzera bidean.

4.2.2.- INPOSIZIOEI PLANTO / DESOBEDIENTZIA ZIBILA

Estatuek Euskal Herriarekiko bideratzen duten politika itxia ikusita, desobedientzia zein intsumisioa konfrontazio politikoan, sozialean zein instituzionalean garatu beharreko borroka moldetzat ditugu, hori izango baita inposatu dizkiguten eta inposatu nahiko dizkiguten arau juridiko, politiko, sozial zein ekonomiko zapaltzaileei aurre egiteko bide eraginkorrenetarikoa. Desobedientzia zibila gehitu behar diegu egungo borroka moldeei.

Zentzu horretan, indartu nahi diren erresistentzia eta desobedientzia mugimenduak ez dira borroka sektorial zehatz batera mugatzen. Aipatzen ditugun bi borroka molde horiek eraldaketaren alde dauden borroka sektorialetan zein globaletan murgilduta dauden dinamika guztien praktika soziala izan behar dutelakoan nago, eredu politiko, ekonomiko, sozial eta kultural berri baten sorreraren alde lanean diharduten talde sozial, sindikal, politiko eta instituzionalek garatu behar dutena, hain zuzen.

Nola ez, bide hori ez dago konfrontaziorik gabe bideratzerik. Tentsio soziala egongo da, enfrentamendua alboratzea ezinezkoa izango da, baina konfrontazioak neurtua izan beharko du ezinbestean, askapen prozesuan jendarteak ulertzeko eta gauzatzeko neurrikoa izan behar baitu. Konbentzimendutik irabaziko dugu eraldaketa, ez inposiziotik. Aldiz, jendartea konbentzitu gabe bidea gehiegi tentsionatzen badugu, herritarrek dinamikatik baztertuko ditugu. Ez dugu ahantzi behar hori. Herri erresistentziaren eta desobedientzia zibilaren bidean, gaiaren eta testuinguruaren arabera tentsionatze mailakatua bideratu beharko dugu ezinbestean, gai eta testuinguruak ezberdinak direlako. Momentu batzuetan konfrontazio hori desobedientzi pasiboaren bitartez gauzatu beharko dugu, eta beste batzuetan hortzak erakutsiz eta desobedientzia aktiboaren bitartez. Biak izango dira konfrontazio herritar eta demokratikoa, herri sektore handi bat horien atzean baldin badago.

Tentsionatze mailakatuak, ez du esan nahi, desobedientzia gauzatzeko baldintza egokienak noiz etorriko zain egon behar dugunik. Bakarrik etorri, ez direlako inoiz etorriko. Baldintza horiek ekimen desobedienteak eginez sortzen dira, eredu izanez eta lehendabiziko urratsa emanez. Hasieran gutxi izango bagara ere (bere garaian soldaduska espainiarrari EZ esan zioten gazte apur haiek bezala) ausardia erakutsi beharko dugu, eta herritarrak gehitzen zaizkigun heinean tentsioa igotzen joan beharko gara. Baina gaurdanik lantzen hasi behar den bidea da, dagoeneko berandu gabiltza!!!

Egungo egoera sozio-politikoa ikusirik, inoiz baino premiazkoagoa da, ekintza zuzenez gain, herri erresistentzia eta desobedientzia zibila modu masibo eta antolatuan berehala prestatzea, azken urteetan jasaten dugun ereduaren krisialdi globalak herritarron eta herrion eskubide zibil, sozial, kultural, politiko edota ekonomikoen aurkako eraso antidemokratikoa indartu baitu. Urrats horiek milaka herritarrek modu kolektiboan bideratzen badituzte, eraldaketa prozesua indartuko litzateke, inolako zalantzarik gabe. Baten konpromisoa bada, eragina eskasa da, baina milaka pertsonena bada, atzera biderik gabeko jarduera eraldatzaile bilakatzen da. Norbanakoengandik hasi eta talde osoen inplikaziora iritsi arte zabaldu behar dira herri erresistentzia eta desobedientzia zibila, bakoitzak erabakitzen duen maila eta erritmoa errespetatuz.

Sistemak errepresioa areagotuko du eta Ezker Abertzaleak beharrezko tresnak garatu beharko ditu horren ondorioei aurre egiteko, abokatu sarea, isunei aurre egiteko dinamikak etab. Baina bide horretatik, sistemak bere burua deslegitimatuko du, gero eta ahulagoa den bere hegemonia galduz. Horrela ulertuta, herri erresistentzia eta desobedientzia zibila aldebakartasunean oinarrituriko bideak dira. Ez dute egungo ereduaren eraldaketa bidean sistemarekin elkarrizketa eta akordioak bideratzeko aukera ixten, baina ez gaude horren zain eta, batez ere, ez da hori borroka bide hauen helburua. Herri erresistentziaren zein desobedientzia zibilaren borroka moldeen helburua eredu alternatibo berria konpromisoen bidez gaurdanik eraikitzen hastea da, arloka eta globalki, atzerapausorik gabeko prozesu soziala eraikitzea, alegia.

Estrategiaren ardatzak enmiendarako eskema:

eskemaestrategikoa

Marrazkia handitzeko klik egin

———-

[Usa este formulario para el envío de enmiendas , + información]

[Recopilación de las aportaciones recibidas]

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s