Home

IMG-20160425-WA0005

Ikasle Abertzaleak

2016ko maiatzaren lehena heltzear dago eta momentuko testuinguruaren inguruko hausnarketa egin behar dugula ikusten dugu, datozen urteek izango duten garrantzia dela eta. Sistemaren krisiaren fase berri baten aurrean gaudela uste dugu, non hurrengo urteotarako langile klaseko kideontzako miseriaz jositako eszenatoki bat aurreikusten dugun: langabezia, murrizketa eta bizitzeko beharrezko ditugun gutxieneko baliabideak eskuratzeko zailtasun handiak izango ditugun.

Sistema kapitalista-patriarkarrak bere oinarrietan dituen kontraesanak agerian geratzen ari dira, bereziki 2007-tik aurrera finantza eta kreditu sistemaren eztandarekin batera sortu den testuingurua dela eta. Baita sistemak Euskal Herri Langilea zapaltzeko duen modu konkretuaren kontraesanak ere: Espainiar eta Frantziar estatu inperialisten barne kontraesanak. Euren burua zorpetuta ikusita, estatu egituren funtzio eta logikei erantzunez, murrizketen aroari hasiera eman zion lehenik. Oraingoan merkantilizazioaren aroari ateak parez pare ireki nahi dizkio: hezkuntza, osasuna, zerbitzu sozialak… pribatizatu eta merkantilizatzearen bidez kapitalari merkatu berriak ireki nahi zaizkio, bere metaketa prozesua eten ez dadin. Horretarako, gobernu neo-liberal edota sasi-ezkertiarren bidez Bologna, LOMCE, EU2015, 3+2 bezalako erreformak aurrera eraman nahi dituzte. Hauek, sarritan salatu dugun bezala, ez dira momentuko aldaketa txikiak (koiunturalak), testuingurua aldatzean kendu egingo direnak: egiturazkoak dira, etorkizunerako planteatzen duten ereduaren zutabeak eraikitzen ari dira gure heziguneetan.

Izan ikastetxeetan izan unibertsitateetan, aldaketa guzti hauen helburua hezkuntzak merkatuaren exijentziei erantzutea da. Merkatuak elkartasun-kolektibotasun eza behar badu, lehia sustatuko da heziguneetan; merkatuak Alemanian ingeniari merkeak behar baldin baditu, euskal unibertsitateek gure herritik alde egingo duten ikasleak prestatu eta mentalizatuko dituzte; merkatuak hizkuntza unibertsalak behar baditu, euskararen presentzia gutxituko dute gure ikastetxeetan; merkatuak artea, filosofia edo literatura behar ez baldin baditu, gobernu estatalek irakasgai eta gradu horiek ezabatu edo finantziatzeari uztearen aldeko apustuak egingo dituzte.

Ikasle zapalduok merkatuaren eta gizaki-merkantzien logika hautsi behar dugu! Hezkuntza ezin da izan bere lan-indarra saltzera behartuak dauden ikasle automatak sortzeko tresna. Egiten ari diren erreformak dominazio sistemako aginte eta gestio postuak gutxi batzuentzat gorde eta gehienontzat langabezia zein prekarietatea orokortzera daude bideratuak. Lan esku merke eta sumisoa izateko heziak, iritzi kritikoa izan gabe edo izatekotan gure baitarako gordeaz.

Aurtengo ikasturtean apurtu eta eraiki filosofia aurrera eramaten ari gara, kapitalari arma bikoitz batekin aurre eginez eta hau gainditzeko beharrezko indarrak bilduz. Arma bikoitza baino, txanpon beraren bi aurpegiak direla esan genezake, dominazio sistemarekin apurtzen dugun heinean soilik ariko baikara metaketa logika itsutik haratagoko ereduen hastapenak marrazten. Eta era berean, soilik etorkizuneko ereduaren hastapenak eraikiz lortuko dugulako apurketa definitiborako beharrezkoa den indar nahikoa. Beraz, borrokarako ditugun tresna eta molde ezberdinak logika berean kokatzen ditugu, bata bestearen osagarri zuzenak izanik. Mobilizazio masiboak, Herri Unibertsitateak, herri eskolak, asanbladak, talde feministak, euskara taldeak, jakintza kritikoko taldeak, kontzientzia iraultzaileak… ari dira gorpuzten Euskal Herriko txoko guztietatik. Hauek, egungo eraikuntza eta gorpuzte fasean kapitalari aurre egingo dioten tresna modura ulertzen ditugu.

