Home

Brasilgo brigada (Askapena)

Brasilera ere iritsi da aurtengo brigada!

1. ENFF sarrera

Iritsi gara dagoeneko Brasilera eta Florestan Fernandes Eskola Nazionalean gaude, Sao Pauloko Estatuan. Eskola hau MST Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra mugimenduaren eskola nazionala da eta bertan igaroko ditugu brigadako lehen egunak. Besteak beste Brasileko testuinguru politikoaren inguruko hitzaldia izango dugu, baita MST mugimenduaren azalpen historiko-politikoa ere, eta noski Herri Laborantza Erreformaren (Reforma Agraria Popular) berri emango digute. Guzti honekin batera, eskolako partaide garen heinean, lan txandak ere izango ditugu. Ikasitako guztia Brasileko brigadaren lehen kronikan jasoko dugu.

Brasilgo brigadaren lehen bideo eta idatzizko kronika

FLORESTAN FERNANDES ESKOLAKO KRONIKA

Florestan Fernandes eskolan Brasilgo egoera politikoari buruzko formakuntza jaso dugu, MSTko militanteen eskutik. Lerrootan laburpen bat egiten saiatu gara, ikasitako guztiaren lagin modura. Funtsean, Brasilgo lurrik gabekoen mugimendua latifundioen kontrako borrokak ezaugarritzen du. Hona hemen hori ulertzeko hainbat gako.


Kolonizazioa:

Portugesen kolonizazioak (1531tik aurrera) jatorrizko herriak suntsitu zituen: 5 milioi indigena bizi ziren kolonizazioaren aurretik; egun 200.000 baino gutxiago daude. Herritarrekin batera, beraien kultura, pentsakera, lurrak eta baliabide naturalak ezabatu, desagerrarazi, okupatu eta lapurtu zituzten, kapitalaren mesedetan. Okupazio horrek gaur egun ere bizirik darrai, eta oso modu basatian gainera. Mato Grosso do Sul estatuko jatorrizko herrien kasua, esaterako. https://www.brasildefato.com.br/2016/06/23/mato-grosso-do-sul-manchado-pelo-sangue-dos-povos-indigenas/

Jatorrizko herrien lan indarra bereganatzea lortu ez, eta Afrikatik esklabuak ekarri zituzten lurra lantzeko, kafe eta azukre kañak bereziki. Baliabide naturalak ere bereganatu zituzten, Brasilgo meatzeak esaterako, Minas Gerais estatuan.

Kolonizazio prozesu honek latifundioen sorrerari bide eman zion, hau da, lur sail handiak jabe gutxi batzuen eskutan antolatzea. Brasilgo kostaldeko eremua 15 kapitania hereditariatan (eskualdetan) moztu zuten, erregela batekin bezala, eta Portugalgo aristokraziaren artean banatu zituzten lur zatiak. Eliza katolikoak ere banaketa horretan paper garrantzitsua jokatu zuen. Kolonizazioaren ondotik, Brasil estatu gisa egituratu zenean, lur banaketa hau legeztatu egin zuten, eta hartara, latifundioak nekazal elitearen eskutan gelditu ziren.

Egun, lurren %51 populazioaren %1aren eskutan dago, eta bertan soja, azukre kaña, mijo, transgenikoak eta bestelako lehengaiak ekoizten dira, modu masiboan eta bereziki Europara esportatzeko.

  • 1950-1984: borroka garaiak

1945. urtean kapitalismo monopolista eta inperialista garatzen hasten da, hau da, nekazaritzaren  modernizazioa bultzatzen da, eta merkatua gehiago irekitzen da, esportazio masiboak egiteko. Horren aurrean, Latinoamerikako nekazariak mugitzen hasten dira.

Mugimendu horrek baditu aurrekariak. Aipatzekoak dira, adibidez, Quilonbo deiturikoak: esklabutzatik ihesi zihoazen beltzek lurrak okupatu eta bertan komunak eraiki zituzten.

