Home

a252016

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Askapena

Feminizidioaren aurrean munduko emakumeok altxa!

Feminizidioa emakumeon aurkako indarkeriaren alderik bortitzena da, izebergaren punta, alegia. Feminizidioak emakume eta gizonen arteko desoreka estrukturalean du oinarria, eta gizonek indarkeria matxistaren bidez sistemak elikatzen duen emakumeen aurkako diskriminazio eta jazarpena erreproduzitzen dute. Marcela Lagarde feminista mexikarrak Ciudad Juarez-eko emakumeen desagerpen eta erailketa masiboak salatzeko erabili zuen feminizidio terminoa lehen aldiz eta geroztik emakumeon aurkako indarkeria oro barnebiltzeko erabili eta zabaltzen ari da. Hitzaren edukia, baina, tamalez emakumeon eguneroko ogi izan da patriarkatuaren hastapenetatik.

Esan bezala, izebergaren punta baino ez da feminizidioa eta gaurko egunaz haratago egunero salatu beharrekoak dira izeberga osatzen duten ertz guzti guztiak. Emakume izate hutsagatik lan baldintza prekarioenak izatera kondenatuak, edertasun kanon zehatz batzuk betetzera behartuak, amatasuna gure bizien zentruan jartzera derrigortuak, gauak gureak ez direla barneratu eta beldurra sentitzera kondenatuak, jipoiak isiltasunean jasatera. Eta gainera errua gurea dela irakatsi digute. Finean, patriarkatuak bizi osorako zigorrera kondenatu gaitu.

Azken urteotan Euskal Herrian zein munduko beste hainbat txokotan emakumeon aurkako indarkeriak gora egin du, era kezkagarri batean gainera. Gogoan ditugu Berta Caceres Honduraseko aktibistaren erailketa zein Turkiako LGTB mugimenduko aktibista transgeneroa zen Hande Kader gaztearen erailketa basatia. Baita Natalie Van Put angeluarra eta haren haurrena edota Lucia Perez 16 urteko gazte argentinarraren erailketa bortxaketa basatiaren ondorioz. Askotan, baina, erailketa hauek urruneko afera gisa azalduarazi nahi dizkigute, hemen eraso matxistarik gabeko jendarte eder honetan ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala. Gainera, instituzioen jarrera hipokrita salatu beharrean gaude, hainbat kasutan indarkeria matxista kasu argiak izan arren juridikoki hala tipifikatuta ez egoteak beste alde batera begiratu eta arazoaren erroari erreparatu gabe emakumeak inolako babesik gabe uzten baitituzte. Azaroaren 25ean baina, emakumeon askatasun eta eskubide ororen bermatzaile sutsutzat aurkeztuko zaizkigu. Hipokritak!

Argi dago, beraz, oraindik indarkeria matxista errotik ezabatzeko asko dugula egiteko, baina azken urteotako elkarlana bere fruituak ematen hasi da. Horren adibide pasa den apirilaren 9an Gasteizen burututako indarkeria matxistaren aurkako lehen manifestazio nazionala. Ozen oihukatu genuen aski dela, feministok prest gaudela behar den guztietan kalera atera eta autodefentsa feminista lanabes behar den moduan erantzuteko. Zentzu honetan, heteropatriarkatuaren ofentsibari aurre egiteko feministon arteko mundu mailako aliantza ezinbestekoa da, Emakumeen Mundu Martxa horren adibide.

Izan ere, arestian aipatu bezala, munduko emakumeok pairatu dugun lehen zapalkuntza emakume izatea hutsagatik izan da eta beraz borrokarako lehen lurzoru ditugu geure gorputzak. Kurduek dioten bezala, emakumearena lehen nazio zapaldua bada, munduko emakume guztiak aske izan artean, gu ere ez gara aske izango. Herri guztiak aske izan artean gure herria aske izango ez den bezalaxe.

Feminista eta internazionalista garen heinean beraz, Euskal Herriko kaleetan mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egin eta horietan parte hartzeko deia egiten dugu.

Gora munduko emakumeon borroka!

Martxan jarrituko dugu denak aske izan arte!


azaroak25-1

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Ernai

Neska gazteok batu eta askatu gaitezen!

Gizartearen funtsa ulertzeko, gizon eta emakumeen arteko harremanak ulertu behar direla esan zuen behin Angela Davisek. Esaldi horri tiraka, ezinbestekoa da gaurko egunean azaleko irakurketetatik atera eta putzu sakon eta beltzean igeri egitea. Azaroak 25, emakumeonganako indarkeriaren aurkako eguna dugu, egun bat gehiago, patriarkatuak egunero-egunero zapaltzen baikaitu.

Gaur ohikoa bihurtu da txapa moreak jantzi eta berdintasunaren aldeko diskurtsoak botatzea. Gizon politikari eta trajedunak ere agertu ohi dira kamera aurrean, protokoloak agindutakoa betetzen. Emakumeon aurkako erasoak daudenean ordea, ez dira inon ageri.

