Home

mp

Beñat Hach Embarek – Zuzeu

Festa, besta, jaia, parranda, juerga, biziyuba… Hamabost urteren bueltan hasiko nintzen parrandara irteten, nik uste. eta horretan dihardut oraino, 27rekin. Baina noski, festa egiteko manera asko aldatu da azkeneko urteetan, eta tartean entzuten den musika ere bai.

15-20€ poltsikoan aski ziren guretzat; eta helduagoek esango didazue 1500 pezetekin ere urrutira iristen zinetela. Lehen garagardo haiek eskuan geneuzkala gure tokiaren bila hasten ginen ezezaguna zitzaigun ingurumen batean. Beti izan naiz txosna eta gaztetxekoa, baina guztiok bezala alde ilunean egondakoa naiz, argiaren atzealdean, Danteren zazpigarren infernuan (baina ni, beste asko ez bezala, itzuli naiz). Reggaetoia iritsi berria zen, edo ni ohartu berri nintzen bere existentziaz. DBH garaia zen, eta ondorioz, Derrigorrezkoa Baten-batek Haginkatzea; gustuko lagunaren atzetik zeharkatzen genituen kaleak, arakatu leizeak, kosk egingo ziguten itxaropenez. Taberna zuloetan jendea bere erritmo itsaskorretan astintzen zen, ea norekin igurtzi, tamalez garunean suzko markarekin grabatuta geratu zaizkidan abestiekin dantzatuz: lo ke pazo pazo; a ella le guta la gazolina (polizia ote zeukan atzetik?); edo perreo pa lo nene, perreo pa la nena, klasiko bat.

Asko kritikatu da reggaetoia, eta demonioa testigu agerikoa dela zergatia, ala Satan. Baina, behin baino gehiagotan aipatu izan den bezala, musika estilo honetan nagusitu diren letra erasokorrek ez dute, berez, zerikusirik musika estilo berarekin. Argia aldizkarian irakurri nuen aspaldi batean gai honi burukoz idatzi bat, reggaetoi feminista hizpide, eta, esaterako, Chocolate Remix eta Chaneka taldeak aipatzen dira bertan:“chaneka” hitza irain gisa erabiltzen dute Txileko gazte burgesek, reggaetoia dantzatzen duten neska beltzak mespretxatzeko”. Hortik noa.

Zer zen ba tangoa? Zakurraren putza, ohitura txarren adierazpide gorena, Maltako kaballeroen amesgaiztoa; ohitura onen defendatzaileek, dantza zikinen etsai amorratuek, simaurretako zizare koloregabeek pertsekutatu zuten. Honakoa zioen 1789ean Manuen Warnesek, Buenos Aireseko funtzionario batek: “ez itzazue baimendu tango bilkurak, bertan beltzek askatasuna lortu eta esklabotza deuseztearekin amesten baitute“. Montevideoko arrabaletan marinelak, portuko langileak, prostitutak, drogazaleak, alargunak, txiroak… biltzen ziren, eta tangoa abestu eta dantzatu. Baina egun batean Gardel iritsi zen, eta musika hori bera hartu eta klase altuei aurkeztu zien, berak edo bere ordezkariak, antzoki elegante batean, haien gustukoa izateko moduko aldaketak eginda. Burgesiak bere egin zuen tangoa, eta putzu-zuloko dantza bat izatetik ospea eta miresmena izatera pasa zen. Ordutik hona, non gogoa, han tangoa.

Ez naiz oso aditua musikaren historian, baina behin eta berriro errepikatzen den zerbait delakoan nago. Bluesa esklaboen arrangura izatetik aberaskume ugariren gozamenerako doinua izatera igaro zen aspaldi; rocka; punka; reggaea; hip-hopa; trikitixa (ez ala?)… guztiekin modus operandi antzekoa izan delakoan nago. Nire buruan horrelakoa da prozesua, gutxi gorabehera: enpresari edo bestelakoren batek pentsatzen du, “ostia, eguna lanean igarotzen duten zarpail horiek dantzatzen dutena arras ona da, dirua atera daiteke hortik”, ondoren grabatu egiten du, jarraian nahaste borrasterik sortuko ez duten mezuak zehaztuko dituzte, baina errebelde itxura mantenduz, alternatiboa, berritzailea, “nik bai dakidala bizitza zeinen gogorra den, ez zu bezala”, bizitza zeinen gogorra den ez dakien norbaitek abestu eta bizitza zeinen gogorra den ez dakiten askok burua astindu dezaten melodia horrekin.

Zergatik idatzi hau? Aurreko batean kristorenak eta bi entzun nituelako kunbiaren aurka; eta lagunok, Joxe Ripiauren zale amorratu baten aurrean zaudete, eta honakoa esango dizuet, argi eta garbi, pantailatik pantailara: kunbia herriarena da, gustatu ala ez gustatu. Azken urteetan hartu eta komertzializatu dute, baina aurretik cumbia villera entzun zitekeen, villa edo fabeletakoa, herriarena. Klase altuentzako musika moldatzen da, eta askok moldaketa hori entzuten dute, dirudunen antza izan nahi horretan.

Herriaren musika. Herriak irudimena jartzen du, gerria, erritmoa, gerritmoa, herritmoa, sorkuntza; eta ondoren norbait hori denaz aprobetxatzen da aberasteko eta mezu nazkagarriak zabaltzeko. Badirudi musikaren eta ekonomiaren historiak ez daudela batere aldenduta.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s