Borroka lokal horien txinpartetatik jaio ziren 1950an Ligas Camponesas (Nekazarien Ligak), langileen autoantolakuntza eta lurraren aldeko lehen mugimendu antolatuak. Horien presioari esker 1964ean lurraren lehen estatutua idatzi zuen gobernuak. Lege horren arabera, lurrak funtzio soziala betetzen ez badu  (alegia, produktiboa ez bada eta langileen baldintzen eta naturaren errespetua bermatzen ez badu) herritarrek okupa dezakete. Horrek zilegitasuna eman die lurraren aldeko mugimenduei, hauek baitira legea praktikan aurrera atera dutenak. Izan ere, gobernuek (eskuinekoak ala ezkerrekoak izan) ezer gutxi egin dute legea betearazteko.

1964tik 1989ra diktadura militarra ezarri zuten Brasilen. Jazarpen garaia izan zen, eta, beraz, mugimendu sozialek, baita lurraren aldekoek ere, errepresio gogorra pairatu zuten: atxiloketak, erailketak… Honek mugimenduaren gainbehera eragin bazuen ere, 1970. hamarkadaren amaieran berriz ere aktibatzen hasi ziren.

1975ean Comisio Pastoral Social da Terra (CPT) sortu zuten, Eliza Katolikoaren barruan lurraren aldeko talde bezala. Aurreko erresistentzia borrokekin eta CPTren sorrerarekin agerian geratu zen antolakuntza nazionalaren beharra. 1974ean Confederacion Nacional dos Trabalhadores na Agricultura sindikatu nazionala sortu zuten, gerora instituzionalizatuko zena (hori izan zen lehen mugimendu nazionala). Eta 1984ean sortu zuten MST, lurrik gabeko nekazarien mugimendua.

1988ko konstituzio federalean ere (184. eta 187. artikuluak) lurraren funtzioa zehaztu zen, produkzio indizeen araberakoa. 1964koa baino atzerakoiagoa da lege hau, ez baititu langileen baldintzak eta ingurugiroa kontuan hartzen; produkzioa soilik hartzen du kontuan, eta markatutako produkzio indizeak ez dira egokiak. Adibidez, hektarea batean behi bat izatea nahikoa da lur hori produktibotzat jotzeko, eta, beraz, lur hori ezin okupatu ahal izateko.

  • 1990tik aurrera: Neoliberalismoa

1989an, lehen hauteskunde “demokratikoak” egin zituzten Brasilen. Ordurako Luis Inácio Lula da Silva PT alderdikoa aurkeztua zen, baina Fernando Collor de Melok irabazi zituen hauteskundeak. Presidente honek Brasilgo txanpona dolarraren balore berean jarri zuen. Horren ondorioz, politika neoliberal basatiak ezarri zituen estatuan, FMIk eta banku mundialak aginduta: pribatizazioak, multinazionalekin harremanak…

Neurri horien aurrean, MSTk mobilizatzen segitzen du, eta lurrak okupatzen zonalde desberdinetan. Mugimendua gero eta aktiboagoa da, eta, beraz, gobernua mugimendu hau kriminalizatzeko mekanismoak aurrera eramaten hasten da, esaterako, komunikabide desberdinak erabiltzen ditu MST desitxuratzeko. Honekin batera, transnazionalak Brasilen kokatzen hasten dira produktuak beraien herrialdeetara esportatzeko.

Ondorengo gobernuek (bereziki Fernando Henrique Cordosorenak) ere politika neoliberalak bultzatzen dituzte. Esaterako, Banco da Terra egitasmoa sortzen dute: kanpoko bankuei maileguak eskatuta, gobernuak lurrak erosten ditu, eta Brasilgo herritarrei lur horiek saltzen dizkiete, familia horiek maileguak eskatzera bultzatuta. Gobernuak, neurri honekin, MSTren okupazioak deslegitimatu nahi ditu, baina politika honen aurrean MSTk okupazioekin aurrera segitzen du, lurrak herriarenak direla aldarrikatuz.

