Home

dardos

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: Nekane Garmendia eta Patxi Azparren, Lizargorri taldeko kideak

Adituek diotenez, kalitatezko umorearen ereduetako bat Monty Python taldea da. Talde honen “Brianen bizitza” filmaren eszena zoragarri batean, protagonista nagusia “Judeako Herri Batasuna” goraipatzen hasten da. Lagunek harriturik, kargu hartzen diote, ordurako “Judeako Fronte Batuaren” kideak baitira. Eztabaida bizian murgildurik, Judearen aldeko talde guztiak iraintzen hasten dira, azkenean haiengandik metro batzutara Judeako Herri Batasunaren ordezkari bakarra aurkitzen dute; aho batez, oldarturik eta pozik “disidente” ohikatuz, lasaitzen dira.

Une latzenetan ere umorea galdu behar ez dela pentsatzen duten horietakoak izanik, eszena hori sarritan erabili ohi genuen zenbait lagunek garai bateko gure egoera politikoa irudikatzeko. Euskal Herritarrok izar disdiratsuak eztanda egin berri zuen eta izar horren hautsak noraezean zebiltzan orbita finkorik aukitu ezinik.

Disidente izatea neketsua izan daiteke, ilusio baten heriotzatik sortzen baita. Disidentea duintasunaren izenean mintzo da, jarrera etikoa ukan nahi du iparorratz eta bandera hori eskutan hartuta, aurrera egiteari ekiten dio, bakarrik geratzeko beldurrik gabe. Haatik, disidentearen nahia ametsari eustea da eta eraginkortasuna du jomuga. Kontrakoa egiteak onanismo politikoren hatzaparretara eroriarazi lezake eta disidente gainideologizatuok ezin diogu geure buruari hori barkatu, ezta?

Eragikortasunaren bila

Halako batean, orbita dantzari horietako batean genbiltzalarik, mugimendu eliptiko zabalean zebilen beste lagun talde batekin topo egin genuen bolada txiki batez. Talde horrek aurki Alternatiba Eraikitzen sortu zuen, alderdi politiko izaera hartuz; besteok Ezker Soberanista Eraikitzen izena hartu genuen, iritzi-talde izaera hartuz. Oso jatorri ezberdineko bi talde izandagatik ere, “Eraikitzen” hitzak elkartu gintuen, bi taldeetan esparru berri hori ireki beharra zegoela pentsatzen baikenuen. Geroztik nahiko korapilatsuak izan dira gu guztion ibilbideak

Ezker Soberanista.

EHbildu egin aurretik, eta ziuraski eskuin jeltzaleekin Fronte Soberanista egiteko azkeneko aukera Ibarretxeren saiakerarekin batera amaituta zegoela ikusitakoan, Gehiengo Sindikalak eta beste eragile batzuk “Ezker Soberanistaz” hitz egiten hasi ziren.

Zenbaiton ustez, aspalditik, ezkerreko abertzaletasuna eta abertzalea ez diren beste sektore soberanistek oinarri sozial zabalagoa eta handiagoa zuten jeltzaleek baino, eta hortaz, esparru anitz hori egituratzeko bidea aurkitzekotan, indar-korrelazioa errotik aldatzeko aukera handia zegoela uste genuen.

Ez ginen horren oker, egituratzeke dagoen esparru horren hasierako hauteskunde-eskaintzek plazara irten orduko, Hego eta Ipar Euskal Herrian emaitzak zoragarriak lortu zituen-eta.

Harrezkero, urrats franko eman dira. Eraikitze lanek darraite, gorabehera askorekin; atzera-aurreraka, zalantzaki, mesfidanti, tentuz…ezuste txarrak ere egon dira, zorioneko berriak, hanka sartze larriak, baina gero eta argiago dago ezkerreko independentismoak duen ahalmen guztia aktibatzeko gai ez bagara indar sistemikoek herri honen askatasun eta eraldaketaren gogoa zapuztuko dutela.

Ezker Soberanistaren baitan hainbat jatorri duten korronte ideologikoek kokaleku aurkitu beharko dute: Ezker Abertzale Historikoak, Ezker Abertzalearen enbor nagusiak, jeltzaleengandik bereiztu den euskal sozialdemokratek, Ipar eta Hegoaldeko independentista ezkertiarrek, abertzalea ez diren ezkerreko sektore soberanistek, klase-sindikalismo euskaltzaleak; zenbait herri mugimenduk, kultur sortzailek…

Hauteskude-eskaintzatik harago joan behar da, baita koalizo elektoral batetik harago ere, ezker soberanistaren aniztasuna eta eraldaketa ahalmena ez baita sartzen XX.mendeko parametroetan eginiko erakunde politiko hertsietan.

