Home

notredamesdeslandes_A3

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: Maria Ajuria, Hartzea Lopez Arana, Txomin Urriza (EHZ festibaleko kideak)

Frantziar gobernuaren lan kodigo aldaketak hautsak harrotu ditu. Manifestaldi, kanpaldi, greba, zentsura mozio, okupazio, ekonomiaren blokatze, sabotaje eta istiluak errepikatzen ari dira azken hilabete hauetan, ezkerreko elkarte, alderdi, sindikatu eta beste norbanako anitzen eskutik. Ildo kapitalista eta inposatzaileetan arrunt lerrokatua den botereari milaka herritarrek egiten diote aurre. Bere burua sozialistatzat duen gobernuak ez du atzera egin nahi, ez eta erreforma honen kontra diren sindikatuek eta kolektiboek ere. Norgehiagoka luze honetan gatazkaren usteltzea aipu da eta inork ez daki xuxen irtenbidea nolakoa izango den. Horretan geldi ala urrunago jo, garaipena ala galtzea… Udaberri mugitu honi bakoitzak aterako dizkio komeni zaizkion kontuak. Emaitzak emaitza, jazoera hauek azpimarra daitezke jada :

– Azken urte hauetan indarrean zegoen sistemaren legitimizazioa pitzatu da nolazpait, bi bando kontrajarri daudela agerian utzirik : bere interes propioak defendatzen dituen erabakitzaileen taldetxoa alde batetik, logika politiko eta sozial bidegabekoak jasan behar dituen jendearen gehiengoa bestetik. Egoera honekin ados ez daudenei mespretxuz erantzun diete nagusiek, ikuspegien talka emendatuz : patronalaren buruak eta egunkari zenbaitek “terrorismo eta gerrilla” sindikala aipatu dituzte, manifestaldien debekua airean dago eta eskuineko alderdiek gobernuari sostengua ekarri diote, zeharka bada ere.

– Lan legearen kontrako mobilizazioak oztopatzeko, errepresioaren eta beldurraren bidez bazterrak lasaitu nahi dituzte baina ez dute lortzen. Manipulazioek zart egin dute. Atentatu djihadistak direla eta lurraldea urgentziazko estatuaren pean egonik ere, jendea ez da kikildu, ez du seguritatearen eta ordenaren izenean gobernarien manuen pean egon behar denik sinetsi. Urgentziak ugari daudela entzun da aldarrikapenetan, hala nola ordezkaritza eta erabaki politikoen arloak errotik aldatu beharrak.

– Ohituraz zatiturik dauden sektore militanteek mobilizazio sozial azkar eta koloretsua bultzatu dute elkarren ondoan, egin-molde eta aldarrikapen desberdinak erabiliz eta hedatuz, nabardurak eta ezadostasunak alboratu gabe. Mobilizazio gehienetan, borroken konbergentzia izan da praktikan ezarri den tresna. Manifestaldi jendetsuetan giro solidarioa eta borrokalaria ageri da maiz, zaurituen artatzeko boluntario taldeekin, kapitalaren eta Estatuaren sinboloen kontrako erasoekin. Poliziaren jarrera gogorrak aurkako frente zabalaren osaketa eragin du eta erreformista/iraultzaile, bakezale/bortitz kontzeptu bereiziak pixkanaka lausotu egin dira.

– Karrikara atera direnentzat, fatalismo eta etsipenari kemenak eta esperantzak hartu diete gaina, erresistentzien eta alternatiben zilegitasuna motibazioen bihotzera ekarriz. Urte luzeetan hamaika batailetan isolaturik eta ezinean aritu direnek hauspoa izango dute gertaturikoari segida emateko, lehen lerroan kopuru handian oldartu den jende gaztearekin batera : esperientzia honetatik asko izan daitezke biharko dinamika herrikoietan parte hartuko dutenak, etxean isilik geldituz ezer ezin dela aldatu ikusirik.

Haize freskoak heldu dira frantziar Estatuan, eta badituzte iturburuak. Esate baterako, badago Nantes hiriaren ondoan azken sei urte hauetan borroken konbergentzia eraginkorra, heldu berrien eta biztanleen politizazioa, auto-formakuntza eta bizimolde kolektiboen eraikuntza gauzatzen dituen eremu askatua : Notre-Dame-des-Landes. 1972tik beharrik gabeko nazioarteko aireportua egin nahi duten lurretan milaka lagun proiektu aldarrikatzaileetan murgildu dira, Vinci enpresak erosi lurrak berreskuratzeko bertako laborariek luzatu deialdiari jarraikiz. Izan ekologista, libertario, lekuko hautetsi edo bretoi abertzale, elkarrekin atondu dira gunearen eta okupatzaileen babesteko. Hasieran oposizio dinamika zena erreferentzia baikor erreala bihurtu da denboraren poderioz, Frantzian baita Europa osoan. Barne ika-mikak ez dira falta baina gaur hara hurbiltzen denak sinpleki suma ditzazke bertako animoak : jardun, elkar lagundu, errotu, epe luzera jo. Horrez gain, bata eta bestearen ekarpenei leku eman, iritzi eta eginbide desberdinak gurutzatu, iniziatibak horizontalki koordinatu, ekintza legala eta ilegala osagarriak direla onartu… Indar batu eta anitzak garatzeko.

Eta su hau itzaltzeko, gobernuak ez daki zer egin. Epaileei dei egin die maiz, poliziak kopuru handian bidali, inkesta eta txosten interesatuak manatu, bertan “basa oihanaren legea” dagoela sinestarazi, sasi-erreferenduma iragarri… Alferrik. Notre-Dame-des-Landes aurrera doa beti, berrogei bizitegi okupaturekin, baratza eta hazkuntza lursail, okindegi eta auzolanekin, hamarnaka mila pertsona mugi ditzaketen manifestaldiekin, berrehun sostengu komiterekin. ZAD deitzen diote, Zone A Défendre, Babestu Beharreko Gunea, kapitalismoaren xedeei ezetz erran eta burujabetasuna gaurdanik egitea posible dela guztioi erakutsiz.

Euskal Herrian militantzia molde berrituak bilatzen gabiltzanontzat, Notre-Dame-des-Landes aberasgarri, baikor eta maitagarri zaigu. EHZ festibalaren antolatzaileek, uztaileko lehen egunetan ZADeko biztanle okupatzaileak gomitatuko ditugu bizi eta egiten dutena konta diezaguten, Lekornen, Donostian, Gernikan, Galdakaon, Gasteizen eta Baigorrin. Bide batez, abuztuaren azken astean Notre-Dame-des-Landesera antolatuko dugun brigadara gomitatzen zaituztegu, guk ere eredu hori lehen eskutik ezagutu dezagun, auzolanetan parte hartuz eta hango jendeekin topaketak eginez*. Asko baitugu gure auzoengandik ikasteko.

* Izenak emateko : ehzadista ( @ ) yahoo.com

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s