PT Partido dos Trabalhadores (langileen alderdia) 2003. urtean iritsi zen gobernura. Nekazal Erreformak agindu arren, hasieran aipaturiko familia kopuruen %6ei baino ez diete lurrik eskaini. Onurak ekarri dituzten hainbat programa garatu ditu PTk, halere. Besteak beste, PAA programa, zeinaren bidez hiri handietako faveletako gosearekin bukatzeko MSTko kooperatibetako janaria erosi baitute, edota PNAE, eskoletako elikagaien %30 ekoizpen agroekologikotik etorri behar direla finkatzen duena.

  • Dilma Rousseffen kargugabetzea

2014ko hauteskunde kanpainan hasi zen PTko Dilma Rousseffen kontrako impeachment ala kargugabetzea. Frente Brasil Popular-ek egiten duen irakurketa da eskuinak prestatu eta bultzaturiko estatu kolpe bat dela. http://www.askapena.org/es/content/declaracion-del-mst-frente-al-nuevo-gobierno-golpista-en-brasil
Maiatzaren 12an egin zuten Senatuan Rousseffen kontrako bozketa: 50 senatoretatik 23k kargugabetzearen kontra bozkatu zuten eta 27k alde. Abuztuaren 22an berriro egingo dute bozketa, eta ikusteko dago zer gertatuko den. Hiru senatorek iritziz aldatuko balute, Rousseff bueltatuko litzateke.

Frente Brasil Popularrek eskatzen duena da (MST frente horren barruan dago) Rousseff bueltatzea Michel Temer eskuinekoaren gobernuak herritarren lorpen asko atzera bota dituelako jada, eta hasi baino ez da egin. Hala ere, eskatzen diote Nekazal Erreforma herritar eta indartsu bat aurrera eraman dezala, aurretik egin dutena baino hobea. Aldi berean, Frente Brasil Popular auzo eta herrietan antolatzen ari da, mugimendu zabalago bat artikulatzeko.

Brasilgo brigadaren 2. bideo eta idatzizko kronika!

Paulo Botelho akanpalekua haurrak jolasean

MST, Nekazal Erreforma Herritar baten aldeko borrokan

Aurreko kronikan azaldu genuen bezala, 1984. urtean Movimento dos Trabalhadores Sem Terraren lehen biltzar nazionala egin zuten. Bertan, MST antolakunde nazional gisa gorpuztu, eta ondorengo hiru helburuak markatu zituen:

  1. Lurraren aldeko borroka.
  2. Nekazal Erreforma Herritarra
  3. Eraldaketa soziala.

Azken honetan azpimarratu behar da, hasiera batean ez bazuten Sozialismo terminoa erabiltzen ere, egun helburu estrategiko gisa defendatzen dutela.

  • 1985ean lehen kongresua egin zuten, “Okupazioa da bide bakarra” lelopean. Lelo horrekin, MSTk argi utzi nahi zuen gobernuak ez zuela nekazal erreformarik egingo, eta, beraz, ezer lortu nahi bazuten, nekazariek eurek lurren okupazioaren bitartez garatu behar zutela. Aldarri honek Liga Camponesak bere garaian erabilitako “Reforma Agraria, na lei na marra”, (Nekazal erreforma, edo legalki edo indarrez), leloan zuen oinarria.
  • 1987an MSTren bandera eta sinbologia adostu zituzten, eta hasieratik izan zuten argi irudian emakumeen presentzia. Matxetea ere, nekazarien lan tresna eta erresistentzia ikurra, banderan agertzen da. Antolakundeak eta banderak irudia izan bazuten ere, MSTren lehen urteak klandestinoak izan ziren. Diktadura garaiak ziren, errepresio oso bortitza bizi zen, eta MSTko kamiseta eramatea bera ere aski zen estatuaren jopuntuan egoteko.

