Home

CnJrpnEWIAA6nHQ.jpg large

Aitzina

Uztailaren 14ak frantses nazionalismoaren erakustaldia ekartzen du berekin urtero. Frantziaren egun nazionala, frantses iraultzaren data esanguratsu batean finkatu zen. Haatik, badakigu frantsesetik anitz duela eta iraultzailetik guti. Uztailaren 14ko ospakizunekin oroitzen duten iraultzak gainera, ondorio latzak ekarri zizkien euskaldunei. Izan ere, euskal nortasuna zapaldu eta frantsesa inposatzeko mugarria izan zen iraultza hura. Gaur garaietara jauzi egiten badugu, guk ez dugu soilik inposaturiko frantses nortasuna ukatu nahi, Frantziaren eredu kapitalista, zentralista eta autoritarioarekin errotik moztu nahi dugu.

Gu gira etorkizuna ukatu dieten gazteak ; martxan jarri nahi duten lan erreformaren kaltetuenak, miseria baten truke lan egitera behartuko gaituztenak betikoen etekinak handitzeko ; nehoizko belaunaldirik prestatuena, lan mundura jauzi egin eta prekarietatearen sareetara eroriko dena ; turisten zerbitzurako sasoilari izanen garenak edo gure ikasketak ordaintzeko gauak lanean pasako ditugunak ; gure herrian lanbide duinik atzemanen ez dugunak ; Lurren espekulazioagatik, burgesentzat soilik eskuragarriak diren etxebizitzetan lekurik ez izan eta gure herrian bizitzerik izanen ez dugunak.

GU GIRA euskaraz bizitzeko eskubiderik ez dutenak ; gure ikas-prozesu osoa euskaraz egin ondotik baxoa errepublika zatiezinaren hizkuntzan pasa behar dugunak ; unibertsitate mailako ikasketak euskaraz burutzeko, Hego Euskal Herrian ikasi behar dugunak ; «basque» izendapenarekin, gure kulturaren etengabeko folklorizazioa pairatzen dugunak ; gure poltsikoetan République Française dioen agiria eramatera behartuta gaudenak ; mapetan lekurik ez duen herri baten gazteria.

GU GIRA, ama bat, osaba bat, ahizpa bat, lagun bat edo ezagun bat preso dutenak ; iheslari baten senide edo hurbileko ; GALek erail zituen gudarien oinordekoak ; Euskal gatazkarik bizi ez omen duen lehen belaunaldia. Baina gure aldarrikapenei entzungor egiten dieten estatuen imobilismoa haien larruan bizi dugunak ; Borrokari ekiteagatik errepresioaren gordina pairatzen dugunak ; euskal gatazkaren izaera politikoa onartzen ez duten estatuen erruz, gure herriaren geroaz erabakitzeko eskubiderik ez dugunak.

GUK haatik gaurdanik eraikitzen dugu gure etorkizuna; Lan erreforma suntsitzeko, borroken elkargunea babestu eta mobilizazioen lehen lerroari eusten diogu; gure lurraren eta lur hori lantzen duten laborarien eskubideen defentsan engaiatzen gira; gure jarrerak, gure gorputzak eta gure desirak patriarkatutik at kokatu eta matxismoari aurre egiten diogu.

GUK eguneroko praktiken bidez euskaraz bizitzeko hautua egikaritzen dugu; euskarazko irakaskuntza lan militantearen bidez sustengatzen dugu; unibertsitate propioaren eraikuntzan jarduten dugu; gaztetxeetan gure aisialdia gure kabuz antolatzen dugu, herritik sorturiko kultura bizia bultzatzeko asmoz; inposatutako muga artifizialen gainetik, herri honen lau haizeetako gazteekin, nazio eraikuntza egia bilakatzen dugu.

GUK gatazkaren konponbidea irmoki babesten dugu; herririk herri aldarriz jantzi eta euskal preso politikoekiko elkartasuna suspertzen dugu; etxera ekarriko ditugun egunetik goitik, preso eta iheslariekin herri honen askatasun bidea urratuko baitugu; herrigintza ardatz, gure herriaren geroaz erabaki nahi dugulako.

GU GIRA Frantziatik heldu diren orotariko zapalkuntzei aurre egin behar dien gazteria zabala eta errealitate honi, aterabide bakarra dela diogu ; Euskal Herrian ikasi, lan eta bizitzea. Horretarako heldu den uztailaren 14an GUK Euskal Herriaren burujabetzaren alde egiteko beharra berretsiko dugu.

Zu ere arrazoi batengatik edo bertzearengatik GU honen parte sentitzen bazira, parte har ezazu uztailaren 14an goizeko 11etatik goiti, Donibane Lohizunen burutuko den manifestazioan. Isilarazi nahi gaituztenei ozenki entzunaraziko baitiegu: GUK EUSKAL HERRIA !

Gora Euskal Gazteria !

Gora Euskal Herria askatuta !

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s