Home

CdwsM6qWIAAAhAF

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ikasle Abertzaleak

Maiatzaren 14a: Herri Unibertsitatea Bilboko canpusean, beste unibertsitate eredu bat eraikitzearen eta ikasle kritikoak sortzearen alde. Ertzaintza UPVren San Mameseko fakultate barrura sartu eta bertan gaua pasatzen ari ziren 41 ikasleak identifikatu eta kaleratu zituen. Fakultateko zuzendaritzak ikasleak mehatxatu zituen, espedienteak irekiko zizkietela esanez.

Martxoaren 17a: Ikasle greba eguna. Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzearen alde eta egun inposatzen digutenaren aurka 15.000 mila ikasle altxatu ginen, era berean LOMCE, EU2015 eta 3+2a bertan behera gelditu daitezen exijituz. 12 atxilotu egon ziren Gasteizen, 4 Iruñerrian, eta identifikazioak Bilbo zein Donostian. Estatuaren interesen aldeko komunikabideak greba eguna desitxuratzen saiatu ziren “La kale borroka se viste de estudiante” bezalako titularrekin.

Apirilaren 22a: 5 ikasle atxilotu Iruñerrian martxoaren 17ko gertakarien haritik. Espainiako Polizia Nazionalak eta Polizia munizipalek burututako atxiloketak izan ziren.

Apirilaren 26a: Ikasleen aurka emandako erasoak salatzeko, manifestazioa burutu zen Leioako kanpusean. Ertzaintza kanpus barrura sartu eta kargatzen hasi zen. 5 ikasle atxilotu eta 15 baino gehiago zauritu zituen.

Apirilaren 28a: errektoradutzaren erreformaren aurkako ekimen baketsua Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Polizia Forala kanpusera sartu eta bi ikasle atxilotu zituen. Hainbat zauritu egon ziren, foralen eta kanpuseko segurtasun indarrek eraginda.

Maiatza: 15 ikasle inputaturik Gasteizko martxoak 17ko gertakariengatik.

Maiatzaren 25a: 4 ikasle atxilotuak Nafarroan grebako istiluengatik. Atxiloketak salatzeko egindako geroko manifestazioan 15 ikasle identifikatuak izan ziren gutxienez.

Aipatutako gertakariak gure herriko ikasleria borrokalariak jasaten duen errepresioaren adibideak dira. Guzti honi hainbat ikaslek egunero pairatzen dituzten poliziaren jarraipenak eta instituzio akademikoen mehatxuak gehitu behar zaizkio, baita ikasle mugimendua ekonomikoki ito nahian hainbat ikasleri ezarritako isunak ere. Erasoak betidanik jasan izan baditugu ere, azken asteotan nabariagoak eta larriagoak izanagatik hauen gaineko irakurketa plazaratzeko beharra ikusi dugu.

Ikasle Abertzaleok argi eta garbi adierazi nahi dugu Euskal Herriko ikasleria iraultzaileak jasandako errepresio eta eraso oro irmoki salatzen dugula, eta inputatuak izan diren ikasleen absoluzioa exijitzen dugula.

Jakin badakigu, ordea, errepresioa zergatik eta zertarako erabiltzen duten espainiar estatuak eta haren morroiek.

Alde batetik, ikasle mugimenduaren desaktibazioa bilatzen dute, errepresioak ikasleriarengan sortzen duen beldurraz baliatuz eta jada beldur ez garenok neutralizatzen saiatuz. Borrokan diharduten ikasleak erasotzen dituzte euren jarduna eteteko, eta euren ondoan borrokatzeko prest leudeken ikasleak mutu eta geldirik mantentzeko, haiei ere berdina gertatuko ote zaien beldurrez.

Baina ikasleongan beldurra sortzeko grina horrek euren beldur propioa agerian uzten du. Beldur dira, Euskal Herrian badagoelako zapalkuntza ororen aurka borrokatzeko prest dagoen ikasleria iraultzailea. Beldur dira, galtzeko ezer gutxi daukagunok jada beldur ez garelako. Beldur dira, herri honen askapen borroka muturreraino eramango dugulako. Badakitelako egunez egun eraikitzen ari garen garaipenak euren porrota ekarriko duela ezinbestean.

Bestetik, ikasle mugimenduaren eta haren borrokaren kriminalizazioa dute helburu. Ikasle borrokalariak kriminal edota biolento bezala aurkezten dituzte, euren aurkako erasoak justifikatu eta borrokaren oinarrian dauden arrazoi politikoak ezkutatzeko. Egungo ordena legitimatzen duen imaginario sozial bat erreproduzituz, errepresioak sistema kapitalista-heteropatriarkalak bere baitan dituen kontraesanak estaltzen ditu. Sistema kapitalista-patriarkal batean ezinezkoa baita errepresioak gizarte interesak babestea; klase-botere baten adierazlea da nahi eta nahiez. Hau da; jasandako atxiloketak, jarraipenak eta kolpeak ez dira “herritarren segurtasuna babesteko” jazo, baina kontrakoa sinestarazi nahi digute ikasleak gaizkiletzat salduz. Eraso guztiak egun pairatzen ditugun klase, nazio eta genero zapalkuntzen biziraupena kolokan jarri ez dadin burutu dituzte.

Ikasle iraultzaileok sobera ongi dakigu ez dagoela errepresiorik gabeko borrokarik. Sistemarentzat arrisku bat bihurtzean, honek dauzkan arma guztiak erabiliko ditu gure aurka. Baina hau, noski, bide onetik goazelaren seinale ere bada.

Ikasle bakar baten kontrako erasoa ikasle mugimendu osoaren aurkakoa ere badelako, Ikasle Abertzaleok gure babes osoa adierazi nahi diegu azken hilabeteotan errepresioa jasan izan duten eta datozenetan jasan dezaketen ikasle guztiei. Beti egongo gara ikasle eta burkide direnekin, edozein erasori aurre egin eta gure hezkuntza eredu propioa eraikitzen jarraitzeko prest. Beti egongo gara sistemari hortzak erakutsi eta euren burua defenditzeko prest daudenen ondoan.

Argi utzi nahi dugu, beraz, eraso guztien gainetik borrokan jarraituko dugula. Apurtuz eraikitzeko eta eraikiz apurtzeko hautuan berresten gara beste behin ere, Euskal Herria feminista, sozialista eta independente batentzat Euskal Eskola Nazionala lortu arte. Indar polizialek ez dutelako tokirik gure heziguneetan, errepresioak ez duelako gure jarduna geldituko, eta argi daukagulako nortzuk diren ikasleon etsaiak: ikasle borrokaz lortuko dugu!

Gora Ikasleria Borrokalaria!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s