Home

mikelonbego

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egileak: Lurralde Askeako zenbait bidelagun, Aratz Zearreta. Axier Lopez, Zigor Oleaga Olabarria, Joseba Alvarez Forcada, Haizea Isasa Mendez , Haizea Ziluaga Larreategi, Gorka Silvan eta Irati Tobar

Mikelon, bandido! Esaten genuen ba, azkenaldian ez zenuela e-mailik erantzuten… earra sutea piztu duzuena! Errefuxiatuen gaia bolo-bolo dabil egunotan zuei esker: Mobilizazioak, komunikabideetako goiburuak, taberna eta okindegietako elkarrizketak, zuen herrietako herritarren eta udalen babesa…

Badira urte batzuk ametsak, minak, borrokak, galderak eta konspirazioak konpartitzen ditugula, gutuntxo hau idazten dizuegunok eta beste askok ere, hain kuttuna zaigun Lurralde Askea deritzon saiakera herrikoi honetan. Horregatik, albistea zabaldu bezain laster, dardarka hasi ziren gure arteko saretxo honen hariak. “Zer edo zer idatzi beharko diegu delinkuente maitagarri horiei, ezta?”. Horiei, bai. Bego ez zaitugu hainbeste ezagutzen, baina hurrengo hitzak zuretzat ere badira, gustuko badituzu.

Atxiloketaren berriak era askotako sentimenduak sortu dizkio gutako bakoitzari. Baina harridura ez dago horien artean. Bagenekien errefuxiatuak laguntzeko taldean ari zinela lanean, sumindu zaituela gaiak eta Europako gobernuen utzikeriak. Ezagutzen dugu zure pentsamenduarekiko ahalik eta modu koherenteenean jokatzeko duzun joera heldugabea, bidezkoak ez diren legeak desobeditzeari diozun bizio sendagaitza. Ez zaizu gustatuko horrela esatea, gutun ireki batean, baina, txikito, ez zara desobeditzen dakien bakarra. Urte batzuk espetxean egoteko mehatxuak ez zaitu geldiarazi, justizia goseak zure bihotz sentibera mugiarazten duen seinale. Malurekin eta “el chaval”-ekin batera bizileku duzuen ipuinezko ingurune magikoa bihurtu duzue munduko injustiziak borrokatzeko lubaki eta amets iraultzaileentzako kabi (besarkadarik goxoena etxekoei!). Zure dohain horiek guztiak ezagutzen ditugu -lasai ez ditugu ahaztu zure keriak, baina horiei buruz beste batean berba egingo dugu-, beraz, berriz diogu, nola harrituko gaitu notiziak?

Harridurarik ez, azken urteotako gure elkarrizketen ardatz izaten ari diren ideietako asko islatuta ikusi ditugu zuen hitzetan eta ekintzan: Mugarik ezagutzen ez duen begirada internazionalista, konpromiso pertsonal eta kolektiboa uztartzea, sufrimenduarekiko eta injustiziarekiko hurbiltasuna eta sentiberatasuna, eredu xumearen bidezko pedagogia politikoa… Bidezkoari obedituz, injustuari desobeditzea; izan norberaren kontsumo ohiturak eraldatzeko, izan Europako migrazio lege kriminalei eraso egiteko.

Zure irribarre bihurria jantzita irudikatu zaitugu ziegan. Eta epaitegian fiskalak “immigrazio ilegala lagundu izana” leporatzen dizuela entzutean irribarrea are zabalago marrazten irudikatu zaitugu.

Hainbeste itzuli eta buelta (horretan bai txapeldunak!) eman diogun testu horietako baten pasarte honetaz gogoratzen?

Garai bat bukatuko da eta komunitate berritu bat jaioko da haren errautsetatik. Bilakaera horretan, zaharra apurtzen dugun bitartean berria eraikitzen joanen gara, desobedientzia edo erresistentzia txikiak eginez eta apurka-apurka areagotuz. Ekintza horien bidez etxe komun bat eraikitzen hasiko gara, eta etxe horretan bizi garenok, pentsatzen dugun bezala jokatuko dugu (…)

Esanen digute hori guztia mito bat dela, beti egon direla aberatsak eta pobreak, eskuzabaltasuna txoriburuen munduari dagokiola edo zoriontasuna filosofo txepel batzuen ameskeria hutsa dela. Gure ustez, ordea, honetan datza edozein jendarteren edertasunik handiena: zoriontsuak izan naturarekiko harremanetan, inor esplotatu gabe. Pertsona askeen herrialde bat sortzera goaz, non denok ondo bizitzeaz gain egoki jokatuko dugun geure buru eta inguruarekiko. Zoriontasun kolektiboa ala basakeria!!

Mikelon, Bego, bizimodu onaren euskal errepublikari aletxo berria gehitu diozue. Eta nolakoa, gainera! Amesten dugun euskal errepublika horri, non errefuxiatuak ongi etorriak izango diren, non egungo gobernuak eta gobernatzeko moduak historia museoetan soilik ezagutuko ditugun, non mugazainak berez desagertu diren langabezian geratzeagatik. Eguneroko jarrera xumeenekin ere eraikitzen edo deseraikitzen dugun etorkizuneko herri horretan gogoratuko ditugu Mikelonekin, Begorekin eta beste hainbat lagunekin iraganeko ekintza eredugarrien pasarteak. Sutondoan, lagunarte alaian eta basoerdia eskuan. Ordurako ezinbestekoak izango ez diren egungo ekintza ederrak.

Mikelon, Bego eta errefuxiatuak gurekin nahi ditugu mundu aske batean, Siria, Irak, Kurdistan edota Euskal Herri askean, Lurralde Askean. Mikelon eta Bego bezalakoak ezinbesteko bidelagun ditugu pertsona eta herri askeak lortzeko borrokan.

Mikelon, erdu etxera! Hurrengo bilerarako hitzordua finkatu behar dugu eta, tirofinko. Musu festa biei, eta ongi etorria guztiei.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s