Home

M28kartela

LAB

Egungo eredu ekonomiaren aurrean aldaketaren beharra  nabarmena da, eta horretarako ekintza sindikala eraberritu eta mobilizazio soziala suspertzeko bideari ekin dio sindikatuak, lantokietan zein kalean eraginez. Ez gaude prest botere ekonomiko eta politikoek prekarietatera kondenatuz inposatu diguten eredua onartzeko eta hala adieraziko dugu datorren Maiatzaren 28an Bilboko kaleetan egingo dugun mobilizazio nazionalean. Prekarietateak milaka aurpegi ditu eta Bilboko mobilizazioa guzti horien erakuslehio eta prekarietatea garaitzeko borrokaren inflexio puntu bilakatuko dugu. Ez hutsik egin, 17:30ean • Udaletxea • Sagrado corazón • Abando • Zubiarte •

Espainiar zein frantziar Estatuetatik eta bertoko Gobernuetatik datozen eraso eta murrizketen aurrean konfrontazioaren bidea aukeratu dugu, euskal esparru sozioekonomikoaren aldeko borrokan gabiltza eta lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredu berri baten alde ari gara. Bide hau langileen indar eta mobilizazioari esker ari gara jorratzen.

Udaberriari indartsu ekin diogu. Jauzi berri bat ematen ari gara prekarietatearen aurka. Apirilaren 28an eta Maiatzaren 1an kalean izan gine eta maiatzaren 28an ere “LANGILEOK BATUZ, Euskal Herria contra la precariedad” lelopean Bilbon izango gara mobilizazio nazionalean.

Arratsaldeko 17.30etatik aurrera, lau aldarrikapen nagusirekin zeharkatuko dugu Bilboko erdigunea eta gaurko egoera grisari kolorea ezarriko diogu.

Olatu morea plaza Zirkularretik irtengo da aukera berdintasuna aldarrikatuz. Oraindik ere asko dira emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan pairatzen ditugun diskriminazioak. Prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea ukatzen digute. Egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen Lan Harreman Eredu berri bat aldarrikatuko dugu.

Beste zutabe bat, gorria, Jesusen Bihotzatik aterako da. Laneko heriotz eta gaixotasun gehiago gerta ez daitezen erabakiak eta neurriak exijituz. Gehiegi dira oraindik ere lanean hil edo gaixotzen diren langileak. Egoera honen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi aurkitzen ditugu. Eta arazoa handitzen ari da atzean dauden arrazoietan sakondu delako. Politikak aldatu eta neurriak hartu behar dira. Gobernuek behingoz begirale izateari utzi eta sakoneko neurriak hartu behar dituzte. Horrez gain, enpresen gaineko kontrola handitzea behar-beharrezkoa da lan-istripuekin zein gaixotasun profesionalekin amaitzeko.

Enplegu eta prestazio duinen beharra aldarrikatuz Udaletxetik irtengo da hirugarren zutabea. Bizi dugun errealitate gordinari aurre egin behar diogu. Hazkunde ekonomikoan sartu arren, gero eta pobreagoak gara, gero eta gehiago dira enplegua izanik ere Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarteratzeko Errentarekin osatu behar izaten dutenak. Aldi berean, babes soziala suntsitzen ari dira eta honek pobrezia betikotzea dakar. Egoera hau errotik aldatzeko Premiazko Plan bat abiatzea proposatzen du LABek. Horrek, 1.080 euroko pentsioak ziurtatu eta gizarte prestazioak hobetuko lituzke. Etxebizitza eta elikadurarako eskubidea ere bermatuko luke.

Laugarren zutabeak Abandon emango ditu lehen urratsak, Burujabetzaren beharra aldarrikatuz. Berdea izango da bere kolorea. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko aldarrikapenak inoiz baino indar eta zentzu handiagoa du eta hori da bertan aldarrikatuko duguna. Azken urteetan negoziazio kolektiboa indargabetu eta gure hitzarmenak edukiz hustu dituzte. Egoera ez da konpontzen lan erreformaren artikuluren bat edo beste indargabetuz edota aldatuz. Lan Harreman Eredu berri bat behar dugu eta eztabaida hau, hemen, Euskal Herrian, egin behar den eztabaida da eta hemen erabaki behar dugu.

Lau aldarrikapenak plaza Eliptikoan elkartuko dira eta bat eginda Euskadi plazara zuzenduko gara, lanaren eta aberastasunaren banaketa ardatz hartuta, 1.200 euroko soldata eta 35 orduak aldarrikatuko dituen pankarta nagusiaren atzetik. Laneko prekarietatearekin eta pobreziarekin amaitzeko politikak aldatzea exijituko dugu.

Egoeraren salaketa egitetik harago, proposamen zehatzak ere mahai gainean jarriz, Euskal Herriarentzako aldaketa erreala egingarri dela erakutsiko dugu.


 

Etxaide: “Gatazkak dauden lantokietan egoera gatazkatsuak sortu behar dira”

Berria

Azken lan erreformaren ondoren sindikalismoak ez dauka “ibilbide luzerik errealitatea aldatzeko”. LAB sindikatua hausnarketa horretara iritsi zen joan den urtean. Politikak patronalari “babes osoa” eman ziola uste du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, eta egoera horri buelta emateko ekintza sindikala berritu eta indartu nahi du LABek. Prekaritatearen aurka borrokatu nahi du sindikatuak, eta hori kalera ateratzea izango da lehen egitekoa. Larunbat honetarako deitu dute mobilizazioa, 17:30ean, Bilbon. Baina kalera irten ondoren lantegietara joango da LAB, eta bertan “egoera gatazkatsuak” sortuko ditu gatazkak dauden tokietan. Horretarako, aliantza sindikalak bilatu nahi ditu, eta naturalena ELArekin bidea egitea litzatekeela adierazi du Etxaidek.

Eta keinua egin du ildo horretan. Jakitun da negoziazio kolektiboaren esparruan ELArekin ezadostasunak izan dituztela zein eremu defendatzeko garaian, eta orain ildo sindikala “langileengan oinarritu” nahi dutela esan du, eta ez negoziazio kolektiboan. Egoera prekarizatuan dauden bost kolektibo zerrendatu ditu LABek: sektore feminizatuak, azpikontratak, enpresa txikiak, handiak eta sektore publikoa. Bakoitzean lan ildo ezberdinak izango dituzte, baina aldarrikapen orokor batzuk izan dituzte gogoan: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko astea, lan osasuna, berdintasuna eta euskaraz lan egiteko eskubidea.

Larunbateko manifestazioaren ondoren, LABek gainerako sindikatu guztiei bideratuko die euren estrategia berriaren inguruko txostena. “2017an daukagu hurrengo batzar orokorra, eta ordurako beste errealitate sindikal batekin iritsi nahi dugu”.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s