Home

abian13

Ekarpenaren egilea: Urola

Eskaintza taktikoaren atalarekin lotuta:

Kokapena

Ezker independentistak, 56 urtetako ibilbidean zehar, estrategiaren moldaketa ezberdinak egin izan ditu. Moldaketa horiek, kasu batzuetan, beraiekin izan dituzte eskaintza taktikorako proposamenak. Oro har, hiru alditan bereiz genezake ezker independentistaren 56 urteko borroka:

1- ETAren sorrerari dagokiona: aldi honetan estrategia insurrekzionala zela esan dezakegu. Herrian kontzientzia handitzea, etsaia kolpatzea eta haren erantzun errepresiboak are eta herri+klase kontzientzia handiagoa sortzea (acción-represión-acción famatua) zen asmoa. Garai honetan, beraz, ez dago eskaintza taktikorik, aurrean zegoen etsaiaren ezaugarriak kontuan hartuta indarraren (armak eta herri presioa) norgehiagokan garaile ateratzea zen asmoa. Esan beharrik ez dago, estrategia horrek bere fruituak eman zituela. Ondo eman ere, Euskal Herria bizirik bada garai hartako pizkunde ikaragarriari esker baita. Sujetuaren handitzea eta independentismoaren hedatzea izan ziren emaitza ikusgarrienak. Dena dela, eta urte askoan estatuarekin norgehiagoka armatua parez-parekoa izan arren (Franco hil ondoren irekitako aukerak lehen urteetan insurrekzio armatuarako bidea ematen zuela pentsatu arren) intsurrekzio armatu bidez estatua(k) garaitzea ezinezkoa zela ondorioztatu zuen askapen mugimenduak, garai berean Irlandakoak egin bezala.

2- Bigarren fase honetan, askapen mugimenduak eskaintza taktiko bat plazaratzen du (KAS alternatiba). Eskaintza taktiko hori plazaratzearen arrazoia, insurrekzio armatuaren ordez negoziaketa eskema barneratzea da. Nolabait esateko, KAS alternatiba negoziaketari begirako minimoen eskaintza da, helburu estrategikoak erdiesteko. Epe honetan, borroka molde guzti-guztiak (armatua barne) erabiliz egindako presioak estatua(k) negoziatzera behartzea zuen helburua. Estatua mahaian esertzerako, eskaintza taktikoa eginda zuen ezker independentistak. Ordutik hona, eskaintza taktiko horrek forma ezberdinak hartu ditu (KAS alternatiba, alternatiba demokratikoa, marko demokratikorako proposamena) baina beti negoziaketa eskema baten baitako minimoen eskaintzak izan dira eta nagusiki Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidearen inguruan aritu dira. Fase horrek, hasiera batean, bere fruituak eman zituen. Izan ere, Aljerrek erakutsi zuen estatua(k) askapen mugimendua interlokutore gisa onartzen zuela, eta herriak molde guztiekin egindako presioa gai zela estatua mahaian eserarazteko. Ordea, denborarekin, ezker independentista beste ondorio batzuetara iristen da, hurrengo fasera pasatuz.

3- Zutik EHren fasea. Aurreko fasetik ondorio batzuetara iristen da ezker independentista:

Ondorio positiboak:

Estatuak ez du EH asimilatzea lortu.
Egungoa markoaren agortzea eta aldaketa nahia gizarteko sektore oso zabaletara heldu da.

Ondorio negatiboak:
Estatuek neurria hartua zioten aurreko estrategiari: blokeo arriskua (ez irabazi, ez galdu).
Estatuek ez dute konponbiderako borondaterik, negoziaketa ez da aukera bat. Ez dago borondatedun interlokutorerik.

Ondorio horiekin, ezker independentistak estrategia negoziatzailea alboratzen du, eta aldebakarreko bideari ekiten dio. Ondorioz, sektore zabaletara iristeko eta aldebakarreko indarra handiagoa izateko, borroka molde batzuk alboratzen ditu (armak). Ordea, aldebakarreko bidean aldebiko txiparekin sartzen da ezker independentista, oraindik ere negoziaketen (presoak, armagabetzea…) esperoan. Txip hori ez aldatzeak are nabariago utzi du negoziaketa ez dela emango, eta estrategia berriaren dekantazioa egitera ekarri gaitu (hortik eztabaida hau hein handi batean). Beraz, ezker independentistak bigarren fasea (negoziatzailea) erabat itxitzat eman du.

EMENDAKINA

Horiek horrela, negoziaketa fasea itxitzat eman den arren ezker independentistak eskaintza taktikoari eusten dio (euskal bidean zehaztua). Horrek hainbat arazo sor ditzake:

– Aldebikotasunaren txipa oraindik ere iraunaraztea (Madrileko hauteskundetako kanpainan zein azken asteotan Urizar eta Arraizen ahotik entzun dira adibideak) prozesu independentistaren abiatzea atzeratuz.

– EAJrekiko dependentzia. Aldebiko eskema ez da soilik Madrilik begirakoa, gure kasuan, EAJri begirako ere bada. Alde horretatik ere aldebakartasuna landu behar dugu, EAJri blokeorako giltza izatea aitortzen baitiogu. Noski, aldebakartasunak ez du autismoa esan nahi, iniziatiba politikoa izan eta martxan jartzea baizik, beste aktoreak guk marraztutako joko-zelaira molda daitezela eta ez alderantziz. Zentzu horretan, esanguratsua da Arraiz eta Urizarrek alde batetik eta Otegik bestetik azken bi asteetn egin dituzten proposamenak erabat aurkakoak direla (EAJren zain egon/prozesua martxan jarri zain egon gabe).