Lurraren eta Nekazal Erreformaren aldeko borroka antolatu eta garatzen zihoan heinean, bestelako urrats batzuk eman zituzten eremu instituzionalean. 1988an Instituto Nacional de Colonizacion y Reforma Agraria (INCRA) sortu zen. INCRA instituzio nazional bat da, Brasilgo Gobernu Federalarena. Honek erabakitzen du noiz bihurtzen dituen asentamenduak legezko.

  • 1990an bigarren kongresua egin zuten, “Ocupar, resistir y producir” lelopean (okupatu, erresistitu, ekoiztu). Ekintza soiletik haratago, okupazioak luzera begirako proiektuak izan behar zutela adostu zuten, eta, beraz, erresistentziarako jarrera eta metodo espezifikoak garatzen hasi ziren, lurrak modu masiboan okupatu eta bertan gelditu ahal izateko. Izan ere, elikagaiak ekoiztea baitzen helburua. Poliziaren aurrean erresistentzia masiboa artikulatu zuten, emakumeak eta haurrak lehen lerroan jarriz.
  • 1990ean, “Reforma Agraria, uma luta para todos” (Nekazal Erreforma, guztion borroka) izan zen kongresurako hautatutako leloa. Nekazal Erreforma ez baita lurrik gabekoen borroka bakarrik, baizik eta herri osoarena (hau da, baita hirietako langileena, etorkinena, beltzena eta jatorrizko herrietako kideena). MSTk erabiltzen duen esaldi honek laburbildu dezake ideia hori: “Nekazal erreforma landan ematen da, baina hirian irabazten da”. Ideia hori barneratu eta hirian ere erreformaren aldeko kontzientzia eta borroka pizteko, MSTk martxa handiak egin zituen. Aldi berean, landa eremua garatzeko, eskolak, kooperatibak eta produkzio sistema agroekologikoak garatu zituen.
  • 1994an Fernando Henrique Cardoso eskuineko hautagaiak irabazi zituen hauteskundeak, eta neurri ezberdinen artean lurraren aldeko militanteen kontrako kriminalizazioa handitu zuen. Aipatzekoa da 1996ko El Dorado de Carajaseko sarraskia: protesta baketsu batean ari zirela, polizia militarrak kargatu eta 22 pertsona erail zituen. Lehen aldia zen estatu indarkeriak hain bortitz jotzen zuela. Cardosok, besteak beste, lurren pribatizazioa areagotu zuen, eta horretarako, okupaturiko lurrak ezin zirela desjabetuak izan arautu zuen, dekretu batean.
  • Egoera honen aurrean 1997an nekazal erreformaren, enpleguaren eta justiziaren aldeko martxa egin zuten: milaka pertsonak parte hartu zuten hiru hilabeteko ekimen erraldoian, eta honi esker Nekazal Garapenerako Ministerioa sortu zen Brasilgo Estatu Federalean.
  • 2000. urteko kongresuan beste urrats bat eman zuten MSTko kideek, “Por um Brasil sem latifundios” aldarrikatuz (Latifundiorik gabeko Brasil baten alde). Garrantzia berezia izan zuen kanpainak, izan ere, 2002. urtean Lulak presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen (PT, Partido dos Trabalhadores). Haren politika kontsentsuan oinarritzen zen, eta horregatik irabazi zituen hauteskundeak. Presidente zenean ere politika hori aurrera eramaten saiatu zen, bai langile eta nekazarien beharrei, bai nekazal eliteenei erantzun asmoz. MSTk, ordea, konfrontazioaren ideia azpimarratu zuen, latifundistekin amaitu ezean nekazal erreformarik ez baita izango.
  • 2007an egin zuten bosgarren kongresuan, “Reforma agraria, pela justicia social e soberania popular” izan zen aldarri nagusia (Nekazal erreforma, justizia sozialaren eta herri burujabetzaren alde). Garai horretan, Fernando Henrique Cardosok sortu eta gerora Lulak mantendu zuen legearen aurrean (okupaturiko lurrak desjabetu ezinak zirela zioen dekretuak) MSTk lurrak okupatzeko estrategia aldatu zuen. Lur horiek zuzenean okupatu beharrean, presioa egiteko, lur horien inguruan akanpatzen hasi ziren.
  • 2014. urtean egin zuten seigarren kongresua, eta “Lutar, construir reforma agraria popular” lelopean (Borrokatu, nekazal erreforma herritarra eraiki) borrokaren garrantzia eta Brasilgo jendarte osoarentzako proiektu baten defentsa aldarrikatu zuten.

