Home

abstentzioa-3

Ikasle Abertzaleak

Ate joka ditugu berriz ere hauteskundeak EHUn. Berriz ere, demokraziaren lelopean, burgesiak bere zapalkuntza mekanismoak zilegitzeko erabiliko ditu hauteskundeak. Honen aurrean, Ikasle Abertzaleok dei egiten diogu EHUko ikasleriari kapitalaren hauteskunde hauen aurrean abstentzioaren alde egiteko. Zergatik abstentzioa? Nazkatuta gaudelako. Nazkatuta bai EHUz baita kapitalari men egiten dion hezkuntza sistema honetaz ere. Nazkatuta beraien faltsukeriez eta diskurtso hutsez. Nazkatuta burgesiaren klase interesei men egiten dion eta ikasleon kalterako jarduten duen instituzio honetaz.

Mila arrazoi dauzkagu ikasleok abstentzioaren alde egiteko, baina, nagusiki bat azpimarratu nahiko genuke: unibertsitatea instituzio demokratiko gisa ez legitimatzea. Ikasleoi ukatu egiten zaigu EHUren eguneroko bizitzan eta gure heziketa prozesuan bertan esku-hartze zuzena edukitzea. Beraz, ezin dugu egun bateko bozka soil baten bidez unibertsitatearen aparatu burokratiko guztia izaera demokratikoz mozorrotu, unibertsitatea parte-hartze espazio bat bailitzan. Urte asko daramatza ikasle mugimenduak hamaika aldarri mahai gainean jartzen; hauek egikaritzeko dinamika zein borroka anitz eraman dituelarik aurrera: tasen jaitsiera eskatuz, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuz, 3+2aren aplikazioa etetea galdeginez… Borroka hauek aurrera eraman nahiean, EHUk eskaintzen dizkigun baliabide zein mekanismoak erabili izan ditugu; ikasleon aldarri guzti hauek joko instituzional horren baitan ezerezean erori direlarik. Behin eta berriro, hasi ginenetik gaurko egunetaraino. Hori dela eta, argi dugu EHUk ikasleon borrokak deuseztatzea beste helbururik ez duela, Ikasle Kontseiluak eta gainerako organoetako ordezkaritza murritz eta gutxienekoak izanik neutralizazio hori erdiesteko tresna.

Haatik, argi dugu aldarri soil horiek lortuta ere, sistema honen baitan pairatzen dugun zapalkuntzak bere horretan jarraituko duela. Egungo hezkuntza sistemak gutxiengo baten klase interesei men egiten dienez, horiekiko antagonikoak diren interesak ez dira sekula aseak izango, ez egungo instituzioen baitan ez soilik lorpen txiki horiek erdietsita ere. Gure helburuak egikarituak ikusi nahi baditugu, aldaketak errotikoa behar du izan beraz. Hala  ere, ezin dugu ahaztu zein handia den lorpen  txiki guzti hauek duten garrantzia. Langile kidegoak batu beharrean gaude, gure eskubideak komunean defendatuz, pauso handiagoak ematera bidean, elkartasunak sortzen duen xamurtasunetik, balantza sozialean dominatua egoteak ematen gaituen batasunetik.

Aurrez egindakotik lortutako esperientziak erakutsi digu borroka hauek ezingo direla egungo instituzioen baitan aurrera eraman, bertan garatutako borroka oro desagerraraztera baitago kondenatua. Beraz, instituzio hauen bidez lortutako pausuak ez dira inoiz ikasleon interesen aldekoak izango, elitearen interesen aldekoak baizik. Honen aurrean beharrezkoa dugu ikasleok antolatu eta gure tresna propioak eraikitzen hastea, une oro argi izanez Euskal Herri aske bat zein Euskal Eskola Nazionala lortu nahi baditugu, guk geuk eraiki beharko ditugula. Hauteskunde “demokratiko” hauek, ez dute zapalkuntza honetan sakontzea beste helbururik. Unean une,  errektore bat edo beste, zin bat edo beste, zein maskara bat edo beste erakutsiz, haien boterea egonkortzea eta instituzio zapaltzaile hau zilegitzea dute xede; hauteskundeen bidez ikasleoi boterea haien eskuetan dagoela sinestaraziz. Badakigu zer dagoen maskara guzti horien atzean, eta urte luzeetako borrokek erakutsi diguten lez, badakigu EHUren nolakotasuna sistematikoa dela. Finean, arazoa ez dela errektore hau edo bestea, dominazio sistema bera baizik.

Honengatik guztiagatik, deia egiten diogu ikasleriari, batetik, EHUko errektoretzarako hauteskunde egunean abstentzioaren aldeko hautua egiteko, eta bestetik, azaroaren 24ean Leioan burutuko den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Sistemari zein unibertsitateei hortzak erakutsiz, ikas baldintza duinen bidean, ikasleon antolakuntzaz eta borrokaz aurrera pausuak ematen jarraituko dugu. Ikasle borrokaz gurea eraiki!

Gora ikasleon borroka! Azaroaren 24ean Leioara!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s