Borreroak baditu milaka aurpegi eta erasoak ere asko dira. Ezin dugu erasoak bortxaketa edo erailketa batekin soilik lotzen dituen diskurtsorik onartu. Egunerokoan jasaten ditugun irain, gutxiespen eta zapalkuntzak ezikusi bihurtzen dira horrela eta badakigu, izenik ez duenak itzalik ere ez. Kalean, gauez, bakarrik jasandako erasoez gain, egunerokoan hamaika eraso gertatzen dira etengabe, uneoro: lagunarteko hizketaldi matxistak, gure gorputzak kontsumo objektu bihurtzen dituzten publizitate kanpainak, desabantaila egoerak lanpostu bat eskuratu edota gauzatzerakoan… Sistema patriarkarra zalantzan jarri eta suntsitu ezean ez gara sekula aske izango.

Kapitalismoa esplotazioan oinarritzen den unetik, ezin dugu ahaztu patriarkatua berebiziko pieza dela engranaje horretan, eta alderantziz. Onarpen sozial gabe eta bizitzako esparru guztien oinarri diren ezkutuko lanean edota bizi baldintza are eta prekarioagotan lan egitera behartuak gaude emakumeok. Guzti honi gehitu behar zaio moral kristauaren katea arrastaka eraman behar izatea, formalak, goxoak, zintzoak eta obedienteak.

Gure gorputz, harreman, lan, nahi eta desioen gaineko kontrola erabakitzeko eskubide faltsuaren mitoarekin saltzen digute txikitatik. Finean, gure bizitzen eta askatasunaren gaineko kontrolean ezkutatzen da “erabakitzeko eskubidea”. Eta erabaki mugatu horretatik kanpo kokatzen garen emakumeontzat bazterketa eta zapalkuntza, indarkeria.

Libreki erabakitzea ez da bi aukeran artean aukeratzea, hori baino askoz gehiago da. Ez gaituzte hezi pertsona autonomo eta kritikoak izateko eta sarritan erabakitzeko gaitasunaren mozorropean inposaketak bizi ditugu, sotilagoak izanagatik indarkeria direnak. Adibidez, presio estetikoari buruzko irakurketa politikoa egin ezean, estetika hautu pertsonal bat dela irentsi eta erreproduzituko dugu.

Gaurko egunean ez dute balio azaleko irakurketek, erroko arazoa non dagoen ikusi ezean nekez irtengo gara putzu sakon eta ilunetik. Igeri egiteko ezinbestekoa dugu betaurreko moreak jantzi eta erabakimen faltsuaren gainetik libreki erabakitzen eta bizitzen hastea. Neska gazteok ahaldunduta, askatasunak ematen digun aniztasuna errespetatu eta balioan jartzeko unea da. Feminismoak erakutsi digu badaudela bestelako suak, garrak eta txinparta askatzaileak putzurik ilunena urtzeko. Su horren bueltan dantzan, batu eta saretu gaitezen neska gazteok elkarrekin.

Angela Davisen hitzetatik Simone de Beauvoirera, guk ere feminismoa norbanakotik bizi eta kolektiboki borrokatzeko modu bat dela sinesten dugu. Horregatik batu eta askatu gaitezen Euskal Herri feministara bidean!

———

Lanbidek genero indarkeria babesten du…

http://bilgunefeminista.eus

Ostegun honetan, hilak 24, Lanbidek, emakumeon eskubideak urratzen dituela salatu zuten Bizkaiko hainbat eragilek.

 

25eko testuingurua bide, emakumeen eskubideetan egin den murrizketa salatu da. Lanbidek aurrera eramandako dekretu, lege eta erabaki batzuek emakumeoi zailtasunak jartzen dizkigutela ere adierazi dute erakunde hauek: bortizkeria matxista (tratu txarrak, erasoak, lan bazterketa, prekarietatea eta pobrezia) pairatzen duten emakumeek euren eskubideak bermatuak izan daitezen zailtasun handiagoak dituztela argudiatuz.

Bizkaiko eragileak:

Argilan, Argitan, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Brujas y Diversas, Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos/Besarkatuz, SOS Racismo-SOS Arrazakeria, PAH Bizkaia-Kaleratzerik EZ!.

—————

Indarkeria patriarkalaren aurka antolakuntza eta autodefensa

Elkartzen

Beste urte batez Azaroaren 25a. Emakumeok sufritzen dugun indarkeria salatu baino ezin dugun beste urte bat. Adierazpen instituzionaletan indarkeria patriarkalari buruzko azterketa zintzo, serio eta osorik ezta kapitalismoari erreferentzia egingo dionik aurkituko ez dugun beste urte bat. Ez bada, borroka feministak egindako urteetako lanari esker, bi errealitate hauek ezin banatzearen ikasitik. Feminismotik ikasi dugu kapitalismoaren ideologia patriarkala dela. Patriarkatua, jendartearen estruktura ideologiko, politiko eta ekonomikoan integratua dago eta emakumearen aurkako zapalkuntza, esplotazio eta genero menderatzearen bidez adierazten da. Honela, sexuen arteko lanaren banaketaren bitartez, kapitalismoak, bere biziraupenerako eta erreprodukziorako, emakumeok erabiltzen gaitu. Erabilpen horren zirrikitu guztiei indarkeria darie.