Gaur egungo datuak eta MSTren funtzionamendua

Gaur egun 300.000 familia daude asentatuta, eta 150.000 familia inguru akanpatuta. Oro har, 2 milioi pertsona dira MST mugimenduaren parte.

Akanpaleku eta asentamenduez gain, MST sektoretan antolatua dago: masa borroka, formazio politikoa, hezkuntza, produkzioa, komunikazioa, proiektuen garapena, generoa, giza eskubideak, osasuna, finantziazioa eta nazioarteko harremanak.

Maila nazionaleko egitura aurrera eramateko, militante batzuk liberatuta daude. Hauek, bi urtetarako izendatzen dituzte, beste bi urterako luzatzeko aukerarekin (liberazio txiki bat jasotzen dute oinarrizko beharrak asetzeko). Ardura hauek, ordea, ez dira betirako. Izan ere, koordinazio funtzioetan asko eta sakon ikasten da, eta, beraz, jende berriari aukera eskaintzeko espazioak zabaltzen dituzte. Horregatik, asko jota lau urte pasatzen dituzte ardura nazionalean, eta behin amaituta, mugimenduko kide izaten jarraitzen dute, besteek bezala.

Hainbat borroka molde uztartzen ditu MSTk: lur okupazioak, akanpalekuak, martxak, gose grebak, leku publikoen okupazioak, hirietako akanpadak, bankuen aurreko akanpadak, manifestazioak, ekimen kulturalak jende esanguratsuarekin, mistika…

Nekazal Erreforma Herritarraren oinarriak eta proposamena

Ondorengo puntuetan oinarritzen da MSTren Nekazal Erreforma Herritarra:

  1. Lurra Brasilgo herriaren eskuetan egon behar da
  2. Elikagaiak ekoiztea da lurraren funtzio nagusia
  3. Produkzio hori agroekologian oinarritua egon behar da
  4. Haziak gizateriaren ondarea dira

Oinarriak garatzeko proposamen hau egiten du MSTk, estatu sozialista eta herritar baterako urrats gisa:

  • Lurraren demokratizazioa
  • Ura pertsona guztien eskura egotea
  • Laborantzako produkzioa kooperatibetan antolatzea eta egituratzea
  • Laborantza politika garatzea
  • Hezkuntza landa eremuetara zabaltzea
  • Hirietako industria deszentralizatzea
  • Estatuaren administrazio egitura aldatzea, Nekazal Erreforma azkarrago egin eta garatzen dela bermatzeko

Brasilgo brigadaren 3. bideo Kronika Belo Horizonte Festibaletik

DSC_0134

Brasilgo brigadaren laugarren kronika: akanpalekuak

Belo Horizonteko festa berotik Latinoamerikako agroekologia jardunaldietako hotzera pasatu ondoren, MSTren akanpaleku gehiago bisitatzera joan gara, Brasilgo Parana estatuaren iparrera. Lurraren aldeko militanteekin bizi izan gara han lauzpabost egunez, eta horri esker akanpalekuen funtzionamendua sakonetik bizi ahal izan dugu. Hona hemen Herderos da Luta de Porecatú eta 2 de Dizembro kanpalekuetan bizitakoaren kronikak.

