Home

img_45696

Asier Blas – Argia

George Soros, munduko pertsonarik aberatsenetako bat, finantza munduan espekulatuz aberastu zen. Horrez gain, ezaguna da neoliberalismoa eta Mendebaldeko sistema politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren supremazia moral eta materialaren ideiak hedatzen laguntzeagatik. Aspalditik globalizazioaren bertsio progrea finantzatu du mundu osoan, indar berezia jarriz herrialde sozialista ohietan eta herrialde soberanista-aurrerakoietan.

Sorosen helburua “gizarte irekiak” eraikitzea omen da. Ideologia honek  hiru ardatz nagusi ditu: neoliberalismo ekonomikoa, askatasun indibidualei errespetua eta “giza eskubideen” defentsa. Helburu horiek lortzeko, besteak beste, bi dira bere arma nagusiak: Human Rights Watch eta Open Society (OS). Lehenengoari 100 milioi dolar eman dizkio, bigarrena berriz, berak sortu duen fundazio handiena da. OSk pizgarri ekonomikoak edota karrera profesionalak eskaintzen dizkie elite desberdinei, horrela iparramerikar hegemonia politiko-kulturala hedatzen dute unibertsitateetan, hedabideetan eta gizarte zibilean.

Lan hau oraindik eta garrantzitsuagoa bilakatzen da kontrolatu nahi diren herrialdeetan. Jakina da “koloretako iraultzak” bezala ezagutu ziren estatu kolpe bigunetan OS fundazioak paper aktibo garrantzitsua izan zuela. Azken batean, Soros bere helburuak lortzeko estatu kolpeak babestu, giza eskubideen urraketak zokoratu eta gerrei estaldura ideologikoa emateko prest dago.

Berriki DCLeaks web orrialdeak OS fundazioari hackeaturiko 2.500 artxibotik gora atera ditu argitara. Horietan irakurri daiteke OSk Europar parlamenturako hauteskundeetan eragiteko planak jarri zituela martxan. Bestalde, artxiboen artean 2014ko Ukrainako estatu kolpeari buruzko europarren iritzia modelatzeko estrategia ageri da. Espainian, besteak beste, politikari, hedabide, kazetari eta akademikoak zerrendatzen dira kooptatzeko. Twitterreko iritzi sortzaileen zerrenda bat ageri da baita ere: alde batean, “ukrainar zale kritiko eta analistak” bezala izendatzen diren hamahiru helbide, eta beste aldean, “errusiar zale” bezala 49 ageri gara.

“Errusiar zaleen” artean gaudenok sentsibilitate askotariko jendea gara: Ukrainako krisiari buruz muturreko jarrera desberdinak dituzten pertsonak daude, gehi mota guztietako grisak. OSk darabilen agenda erradikalaren erakusle da: nire posizioak defendatzen ez badituzte, nire etsaiak dira. Eta sinets iezadazue ez dela gustuko platera OSren etsaia izatea unibertsitatean, argitalpenak eta karrera akademikoa egin ahal izateko baliabide asko kontrolatzen dituzte, bereziki gizarte zientzietan, horiek gabe bidea urratzea zailagoa da, baina, batez ere, horiek zure kontrako boikotean aktibatzen badira bizitza profesionala arriskuan izan dezakezu. Espainiako hedabide gehienek ondo dakite hori, ez da kasualitatea afera honen inguruan egon den isiltasun mediatikoa, nahiz eta ikuspegi demokratikotik eta kazetaritza ikuspegitik datuak eskandalizatzeko modukoak izan. Gerra korrespontsal gisa lan egiten duten kazetariek zein segurtasun gradurekin bueltatuko dira Ukrainara lan egitera?

George Sorosen “demokrazian” dirua duenak politika egiten du, lobby baten antzera presionatuz etxean eta atzerrian. Magnatea Hillary Clintonen finantzazio iturri nagusiena da. Ulertzekoa da, Wikileaks-ek filtratu duen artxibo batean jakin berri dugu Hillary Clintoni (estatu idazkaria zenean, kanpo harremanetarako ministroa) e-mail bat bidali ziola 2011n Albaniak bizi zuen krisi politikoa kudeatzeko argibideak ematen. Horrela da Soroskrazia, noizean behin Coca-Cola eta Pepsi artean bozkatzen uzten gaituzte, baina agindu betikoek egiten dute.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s