Home

a17

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ernai

Kaiola barnean dagoen txoria nekez irtengo da soilik kanpora. Astindu ditzake hegoak, gogor astindu. Jo ditzake barroteak, gogor txio egin. Barruan dagoela irtengo denaren esperoan gera daiteke baita ere. Abestu gabe, hegalen barnean bildurik, geldi.

Gure Herriaren historia kaiolatik kaiolara joan da urte luzez. Egun ordea, badago historia gutun bidez idazten jarraitzen duten ehunka lagun. Etxetik urrun, milaka kilometrotara, milaka taupadara. Txoriak legez, barrutik, abestuz, borrokatuz, maitatuz, ukabilak astinduz. Baina txoriak bezala, nekez izango dira libre kanpoan borrokatu gabe.

Euskal Herritik urrundu bagaituzte ere, beti egon da deserria gure bizitzen erdian. Barruan egon behar duen eta kanpoan dagoenaren erdian. Barrotez, txakurrez, kristal kolpatuez edota errepide bukaezinez erdibituta. Erdibiturik nahi duten bat gara presoa, iheslaria eta gu, erdibitu nahi gaituzten Herria ere bagarelako.

Apirilak 17an nazioarteko preso politikoen eguna dugu. Herrion askapen borrokan milaka eta milaka kide gogoratzeko eguna, nahi inor sekula ahaztu ez. Baina hortik aparte, borrokaren gazi eta gozoez ohartzeko eguna ere bada. Preso politikoak gatazka politikoa dagoelako daude, borrokaren gordinean bide bat edo bestea aukeratzeak ondorioak dituelako beti. Atzo, gaur eta bihar ere. Ezin dezakegu pentsa, sistemarekin apurtzeko apustu politikoa merke irtengo zaigunik.

2013.urtean EPPKk hartutako erabaki ausarta ez zen nolanahikoa izan. Martxan jarritako borroka bakoitzak bere ekarpena behar duenez, euskal preso eta iheslari politikoek ere berea ekin zuten. Kolektiboan hartutako erabakia, konpromiso militantez aurrera eramanaz, behar den lekuraino. Gatazka politikoaren konponbidean subjektibo aktibo izanez, adostutako bide orria bururaino eramateko erabakia berretsi zuten. Erabakia kolektiboarena da, norbanako bezala ere borrokatzen dena baina bide argi batean, etxerako bidean.

Egun bizi dugun testuinguru politiko honetan, martxan jarri beharreko prozesuan ezinbestean behar ditugu. Banatu nahi gaituzten murruen gainetik, batera ekin beharreko bidea dugu aurretik, ez nolanahikoa gainera. Izan ere, EPPK eta EIPKk emango dituzten pausuak kaleko indar eta babesik gabe ez du zentzurik, ezta askapen prozesua aurrera eramatea preso eta iheslariekin kontatu gabe. Ikusi besterik ez dago, zer nolako garaipena izan zen iheslariek jaioterrira bueltatzeko hartutako erabakia. Herriaren ongi etorri eta babes gabe nekez izango genituzke ondoan. Hura pauso bat gehiago izan zen, abia ditzagun batera hurrengo ibilaldiak ere.

Euskal herritarrok igande honetan badugu zita. Bilbora joateko deia egin dute milaka preso eta errefuxiatu ohik, “Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera” lemapean. Gazteok, orain arte bezala, Bilbon kaleak betetzeko gure urratsa emango dugu. Barrutik eta kanpotik, batera gaudelako, bide berean gaudelako.

Gatazka politiko baten erdian eraman zituzten espetxera eta gatazka politiko baten erdian daude espetxeratuak.. Gatazka politiko honi irtenbidea emateko, etsaiari begira egon beharrean gure ondoko kideari begiratuz has dezagun bidea. Martxan jarriko dugun prozesu independentista denon askatasunerako prozesua izan behar duelako. Herri bezala, bakoitzak bere txokotik, bere indar eta ekinetik. Horretarako, igandean Bilbon egongo gara gazteok, amnistia eta autodeterminazioa ortzimuga, azken preso eta iheslaria etxean izan arte, kaiola guztiak puskatu arte.

2 thoughts on “Apirilak 17an, gazteok Bilbora!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s