– Helburu estrategikoei begira gehiengo handiak sortzea posible da. Prozesu independentistak aukera eskaintzen du herritarrei hitza emateko, etorkizuneko bizi baldintza sozialak zeintzuk diren eurek erabaki eta prozesu eratzaile bidez neurri horien tamainako euskal errepublika osatzeko. Beraz, identitateen arteko talkatik proiektuen arteko talkara pasatzen ari gara. Eskaintza taktikoari horrenbesteko zentralitatea emateak, helburu horiek posiblearen eremutik utopiaren eremura eramatea dakar. Independentzia gaur eta hemen aukera erreala dela (etorkizunean espainian jarraituta bizitza duina izatea baino errealagoa) ezkutatzen ari gara.

– Azken arazo hau are larriagoa da erabakitze eskubideari ematen ari zaion zentraltasuna ikusita. Ezker independentistak proiektu propioari (independentzia) eutsi eta pedagogia egin ezean, erabaki eskubidearen pedagogia indartzea lortuko dugu, baina mahai gainean egongo den proiektu bakarra kontinuismoa izango da.

Hori horrela, euskal bidean zehaztutako geltoki taktikoak finkatzea ondo dago, barne mailan. Baina negoziaketarik ezean, ez da minimoak biltzen dituen eskaintza taktikoaren inguruan lanketa publikoa egin eta herri gehiengoak osatzeko garaia. Independentziaren garaia da, polarizazioarena. Martxoaren 16an publiko egindako ikerketa batek (http://www.iparhegoa.org/index.php/eu/euskal-estatuari-bidea-zabaltzen-3/97-euskal-estatua-irudikatzen) argi eta garbi uzten du etorkizuneko proiektu sozial eta demokratiko bat eskainiz gero euskal errepublikaren aldeko gehiengo oso handiak sortzea posible dela, zazpi herrialdeetan gainera. Hori posible izanda, hiru eragiteko esparruak (EAE, Nafarroa eta Ipar EH) beraien erabakien jabe direla aitortuta ere prozesu independentistari ekiteko garaia da (nagusiki hegoaldean).

Beraz, emendakin honek planteatzen du ezker independentistak negoziaketa fase itxitzat ematen duen honetan insurrekzio fasera pasatzea. Oraingo honetan, herri insurrekzio demokratikoa litzateke, indarkeriazko borroka moldeak alboratu baititugu. Beraz, berriro ere ekintza-errepresio-ekintza eskemara bueltatuko ginateke, berrituta: aldebakartasuna-estatuaren iraina-aldebakartasun gehiago eskemara, azken aldebakarreko erabakia euskal errepublika osatzea izango delarik. Bide horretan estatuaren iraina (edo ukaziozko erantzuna) ziurtatuta daukagu. Beraz, konfrontazioa sortzeko bideak, eremuak etab. asmatuz gero aldebakartasunaren elur bola handitzen joango da, etorkizuneko proiektu sozial horren bueltan.

Konfrontazio hori emateko bi bide nagusi jorratu beharko lirateke:

1-Herri desobedientzia indibidual/kolektiboa
2- Desobedientzia instituzionala

Unionismo demokratikoaren (Ahal dugu) agerpenak indar harremanen aldaketa ekarri du. Nafarroan eman da, eta EAEn ematear dago. Indar harreman horiek bide hau jorratzeko baldintza ezin hobeak ipintzen dituzte: instituzioetan eta gizartean gehiengo handi batek “hemen erabaki” vs “madrilen erabaki” ren aurrean lehen aukeraren alde egiten du. Horrela, neurri sozialetaz hitz egiten ari garela, madrilekin konpetentzia talkak sortzea berezkoa izango da (adibidez oposizio lan eskaintza publikoen kasuan emango da, gureak ez diren konpetentziak erabiltzen baditugu adibidez gutxieneko soldata edo pentsioen gaian etab.) Talka horrek polarizazioa sortzen du: espainiaren proiektu soziala vs euskal proiektua. Hori da, azken batean, independentziaren aldeko gehiengoak osatzeko biderik eraginkorrena. Nork ez du nahi bizi baldintza hobeak izan, espainiar sentituta ere?

Aldiz, indar harreman horien aldaketak erakusten digu polarizazio ardatza erabakitze eskubidea bai vs erabakitze eskubidea ez bada, lehenak irabaz dezakeela baina horrek ez duela independentismoaren indartzea berez ekarriko (beste bi indarrak ere teorian erabaki eskubidearen alde lerrokatuko direlako, neurri sozial burujabeak mugatuko dituen espainiaren proiektua defendatu arren).

Beraz, ezker independentistaren lana izan beharko litzateke konfrontazio esparru horiek bilatu, eta estatuaren iraina ekarriko luketen txinpartak sortzea (lehen aipatutako bi bideak, instituzionala eta herritarra, baliatuz). Argi izanda prozesu independentista ez dela ezker independentistaren lana, herri prozesua izango baita. Ezker independentistak bere alea, prepotentziarik gabe, jarri beharko du herri prozesu horretan. Beraz, txinparta horiek identifikatu eta polarizazioa handitu dadin konfrontazio esparruak eskaintzea izango da ezker independentistaren lana.

Ez da barne autodeterminazio, erabaki eskubidedun autonomia etab. en garaia. Jendeari bizi baldintza duinak (35 orduko lan astea, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioak, oinarrizko errenta unibertsala…) eskaintzeko garaia da. Hori espainaren barruan ezinezkoa izateak euska errepublika sortzera eraman behar gaitu, bizi baldintza duin horiek artikulatzen sortutako konfrontazioak baldintza horien gainean eraikitako errepublika sortzea esan nahiko baitu.

https://borrokagaraia.wordpress.com/abian/

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s