11

PORECATÚ: ESPEROAREN EKINA

Txakur bakarti bat emeki doa lur gorrizko bide maldatsuan barrena. Bidean gurutzatu ditu oilasko batzuk, oilo bat txita sortu berriekin, eta eskina batean ezkerrerantz egin du, egurrez eta plastiko beltzez egindako txabola artera. Eguerdia da, eta bero handia dago Herderos da Luta de Porecatú akanpalekuan (Porecatuko borrokaren oinordekoak). Jende gehiena etxe barrenetan dago, bazkaldu ondoreneko lo kuluxkan, ala bizilagunaren aterpean, matea ala ximarraua hartzen.

Kanpotik datorren ezjakinarentzat herrixka lirudike lekuak; komunikabideek favela itxusitzat saltzen dute. Bertan barneratzen denak, ordea, berehala egiten du topo akanpalekuko borrokaren errealitatearekin. Detailerik txikiena ere antolakuntzaren seinale baita hemen. Azukre kañaberak menperaturiko soroan hutsetik eraiki zuten etxola sorta, duela zortzi urte. Familia batzuk joan eta beste batzuk etorri dira tartean, baina laku gaineko komunitatearen egunerokoak antzera darrai: Brasilgo Gobernuak asentamendua noiz emango zain, hartaz askorik espero gabe ekiten diote bizilagunek auzolanari.

Horren adibide da eskola: irakasle, guraso eta umeek eraiki zuten eremua, eta hango irakasgai eta antolaketa ere guztien artean eraiki eta erabakitzen dituzte. Gobernuak laguntza txiki bat eman zien duela gutxi, eta irakasleen soldatak ere hark ordaintzen ditu orain. Baina Natieli eskolako zuzendari eta pedagogia arduradunaren ustez, komunitatearen lanari esker baino ez da izan: “Estatuaren menpeko izango bagina, eskola ez litzateke existituko”. Eskola Itinerante deitzen diote, eta, Luzia Maria irakaslearen ustez, hirikoarekin alderatuta askoz hobea da akanpalekukoa: “Bizitzan ez dut eskola hoberik ezagutu”. Komunitateak parte hartze zuzena du eskolan, hain zuzen, eta horrek ematen dio balio erantsia: eskolan ikasten denak akanpalekuko errealitatearekin egiten du bat, guztiz, eta akanpalekuak ere ekarpena egiten dio irakaskuntza prozesuari, hezkuntza eremu formalera mugatu gabe.

Eskolaren antzera, eremu kolektibo gehiago ere baditu Porecatúko akanpalekuak: futbolina eta billarra dituen ostatua, idazkaritza, osasun eremua, arropa trukatzeko azoka… Azken horren arduraduna da Luciana, eta gogotsu erakutsi digu dirurik gabeko dendatxoa: “Hirietan-eta ematen duten arropa biltzen dugu hemen, txukundu, eta asteazkenetan irekitzen dugu, nahi duenak behar duena har dezan”. 39 urteko emakumeak zazpi hilabete soilik daramatza akanpalekuan bizitzen, baina duela 25 urte engaiatu zen MSTren borrokarekin. Orain arte asentamendu batean bizi izan da, baina akanpalekura itzulia da orain, hasierako fasera. Familiarengandik hurbilago dagoen lur bat lortzea du helburua. Hiriaz, berriz, ez du ezer jakin nahi: “Landa eremukoa naiz ni sortzez, eta ezingo nintzateke hirian bizi. Niri landatzea gustatzen zait, animaliak haztea… lurra maite dut”. Beranduenez 2018rako asentatzea espero dute, gobernuak hala aginduta, baina Michel Temerren estatu kolpearen ondorioz, nahasia dute etorkizuna.

