Home

cybcminxaaahu4w

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Gasteizko ikasle mugimendua

Lehenik eta behin, Gasteizetik Leioako Campus-era hurbildu zen ikasle oro zoriondu nahi dugu ohar honen bitartez. Mobilizazioaren garrantziaz jakitun, harro egoteko moduko erantzuna heman genion egunari, gure aldarriak Leioara eramateko lau autobus behar izan genituelarik.

Bigarrenik, osteguneko mobilizazioan atxilotu eta gaua komisaldegiko ziegan giltzaperatuta eman zuen ikasleari gure babes osoa helarazi nahi diogu hemendik. Era berean, mobilizazioan kolpatuak eta zaurituak izandako ikasleei ere aipamena. Atxilotu eta jipoitu zituztenei berriz mezu zuzena: ez gaituzue beldurtzen eta ez gaituzue geldituko!

Hirugarrenik, gure norabidearen zuzentasuna berresten digun Guardia Zibilaren jarduna salatu nahi dugu, Gasteizetik Leiora zihoazen lau autobusak gelditu eta banan-banan ikasle guztiak identifikatu zituelako. Altsasuko muntaia juridiko-politiko-mediatikoa buruan dugun honetan, Espainiar estatuaren aparatu oligarkiko eta militarrei gogorarazi nahi diegu euskal gazteriak, pairatutako erasoak tarteko, ez duela sekula bere bidea alboratu, eta orain ere ez dela ezberdin gertatuko. Ikasle Mugimenduak argi dauka hezkuntza kapitalista patriarkar hau desegin eta Herriaren Hezkuntza eraikitzeko eginiko hautua.

Bestalde, botere politikoen mende eta mesedetara dauden komunikabideei gure mespretxu guztia adierazten diegu hemendik. Lotsagarria deritzogu ikasleon hitza eta ekintza iritzi publikora begira kriminalizatu eta gutxiengo baten jardunak balira bezala irudikatzea. Kazetariaren irudia zikintzeaz gain, ikasleon lana manipulazioz oztopatzen duten miserableak besterik ez zarete; baina ez gaituzue kikilduko. Ikasleriari bertsio ofiziala albo batera utzi eta bere iritzi propioa eraiki dezan eskatzea besterik ez zaigu geratzen.

Ikasleek gure mobilizazioak babesteko eta gure hitza entzunarazteko erabiltzen ditugun praktika batzuk ez omen dira zilegiak. Gaur egun zilegizkoa dena Euskal Herriko Unibertsitate ei den honetan ikasleon hitza erabaki markoetan ez egotea omen da; normalena omen da historia inperialista, ekonomia kapitalista, arkitektura suntsitzailea eta hezkuntza baztertzaile eta sexista eduki bakar moduan ematea; ohikoena omen da euskalduna dela dioen unibertsitatean materia osoa euskaraz ez egoteaz gain, irakasle askok duten euskara maila eredugarria izatetik urrun egotea; eta arruntena omen da ikasle mobilizazio bat dagoenean EHUko arduradunek Campus-ak militarki prestatutako eta hortzetaraino armatutako poliziaz betetzea. Baina hau ez da albistegietan agertuko. Gure mezua fakultateetako paretetan margotu beharko dugu, esku-orrietan zabaldu, hitzez zein oihuz jakinarazi eta hortzekin defendatu.

Ikasle Mugimenduak Leioan burututako mobilizaziotik hainbat ondorio positibo atera ditzakegula uste dugu:

  1. Ikasleriaren sektore zabal batek argi du Euskal Herriak herriaren interesetara zuzenduta egongo den Hezkuntza Sistema Propio bat behar duela, eta gure esperientziak erakutsi digu hau ez dugula EHUren arduradunekin negoziatzen lortuko.

  2. Ikasle Mugimenduak deialdi nazional baten bidez masa mobilizatzeko gaitasun handia duela erakutsi du.

  3. EHUk ezin izan du bere hauteskunde sistemaren izaera antidemokratikoa ezkutatu eta Ertzainez josi behar izan zuen Campusa ikasleriaren hitza eta haserrea normaltasun faltsu batean ezkutatu nahian.

  4. Mobilizazioan heldutasun handiz erantzun zitzaien Ertzainen hasierako probokazioei eta gure helburua ahaztu gabe jarraitu genuen martxarekin. Gure gutuna errektoretzan aurkeztu nahi izan genuenean espero genuen erantzuna jaso eta ondorioz, istilu larriak gertatu ziren. Ikasle talde batek Ertzainen oldarraldiari erantzun egin zion gogor. Argi geratu zen berriro ere zein den EHUk gure hitzarekiko duen erantzuna.

  5. Eguneko gertaerek eta bizitako tentsioak unibertsitate eredu honekiko dagoen desadostasuna erakusten du. Baldintza egokiak sortu dira datozen hilabeteetan herriarentzako jakintza pilatu eta sortzea eta herri mugimendua Herriaren Unibertsitatea sortzera bidean inplikatzea helburu izango dituzten dinamikak indarrez martxan jartzeko.

Kolpe indartsu bat jo dugu mahai gainean eta sortutako aukerak erabiltzen jakitea da orain gure lana. Aldarrikatzen dugun Unibertsitate eredu hori ez du inork guregatik eraikiko. Ikasle Mugimendua saretzen eta proiektu errealak martxan jartzen jarraituko dugu, oraina borrokatuz etorkizuna irabazteko.

Ikasleok gurea eraiki!

Euskal Herritarron Unibertsitatea orain!

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s