Home

roles-de-genero

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Iraitz Arizkorrieta

Lagun bik galdetu didate ea ez ote diren oso femeninoak batak bestea besarkatzen zein laztantzen dutenean. Jorratua dugu gaia aspaldidanik, baina espiral baten moduan itzultzen dira zalantzak. Eztabaidatzen jardun gara.

Izan ere, besarkadak, laztanak, hitz goxo eta politak, muxuak, zintzotasuna… historikoki emakumeari esleitu zaizkion bereizgarriak dira eta gizonezkoen artean berauek erreproduzitzea ez da oso ohikoa. Era berean, hotztasuna, indar fisikoa, lehiakortasuna, hitz zakarrak… omen dira gizonei “berezkoak” zaizkien jokamoldeak.

Esan beharrik ez dago ezaugarri eta jokamolde konkretu hauek ez zaizkiela inherenteak ez emakume ez eta gizonezkoei, eta horren adibide dira hain zuzen sistema sozial ezberdinetan genero biei ezarri zaizkien egiturazko rolen arabera, batzuen zein besteen izaera soziala ere modu akordean aldatu dela.

Beraz, gizartearen egituraketak, hau da, erreprodukzio soziala bermatzen duen ekoizpenaren antolaketa-ereduak determinatu ditu bataren edota bestearen ezaugarri sozialak eta, zer esanik ez, haien arteko harremanak, harreman sozialak.

Motzean, azpiegitura materialaren organizazio-ereduak gizakien arteko harremantzeko modua determinatzen du.

Produkzio-molde kapitalistan, egiturazko antagonismo bat ematen da bitarteko produktiboen gaineko jabetza dutenenen eta bizirauteko haien lan-indarra saltzera kondenatuta daudenen artean. Izan ere, jabeen klase bat egoteko, desjabetuen klase bat behar da eta aldi berean, jabeek haien ondasunak areagotu ditzaten, kapitala metatu dezaten, masa bat behar da egon haren lan-indarra saltzeko behar bitalarekin eta bere interesen kontra. Hala, masa sozial horrek bitarteko produktiboak erabiliz lan gehigarria egiten du eta horrekin batera plusbalioak sortu, aberastasun gehigarria, zeina ekoizpen-eredu kapitalista ezaugarritzen duen kapital-metaketa gauzatzeko funtseko pieza den. Ondoren, plusbalio horiek, merkantzietan objetibatuak, “errealizatu” egin behar dira, hau da, merkatuan saldu behar dira, haien produkzioa errentagarria izan zatzaion kapitalistari. Bestela, oso logikoa dirudien bezala, des-errealizazio bat ematen da edo beste hitz batzuekin esanda, kapitalak ez du balorizazio prozesua kulminatzen eta desbalorizatu egiten da, horrekin galerak izaten dituelarik.

Langile klaseak Kapitalaren ahalmen materiala areagotzen du bere lan-indarra trukatuz soldatengatik. Masa sozial horren jardun-espazioan, era berean, balio zuzenik edota dirurik sortzen ez duen lan-esparru domestikoa existitzen da, zeinetan lan-indarra erreproduzitzeaz arduratzen diren langileak egon diren eta dauden: emakume langileak. Esparru honetan gauzatzen den lana ordea, termino merkantiletan hitzeginda, ez da produktiboa, ez baitu baliorik, merkantziarik, dirurik sortzen. Nahiz eta kapitalismoaren analisi oso eta erradikal bat eginez baieztatuko genukeen esfera domestikoan lan-indarra deritzon merkantzia produzitzen dela, baina ez dugu horretan sakonduko gaurkoan.

Puntu honetan gelditu behar gara; izan ere, esan dugu ekoizpen-ereduak determinatzen dituela harreman sozialak. Kapitalismoaren kasuan, dirua da mediazio lana egiten duena gizakien artean edo bestela esanda, gizakiak harremantzeko premisa ekidin-ezina. Bitarteko produktibo kolektiboen gabezian, gizakiak haien artean harremantzeko espazio komunak galdu egiten dira eta indibidualizazio orokor bat ematen da, dirua bilakatzen delarik haien erlaziorako bitartekoa.

