Home

173022

Asier Blas – Argia

Katalunian CUPek Erresuma Batua (UK) Europar Batasunetik (EB) irtetea babestu zuen bitartean, Ezker abertzalea Brexitaren aurka agertu zen. Espainia erreformatzea ezinezkoa dela diotenek Europar Batasuna erreformatu daitekeela errepikatzen dute. Arraroa. Espainia zaila bada erreformatzea, askoz ere zailagoa da EB erreala erreformatzea. Halere, EB alda daitekeela pentsatzen bada, UK-ren irteera beharrezko baldintza da, nahiz eta ez izan nahikoa. Britaniarrek urte asko daramatzate EBren barne integrazio eta demokratizazio prozesua oztopatzen.

Independentismoak askotan errepikatu du Kataluniaren eta Euskal Herriaren sezesioak Espainiako sektore aurrerakoientzat onak izan daitezkeela; logika berdina aplikatuz gauza bera esan daiteke britainiar sezesioaz EBrentzat. Halere, Ezker abertzaleak Brexitaren aurkako jarrera justifikatzeko ezker nortasunezko argudioak erabili zituen, irteeraren aldekoen artean nagusi zen eskuin populista azpimarratuz. Bitxia, ez baitut gogoratzen Ezker abertzalearen iritzi publikorik Europan egon diren sezesio erreferendumetan ezetza babestuz, nahiz eta kasu gehienetan baietzaren lidergoa eskuineko neoliberalen eta eskuin muturren esku egon zen.

Brexita eskuinarekin identifikatzea sinplekeria da. Sindikalista ugarik, Respect alderdiak, sozialistek eta komunistek EBtik irtetearen aldeko kanpaina egin dute. Badira laboristen eta berdeen artean irteera defendatu dutenak ere, adibidez, Jenny Jones berdeen lider historikoa. Tariq Ali, jatorri pakistandarreko idazle eta zinemagile ezkertiarrak ere irteera defendatu du. Edonola ere, ezin uka daiteke ezkerrarentzat egoera deserosoa zela, Jeremy Corbyn ikustea baino ez zegoen: alde batetik, historikoki EBtik kanpo egotearen aldeko bandera eraman zuenak ez zuen eskuin populistarekin nahastuta ikusi nahi, baina bestalde, ez zegoen oso gustura EB ez demokratikoan eta neoliberalean gelditzearen alde kanpaina egiten.

Klase apalek beraien haserrea azaltzeko eta gauzak aldatzeko Brexit botoa erabili zuten. Trukean denetik deitu zaie, atzerakoi zaharrak eta xenofoboak besteak beste. Horretarako erabili diren datuak YouGov enpresak egin zuen inkesta izan da (erreferendumaren emaitzak asmatu ez zituena). Lagin oso txikiarekin, 1.652 inkesta, adin tarteari dagokionean ez zeukan inolako adierazgarritasun estatistikorik, baina halere, mantra bezala errepikatu dute hedabideek gazteen artean EBn gelditzearen aldeko babesa zela nagusi. Inkestaren arabera 24 urte arteko gazte segmentuaren parte-hartzea %36koa izango zen soilik. Hau Zientzia Politikoetan klasikoa da, klase geroz eta altuagokoa izan, orduan eta gehiago bozkatzen da. Portaera hau adinarekin gurutzatzen denean oraindik eta gehiago handitzen da diferentzia. Hots, klase apaleko gazteek oso gutxi bozkatzen dute, heldu ahala geroz eta gehiago bozkatuko dute, baina beti klase ertain eta altukoek baino gutxiago.

Azkenik, erraza da xenofobia akusazioak egitea soldata onekin eta klase baxuko etorkinen etxeetatik urrun bizitzen bada. Marxek esplikatu zuen langabetuak direla burgesiaren ejertzitoa, horrela soldaten kostua txikitu egiten da. Gaur egun, Erresuma Batua ia langabezia teknikoan egonda, burgesiaren ejertzitoa etorkinak dira. 2001etik britainiar klase apalenen soldatak txikitu egin dira eta erosahalmena izugarri gutxitu da. Eskuin populistak arreta jarri dio arazo honi langileen arteko gorrotoak hauspotuz. Berriz, ezkerra ez da gai izan klase apalenen interesak hartu eta defendatzeko, erakutsiz etorkina klase aliatua dela aberatsenen interesen kontra egiteko eta aberastasuna hobeto birbanatzeko borrokan.

One thought on “Ezkerra jokoz kanpo “Brexit”-ean

  1. Soilik ezker abertzaleren klase altuak, egunkaria eta burokrazia instituzionala babesten dute EB. Orokorrean Ezker abertzalearen oinarri langilea, eta ezker abertzalearen talde ez instituzionalistak (adibidez Askapena) EBren aurka daude.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s