Argi dugu merkatu zein estatu burgesen aginduei erantzuten dieten ereduetatik haratagoko ereduen bitartez, soilik bihur daitekeela hezkuntza langile klasearen askapenerako tresna baliagarri. Egun Euskal Herrian estatu español eta frantsezek inposatzen dituzten hezkuntza sistemen erreformatik ez da inolako askapenik etorriko: justu kontrakorako izan dira diseinatuak eta mekanismo nahiko dituzte eraldaketa sakon oro blokeatu eta geldiarazteko. Euskal Herriarentzako Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko borroka Euskal Herri Langilearen mesedera egongo den hezkuntza ereduaren eraikuntza prozesu praktiko eta erreala bilakatu behar dugu.

Hala ere, kapitalaren ofentsiba berri baten ateetan egonik, Ikasle Abertzaleok langile klasearen eta sektore zapalduen eskubideak gure indar guztiekin defendatzeko konpromiso kolektiboa hartzen dugu, beti ere argi izanik harreman eredu kapitalista eta patriarkarra irauli ezean ez dagoela duin bizitzerik, gure bizien gaineko kontrolik izaterik.

Gaurko ikasle eta biharko langile edo langabetu bezala, beti egongo gara langabetuen ondoan, prekarietate egoeran daudenen ondoan, lan ez aitortuak edo ez ordainduak egiten dituztenen ondoan, urrundik etorri behar izan eta inork baino baldintza okerragotan lan egiten duten horien ondoan, baita gure herritik alde egitera derrigortu dituzten horien ondoan. Ikasle gara, gazte gara eta aldi berean egungo zein etorkizuneko jendartearen bermea. Horregatik, pertsonen arteko esplotaziorik gabeko mundu baten alde borrokatuko dugu, hezkuntza errotik aldatuz eta eredu berri baten baitan gure buruak heziz eta eraldatuz. Etorkizuneko pertsona berria izango gara, Euskal Herri Langilearen eta munduko zapalduon erabateko askatasuna lortu arte etsiko ez dutenak, historia definitiboki aldatu arte.

Heziguneetatik borrokarako deia luzatzen dizuegu, langile zapaldu bezala gure egoeraren kontzientzia hartu eta gure herriaren askapen borroka amaieraraino eramatearen ardura dugu, eta horri helduz jarraituko dugu bai gure heziguneetan zein kaleetan, kapitalaren hatzaparretatik askatzearen alde borrokatuz: hezkuntza herritik eta herriaren mesedera jarriz!

Klase, nazio eta genero askapenaren alde, Euskal Eskola Nazionala irabaz dezagun!

Egunero da maiatzaren lehena! BORROKA DA BIDE BAKARRA!

2 thoughts on “Ikasle borrokaz sistema irauli! egunero da maiatzaren lehena!

  1. Erabat ados idatziarekin. Nik dela 2 ia 3urte Magisteritza amaitu nuela. Gaur da eguna han eta hemen klasekideak topatzen garena eta elkarri galdetzen garenean, ea zerbaitetan hasi al geran, lanen batean edo. Hamarretik bederatzik ikasitakoarekin harremana duen ezertan ez gara ari. Batzuk ume zaintzen, tabernari edo batez. Gutxi batzuk oraindik ilusioz kurtsilo garestiak egin eta ordainduz. Horretarako ere aukera behar da.
    Ta pentsa gu hasi ginenean denontzat lana ikusten zen, irakasle mordoari jubilatzeko adina zetorkien. Ba ezta horregatik ere ez dugu ezer lortzen. Sistemak ondo erabiltzen gaitu, ikastaroan zehar “Practicum” egitea beharrezkoa da, denborakin ohartzen zara nola irakasle berririk hartu nahi ez eta Practicumeko ikasleekin nola zuloak betetzen doazen.
    Gainera gure ikastaroa izan zen lehena “Bolognako” onurak dastatzen, benetako profesional bihurtuko ginen. Hori bai lehen hiru urte zirenak guri eta ondorengoentzat, lau. Abantaila galanta omen zen, Europa guztian edonon lan egiteko prestatuak eta agiriz beteak.
    Ba ikusten duzuen bezala, zuen aipamenei ez zaie ezer falta egi osoa izateko.
    Karrera amaitzeko azken burla, titulua jasotzeko ehunda piko Euro ordaindu beharra, eta halere urte erdi zain Erregeak sinatzeko. Eta sinadura, sistema honetan gainontzeko gauzak bezala “Kopia” puta bat besterik ez da.
    Zaharra berri ikasleak!! Borrokak jarraitzen du izaten bidea.
    Pd: proposamena ondo egongo litzateke horrelako batean zerbait etara ikasle ohi eta gaur prekario edo langabetuok deitzea. Asko gara hortik eta gehienak erre-erreak gaude. Behin ikasketak amaitu eta gero dispertzioa ematen da. Zaila da ikasle ohiak gure kaxa antolatzea. Horrela gaurko eta dela urte gutxitako ikasleak zerbait benetan jendetza egitea. Noski egoera guzti hauek jakitera emateko jendarteari.

    Aupa zuek eta amonak dion bezala asko ikasi. SAPERE AUDE!!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s