Sistema honen biziraupena eta erreprodukzioa ziurtatzen dituzten botere harremanak betikotzeko indarkeria oinarrizko osagaia da. Egiturazko indarkeria hau antzemanezina izatea bilatzen du sistemak, existitzen ez dela sinetsi arazi arte. Emakumeon kontrako biolentzia guztien artean baliteke indarkeria fisikoa ikusgarriena izatea, agerikoena bait da. Baina patriarkatuak, kapitalak bezala, oharkabean igarotzen den egiturazko indarkeria beharrezkoa du: emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, ikusezintasuna, hizkera sexista eta matxista, prekarietatea, pobreziaren feminizazioa, muturreko pobrezia egoerak….ea.

Egiturazko indarkeria hori, gehienetan aitortu nahi ez duguna, xirimiriak bezala pixkanaka pixkanaka, urteak daramatza jendartearen kontzientzia bustitzen. Orohar, indarkeria naturalizatuz, eta indarkeria patriarkalaren ideia eta ekimenak gogortasun gehiagorekin berretsiz. Iruñako 5en kasua paradigmatikoa da: erasotzaile bakarretik, taldean eginiko erasoak; erasoak izkutatzetik, sare sozialetan publikoki ospatzera…indarkeria “ikustezin” hori aztertu gabe uler ezin daitezkeenak, patriarkatu-kapitalismo harremana eta harreman sozial guztiak bustitzen dituen ideología patriarkala alegia. Zeinak kapitalismoari funtzionala izanik ere, stuts-quo-aren mantentzea bilatzen duen.

Statu-quo-a bere horretan mantentzeko, familiaren paperak berebiziko garrantzia dauka. Familia eredu patriarkala, emakumeen gain erortzen diren etxeko lanen ikusezintasunean oinarritzen da, sozialki beharrezkoa den lanean alegia. Patriarkatuak sistema kapitalista sostengatzen duen bezala, familiak patriarkatua sustatzen du, patriarkatuaren erreprodukzioa ziurtatzen laguntzen duelarik. Lan merkatuan integratzetik al dator emakumeon askapena? Inolaz ere. Familia eredua nuklearra izaten jarraitzen du, lan erreproduktiboa ikustezina eginez, eta emakumeen esku jarraituz. Honela emakumeok lanaldi bikoitza izatera pasatuz (prekarizazio prozesua eta pobrezia bortitzago pairatzen dugu, lan merkatuan lan baldintza kaskarrenak ditugu sektore prekarizatuenetan gehienetan eta askotan lan erreproduktiboak izanik. Soldata baxuenak dituzten lanetara kondenatzen gaituzte, gizonek egiten duten lan bera egiten badugu ere gutxiago kobratzen dugu…ea). Patriarkatuaren mantenuak, esplotazio kapitalistari errefortzu egiten diolarik. Kapitalaren irabazi tasak behera egiten duen heinean indarkeriaren erabilpena agerikoagoa eta bortitzagoa bilakatzen ari da.

Patriarkatuak emakumeon zapalkuntza ziurtatzeko, beste bide batzuen artean, emakumeon kondizio materialak baldintzatzen ditu, kapitalismoak bikain ikasi eta erabiltzen duena. Gizonekiko ekonomikoki menpekoak izatera kondenatu nahi gaitu (Bada, sistema patriarkala gainditzerako bidean urratsak ematen hasteko ezinbestekoa da lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzea, Pobreziaren Muga ezartzea (BPG per kapitaren %37,5a) eta kantitate hau berdindu edo gaindituko duen gizarte soldata bat ezartzea. Era berean, langileen arteko gutxienengo soldata BPG per kapitaren %50ean ezarri behar da genero ezberdinetako langileen arteko soldata ezberdintasuna ekidinez. Independentzia ekonomikorik barik askatasuna eta independentzia pertsonala hitz hutsak baino ez dira.

Herri honek hamaika eraso ezagutu ditu bere historian zehar eta eraso guzti horien aurrean bere burua defendatu du. Herri honen langileriak biolentzia mota asko pairatu ditu eta egoera horri aurre egiteko beharrezkoa izan du bere burua antolatzea. Herri honen emakume langileok, gure erraietan daramagu euskaldun, emakume eta langile izatearen indarkeria. Legitimitate osoa izatetik haratago, eraso guztien aurrean bizirik ateratzeko aukera bakarra antolakuntza eta autodefentsa feminista ere badugu. Zentzu horretan azaroaren 25aren harira Euskal Herriko txoko guztietan emango diren mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu baita egunero txoko guzti horietan ematen diren eraso guztiei aktiboki erantzutera gonbidatu ere. Bat ikutzen badute guztiok ikutzen gaituzte.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s