Home

errepresiorikez

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Askapena

Pasa den astearen amaieran eta aste honetan bertan munduko txoko ezberdinetan zein gurean emandako errepresio erakustaldiek argi erakusten digute zanpatzen gaituen sistema honek ez diela inolaz ere herrien burujabetzaren alde diharduten herri sektore eta mugimenduei inolako zirrikiturik utziko. Gainera, azken egunotan emandako erasoak plano ezberdinetan eman direla azpimarratu nahiko genuke, batetik herri mugimenduen aurka eginez (Brasilen edo Vallekasen kasu) eta bestetik, Kurdistanen edo Herrialde Katalanetan gertatu bezala, herritarren ordezkari diren hautetsien aurka eginez.

Brasilen Michel Temerrek kontinenteko botere erreakzionarioenen babesarekin emandako Estatu Kolpearen ondotik errepresioak gora egin du nabarmen. Horrela, denbora kontua zen Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) lurrik gabeko landa langileen mugimenduaren aurka egitea eta pasa den ostiralean, goizeko 09:25 zirela, bertako indar polizialak Florestan Fernandez MSTko eskola nazionalera bortizki sartzen saiatu ziren. Agindurik gabe sartu nahi zutela ikusirik, MSTko hainbat kidek polizia geldiaraztea lortu zuten nahiz eta borroka horretan poliziak bi lagun atxilo eraman. Operazio polizial hau MSTko zuzendaritzaren aurkakoa izan da (inor atzematea lortu ez arren) eta esan bezala, operazioa Estatu Kolpearen ondorioz emandako oldarraldi errepresiboaren baitan kokatzen dugu.

Zentzu honetan, ulertzen dugu, MSTk Brasilen ematen den gatazka historiko baten kontraesanak agerian uzten dituela (lur sailen banaketarena, hain zuzen) eta beraz, gobernuak sistemaren etsai nagusitzat ditu mugimendu honetako kideak. Izan ere, mugimenduaren aurkako jazarpena izugarri areagotu egin da eta pasa den ostiralekoa kriminalizazio kanpainaren punturik gorena izan dela esan daiteke. Gainera, argi diogu bere garaian Estatu Kolpea bultzatu zutenak eta latifundioen ustiaketan eta langile klasearen explotazioan sakondu nahi dutenak sektore berdintsuak direla.

Bestetik, Ipar Kurdistanen emandako HDPko hamabi parlamentarien atxiloketak astindu ikaragarria suposatu du jada mugitua dagoen Turkiako panorama politikoan. Brasilgo kasuaren antzera, denbora kontua zen HDP aldeariaren aurka egitea ere. Horrela, HDPko hautetsiak “propaganda terrorista egitea”, “Estatua, Gobernua, botere judiziala eta Turkiako Errepublikako segurtasun indarrak mespretxatzea”, “batasuna arriskuan jartzea” eta beste hainbat kargu leporatuta atxilotu egin zituzten pasa den larunbatean. Uztailean izandako estatu kolpe saiakera hartatik, Erdoganek Turkia “garbitzeari” ekin dio, etsai duen oro indarrez isilaraziz. Eta argi zegoen kurduek jomuga izaten jarraituko zutela, azken hilabeteotan bezala: hedabideak itxi, kazetari edota idazleen atxiloketak, jazarpena herrietan, sarekada masiboak… Eta azkena, kostata baina 6 milioi herritarren (kurduak, gehienak) konfiantza irabazi zuen HDP alderdiaren aurkako eraso hau.

Kurduek bake-prozesu baterako bidea irekitzeko asmoa erakutsi arren, Estatu turkiarrak atzeko bidea hartu du. Ez da ez bakerik ez prozesurik kurduen eta Ankararen artean. Are gehiago, gerra-politika zikinak dira prozesuaren ezaugarri nagusi. Hala ere, mugimenduak aurrera darrai proiektua garatzen, ekologismoa, feminismoa eta burujabetza oinarrituz. Tinko eutsi diote kurduek Erdoganen estrategia itogarriari, tokian-toki autogobernuak sortuz, komunak garatuz… funtsean euren proiektua sutsuki defendatuz.

Zentzu honetan irmoki salatu nahi dugu EBaren jarrera hipokrita, wellcome refugees-aren sustatzaile izan nahi eta atzetik Turkiako gobernu faxistarekin filtro lanak egingo dituen akordioak sinatuz. Kurdistanen ematen ari den sarraskiaren aurrean isilisilik begira gelditzen da EBa Ekialde Hurbilaren ate zaindari kuttuna galduko ote duen beldur.

Etxetik gertuago, Herrialde Katalanetan ere jazarpen politikoa atxiloketa gisara plazaratu zaigu oraingoan. Izan ere, CUPek prozesu subiranistaren aurrean hartutako jarrera desobedientearen logikan Kataluniako hamaika herritan, Bergan kasu, Herrialde Katalanetako bandera (estelada) jartzea erabaki zuten. Estatuko agintariek baina, erretiratzeko agindua eman zuten eta bete ezean epaitegi aurrean deklaratu beharko zutela ohartarazi. Herri katalanaren mandatuari men eginez eta Estatu espainiarraren inposizioei entzungor eginez asko izan ziren estelada zegokion tokian mantentzearen alde egin eta desobeditu egin zutenak.

Jarrera erasokortzat hartu dute espainiar agintariek eta hoberen ezagutzen duten hizkuntza erabiliz, errepresioa, alegia, herri katalanari jakinarazi zioten bide horrek bere ondorioak izango zituela. Zentzu horretan, Estatuak duen jarrera inperialista beste behin salatu eta herrialde katalanari gure babes eta elkartasun osoa helaraztea baino ez zaigu geratzen.

Euskal Herrian ondotxo ezagutzen ditugu horrelako kriminalizazio eta errepresio estrategiak geure larruetan ere jasan egin baitigu. Aurreko astea gurean ere errepresioarekin amaitu genuen. Eta ez gara ari astebururo euskal presoen senideek jasaten duten errepresioaz, ez. Larunbatean, Rajoy-ren gobernua eratu eta egun bat beranduago, Estatuak Euskal Herriko gatazka politikoarekiko aspalditik duen asmoa erakutsi zigun Mikel Irastortza euskal militantea eta beste bi lagun atxilotuz. Argi dago Estatu frantses zein espainolaren helburua gatazka amaitzetik urrun, blokeoan sakontzen jarraitu eta konponbidearen gurpilari oztopoak jartzen jarraitzea dela.

Pasa den astea errepresioarekin amaitu bagenuen, astea ere tamalez halaxe hasi dugu eta Vallekasen, besteak beste Bukaneros taldearen aurka emandako sarekada salatu beharrean gaude. Duela hilabete batzuk Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidenteak abiatutako operazioaren jarraipena da atzokoa eta gazte militanteak kikiltzea du helburu.

Amaitzeko, egoera honen aurrean, atxilotuak izan diren edota mehatxua jaso dutenen senide eta lagunei gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu. Borrokak etenik ez duen heinean errepresioak ere etenik ez duela izango jakitun, aurrera segitzea beste aukerarik ez dugu, zanpatzen gaituen orori hortzak erakutsi eta gure bidea eginez, herriok burujabe izan arte.

Aski da!

Errepresiorik ez Euskal Herrian ez inon!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s