Home

Maddi Sarasua Laskarai / Topatu

Ez gira gai gure oinarrizko behar-izanak asetzeko. Nahi eta behar ditugun objektu guziak gurekin loturarik ez duten ekoizleek ekoizten dituzte. Truke balioaren bidez eskuratzen ditugu: baliokide diren objektuak saldu eta erosiz, dirua dela bitarteko. Gure lan indarra eta denbora saltzera behartuak gira, besteen lan denborak erosteko.

Harri batez bi xori, Aitzinakoentzat idatzi nuen Euskal Herrian Autonomia Komunala txosteneko ideia batzuk sinpleki (gaizki) azaltzeko saiakera partekatzen dizuet. Ideiak zabaldu, eztabaidatu eta praktikan eraikitzen jarrai dezagun! Oraindik egin ez duzuenok irakurri txostena!! ;)

Eta besteok bota zuen, iritzi, eztabaida eta gogoetagaiak. Bide luze baina ederra baitugu egiteko elkarrekin!

Ez ditugu gauzak produzitzen pertsonentzat, lan-saria eta dirua eskuratzeko baizik. Trukea egitean, objektuak dira inportante, ez pertsonak. Dirua eta objektuak pertsonen gainetik kokatzen diren gizarte batean bizi gira. Denak elgarren menpe. Denak diruaren menpe. Gure bizien gaineko erabaki gaitasuna galdu dugu, pertsonen arteko harreman afektibo komunitarioak ere bai. Botere unibertsal monetarioaren menpe bizi gira, bakartuak eta esklaboturik.

“Behin elkarren arteko lotura afektibo ekonomikoak deseginik, pertsona ezezagun edo indiferenteen artean, trukearen edo salerosketaren bitartez baino ez da gertatzen harreman ekonomikoa, hau da, soilik batak bestearengan etekin propiorako aukera ikusten duenean. Une horretan, diruaren agintea gauzatzen da.”

Gure bizi denbora ere zatitzen da; gureak senditzen ez ditugun espazio-denboretan girenean produzitzen dugu (lanpostuan eta lan denboran), eta ustez gureak senditzen ditugun espazio-denboretan (”denbora librean” eta etxean, erosketetan, ostatuetan, karrikan) besteen lan denborak absorbitzen ditugu kontsumoaren bitartez. Horrela, ez dugu espazio-denbora propiorik, hauek sortzeko ahalmen eta botere politiko kolektiborik ez dugulako.

Lan egin beharra, lan-sari baten beharra, gure produktuak saldu beharra, gure nahiak erosketaren bidez erdietsi beharra, besteen gainetik egoiteko saiakera egin beharra, diruaren beharra… politikaren esparrutik kanpo kokatuak dira: saihestu ezineko errealitate gisa aurkezten zaizkigu.

7f01b47c832fb5aa220a12f59384e0f4maddi-sarasua-autonomia-komunala-1jpg

Ez dakigu elgarri entzuten, zaintzen, elgarrekin ekiten ere ez; ez dakigu elgar maitatzen edo elgarrekin pentsatzen, desiratzen, ingurukoentzat bizitzen ezta elgarrekin botereak elkarbanatzen ere.

Objektuak eta diruaren interesa boterean den sistema honetatik pobrezia, isolamendua, inpotentzia, desjabetzea, obsesio sexuala, arrazakeria, matxismoa, ignorantzia, lurraldearen suntsiketa eta gure kultura eta hizkuntzaren agorpena eratorri dira.

Diagnostiko hau egin ondotik, gaur egungo ezkertiar alderdi eta mugimenduak azalean gelditzen direla ikusten da. Kooperatibak edo ezkertiar alderdien proposamenak ez dira eragingarriak, ez baitute sistema bera zalantzan ezartzen. Diruaren boterearen sistemak beti janen du elkartasuna. Ez da pertsonen interesetara izanen, diruarenera baizik. Ezinezkoa da autoritarismoa eta miseria desagerraraztea lanpostuaren eta truke balioaren logikan oinarrituz. Gaur egungo ezkerreko alderdiek ez diete sistemaren arazo larri diren herrien eta pertsonen botere ezari aterabiderik formulatzen. Ez dituzte boterearen izaera kapitalista eta boterearen banaketa hierarkiko autoritarioa zalantzan jartzen, botere horren erabilerari ze forma emanen zaion baizik.