Hamaika jatorri, helburu bakarra

Luciana bezala, arrazoi ugarirengatik etorriak dira Porecatúko akanpalekuan bizi diren 400 bat familiak. Asko, lasaitasun eske. Hala dio Andreak, 59 urteko gizonezkoak: “Hirian bortizkeria handia dago, droga… Hemen, berriz, guztiek errespetatzen dugu elkar. Nire semeak, adibidez, drogarekin izan zituen arazoak. Hemen hobeto dago”. Vicentina eta Antenor bikotea ere (61 eta 62 urte) sosegu eta lur bila etorri zen duela hiru urte, eta asentamenduaren esperoan baratzea eta oiloak zaintzen dituzte.

9

Biziraupenerako diru ala janari pixka bat lortzeko, bakoitzak ditu bere estrategiak. Lurdesek (62 urte) etxean egindako xaboia eta arraultzak saltzen ditu, haren senarrak hirian lan egiten duen bitartean. Rosik ere, 59 urteko emakumeak, kanpoan du senarra, eta hemezortzi txerri hazi eta etxea zaintzen ditu goizetik gauera. Bizilagunekin ere elkartzen da tarteka, forro-a dantzatzeko, hori baita gehien maite duena.   Julio eta Elisangela bikoteak bost urte daramatza MSTren komunitatean, eta gogor lan egiten dute akanpaleku inguruko soroan. Bertan produzitutako barazkien zati bat eskolara eramaten dute, haurren bazkarirako. Tamiris eta Tahinara alaba bikiek ere laguntzen dute baratzean. 13 urte besterik ez dituzten arren, oso argi dute akanpalekuko borrokaren garrantzia. Etorkizunean ere horri lagundu nahi dio Tahinarak: “Abokatu izan nahiko nuke, herriaren giza eskubideak defendatzeko”. Tartean, lur zati bat izateko eskubidea.

Umeak ere lasai bizi dira akanpalekuan, bizikleta, zaldi, ala edozein tramankulurekin jolasean, autonomia handiz. Haiek izango dira etorkizuneko laborari asentatuak, guztia ongi ateratzen bada. Eta, bitartean, elkarrekin eraikitako gutia izango dute irakasgai. Gobernuaren erabakiaren zain, baina esperoan egon gabe segituko baitute Porecatúko akanpalekuan auzolanean: esperoaren ekinean.

2 DE DIZEMBRO: AGROEKOLOGIARANTZ URRATSA

Herderos da Luta de Porecatún etxean bezala hiru egun pasatu ondoren, 2 de Dizembro (Abenduaren 2a) akanpalekura joan, eta sorpresa hartu dugu. Beste akanpaleku batzuetan ez bezala, hain zuzen, hemen lur ugari dituzte okupatuta etxeen inguruan, eta ekoizpenean buru-belarri dabiltza, makina handi eta guzti. 42.000 hektarea banatu dituzte bizilagunen artean: familia bakoitzak gutxienez 30×30 metroko lur zatitxoa, eta nahi duenarentzat beste 12 hektarea landatzeko. Guretzako, neurtezinak diren zelaiak, eta zelaiak, eta zelaiak…

Guztia ez da agroekologikoa, eta horrek harritu gaitu gehien, baina badu azalpena: jatorrian azukre kañaberaz beteta zegoen guztia, eta landare erresistentea izanik, harekin bukatzeko arto eta soja transgenikoak landatu behar izan dituzte hasieran. Izan ere, bospasei urte behar ditu lurrak bere onera etortzeko. Akanpalekukoen azken helburua ekoizpen ekologikoa izanik, transgeniko eta agrotoxikoetatik hasi eta pixkanaka horiek gutxitzen doaz, hazi eta hazkuntza agroekologikora iritsi arte. Prozesuak irauten duen bitartean, hartara, ekoizpenak ematen die  bizitzeko adina diru, eta borrokan segitzeko adina indar.

15

Brasilgo brigadaren 5. bideo kronika: COPAVI kooperatiba

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s