Ezker Soberanista osoak gogoratu behar du denok disidenteak garela. Egungo sistema sortu eta babesten duten eragile politiko eta ekonomikoek ez dute-eta, ez zalantzarik, ezta kupidarik ere izango. Eredu politiko , sozioekonomiko eta kulturalen arteko talka erabatekoa da eta herrikideon gogoa berpiztuko duen ilusioak gure helburuen erakargarritasunean du xede.

Herri Mugimendu zabal gisa egituratuta askatuko ditugu gure ahalmenak, aurpegi anitz izango duena, adierazpen asko izango duena. Aldarrikapenak xamurtasunez egin behar diren uste dutenentzat irekia eta erradikaltasuna berreskuratzeko parada dagoela uste dugunontzat.

Aniztasunak indarra dakar, Aniztasunak askatasunez hitz egin behar du. Sopranoak, baritonoak, soltista ederrak behar ditugu. Aldiz, batik bat, abesbatza polifoniko zabala beharrezkoa dugu. Aniztasunean aritzeko, autodisziplinak talde-disziplari gailendu behar dio.

Uhin indartsu, sakon eta zabalak sortzeko gaitasuna eduki behar du izar disdiratsu berriak. Irudimen handikoa, klase herritarren beharrak egunerokotasunean asetzen saiatuko dena, Historiak ekarri dizkigun hiru eremuetarako proposamen gauzagarriak lortzeko gauza izango dena, baina baita muga horien gainetik ere, Euskal Herri osorako , batera, beste prozesu garaikidea abian jartzeko gai izango dena. Uhin eraldatzaile eta askatzaile horiek denbora eta espazioaren mugak gaindituko dituzte.

Indar sistemikoen abisua

Biziki adierazgarria iruditu zaigu Arnaldo Otegik askatasuna berreskuratu zuen egunean, erdal hedabide guztiek aho batez zabaldu zuten mezua; honela zioen: “jakin dezala Otegi jaunak aurkituko duen Euskal Herria ez dela duela 6 urte uzti zuen herria, jakin dezala ziegan egindako hausnarketak eta posizionamenduak egokitu beharko dituela”. Bitxia benetan aholkulari prestu hauek emanako abisua. Bitxia bezain pozgarria, Ezker Soberanistak eduki dezakeen garapenak izutu egiten dituela islatzen baitu.

Bai Euskal Herria aldatu da, ez bereziki Arnaldo eta beste pertsona asko gilzapean eman dituen urteotan, ez solik hedabide horien eledunek azpimarratu nahi dituzten eremuetan.

Aldaketa aspalditik zetorren. Ados, Euskal Herria zaharkituta dago, euskalherritarrok aburgesatu gara larriki, nortasun politikoa ez dira lehen bezain sendoak.

Alabait, aldi berean, bestelako aldaketak ere eman dira, mozorro guztiak erantzi dituzte eragile sistemikoek; Varoufakisek salatu duen bezala, Europa postdemokratikoan bizi gara; gazteriak jaioterria utz dezan ahalegitan dabiltza multinazionalak beraietzat merke lan egin dezaten…

Gauza asko aldatu dira, kapitalismoa erradikalizatu egin da, globalizazioak astindu ederra eman die Estaturik gabeko nazioei, esklabo hipotekadunok kaleak hustu ditugu, koldartu gaituzte…borrokan jarraitzeko hamaika argudio berri.

Arnaldo kaleratzean, bere esanetan, euskaldunago, sozialistago eta independentistago atera da. Indar sistemikoek jendarte otzana aurkituko duela esan badiote ere, aurki ohartuko da errealitateak aurpegi asko duela. Kanpoan geratutako asko ere euskaldunago, independentistago, sozialitago eta libertarioago bilakatu garela sei urte hauetan. Gainera, orain, jardun independentista eta eraldatzailea koherenteagoa garatzeko gai izan gaitezke: giza eskubideetan oinarrituta, nazio, zibil eta sozial eskubide guztien garapena exijituko duena eta prozesu soberanista garaipenera eramango duena.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s