7f01b47c832fb5aa220a12f59384e0f4maddi-sarasua-autonomia-komunala-2jpg

Irtenbidea botere hori pertsona guzien eta bakotxaren eskuetan ezartzea da. Kapitala eta soldatapeko lanaren estruktura soziala desegitea, hierarkia handiak eta botere metaketa handiak deuseztuz. “Ez dugu akumulatzaile basatien gose aseezinaren morroi izan nahi; guk autonomo izan nahi dugu, gure bizi baldintzen burujabe.”

Gaitasun produktiboak gure gain ukaiteari, eta elgarrekiko ardura eta elkarbizitza izaerari, autonomia komunala deitzen diogu. Dominazio mota guzien aitzinean, autonomia komunala proposatzen diogu, helburu politiko gisa, euskal eraikuntzan ari den esparru politiko ezkertiarrari. Herriz herri, auzoz auzo eraiki dezagun.

Kolektiboan sortuko dugu, eta komunalean emanen diogu elgarri. Ez dugu botere delegazioan oinarrituriko erabakitze estruktura eta metodologiarik onartzen; Guk erabakiak denen artean eraikitzen ditugu, bideragarri zaigun mailan, asanbladetan eta ekoizpen espazioetan. Badakigu asanbladetan ere aukerak ez direla berdinak, baina heredatu dugun sistema honetan haziak izan girelako da hori, desikasi eta elgarrekin ikastea egokitzen zaigu.

Lan askatasuna proposatzen dugu. Norekin produzitu, zer produzitu eta nola produzitu gure eskumen bihurtzea. Trukea bi objekturen artean egiten da eta objektuek dute agintea; ez du inporta beste aldean den pertsonak, batak besteari emaiteko duen produktuaren balioak du garrantzia.

Autonomia komunalaren baitan, lotura soziala afinitate espazioen sare batean eraikitzen dugu, ez merkatu globalaren baitan. Adiskidetasunean oinarriturik emaiten diogu elkarri. Hori da komunala: elgar bizi, elgar izan, eta elgar eman. “Logika honen potentzialitatea praktikoki ikertu nahi dugu, beheretik gainera, eskala geoespazial mugagabean.” Logika sozial honek etika propio baten garapena eramanen du ezinbestean.

Gazte asanbladetan, auzo asanbladetan, kolektibo ezkertiar autonomoetan edo sortu litezkeen talde komunal berrietan, hasteko, eztabaidak eginen ditugu, helburu politiko eta produktibo batzuk zehaztuz. Pundu huntan ezinbestekoa da elgarrekiko konfiantza finkatzea; hau da, helburu politiko eta produktiboak denen artean adostu eta elkarbanatzen ditugula argi izan behar dugu, eta momentu hortatik aitzina elgarrekin ekingo dugula norabide hortan. Seguraski gutariko batzuen diru beharra beste batzuena baino handiagoa izanen da, eta hori ulertzen eta kudeatzen asmatu beharko dugu. Ulergarria da gaur egunean dirua nahi izaitea. Horregatik behar dugu konfiantza ukan helburu politiko berdinen gainean, kolektiboki, komunal bat osatzeko apustua eginez.

ac2898b92209c8a6e2691ae28e9aaa27maddi-sarasua-autonomia-komunala-4jpg

Kasu gehienetan komunalaren eraikuntza modu mailakatu batean emanen da segur aski. Hala ere, prozesua konpromiso politiko sendo batekin emaiten bada, analisi sakon eta zorrotzekin, eta pixkanaka-pixkanaka produzitzen dugunarekin partekatzean eta elkartasunean oinarrituriko ekonomia osatzen badugu, produkzio komunala merkantilari espazioa irabaziz joan beharko litzateke. Merkaturik gabeko ekoizpen eredu oso bat eraiki arte. Kapitalak indar produktibo erraldoiak eraiki ditu jendea logika berekoi baten arabera elkartuz; gure ustez, jendea askatasun eta afinitate kolektiboen arabera elkartuz gai izanen gira

Kapitalaren boterea gainditzeko eta horrela gure indar produktiboen gaineko kontrola hartzeko, behingoz mehatxu bat izaiteari utz diezaioten.

