Home

orokorra-724x1024-724x445

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Gasteizko Ikasle Abertzaleak

Lehen baino ozenago eta argiago

Zeresana ematen dabil azken aldian Euskal Herriko Ikasle Mugimenduaren iniziatiba propioa. Hara non atera diren egunotan irrati, egunkari eta telebista ezberdinak EHUko errektoretza hauteskundeak direla medio hautagaitza bakarra den hori babestu nahian. EHUk demokratikoki hartzen omen ditu erabakiak eta ikasleek ba omen dute haien hitza erabaki markoetan adierazteko modurik. Euskararen unibertsitatea omen da EHU, euskal gazteen beharrei erantzuten diena eta pentsaera oro bere barnean hartzen dituena. Harritzekoa hau esatera orotariko komunikabideak atera direla, ikasleak beharrean.

Itzulingururik gabe salatu nahi dugu azaroaren 24an Euskal Herriko Ikasle Mugimenduak Leioako kanpusean antolatu duen manifestazio nazionalaren deialdiaren kontra komunikabide ezberdinek aurrera eraman duten kriminalizazio eta deslegitimazio jarduna. Komunikabideen manipulazioari erantzuteko margotzen ditu Ikasle Mugimenduak fakultate eta kaleetako paretak. Sindikatu, alderdi politiko eta antolakunde ezberdinen gaitzespena salatzeko egiten ditu Ikasle Mugimenduak parodiak, klase-pasak, bide mozketak eta hitzaldiak. EHUren zapalkuntzak salatzeko margotzen ditu Ikasle Mugimenduak autobusak eta markatzen eraikinak. Horregatik, zapalkuntza baten adierazle delako, kriminalizatu nahi dute gure jarduna komunikabide eta instituzio ezberdinek. Ikasle Mugimenduak, ordea, ondo ikasia dauka ikasgaia.

Argi adierazi dugu orain arte eta orain ere ozen jarraituko dugu adierazten ezetz, Euskal Herriko Unibertsitatea ez dela ez Euskal Herriko eta ez Euskaldun. Nazio hau eta bere herritarrak zapaltzen dituen Sistema Kapitalista Patriarkala erreproduzitzen duen unibertsitate honek ez du gure hizkuntza errespetatzen. Ezetz, EHUk ikasleon bizi proiektuan eragina duten erabakiak hartzen dituzten markoetan ikasleok ez dugula zeresanik. Ezetz, EHU ez dagoela ikasleon hitza entzuteko prest. Argi ikusi genuen “Bolonia” unibertsitate programarekin. Argi utzi ziguten iazko ikasturtean Ikasle Mugimenduak aurrera eraman zuen “Ikasle Parte Hartze Prozesutik” irtendako bost minimoen aurrean hartutako jarrerarekin. Aurpegira barre egin digute negoziazio mahai bat ireki dugun bakoitzean eta egunerokotasunean erakusten digute ikasleon hitza entzutetik urrun, gure iniziatiba ezberdinen aurrean daukaten aurkakotasun jarrera. Nazkaturik gaude!

Eta nazkatuta gaudelako beteko dugu Leioako kanpusa ikasle haserrez azaroaren 24ean. Ozen entzun dadin EHUk ikasleon hitzarekiko duen jarrera gure kontzentrazio eta manifestazioetara Ertzainak eta “seguratak” bidaltzea dela. Leioara joango gara Ikasle Mugimenduak Unibertsitate eredu berri bat, finean, Euskal Herriarena izango den Hezkuntza eredu berri bat, eraikitzeko egin duen hautu sendoa berrestera. Badakigu ikasleriak izan behar duela herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza bat eraikitzera bidean baldintzak sortuko dituena. Badakigu baita ere, Herri Mugimenduaren inplikazioa derrigorrezkoa dela proiektu hau aurrera eraman nahi badugu. Horregatik, testu honen bidez, deia luzatzen diegu ikasleria defendatzen dutela dioten alderdi politiko, sindikatu eta antolakunde ezberdinei azaroaren 24an ikasleokin batera manifestazioan parte har dezaten eta, batez ere, bigarren lauhilekora begira proposatuko diren eraikuntza dinamika ezberdinetan aktibo bat izan daitezen.

Soilik herriak babestutako Ikasle Mugimendu borrokalari batek lortuko duelako euskal herritarrena izango den hezkuntza eredu bat egikaritzea. Besarkada bat egunetik egunera Ikasle Mugimenduan lanean ari den orori!

orokorra-724x1024

IKASLE BORROKAZ LORTUKO DUGU!

HEZKUNTZA HERRITIK ETA HERRIARENTZAT! A24 LEIOARA!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s