Home

arantza

http://arantza-sos.eus/

Agur bero bat eta ongi etorri Puerto III espetxeko euskal preso politikoek egindako webgunera : http://arantza-sos.eus/

Zuen aitzinean duzuen web orria, hasteko, Arantza Zulueta pairatzen ari den bakartze egoera gizarteratzeako helburuarekin egina da. Horrez gain, Puerto.III ko presondegian sakabanatuak gauden beste Euskal Preso Politikook egoera latz hau aldatzeko eramango ditugun urrats ezberdinen kaleratzeko tresna ere bada. Webgune hunen bitartez beraz, gizartearekin harreman zuzena izateko aukera izanen dugu, beti ere Arantza Zuluetaren egoera aldatzea ardatz harturik.

Arantza, 1991.tik honat abokatu lanetan ibilia da, Espainiar estatuan Euskal Preso Politikoen defentsa lanean hain zuzen ere. Aldiz, egun, bera da isolamendu egoera latzenetariko bat pairatzen ari dena, espetxean daramatzan bi urte eta erditik baino gehioagotik. Cadiz Puerto III espetxean egon da denbora horretan guztian, etxetik mila kilometrora baino gehiagora, Madrilogo Estremera kartzelan egon zen hilabete gutxi batzuk kenduta, eta, hor ere, bakartuta izan zuten. Inioz bukatzen ez den mendeku baten moduan, etsaiak Arantza apurtu eta birrindu nahi du, egunerokotasunean bere integritate fisikoa eta psikologikoa erasotuz.

Horra hor, gure erantzukizuna : Puerto.III ko espetxean eramaten ari diren bakartze egoerari modu kolektiboan erantzun behar diogu. Guk espetxe barrutik eta zuek kanpotik ! Ez da erran beharrik baina oroitarazi nahi dugu, begi-bistan duzuen webguneak ez duela iniolaz ere ordezkatuko E.P.P.K.ren ahotsa, ezta gure Herrian Euskal Preso Politikoen alde antolatuak diren elkarteena ere.

img_2204

Agur t’erdi, adiskideok :

Gaurko gutun (derrigorrez) luze honekin, berebiziki lazgarria eta salagarria den egoera bat nahi dugu mahai gainean jarri, gaiaren aurrean soraio edo ezaxolati geratuko ez zaretelakoan. Arantza Zulueta gure kidearen egoera da ituan jarri nahi duguna. Gure kolektiboko kide den Arantza ogibidez abokatua dugu, eta une honetan Puerto III-ko espetxean dugu.

Zehazki, espetxe honetako 15. moduluan dute Arantza, hau da, “bakartze-moduluan”, “isolamenduan”, bertan 2 motatako galeria daude: “luzeak” eta “laburrak”, eta “labur” horietako batean daukate Arantza. Galeria hau 4 ziegaz dago osatuta. Horietako batean 20 ordu ematen ditu Arantzak. Gainontzeko 4 orduak 6×13 metrotako zabalera eta horma altuak (batzuetan eguzki-printzak ez dira apenas sartzen) dituen patio ñimiño batean igarotzen ditu, berak bakarrik, kirola ganoraz praktikatzeko aukerarik gabe. Hau guztia gutxi balitz, patio estaltzen duen metalezko sarea dago, argitasuna urrituz. Patio honek alde batean mahai bat duen gelatxoa du. Imajina dezakezu hori? Bada, Arantzaren bizitza OSOA espazio murritz horretara mugatzen da. 100m2 edo gutxiago.

Ohikoena da Arantza 15. moduluko emakume BAKARRA izatea. Oso noizbehinka du beste pertsona bat bere ondoan. Izan ere, horra eramaten dituzten beste emakumeak egun gutxiko zigorrak ordaintzera eroaten dituzte, eta, zoritxarrez, maiz emakume hauek gaitz psikiko batek jota izaten dira, berez itogarria den galeria ero-etxe jasangaitz bihurtuz.

Aurrekoaz gain, badira Arantzaren egoera bereziki bortitza bihurtzen duten beste hainbat faktore:

  1. 15. moduluan gizonentzako prestatua den modulua da. 4 ziega horiek alde batera utziak, gainontzeko ziega guztietan gizonezkoak daude. Areago: zortzi aldiz behintzat, Aratzaren ondoko ziegan gizon bat jarri izan dute, zirkunstantzia “bereziak” direla medio. Eta, eskarmentuz diogu, horko gizon gehientsuenak emakumeekiko errespetu oso gutxi duten gizonak dira. Gu ere 15. moduluan izan gera, eta, beraz, badakigu isolamenduko espetxezain taldea gizonezkoek osatzen dutela. Espetxezain hauen jarrera berez bortitza da, baina horri moduluko disziplina-erregimena gehituz gero, benetan gaitz suertatzen da hango bizitza. Eta horko kartzelako batzuen izaera zapaltzailea eta matxista ezaguturik, aise igartzen da Arantzaren eguneroko bizimodua etengabeko erasopean dagoela. Ziegatik ateratzen den aldiro, ukimenezko-miaketa pairatzen du Arantzak, emakumezko espetxezain batek egina, bai, baino 3-4 gizonezko ondoan dituela. Era berean, bere ziega arakatzen dutenean, ziegan edukitzen uzten dizkioten gauza apurrak lurrean botata aurki ditzake. Gainera, ziegatik kanpo dauden segurtasun-kamerak, zeintzuek intimitate eta pribatutasun oro ezabatzen baitute, gizonezkoek ere dituzte kontrolatzen. Honez gain, isolamenduko “ordenantzak” (kartzeleroen konfiantzazko preso laguntzaileak) gizonezkoak dira. Eurek manipulatzen dituzte Arantzaren ondasunak, pertsonalak, bai eta barne-jantziak ere, Arantza presente dagoela. Izan kontuan, ordenantza batzuek sexu-erasotzaile izatearen fama dutela, eta batzuk horrelako delituengatik izan dira zigortuak.
  2. Arantzaren ziegaren gainean, bestaldetik, aire-erauzgailu bat dago. “Extraktore” honek etengabeko burrunba egiten du, 8:00etatik 14:00ak arte. Bi egunez behin Arantzak goiz osoa ziega barruan ematen duenez, zarata hori buruan sartzen zaio eta eramangaitza bilakatzen da.
  3. Espazio ñimiñoa, ingurune misoginoa, muturrera eramandako disziplina-erregimena, etengabeko burrunba hori, moduluan nagusia den zorroztasuna eta bortizkeria-giroa, erraz ulertzen da edozein jarduera aurrera ematea miraria dela: ikasketak, kirola, eskulanak…
  4. Ez gara ondokoaz luzatuko, baino oroitarazi behar da Arantzak pairatzen duen egoera legez kanpokoa dela. Arantza “2. fasean” dute sailkaturik, Puerto III-ko gainontzeko kideok bezala, eta, beraz, R.P.-ren 91.2+94. artikuluei jarraiki, Arantzak beste presoen artean egon beharko luke egunerokoan (gutxienez 5), eta patiora ateratzeko eguneroko 4 ordu horiez gain, astean espetxean prestaturiko kultura/kirol-jardueretan beste 3 ordu (gutxienez) izan beharko lituzke. Legearen arabera, hitzez hitz.
    Salatu izan du Arantzak egoera, auzi-instantzia egoki guztien aurrean; alferrik. Gure eskubideak defendatuz “aurrean” izan dituen epaileak dira orain Arantzari bere eskubideak ukatzen dizkiotenak. Egoera laidogarri honen erantzuleetako batzuengan mendeku-goserik ez ote dagoen…
  5. Arantza 52 urteko emakumea da, preso prebentiboa da, eta bere soslai pertsonalak ez du exijitzen ez gomendatzen ezartze ari zaion erregimen anker hau. AD PERSONAM ezarritako egoera da, Arantzaren higadura eta haustura pertsonala bilatzen duena. Erabakia nork hartu duen? Espetxeko zuzendaritzak Madrilgo D.G.I.P.-ari egozten dio. Baina egia bakarra da Arantzak 2 urte t’erdi pasatxo daramala egoera honetan, muturreko bizi baldintzetan, bortizkeria nagusi den leku batean, “kaiola” batean gizonezkoek aztertuta…

Eta egoera hau GUZTION ARTEAN ZUZENDU behar dugu, zuzenduko bada. Gu zuen esanetara gaude, zalantzak argitzeko edota zehaztasunak emateko. baina uste dugu eragile asko eta anitzen elkarlanetik etor daitekeela eraginkortasuna. Bakoitzak ikusiko du zer egin dezakeen: informazioa zabaldu, kexa-gutunak idatzi (espetxeko zuzendaritzari, D.G.I.P.-ari, Emakunderi, E. Jaurlaritzari,…), mobilizazioak babestu,… Eta guztion ahaleginak koordinatzeko ere egindakoaren berri elkarri emateko webgune bat sortu dugu: WWW.ARANTZA-SOS.EUS. Horra bidali daitezke burura etorriko zaizkizuen ideiak, proposamenak, gonbidapenak, salaketak,… Gauza da egunero “giza-eskubideak” aipatzen dizkiguten horiek ezeroso sentiaraztea, “zoru-etikoaren” katramila darabilten horiek mugiaraztea, bidegabekeria zinez latz honekin buka dezagun.

Arantza Zuluetaren egoera aldatu nahi baldin badugu, denon indarraren beharra izanen dugu : guk barrutik eta zuek kanpotik.

Denok elkarrekin eraginkortasunik handienean lan egiteko, denon ideiak beharrezkoak direla pentsatzen dugu. Horregatik, forum hunen bitartez, bakartze egoera amaitzeko balio izan ditzaketen ideia ezberdinak bildu nahi ditugu.

Ideia bat edo iritzi bat izan dezakeen oro deitzen dugu bere hitzak bertan uztera.

Animatu zaitez zure ideiak edota iritziak plazaratzera, arreta handiz begiratuko ditugula segurtatzen dizugu !

http://arantza-sos.eus/ideien-meategia/

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s