Txostena irakurri.

Ze gogoeta etortzen zaizkizu zuri? Ze duda eta sentipen dituzu? Nola ari zara bidea egiten?

Milesker bihotzez Merkatutik Atera eztabaida taldeari, ideiak modu horretan garatzen, formulatzen eta partekatzen asmatzeagatik!

Animo ametsak esku lokaztuz gorpuzten ari zaretenoi! Denontzat pentsatu eta borrokatu bidea denongandik eta denok egin behar dugulako. Eztabaidatu, zabaldu eta ekin! ;)

2 thoughts on “Autonomia komunala eraikitzen

  1. Uste dut sintesi egokia egin duzula Maddi. Gaurko egunak ez dira oso egokiak politika egiteko asmoa dutenentzat, izan ere erreferente gutxi dago (nahiz eta badira) mundu osoan zehar nazio mailan inpozizioen aurrean antolatzen direnak. Aparato burgesaren eta dominazio abstraktoaren garaipen handia pairatu dute ezker mugimendu iraultzaileek, eta bere osotasunean langileriak.

    Baina gu ere zerbait garela badakigu, eta nahiz eta bide luzea dugun egiteko, ez da hain eskasa euskal langileriaren posizioa gizarte kapitalistan. Beraz gure gaitasunen kontziente izatea tokatzen zaigu eta gure zailtasunena ere. Izan ere, nire iritziz kontu handiz ibili behar da, analisian atera diren horiekin, haien boterea behin eta berriro agerian uzten baitute gure fabriketan, eskoletan, kalean, etxeetan, mendian, airean, eta itsasoan. Dena nahi du izan kontrolpean lan asalariatuaren eta plusbaliaren makinak. Antola gaitezen eta haiek baino bizkorragoak izan gaitezen utzi diguten mundu zail honetan.

    Beste barik, agur bero bat Hegoaldetik.

  2. Neure ustetan badaude hainbat erreferente historiko eta gaur egun martxan dauden proiektuak autonomiatik jorratzen hari direnak. Daukagun batzarrre eta auzolan tradizioa dela eta,EH lurralderik aberatsenetakoa izango da gainera sentsu honetan. Gaztetxeetatik hasiz (http://topatu.eus/gida/gaztetxe-gida ) eta estatu mailan aurki daitezkeen 300 baino gehiago espazio autogestionaturekin (https://15mpedia.org/wiki/Lista_de_centros_sociales) jarraituz
    Medioei begira ere baditugu funtzionatzen duten abibideak.

    Aipamen berezia egin nahiko nuke 30 urtetan zehar egon diren hainba irrati libre. Batzuk gaur egunerarte helduaz eta Arrosa Sare bezalako estruktura bat sorturik (aipagarri eta zabaltekoa beraien web orri berria http://www.arrosasarea.eus/). Aldizkarietan era badugu nun begiratu, adibidez ARGIA, Diagonal eta La Directa aldizkariek hartu duten konpromezua elkarlanerako. Errealitate diren medo hauek erabili, zabaldu eta sustatzen ditugu nahi beste?

    “Alternatiben Herria”n edo “MeCambio” web orrian (http://www.mecambio.net/) agertzen diren hainbat alternatiba. Logika kapitalistatik guztiz irten gabe gehienak, egia da. Baina gure egunerokotasuneko hainbat aktibitate moduan, ez? Ezin ahal dira ala ere interesgarriak izan hausnarketa kritiko baterako eta bide berriak esperimentatzen joateko? Espazio aske eta autonomoak sortzen joateko?

    Nik proiektu horien arteko elkar ezagutza sustatu edo interakzioan hainbat aukera daudela sumatzen dut. Badaudela baliabide objetibo eta subjetibo minimoak txikitasunetik eraikitzen hasteko. Ikasteko, saretzeko eta ahalduntzen joateko. Hainbat huts egiteri aukera emanik eta beraiengandik ikasi eta sendotzen joateko.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s