Home

tumblr_l7v4n6dVWT1qaw03ro1_500

LABen hautagaitza baliogabetu du Bordeleko Auzitegiak, CGT sindikatuaren helegitea onartuta

Argia

LABek sindikatu profesionalen estatusa ez duela betetzen argudiatu zuen CGTk salaketa jartzerakoan. Sindikatu abertzaleak hilabete du errekurtsoa aurkezteko.

Hauteskunde sindikaletan parte hartzeko baldintzak ez dituela betetzen argudiatuta CGT sindikatuak LABen hautagaitzaren aurka jarritako helegitea onartu du Bordeleko Auzitegiak. Hala, kolokan dago sindikatu abertzalearen presentzia azaroaren 28tik abenduaren 12ra Ipar Euskal Herriko enpresa txikietan egingo diren hauteskundeetan. Erabakiari errekurtsoa jartzeko hilabeteko epea du LABek: Berriak aurreratu duenez, Kasazio Auzitegira joko dute.

“Sindikatu profesionalen estatusa ez betetzea” hartu zuen oinarri CGTk salaketa jartzerakoan. Euren ustez, “LABen hautagaitza ez dator bat balio errepublikarrekin”. Independentista gisa aurkeztea eta euskarari garrantzia emanez elebitasuna hobestea dira hartu dituzte adibidetzat.

Horrez gain, langileen eskubideak “esklusiboki ez defendatzea” leporatzen dio CGTk. Eñaut Aramendi LABeko kideak Berriari azaldu dionez, “langileen eskubideak defendatzen” jarraituko dute, eta ziurtzat jo du modu batean edo bestean hauteskundeetan egongo direla.

Lan ikuskaritzak hautagaitza ontzat eman ostean auzitegiak atzera bota izana “prozedura bitxia” iruditu zaio Aramendiri. Datozen egunetan jakingo dira helegitea onartzeko auzitegiak hobetsi dituen arrazoiak.

CGTren salaketa publiko egin zen momentutik zenbait eragileren babesa jaso du LABek. Tartean dira Sylviane Alaux diputatu sozialista eta Eusko Ikaskuntza. Ipar Euskal Herriko CGTren sekzio batzuk ere babesa adierazi diote sindikatu abertzaleari.

Korsikako sindikatu nagusia, jokoz kanpo

Ez da CGTk sindikatuen aurka egiten duen lehen aldia. Korsikako STC sindikatu abertzalearen hautagaitza debekatu zuen Parisko Auzitegiak uztailean, CGTk beste lau sindikaturekin jarritako salaketa baten harira. Helegite hura jartzeko LABi leporatutako argudioen parekoak erabili zituzten: besteak beste, balio errepublikarren aurka egitea eta Korsikaren autodeterminazio eskubidea defendatzea.



Bordeleko epaitegiak hartutako erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko dugu

LAB

Bordeleko epaitegiak CGT-k LABen kontra ezarritako errekurtsoa onartu du. CGT-k heldu den azaroan abiatuko diren TPE (enpresa oso tipiak) hauteskundeetarako LABen hautagaitza deuseztatzea galdegin du eta epaileek arrazoia eman die. Sindikatuak lotsagarritzat jotzen du erabaki hau eta beraz helegite bat aurkezteko erabakia hartu du.

Atzo, hilak 4 ezagutu genuen ekainaren 22an CGT sindikatuak LABen kontrako errekurtsoaren harira —LABek enpresa oso tipietako hauteskundeetan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituelakoan ez aurkezten uzteko eskatzen zuen— Bordeleko epaitegiak hartutako erabakia. Epaileek errekurtsoa onartu ondoren, arrazoia eman diote CGT sindikatuari.

CGTk errekurtsoa aurkezteko hainbat argumentu erabili ditu. Hala nola, Euskal Herriko sindikatuak balore errepublikarrak errespetatzen ez dituela eta izaera independentistari lehentasuna ematen diola. CGTren aburuz, sindikatu batek proiektu politiko bat defendatu ordez langileen eskubideak defendatu beharko lituzke.

Bordaleko epaitegiak hartutako erabakiaren aurrean sindikatuak ez du geldirik egoteko asmorik, erabakiaren kontrako helegite bat aurkeztea pentsatu du; horretarako hilabete bat du.



CGTko hainbat kide sindikatutik joaten hasi dira LABen kontrako auzia dela eta

Kazeta

CGTk LABen kontra aurkeztutako errekurtsoa onartzea erabaki zuten epaileek abuztuaren 4ean. Ipar Euskal Herriko CGT-ko kide batzuek albistea “haserrea eta kezkarekin” jaso dute eta hainbat kide sindikatutik ateratzen hasi dira.

“Harrigarria”. Epaileek LABen kontra hartutako erabakia horrela definitu du CGT-ko Peio Dufauk. Abuztuaren 4ean Bordeleko epaitegiak CGTk LABen kontra ezarritako errekurtsoa onartu zuen. Erabaki horren ondorioz, LABek ezingo du bere burua enpresa oso tipietako hauteskundeetara aurkeztu. Dufauk Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona sindikatutik ateratzen hasi direla kontatu du.

“CGT-ren jarrerarekin haserre nago. Kezkatuak gaude. ‘Kezka’ hitza tipia gelditzen da sentitzen duguna adierazteko”, esplikatu du Peio Dufauk. Errekurtsoari buruzko informaziorik ez zutela nabarmendu du; “ez digute galdetu, ezta kontsultatu ere”.

Abuztuaren 4eko erabakia ondoren,”sindikalista batzuk jadanik atera direla” jakinarazi du, haatik, kopurua zehaztea “zaila dela” azaldu du. Bere iritziz, bi bide gelditzen zaizkie: “euskal mundua errespetarazteko erabakia gibelatzen lortzen dugu, edo sindikalista askok utziko dute”. Dufauren aburuz, CGT tresna garrantzitsu bat da eta hortik atera ezkero langileei kaltetuko lieke. “Nire enpresan, SNCFen, adibidez, LABen sartzen bagine ere ez genuke pisurik izanen eta ez genuke fitsik egiten ahalko. Epresako bozetan %10a ordezkatu behar duzu zerbait egin ahal izateko eta kopuru hori ez baduzu ezin da ezer lortu”, erantsi du.

Sindikalistak kontatu duenez, heldu den irailaren hasieran, 2 edo 3an, Pariseko bi zuzendarirekin bilkura bat antolatuko dute gaia aipatzeko. “Aski gaizki pasako da, ziurrenik. Haiek beren ikuspuntu politikotik ikusten badute, guk gurea badugu; ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko ere. Ez dakit nola aterako garen hortik”, nabarmendu du.

“Gaizki bukatuko da”

Bere ustez, gertatu den gatazkaren gibelean “esku politikoa” dago. “Haiek diote LABek politika egiten duela, baina politika gehien egiten duen sindikatua CGT da, argi eta garbi”, ñabartu du. Dufauren hitzetan, gertatu dena baliatu dezakete “beste urrats bat egiteko euskaldunen errespetuaren alde, CGTk Euskal Herrian bere politika alda dezan”. Eta gehitu du : “Esperantza baldin badut ere, ez dut hainbeste sinisten”.

Epaileen erabakia jakin ondoren, sindikatu abertzaleak helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du, horretarako hilabete bat du. Arazoa nola bukatuko den galdegitean, Peio Dufauk argi du: “gaizki, batzuentzat edo besteentzat. “Besteek amore ematen dute edo guk gibelera egiten dugu. Nik ez dut segituko nire ideien kontra borrokatzen duen sindikatu bat ordezkatzen”, azpimarratu du.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s