Beraz, produkzioaren esparru domestikoan, bizi eta harremantzeko mediazio lana egiten duen dirurik sortzen ez denez, espazio horretan gauzatzen den lan-indarraren (erre)produkzioa ahalbidetzen duten afektibotasuna eta zaintza minusbaloratuak dira sozialki eta baita ere, bitarteko (erre)produktibo hauek ezaugarritzen duten izaera soziala, zeina emakume langileei inposatu zaien historikoki. Egungo emakumeen ezaugarriak hain zuzen arazo estruktural honen ondorio dira eta egunerokotasunean pairatzen dituzten “Topiko Femeninoek” hemen dute sustraia.

Paradoxikoa dirudien arren, lan-indarra produzitzen eta erreproduzitzen duen iturria, hau da, plusbalioa existitzeko harri angularraren matrizea, minusbaloraturik aurkitzen da kapitalismoan edota, are gehiago, ez da existitzen termino monetarioetan hitzeginda.

Hargatik, laztankoia izatea, ez-lehiakorra, sentikorra, beroa, bestearen egoeraz arduratzea… orohar afekzio eta zaintza-harremanak erreproduzitzea, gutxietxi eta mespretxatzen diren emakumeen rol sozialak dira. Gizonezkoenak, aldiz, plusbalioak sortzen dituztenenak, ezaugarri konpetitiboak, insolidarioak, indibidualistak, gogorrak, hotzak… funtsean merkatuak inposatzen dituen bizitza erritmoaren ondorioz sorturiko bereizgarriak dira; kapitalisten hizkuntzan hitz eginda, benetan balio duten ezaugarriak.

Errealitate honen aurrean beraz, ezin plantea daiteke, soilik, irtenbide superfizial bat. Hau da, ezin pentsa genezake topiko maskulino eta femeninoak barnebiltzen dituzten erlazio zein rol sozialen deseraikuntzak sustatuz genero-zapalkuntza suntsitua izango dela, hura altxatua izan den azpiegitura ekonomikoari irtenbide bat eman gabe. Ezin uler daitezke harreman sozialak zerbait aislatu moduan, totalitate estrukturatu baten parte gisa baizik.

Aurrez aipatu bezala, azpiegitura ekonomikoak superestruktura soziala determinatzen du: produkzio-harremanek harreman sozialak determinatzen dituzte.

Hala ere, azpiegitura ekonomikoa aldatuta, hau da, bitarteko produktiboen gaineko jabetza kolektibizatuta, ez da etorriko genero zapaluntzaren suntsiketa mekaniko bat, ez eta alderantziz: genero-rol eta genero-harreman kapitalistak ez dira irauliko haiek funtsezko parte diren oinarri ekonomiko kapitalista, lan asalariatu eta lan erreproduktiboan oinarritua, iraultzen ez bada.

Beraz, borrokak osoa behar du izan: formazio ekonomiko-sozial berri baten eraikuntzaren baitakoa, produkzio sozialeko eredu kapitalista atzean utziko duena diruaren, merkantziaren eta orohar balioaren formetatik kanpo, lan domestiko eta asalariatuaren forma burgesak suntsituz, genero arteko harreman zapaltzaileak elkartasun eta elkar-zaintza harremanengatik aldatuz eta produktibotasuna neurtzen duen magnitude burgesaren eskema hautsiz.

Feministok harreman ekonomiko eta sozial berri batzuei bidea irekiko dien apostu politiko konkretuak egin beharrean gaude, burgesiaren aurkako borrokan murgilduz klase-gizartea suntsitzera bidean, kapitalismo gainditzeko xedez edo, motz esanda, Komunismoaren eraikuntzari helduz.

2 thoughts on “Topiko femeninoak eta komunismoaren eraikuntza

  1. Nahasketa ugaria egoten dira “genero” hitzaren erabileran. Gaur egun korronte nagusiek generoa anitza dela zehazten dute, sexua (hemen ere eztabaida badago ere) zuzenagoa izanik.
    Alegia,generoa, kapitalismoak (edo klase dominanteak) sortutako herraminta sozial klasifikatzaile bat den einean, (arraza den bezala, XV. mendean sortua), nortasun zapaltzailea du intrinsekoki, beraz uste dut ezin dugula ikuspegi feminista eta komunista batetik botere harremanak landu genero ikuspegiaren arabera.

UTZI ERANTZUN BAT - DEJA UN RESPUESTA

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s